Libre baizik

  • Arantxa Urretabizkaia: Koaderno gorria

    Erein, 1998

Aritz Galarraga @aritzgalarraga
2015eko urriaren 18a

Zergatik panpox eleberriari uztarturik darrai Arantxa Urretabizkaiaren idazle irudiak. Horixe bera defendatzen du haren obra xeheki aztertu duen Iratxe Retolazak. Uztarketak badu oinarririk: euskal eleberrigintzaren bilakaeran mugarri, emakume batek idatzitako euskarazko lehen eleberria da, gainera modernoa. Eta Zergatik panpox eleberriari uztarturik darrai, nahiz hasi zen poesia publikatzen, San Pedro bezperaren ondokoak, adibidez, Euskal Literatura 72 izeneko liburu kolektiboaren barruan –Koldo Izagirrek: “liburu hartatik denboraren joanak higatu gabe iraun duten obra bakanetako bat”–, XX. mendeko poesia kaiera bat merezi izateraino. Zergatik panpox eleberriari uztarturik darrai halaber, nahiz badituen nabarmentzeko moduko beste eleberri batzuk, ez hainbeste Saturno –maitasun istorio konbentzional bat, grazia handirik gabea–, gehiago 3 Mariak –zahartzaroari egindako erretratu ez topiko bat–, baina, batez ere, Koaderno gorria.

Bi planotan dago narrazioa antolatuta: batetik, Venezuelara lagun baten seme-alabak aurkitzera doan emakume baten gorabeherak azaltzen dira, nola lagunak idatzitako koaderno gorri bat eman behar dien haur horiei; eta, bestetik, koaderno gorri horretan idatzita dauden pasarteak sartzen dira. Eta oso da interesgarria koadernoa irakurri bitartean lagunaren irudiak emakumearengan jasaten duen bilakaera, argi baitu ez dela edonor, emakume miretsia dela, Euskal Herriaren alde egiten duela borroka, edo askatasunaren aldeko gudaria dela. Azkenerako, ordea, miresmena zena bihurtzen da zalantza. Baina pisu gehien hartzen du, duela zazpi urte senarrak eramandako umeak topatzeko inkestak, hiru astean zehar emakume gazteak Caracas eta inguruetan aurkitzen duen jendearekin dituen harremanak, harreman berri horiek sortzen dizkioten hausnarrak. Labur, asko gustatu zait eleberriak erakusten duen emakumearen ahalduntzea, tradizionalki euskal literaturak eman duen emakume-emazte are ama irudiarekin hausten duena, ekintzaile dena, gizona parez pare begiratzeko gauza, familiaren instituzioa kritikoki begiratzen duena; “ez da bakarrik sentitzen, libre baizik”. Hala, aurreko eleberriek ez zuten konplexutasuna du egitura aldetik honek, trama aldetik, orobat planteatzen diren ideien aldetik. Ibon Sarasola: “nobela honetan daude Arantxaren orrialderik onenak”. Uste dut Ibonek arrazoi zuela.

Zergatik panpox eleberriari uztarturik darrai Arantxa Urretabizkaiaren idazle irudiak. Ondo egingo genuke, ordea, Arantxa Urretabizkaiaren idazle irudiari beste liburu batzuk uztartzen hastea. Luze gabe, Koaderno gorria. 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Liburuak

Liburuak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude