Antibiotikoen erabilera desegokia: teoria argi, praktika ez hainbeste


2015eko urriaren 11n
Sheep Purple-CC By

Antibiotiko jakin batzuekiko erresistentziak asko gehitu dira azken hamar urteotan Europan. Gurea da erresistentzia-kasurik gehien detektatzen dituen herrialdeetako bat, dela antibiotiko gehiegi kontsumitzen direlako, dela haien erabilera axolagabearen eraginez. Erabilera desegoki horren ondorioak ikaragarriak izan daitezke infekzio larri baten aurrean. Zein da panorama ilun horri aurre egiteko bidea? Herritarrek oro har, eta batez osasungintzako profesionalek –haur eta gazteen infekzioen arloan aritzen direnek bereziki–, arazoaz kontzientzia hartzea.

European Centre for Disease Prevention and Control erakundeak antibiotikoen arrazoizko erabilera sustatzeko kanpaina abiatzen du urtero. Botika horien kontsumo arduratsuak duen garrantziaz kontzientzia piztu nahi dute. ECDPCren arabera, 25.000 europarretik gora hiltzen dira urtero antibiotikoek eragindako multierresistentzia arazoengatik.

Kanpaina horren aurtengo xede nagusia ospitaletan antibiotikoen zentzuzko erabilera sustatzea izan da, erabilera desegokiak ospitaleko egonaldia luzatzea eta asistentziari lotutako kostuak gehitzea ekar baitezake, infekzio larrietan hilkortasun-tasa gehitzearekin batera. Horrez gain, erresistentziak tratamendu antibiotiko egokiaren atzerapena dakar.

Hala ere, hainbat herrialdetan antibiotikoen kontsumoaren %90 ospitaletik kanpo gertatzen da, kasuen %85ean arnas infekzioak tratatzeko, hilabeterik hotzenetan batik bat.

Umetan antibiotiko gutxiago errezetatu

Herrialde garatuetan, otitisa da haurtzaroan antibiotikoak errezetatzeko arrazoi ohikoenetakoa. Antibiotikoek infekzioen konplikazioak geldiarazteko eta susperraldi-prozesua bizkortzeko dituzten eragin onuragarriak ondo ezagunak dira. The Journal of the American Medical Association aldizkarian argitaratu berri den 1999. eta  2010. urteen artean egindako 135 azterketaren berrikuspen batek adierazten duen bezala, ordea, antibiotikoen preskripzioak askoz ere murritzagoa izan beharko luke.

Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek egindako azterketa horren arabera, antibiotikoekin tratatutako haurren %4-10ek albo-ondorioak izaten dituzte, beherakoak edo azaleko gorriuneak nagusiki. Horregatik, adituek antibiotikoekin egindako tratamenduaren on-gaitzak baloratzeko gomendatzen dute, eta ez pentsatzea antibiotiko-marka berriek tradizionalagoak edo “zaharragoak” direnak baino emaitza hobeak lortuko dituztenik beti.

Noiz eta nola hartu antibiotikoak?

Gauza jakina da antibiotikoak bakterioek sortutako infekzioetan soilik direla eraginkorrak, eta ez birusek sortutako hoztura edo gripe kasuetan, ezta eztul eta eztarriko min kasu gehienetan ere. Hala eta guzti, gu gara Europako herrialde guztien artean era horretako osasun arazo ez hain larriak konpondu nahian medikuaren errezetarik gabe antibiotiko gehien hartzen dugunak, botika horiek behar diren kasuetarako ez gordetzeak dakartzan kalteak ondotxo ezagutu arren: erabilera desegoki horrek bakterioak erresistente bihur ditzake, eta hurrengo batean antibiotikoa emanez gero, gerta daiteke alferrikakoa izatea. Horregatik, antibiotikoak errezetatzeak profesional sanitario baten ardura esklusiboa izan beharko luke, eta ez gaixoak hartutako erabakia.

Behin antibiotikoak hartzeko premia ziurtatu ondoren, beharrezkoa da kontsumoa arduratsua izatea, agindutako kopurua eta maiztasuna errespetatuz. Tratamendua amaitu ostean soberan geratutako botikak ez gordetzea gomendatzen da. Halaber, tratamendua ez da erdizka utzi behar, sintomak desagertu arren. Adituen iragarpenak beldurgarri samarrak dira: antibiotikoekiko erresistentziak egungo erritmoan hazten jarraituz gero, berandu baino lehen ez da gaixotasun jakin batzuentzat botika eraginkorrik egongo.


ASTEKARIA
2015eko urriaren 11
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Medikuntza
Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


Menopausia medikalitzatzeko arriskuaz ohartarazi du The Lancet aldizkariak

Martxoaren 8aren atarian, menopausiari buruzko artikulu-sorta bat argitaratu du The Lancet medikuntzan espezializatutako aldizkariak. Laburpenean gogorarazi duenez, menopausia munduko populazioaren erdiaren bizitzaren etapa saihestezina da, baina esperientziak asko aldatzen dira... [+]


"Ez digute uzten gure gorputzen gainean erabakiak hartzen"

Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatearen “arreta txarra” eta “tratamendu bortitza” salatu du Izei Etxeberriak.


Eguneraketa berriak daude