Estatu Espainiarrean torturaz asko dakien multzo txikian da Oihana Barrios (Iruñea, 1982). Biolentzia politikoa jasan duten pertsonez arduratzen den Jaiki Hadi elkarteko psikologoa da. Espainiako Neuropsikiatria Elkarteko Giza Eskubideen ataleko zuzendaritzako kidea ere bai. Eta tortura frogatzeko tresna funtsezkotzat jotzen den Istanbuleko Protokoloaren irakasle. Torturaren ilunean abiatu gara bere jardun argigarria medio eta, batez ere, hark pertsonengan duten eraginean murgildu gara.
Kopurutan Euskal Herrian jaitsi egin da tortura azken lau urteetan. Askoz atxiloketa gutxiago dago, baina Estatuak ere nazioarteko presio handiagoa du urtetik urtera. Formetan ere eman dira aldaketak, “batez ere psikologikoak dira, ez fisikoak”, Barriosek azaltzen duenez. Espainian agintzen dutenek ez dute gustuko psikologoaren lana, Jaiki Hadiren aurkako operazioan atxilotu zuten iragan martxoan. Auziperatua da orain, bera ere “dena da ETA”ren biktima.
Zer bilatzen du torturatzaileak?
Baliteke 70eko edo 80ko hamarkadetan informazioa bilatzeko teknika izatea, baina azken hamarkadan oso agerikoa da nahi duten informazioa torturatu aurretik ere badutela. Torturaren gaia urte luzez aztertu ondoren, ez dut uste hori denik helburu garrantzitsuena. Horretarako baino gehiago erabiltzen da mugimendu politiko bat suntsitzeko. Norbanakoa suntsitzen da, horrekin kolektibo oso bat beldurtu eta txikitzeko.
Nolakoa da torturatzailea? Egin ahal da ikerketarik zer pertsona mota diren jakiteko?
Zaila da, haiek ez daudelako ikertzaileekin hitz egiteko prest. Oso kasu gutxitan lortu dira elkarrizketak torturatzaileekin, batez ere Latinoamerikakoak eta Europako Ekialdekoak izan dira. Torturatzaile damutuak ohi dira, gero lasai bizi ezin direnak. Baina torturatzaile gehienek era positiboan onartzen dute beren lana. Hobe da pertsona hori suntsitzea honek gizartea suntsitzea baino. Egindakoa justifikazio moral horren gainean egiten dute. Bizitza guztiz normala daramate, ez dira psikopatak edo munstroak, beren lana da eta etxera erabateko normaltasunez doaz. Hala ere, polizian ere edozeinek ez du balio torturatzaile izateko eta profil jakineko jendea sartzen da talde horietan.
Badakigu zerbait hautaketa prozesu horiei buruz?
Gutxi, bakarrik psikologo eta psikiatra askorekin egiten dutela lan. Pentsatzen dut pertsonen profilak aztertuko dituztela, jakiteko nork balio dezakeen torturatzaile izateko eta hori jasateko. Behin taldea eratzen denean, horiek bakarrik formatzen dituzte torturan, beste poliziek akaso jakin ere ez dakite talde hori existitzen denik, eta jakinda ere, kideak nortzuk diren ez da ezagutzen.
Luze irauten dute lan horretan?
Batzuek behintzat bai. Hainbat garaitan torturatutakoek torturatzaileak deskribatzen dituztenean konturatzen zara pertsona berak direla.
Torturatzaile batek berak torturatutako gazte bat agurtu zuen Iruñean. Beraz, hemengo jendea da?
Hemengo taldeak dira eta Madrilen ere bada hango talde bat. Madrilera atxilotuarekin doaz hemendik, han bospasei egun egin eta gero buelta. Torturatua kalean agurtzearena oso maiz gertatzen da, batez ere atxilotu ondoren askatzen badute.
Baina normalean torturatuak ez ditu haien aurpegiak ikusten, ezta?
Batzuetan bai. Batzuetan torturatzaileak kaputxa kentzen du, batez ere atxilotuaren inkulpazioa lortuta duenean, lana amaitutzat ematen duenean. Torturatuak haien aurpegia ikustea nahi dute. Hori amesgaizto latza da, aurpegi hori ez zaizu burutik joango bizitza osoan. Horregatik egiten dute eta horregatik hobe da aurpegirik ez ikustea.
Era denetako kasuistikak izango dira, baina torturatuak kentzen du noizbait torturaren zama bere gainetik?
Ez du kenduko, bizitza osorako eramango du gainean. Gainditu ditzake sintoma batzuk, kokatu dezake arazoa ondo, gertatutakoa ulertu, zauri batzuk sendatu… baina halako esperientzia batek haren bizitza irauli dezake. Gehienetan esaten da bat zarela torturatu aurretik eta beste bat ondoren.
Milaka torturatu izan dira eta horietako askok agian oraindik torturaren bola hori bueltaka izango dute barruan. Zer aholkatu ahal zaie?
Ateratzea bola. Torturara hurbiltzeko era aldatzen ari da gizartean, gero eta ikerketa gehiago dago, gero eta gehiagok egiten du haren aurka, ikusgarriago egin da, Jaurlaritza ere ikertzen hasi da… Hori guztia ere ona da pertsona horiendako, norbaitengana joateko animatu ditzakeelako, testigantza ematera, salaketak egitera…
Hala ere, beste belaunaldi bateko torturatu askok, tortura beren militantziaren parte gisa integratua dute; jasan beharreko ondorio gisa hartzen zen eta ez zitzaion halako kasurik egiten norberaren indibidualismoari. Sarri konparazio gogorrak ere egiten dira: “Nola kexatuko naiz ni beste hura hilda badago?”. 90eko hamarkadaren erdi aldetik aurrera, batez ere TAT [Torturaren Aurkako Taldeak] lanean hasi zenetik, torturaren gaiari ikusgarritasuna eman zitzaion eta espazio humanoari leku gehiago.
Hainbatetan torturaren bola hori barruan mantentzeak ondorio psikologikoak ere izango ditu.
Bai, trauma ondoko estresa da guk gehien ezagutzen duguna eta baditu hainbat sintoma: batzuetan antsietatea, lo egiteko arazoak, tortura gogoraraz diezaiokeen edozer gauzarengandik urruntzea… Baina torturaren ondorioak harago doaz, gerta litezke depresio latzak, antsietate luzeen ondorioz bihotzeko arazoak sortzea, desoreka orokor bat, gerta liteke ez kokatzea mundu honetan eta duela 30 urtekoan giltzatuta geratzea, edo gerta litezke arazo oso fisikoak baina psikosomatikoak direnak. Izan litezkeen latzenak nahaste psikotikoak dira, baina hauek gutxiengoa dira.
Kamarak hainbat lekutan, atxiloketa komunikatuak, Auzitegi Gorenaren epaiak… Espainian hasi dira trabak jartzen torturari.
Bai. Nazioarte mailako doinua askoz gogorragoa da Espainiarekiko, bai Europako Torturaren Prebentzioaren Aurkako taldeagatik, eta bai Estrasburgoko Auzitegiaren epaiengatik. Torturaren aurkako neurriak har daitezen eskatzen zaio Espainiari eta hori islatzen da tortura kopuru jaitsieran, inkomunikazio kopuru txikiagotan. Nire atxiloketan [2015eko martxoa], Guardia Zibilak Madrilgo Tres Cantoseko komisaldegira eraman ninduen eta atxilotuen ziegetan kamarak ziren, baina korridore eta galdeketa geletan ez. “Zuen erruz jarri behar izan ditugu” esan zidan eta gehitu zuen azkeneko 10 sarekadetan ez dela inor inkomunikatu. Ez dakit guztiz egia den, baina bai, izatekotan oso gutxi izan dira. Oso pauso handia da, inkomunikazio egoerak tortura ahalbideratzen duelako.
Tortura agintzen dutenekiko, goranzko eskilaran noraino iristen dira?
Ez dakigu ezer, baina dedukzioan maila politiko handiko pertsonak izan beharko lirateke, gutxienez baimentzen dutenak.
Gaur egungo biktimen esparruan, tortura non kokatzen da?
Gure torturatu guztiek aitortza aldarrikatzen dute, ez hainbeste erreparazio ekonomikoa edo judiziala. Ez dira baztertuak izan, baina bai ezkutatuak. Haientzat mingarriena da gizarteak ez sinestea pasatu dutena, eta aitortzarekin, torturatua ikusi egiten da, orain arte gertatu ez dena. Aitortza, erreparazioa eta ez-errepikatzea: gatazka askotan erabiltzen diren hiru kontzeptu horiek dira torturaren kasuan gehien aldarrikatzen direnak.
Eusko Jaurlaritzaren txostena argitara ematean, torturaren ikusgarritasuna handia izango da. Aitortzan aurrera egingo da, eman liteke erantzukizun penalik?
Ez dut uste hori inoiz gertatuko denik. Baina aitortza hori era askotara egin daiteke: Eusko Jaurlaritzaren ikerketa bada aitortza bat, Incomunicación y tortura ikerketa ere bai.
Jaurlaritzak aginduta, Paco Etxeberriak zuzentzen duen torturaren ikerketa taldeak bost hamarkada ikertuko ditu. Hor ere asko ikasi daiteke.
Ikerketa horretan EAEn 1960tik 2010era izan diren tortura kasuak ikertzen dira bi zatitan banatuta, 1977ko amnistia artekoa eta ondorengoa. Istanbuleko Protokoloa aplikatzen ari gara 200-300 kasutan eta horko testigantzekin jasotzen dugu tortura nolakoa zen garai hartan. Garai hari buruz, aipamen berezia merezi du Eva Forestek, bera izan zelako benetako aitzindaria torturaren ikerketan.
Istanbuleko Protokoloak badu balio froga, baina ematen zaio behar adinako garrantzia Espainian?
Oraindik ez. Auzitegi Nazionaleko medikuek, adibidez, ez dute ezagutzen eta ez dute erabiltzen. Instituzio publikoetatik ez dago ezer egituratua mediku horiek Istanbuleko Protokoloan formatzeko. Europako herrialde askotan eta Latinoamerika guztian instituzioetatik bideratzen dira formazio horiek, psikologoa bazara tresna hori kontrolatu behar duzu, beste hainbat lanetan Word bezala.
Espainian duela zazpi urte arte gutxi ginen AENko formatzaileak Istanbuleko Protokoloan eta azken urteotan beste 30en bat formatu ditugu. Horretarako oso garrantzitsua izan zen 2013an kaleratutako Incomunicación y tortura liburua. Istanbuleko Protokoloa erabilita, Euskal Herrian inkomunikazioa eta tortura jasandako 45 pertsonen azterketa egin zen, 1980tik 2010era arteko lagin bat hartuta. Torturatuen testigantzetan oinarrituta, tortura era profesional eta zientifikoan frogatzeko tresna bat behar genuen: hori da Istanbuleko Protokoloa.
Eta zertan oinarritzen da Istanbuleko Protokoloaren sinesgarritasuna?
Arazo asko izan ditugu frogatzeko Euskal Herrian jende kopuru handia ari zela tortura jasaten. Adibidez, nahiz eta gu profesionalak izan, liburu horren ikerketaren aurretik sinesgarritasun gutxi genuen Espainian, ideologikoki ezker abertzalearen inguruan kokatzen gintuztelako. Hortik ondorioztatu genuen, Euskal Herritarrak ez ziren pertsonek egin behar zutela ikerketa lan hori.
Ikerketak sinesgarritasun maila handia du: nik hemengo torturatu bati aplikatzen diot Istanbuleko Protokoloa, gero Bartzelonako batek egiten dio berriz; ondoren froga guztiak eta testigantza grabatua Madrilgo psikiatra bati pasatzen zaio eta, azkenik, IRTCra (Torturaren Biktimak Errehabilitatzeko Nazioarteko Kontseilua) doa guztia eta honek bere ondorioa ematen du. Torturatu bakoitzaren prozesua ez da ontzat ematen lau peritoen onespena jaso arte. 45 kasu horietatik bakarra ere ez da gezurtzat jo. Espainiako torturen kotoiaren froga izan da hau.
Nola da posible halako lanak ez aintzat hartzea?
Medio espainiarretan ez zen ezta albistea argitaratu eta aurkezpena Madrilen egin genuen, Amnesty Internationalekin, IRTCko ordezkariarekin, NBEko ordezkariekin eta maila profesional handiko jendez osatutako jardunaldiarekin. Kazetari batek esan zigun halakorik ez ateratzeko agindua zutela. Hori guztia egin eta ez genuen lortu gure helburua, hau da, Espainian ikerketaren berri ematea.
Hala ere, lorpenak beste era batekoak ere izan dira: Euskal Herrian eman da ikerketaren berri eta Espainian ere sinesgarritasuna irabazi dugu hainbat erakunde profesionalen aurrean. Gainera, bidea zabaldu dio orain Eusko Jaurlaritzak agindutako ikerketari. Lan hori egin genuen perito taldea gehi apirilean formatu genituen beste 15-20 lagun ari gara orain Jaurlaritzarenean 200-300 tortura kasu aztertzen, hemen ere Istanbuleko Protokoloa oinarri hartuta. 2016ko apirilerako bukatu behar dugu gure lana. Eta Jaurlaritzaren lana izanik, akaso lortuko du bestelako arreta Espainiako hedabideen aldetik.
Euskal Herrian 10.000 tortura kasuez ari gara.
Horiek TATeko datuak dira. Informazio hori eta beste hainbat erabilita, torturatuen errolda egiteko lan handia egiten ari da orain eta, zorionez, beste lasaitasun batekin. Torturatuak izan direnei ere deialdia egin beharko zaie bulego batera ager daitezen. Oraingoz, Jaurlaritzako peritoen lana 2016ko apirilerako bukatuko dugu; gero Kriminologiaren Euskal Institututik pasatu beharko da eta honek ere beharko du denbora lana bukatzeko. Torturatuak dira torturaren memoria egokiena.
Egiari Zor elkarteak pozgarritzat hartu du Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak Espainiako Estatuaren indarkeriaz egin duen txostena. Elkarteak azpimarratu du txostenak Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak dokumentatutako 5.000 tortura salaketak balioan... [+]
Ondo jakina da Euskal Herriak bere buruaren jabe izateko beharrezko duen botere politikoa ukatua duela Espainia eta Frantziako estatuen aldetik. Euskal Herrian, bertan bizi, lan egin eta euskaldun izan nahi duen biztanleriari, herritar gisa bizi-proiektu duin eta ziurra garatu... [+]
Guillermo Garcia eta Ioseba Pagola “giza eskubideen urraketen biktima” izan zirela aitortu du gobernuak. Egiaren Garaia Da plataformak “positiboki” baloratu ditu beste bi aitortza hauek.
Beste 20 pertsonarekin batera, Guardia Zibilaren esku zegoenean pairatu zituen torturak aitortu dizkio Nafarroako Gobernuak. Urrats honetara heltzeko Torturatuen Saretik egindako lan kolektiboa azpimarratu du Euskalerria Irratian. Ziklo baten itxieratzat hartu du aitortza... [+]
21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.
Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak, Iratxe Sorzabal atxiloturik egon zenean "tratu gizagabeak" eman zizkiotela aitortzen duen epaia baliogabetzea eskatu du, eta berriz epaitu dezatela nahi du, 1995ean Irunen jarritako lehergailu baten harira.
1991n atxilotua izan zenean Espainiako Poliziak Bilboko Komisarian torturatu egin zuela salatu zuen Raul Fuentesek. Espainiako auzitegiek ez zuten salaketa aintzat hartu, besteak beste delitua preskribituta zegoelako. Orain, Nazio Batuen Erakundeko Torturaren Aurkako Batzordeak... [+]
Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak kasazio helegitea aurkeztuko du Auzitegi Gorenean, Guardia Zibilak eragindako torturak onartu eta Sorzabal errugabetu zuen epaiaren aurka. Sorzabalek bere burua autoinkulpatu zuen gutuna torturen ondorioz idatzi zuela ebatzi zuen Auzitegi... [+]
Historikoa izan da, Monarkia Espainiarreko epaitegi batek honako ebazpen hau onartu du: "Iratxe Sorzabal zaintzeaz arduratzen ziren funtzionarioek elektrodoak aplikatu zizkioten deklaratzera behartzeko, eta horrek zera dakar, haren oinarrizko giza eskubideak nabarmen... [+]
"Erantzukizun publikoa hartzeko ordua" dela esan du Euskal Herriko Torturatuen Sareak, Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal Guardia Zibilak torturatu zuela onartu eta horregatik errugabetu ostean. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio EAEko aitortza eta erreparaziorako... [+]
Iratxe Sorzabalek sufritutako torturen gaineko testigantzak jasotzen ditu dokumentalak. Maiatzaren 20an emango dute dokumentala, 23:40an. Iaztik dago Primeran plataforman ikusgai, baina lehen aldiz emango dute telebistan.
Giza eskubideen urraketa horietan duten erantzukizuna aitortu gabe jarraitzen dutela seinalatu du koalizio subiranistak.
Larunbatean prentsaurreko bateratua eman dute Egiari Zor Fundazioak, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak eta Iratxe Sorzabalen abokatu Aiert Larrartek. Ostegunean ezagutu zen sententzia mugarria dela adierazi dute hirurek. Larrartek adierazi du Estrasburgoko epaitegira... [+]
Epaiak dio 2001ean Sorzabalek egindako autoinkulpazioa "tratu txarren ondorioa" izan zela, eta beraz, "baliogabea" dela. 1995ean Irunen lehergailu bat jarri izanagatik atxilotu zuten 2001ean, eta bost egunez inkomunikatuta atxiki zuten, gogorki torturatuz.