Iker Moreno, torturatua

"Torturatzaileek ni hiltzea desio izan nuen"

  • “Dena da ETA” doktrinaren biktima da Iker Moreno Atarrabiko gaztea . Ekin erakundeko kide izateaz akusatuta, seguruenik 2016ko udaberrian epaituko dute, beste lau lagunekin batera. Fiskalak zortzi urteko espetxe zigorra eskatu dio. Bere torturen deskribapen zehatz eta beldurgarria ez zen oharkabean pasatu interneten.

Xabier Letona @xletona
2015eko irailaren 27a

2011ko urtarrilean atxilotu zuten eta 2012ko uztailean baldintzapeko askatasunean utzi. Orain Auzitegi Nazionalaren zain da. Ez da samurra bi pintxo lasai jatea berarekin elkarrizketa egin ondoren. Hainbatetan hari ere ez zaio erraz egiten hizketan jarraitzea. Torturak berari zer ekarri dion, horretaz mintzo da. Torturen salaketa jarri zuen eta, ohi bezala,  artxibatu zen: “Ez da froga nahikorik”.

Lau urte eta erdi pasatu dira atxilotua eta torturatua izan zinenetik. Nola zaude orain?

Ordutik honakoa nire barruan aldatzen joan den zerbait izan da. Inkomunikazioa bukatu, abokatuarekin egon nintzen eta oso nekatua nengoen, baina barneko sentipena zen “hau gainditu dut, ez naute hil, ez dute nirekin bukatu”. Banuen garaipen sentipen bat. Espetxean emandako urte eta erdian ere ez nion garrantzi  berezirik eman. Gurasoei, hala ere, bai esan nien poztu nintzela espetxera eraman nindutelako, espetxeak ematen zidalako segurtasun maila bat, banekin handik ez nindutela berriz galdeketetara eramango.

Atxiloketa aurreko hilabeteak ere gogorrak izan ziren, inguruko jende asko atxilotu zutelako eta poliziaren furgoiak etxe inguruan ibiltzen zirelako. Badakizu tortura hor dagoela. Jende askok egin izan du ihes torturaren beldur. Gero espetxea, eta horrek eskatzen dizula hartara egotea: “Hemen egon behar dut eta hemen zentratuko naiz”. Espetxetik atera ondoren ere jendeak esaten zidan ze ongi nengoen eta halakoak.

Urtebetera, aldiz, bat-batean hasi nintzen nire buruan oso erreakzio arraroak sumatzen: haserrealdi oso bortitzak, egoera batzuetatik berehala atera beharra, hainbat egoera ezin jasan… Psikologoarekin hasi nintzen eta ohartu nintzen gauza asko barruan nituela; gertatutakoari aurre egiteko baliatu nuen estrategiak agian balio izan zidan egoera batean, baina gerora ondorio batzuk ekarri zituen.

Atxilotu eta Madrilera gindoazela mozorroa jarri, postura mingarrietan bidaiatzera derrigortu, kolpatu, umiliatu eta denetik esaten zidaten: pederasta nintzela, ETAko kidea, ez dakit nor hil nuela… eta une batetik aurrera egoera hura ezin nuela onartu eta mutu eta gor gelditzea erabaki nuen: “Panpin bat zara, zure gorputza badute eta saia zaitez burua har ez dezaten”, esaten nion nire buruari. Ondorengo egunak oso gogorrak izan ziren eta haiek ni hiltzea ere desio izan nuen, nire gorpua arazo handi bat bilakatzea haientzat.

Gero, espetxetik ateratzerakoan eta egindako guztia kontatzen nuenean, banuen sentsazio arraroa, uste nuen nire buruaz arinkeriaz ari nintzela, hori guztia niri egin izan ez balidate bezala, film batean ikusi izan banu bezala. Banekien barrabaskeria horiek niri egin zizkidatela, baina ez nituen sentitzen, ez nintzen gai barrutik ateratzeko.

Iazko Sanferminen aurreko psikologo saio batean, hark eskatu zidan nik bera paretaren aurka jartzeko –gau oso bat izan ninduten horrela komisaldegian eta aluzinazioak ere izan nituen– eta ez nintzela gai erantzun nion. Orduan, paretaren kontra ni jartzeko eskatu zidan, jarri nintzen eta bat-batean dardara betean hasi nintzen eta negar batean; psikologoak atera behar izan ninduen paretatik. Aste oso batean giharrak ere minduta izan nituen ondoren, baina bere alde ona ere izan zuen, ohartu nintzen zer egin zidaten eta hori barruan nuela. Hau da, torturatu eta hiru urtera, torturatu nindutela lehenengo aldiz sentitzeak, egindakoa egin zidatela berresten lagundu zidan.

Zer aldatu du horrek zure bizitzan?

Uste baino gauza gehiago. Seguruenik ez da hori bakarrik: atxiloketa aurreko garaia, atxiloketa, lau urtez epaiketaren zain egotea… Barrutik ez zaude ongi eta hori onartu beharra duzu. Depresioa diagnostikatu zidaten. Badakit gertukoekin ditudan liskar asko lehen ez nituzkeela izango. Ez da hitz egiten horiez, baina egoera hauek uste baino ondorio gehiago dituzte.

Hitz egiten duzu halakoez antzeko egoeran izan direnekin?

Ez da erraza, baina konfiantza dudan batzuekin hitz egin dut. Donostiara kontzeptu-maparen dinamika egitera joan ginenean ere bai, eta eskertu nuen. Torturarekin uzten dizuten erruduntasun sentsazioa kentzea ez da erraza. Beraien helburuetako bat zu suntsitzea da, horretarako beste pertsona batzuk salatu behar dituzu eta ondoren pertsona horiekiko egindako salaketak zure gainera botatzen dituzu. Nik argi dut izen horiek ez nituela nik esan, beraiek jarri zizkidaten ahoan, ez nekien nori buruz ari ziren ere.

Baina gero epailearen aurrean ez zenuen poliziaren aurreko deklarazioa aitortu eta torturak salatu zenituen.

Bai, baina beti duzu halako sentsazioa bat: “Agian gehiago eutsi izan banio...”. Haien eskuetan hil nahi nuenean halakorik pentsatzea arinkeria da nire aldetik, baina gero horiek hor dabiltza bueltan norberaren baitan. Badakit nire aurkako salaketak ere egin zirela epailearen aurrean, baina nik jende horri ez diot ezer aurpegiratuko inoiz, badakit hori zer den.

Zure kontakizuna irakurtzean, oso hasieratik isiltzen zara eta torturak aurrera egin ahala, irudika daiteke zer datorkizun. “Hitz egin dezala, hitz egin dezala” esaten nion nire buruari irakurketan aurrera egin ahala, horrekin infernu hura amaituko zelakoan.

Bai, baina badakizu hitz eginda ere hura ez dela bukatzen, beti beste zerbait eskatzen dizute, hori oso garbi nuen. Bi talde aritu ziren ni torturatzen, lehenengoarekin egin nezakeen “antzerki”  pixka bat, eutsi ahal nion pixka bat gehiago; bigarrenarekin ezinezkoa zen.

Lagunek, familiak… nola daramate hori guztia?

Ni ezin naiz kexatu, hasieratik laguntasun eta babes handia izan dut eta. Gaizki nengoela ohartu nintzenean, esan egin behar nuela erabaki nuen, “ez naiz ezkutatuko, ez naiz horregatik lotsatuko”. Horrek ekarri zizkidan ondorio batzuk, esate baterako, aitak ez zuen ikusten gaizki nengoela edo onartzea kostatzen zitzaion itxuraz ongi ikusten ninduen eta. Ni ere konturatzen nintzen aita sufritzen ari zela, ez zuelako ulertzen zergatik nengoen gaizki eta ezin zidalako lagundu. Egoera horiek sortu dituzte tira-bira batzuk, eta nik zera esan nion: “Aizu, nik onartzen badut arazoak ditudala, zuk ere onartzea nahi dut”.

Poliziak utzi zaitu bakean denbora honetan?

Oraingoz bai, baina esaten dute epaiketa hurbildu ahala izaten direla “bisitatxo” batzuk kalean. Lagun bat, adibidez, torturatzaileak Iruñeko kaleetan agurtu izan du. Nahiko lasai nago eta beldurra ere ez da berdina, azkenean badakizu ez duzula berdina biziko.

Eta entzuten duzunean “Espainian ez da torturatzen”, zer pentsatzen duzu.

Horrek baieztatzen du tortura tresna politikoa dela eta helburu politikoak dituela. Oso ongi lotua dago eta politikari eta epaileek badakite hori. Nik Grande-Marlaskari [Fernando, epailea] torturak kontatu nizkionean, antsietateak jota nengoen, negarrez, gaizki usaintzen nuen… hark bazekien egoera hori ezin dela antzeztu, baina goitik behera begiratzen ninduen, Jainkoa bailitzan, ezer esan gabe. Eta egoera horretan nengoela fiskala egurra ematen hasi zen.

Zuretzat lasaigarria litzateke zure torturatzaileak zigortuak izatea?

Hori ez da gertatuko. Gustatuko litzaidake iritzi publikoak jakitea nortzuk diren torturatzaile horiek, nork agintzen zien torturatzea, haiek epaiketa batean zer egiten duten aitortzea… Haiek espetxean egon edo ez, niri ez zait ezer aldatuko.

Nola sentitzen zara biktima gisa?

Kostatzen zait hor kokatzea eta nire burua biktima gisa ikustea. Estatuaren aldeko biktimak lobby gisa antolatu dira eta hartu dute botere maila bat; nik ez dut nire burua haiekin parekatu nahi. Baina biktimaren definizioa irakurrita, horixe naiz, biktima bat, eta alde horretatik nahiko nuke tortura sozialki eta politikoki onartzea. Dirurik ez dut nahi, baina ongi legoke tratamendu psikologikoa eta halakoetarako laguntzak eskaintzea.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Tortura  |  Estatuen biktimak  |  Epaiketak

Tortura kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude