Erabakimena haurrei itzultzen diegunean

  • Zer gertatzen da aisialdiaren eta herriaren antolakuntzan haurrei parte hartzeko eta erabakitzeko aukera ematen zaienean? Lau pareta arteko jarduna apurtu eta kaleak jolaserako berreskuratzen direnean? Heziketan herritar guztiak inplikatzen direnean? Norabide horretan dihardu Arrasateko Txatxilipurdi haur eta gazteen aisialdi elkarteak. Taldeko Amaia Etxabe Goikoetxea, Aizpea Otxandiano Madinabeitia eta Mireia Baz Mangana hezitzaileekin bildu gara.

Helduok bideratu eta kontrolatu gabeko jolasen alde egiten dute Txatxilipurdin.
Helduok bideratu eta kontrolatu gabeko jolasen alde egiten dute Txatxilipurdin. "Umea kalean jolasten badabil, kaleak eta naturak eskaintzen dizkion baliabideekin, ume sortzailea izango da".

Bizitza gutxi duen auzo batean jarri zuen martxan esperientzia Txatxilipurdik: bertako ludotekako haurrei galdetu zieten ea nolakoa nahiko luketen izatea aurreko plaza. Haur bakoitzak marrazki bidez irudikatu zuen, gero kideen marrazkiak bozkatu zituzten gometxen bidez, eta tirolina eta labirintoa zituen irudia izan zen bozkatuena. Udalarekin eta auzokideekin hitz egin, eta labirintoa eraikitzeari ekin zioten haur, guraso eta auzokideek. “Hilabetez izan genuen labirintoa plazan, festa egun bat ere antolatu genuen eta egun horretarako tirolina muntatu genuen. Ikusgarria izan zen, zelako gauzak lor daitezkeen umeen ideietatik sortuak eta umeekin batera eraikiak. Prozesu guztian haurrak izan ziren protagonista (erabakietan, materialen aukeraketan, eraikuntzan…) eta gure arteko harremanak garatzeko modua oso aberasgarria izan zen”, kontatu digu Aizpea Otxandianok.

Adibideak ondo laburbiltzen du Txatxilipurdiren aisialdi eredua: “Aisialdi eredu askea lantzen saiatzen gara –dio Amaia Etxabek–, haur eta gazteen autonomia garatzen, euren beharretatik abiatuta eta euren aisialdia autoantolatzeko tresnak eskainiz. Aisialdi parekidea izatea nahi dugu, horizontala (hierarkiarik gabea), inklusiboa, komunitate baten baitan eta komunitate batekin harremanetan, ingurune naturala eta kulturala zaintzen duena, eta euskaraz”.

Haurren benetako parte-hartzea, asanblada bidez

Haurren benetako parte-hartzea bermatzea da Txatxilipurdiren oinarri nagusietakoa. Ludoteketan, adibidez, ez da eguneko egitaraua zehazten, haurrei galdetzen zaie zer egin nahi duten denbora tarte horretan eta asanbladatan bilduta denon artean erabakitzen dute, haur, gazte eta heldu (3-12 urte arteko haurrak daude hezitzaileekin), adin nahasketak ematen duen aberastasuna baliatuz. “Hasieran, ohitura faltagatik, kosta egiten zitzaien haurrei, helduak zer esango zain zeuden –azaldu du Otxandianok–, baina poliki-poliki, dinamika bereganatu ahala, ekintzak proposatzen hasi ziren eta interesgarria da ez dituztela bakarrik euren gustuko gauzak proposatzen, inguruko kideak ere hartzen dituzte kontuan. Proposamen zentzuzkoak dira, aurrera eramateko modukoak, eta oztopoen aurrean ez dira gure moduan frustratzen; trabaren bat dagoela? Bada, beste era batera egingo dugu”. Haurrak bakarrik ez, helduok ere ez gaude ohituta, gaineratu du Etxabek, “eta gure rola berrikusi behar izan dugu. Haurrari hitza eman, entzun eta elkarlanean murgiltzeko prest egon behar duzu. Benetako parte-hartzean maila berean gaudelako denok, eta elkarri entzuteko eta elkarrekin aritzeko prest egon behar dugu”.

Parte-hartze prozesuon emaitza dira, besteak beste, Otxandioko ludotekan eraiki duten etxetxoa, Arrasateko eszenatokia, beste ludoteka batean lantzen ari diren baratzea edota herriko plaza eraldatzeko hainbat lekutan sortu diren ekimenak. Haurraren kulturaz mintzatu zaigu Mireia Baz: “Umeak, jaiotzen den unetik du mundua ikusteko eta bizitzeko modu bat. Helduok gaitasun hori aitortu behar diogu, mundua ikusteko bere erari oztopoak jarri ordez”.

Beldurraren gizartetik kalea birkonkistatzera

Eremu itxi batetik bestera autoz eramaten ditugu haurrak, beti helduen zaintzapean, errepidez josi ditugu herriak eta debekuz bete plazak (baloiarekin jolasteko, patinetan aritzeko…). Beldurraren gizartean bizi garela diote elkarrizketatuek, helduok ditugun beldurrak transmititzen dizkiegula haurrei, eta gure beldurrek euren garapena mugatzen dutela. “Segregatuta bizi gara, kolektibo bakoitza bere eremuan, eta gainera espazio itxietan; sentsazioa dugu hortik kanpora dagoena arriskutsua dela –uste du Etxabek–. Mezu hori, beldur hori zabaltzen doa, handitzen, baina herria gurea ere bada, haurrena, gazteena, emakumeena, etorri berriena… Denona. Goazen herria birkonkistatzera eta denona egitera. Batzuek atzerapausoak eman beharko dituzte beste batzuen mesedetan: adibidez, autoei emandako espazioa zerbait mugatu beharko dugu plaza batzuk bizikletentzat uzteko”. “Aitonak kontatzen dit nola txikitan bakarrik irteten zen etxetik, auzoan jostatzen zen beste umeekin… baina gaur egun ez dago umerik kaleetan! Horri buelta eman eta denok seguru sentiaraziko gaituen herri askea sortu behar dugu”, aldarrikatu du Otxandianok.

Horretan hasiak dira dagoeneko: ludotekako paretak gainditu eta kalera irten dira Txatxilipurdiko aisialdi taldeak, jolaserako eta euskararako espazioak berreskuratu asmoz. “Eta ludoteka ireki dugunean konturatu gara istripu gehiago bizi ditugula barruan gaudenean, kanpoan gaudenean baino”, adierazi du Bazek. Gainera, praktikak erakutsi die eremu itxietan ematen diren harremanak askoz gatazkatsuagoak direla: “Ludoteka itxian, egun horretako umorearen arabera, istilurako prest egon gaitezke, baina pareko plazara atera eta denok askoz lasaiago gaude”, dio Etxabek.

Jolasa, garapenaren funtsa

Haurrek jolastu ahal izatea nazioartean aitortua dagoen eskubidea izateaz gain, umeen garapenerako ezinbesteko tresna dela azpimarratu dute hiru elkarrizketatuek: jolasaren bitartez lantzen direlako autonomia, gatazkak konpontzeko gakoak, norberaren mugak non dauden, norbere buruarekiko konfiantza… Horregatik, eguneko zereginak egin ondoren denbora librea izanez gero egiten den jarduera izan ordez, jolaserako tartea hartzea aldarrikatzen dute. Eta jolastea da zikintzea, igotzea eta jaistea, salto egitea… “Horrek denak garapen emozional eta psikomotorean sekulako eragina dauka; horregatik da jolasa gizakion behar biologiko bat”, nabarmendu du Bazek.

Jolasa bera, ordea, kontrolatu nahi izaten dugu maiz helduok, eta jolasgune estandarrak, jostailu jakinak eta jolas bideratuak nagusi dira gure inguruan. “Umeari dena eginda ematen badiogu, ume horrek ez du sormena landuko. Zer esanik ez, telebista aurrean jarrita baldin badugu. Aldiz, umea kalean jolasten badabil, kaleak eta naturak eskaintzen dizkion baliabideekin (jolasa ez dagoelako derrigor jostailura lotuta), ume sortzailea izango da”, dio Otxandianok.

Haurrek beraiek antolatu eta erabaki ditzatela jolasak, pertsona askeak, autonomoak eta parte-hartzaileak izan daitezen. Helburu horretan, hezitzaileak antolatzaile izatetik bidelagun izatera pasa direla diote elkarrizketatuek. Harremanak egiteko, lantzeko eta garatzeko moduan eta enpatian omen dago gakoa. “Hasieran ni neu nintzen oztopoa –onartu digu Bazek–. Umeak kalera atera? Zer esango dute gurasoek?... Baina gero, aldaketak egiten zoazen heinean, etengabe ikasten eta konfiantza hartzen zoaz. Batzuetan etxera bueltatu eta sentsazioa da gaur ez dudala ezer egin, ohituta gaudelako emaitza eta lorpen fisikoetara, baina egitasmoetan politena da nolako harremanak ematen diren, emozioak zelan lantzen diren, adin tarte ugaritako eragileen sareak nola osatzen diren… Elkar elikatzen eta ikasten dugu”.

Herri Hezitzaileen Sarea, denon herria eraikitzen

Bidean, antzerako gogoetak dituzten Euskal Herriko beste eragile ugari aurkitu ditu Txatxilipurdik. 2012an hasi ziren biltzen eta 2015eko urtarrilean aurkeztu dute euren burua: Oinherri Herri Hezitzaileen Sarea. Hamahiru eragile daude atzean (Txatxilipurdi, Irrien Lagunak, Lizarra eta Iruñeko haurreskolak, Hik Hasi, Oarsoaldeko Garapen Agentzia, Topagunea, Sorguneak, Ikastolen Elkartea, Tabakalera, Amarauna, Kukumixo, Urtxintxa Bizkaia, Ttakun) eta hamabi herri batu zaizkie oraingoz: Soraluze, Agurain, Arrasate, Egiako auzoa, Otxandio, Baigorri, Baztango herriak eta Dima. “Haur, nerabe, heldu… Herritar guztiok aitortzen gaituen herria da herri hezitzailea, herritar guztiok hezitzaile garelako, denok gara balore transmisore, eta horretaz jakitun elkarrekin eraikitzen dugu herria, guztion ongizatea helmuga”, deskribatu du Etxabek. Francesco Tonucci pedagogoaren ideiak dira abiapuntua (euskaraz eskuratu daiteke Tonucciren Haurren hiria liburua): finean, haurren beharretan oinarritzen den eta horren arabera antolatzen den herria, herritar guztien beharrak asebeteko dituen herria izango da.

Oraindik hastapenetan daude, baina badira esperientzia aipagarriak, “euren txikitasunean oso handiak”: Oarsoaldean OarsoIrriak egiten ari den lana nabarmendu dute, Sopelako jaietan haurrek euren gunea eraikitzeko buruturiko ekimena, Lakuntzan ume eta helduek elkarlanean eraldatutako jolas-parkea… Teoria eta praktika uztartzen dituzten bost liburuxka ere kaleratu ditu Oinherrik: Haurren aisialdi parte-hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzen; Nola sustatu haurren parte-hartzea ikuspegi feministatik; Nola egin udaleku parte-hartzailea; Nola egin ludoteka parte-hartzailea eta Parkeak bizitzeko modu berriak.

Otxandianoren hitzetan, “duela urte batzuk, umeak heztea gurasoen, eskolaren, auzotarren… gauza zen, baina gaur egun, norbera baino ez da bere seme-alaben hezitzailea, eta ondokoak ez du zer esanik umeak zerbait egiten duenean. Heziketa, ordea, denon ardura da, uneoro ematen da, eta herri hezitzailearen bideak hori behar luke”. Amaia Etxabek garbi du: “Etxea, eskola eta aisialdia. Herriak izan behar du hiru ardatz horien topagunea. Eta herri hezitzailea hirurekin eraikitzen da. Osagarriak dira eta norabidea partekatzea inportantea da, ez daitezen bide ezberdinetan galdu”.

Ezker-eskuin: Amaia Etxabe, Mireia Baz eta Aizpea Otxandiano.

 

57 langile, milaka haur, hamaika egitasmo

Arrasate Euskaldundu Dezagun 1983an sortu zen eta haurrentzako ekintzak antolatzera zuzendu zuten lantaldeetako bat. Hamarkada bat geroago, 1994an, lantalde gisa jaiotakoa elkarte independente bihurtu zen: Txatxilipurdi. Egun, urte osoan 57 langile dira eta udaran, udalekuak medio, ehundik gora. 1.000 haur baino gehiago izan dituzte udan; urtean zehar zenbat umerekin aritzen diren jakitea ez da erraza: udalekuak, gaztelekuak, ludotekak eta gazte txokoak kudeatzen dituzte, tailerrak ematen, formazioa eskaintzen eta ikuskizunak antolatzen (txotxongiloak, karaokea, ipuin kontaketak…). Guraso.com agerkari digitalaz ere arduratzen dira, Goienarekin batera.

Arrasaten dute erdigunea, baina bailarara zabaldu dute jarduna (Aretxabaleta, Eskoriatza, Oñati, Otxandio, Zaldibar) eta egitasmo ugari dituzte martxan (Berramesten, Txikilandia, Ludoteka Ibiltaria, Arrasatek Hezi, Freskura…), balio hezitzaileetan oinarritutako aisialdi euskalduna helburu. “Euskara sarri eremu jakin eta itxiekin lotzen dugu eta gure erronketako bat da euskara kalera modu ez formalean ateratzea, ikusaraztea euskaraz ondo pasa daitekeela”.

 

Argia egunean laguntzaile

Hilaren 20an Oñatin ospatuko dugun Argia Egunean, bailarako eragileak izango ditugu laguntzaile eta tartean izango da Txatxilipurdi. Haur eta helduentzako ginkana prestatu dute egun horretarako, balio hezitzaileak eta dibertsioa oinarri.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aisia
Eskolako jolastokian mutilak dira jaun eta jabe, ikerketa baten arabera

Urtebetez, jolas garaian Lehen Hezkuntzako neska-mutilen mugimenduak behatu dituzte Kataluniako bi ikastetxetan. Espazioaren gehiengoa mutilek okupatzen dute eta neskak bazterretan mugitu ohi dira. Ikerketak hainbat gogoeta utzi du espazioaren antolaketaz, genero rolez... eta... [+]


Eskolaz kanpoko jarduerak doan, Portugalgo gakoa desorekari aurre egiteko

6-10 urte bitarteko haurrek doan dituzte eskolaz kanpoko jarduerak Portugalen. Ekintza hauetan parte-hartze unibertsala bermatzea onuragarria izan da Portugalgo ikasleen arteko desoreka sozioekonomiko eta ondorioz akademikoei aurre egiteko eta eskola porrota txikitzeko, besteak... [+]


Ludoteka euskaldunak Nafarroa erdi eta hegoaldean, aisialdian ere haurrak euskaraz aritu ahal izateko

Nafarroa erdi eta hegoaldean euskaraz ikasi bai baina erabiltzeko aukera gutxi du haur askok. Herri horietan aisialdia euskaraz gozatu ahal izateko asmoz jaio ziren Jolasteka ludoteka euskaldunak. Ikasturte honetan gutxienez 16 herri, 22 jolasteka eta 3 eta 12 urte arteko 211... [+]


Bota kartak eta otuko zaizu zerbait!

Horrela amaitzen da ARGIAk sortu berri duen OTU karta-jokoko azalpena; baina jolasaren hasiera ere izan liteke, dibertsioa hasteko sarrera. Modalitate asko egon litezke, irekia da jolasteko modua, baldintza bakarra irudimena izango da. Aurrean dituzun kartekin, bakarka edo... [+]


Barruan daramagun ipuin-kontalaria

Erronka jarri nahi izan dugu ARGIAtik: zenbateraino utzi diezaiokezu sormenari hegan egiten? Zenbateraino bihurritu dezakezu istorio bat eta bilakatu beldurgarria, barregarria, dramatikoa? Gauza al zara euskarak duen aberastasunari etekina atera, hitz-jolasei leku egin eta... [+]


Eguneraketa berriak daude