Lau eguneko lan-astea probatu duten enpresak, eredu berriarekin gusturago

  • Soldatak mantenduz, lau egunera murriztu dute lan-astea Britainia Handiko 61 enpresak, sei hilabetez. Horietan, nekea %71 murriztu da eta gaixotasun bajak %65, diru-sarrerak batez beste %1,4 handitu dituzte eta orain arteko esperientzia piloturik handienean parte hartu duten enpresen %92ak dio lau eguneko lan-astea mantenduko duela.

Laneguna efizienteago bihurtzeko hainbat ohitura eta mekanismo jarri dituzte martxan enpresek.

2023ko otsailaren 22an - 10:00

Britainia Handiko 61 enpresak 2022an egin dute proba pilotua, asteko lanordu kopurua %20 murriztuz (40 ordutik 32 ordura), eta guztira 3.300 langile baino gehiagori eragin die. Cambridge unibertsitateko zientzialariak arduratu dira prozesua eta ondorioak ebaluatzeaz, eta astearte honetan argitaratu dituzte emaitzak: estresa nabarmen gutxitu da eta langileek diote nekea eta antsietatea txikitu zaiela, osasun mentala eta fisikoa hobetu dutela; gaixotasun bajak %65 murriztu dira; eta 61 enpresetatik 56k dio lan-aste berria mantenduko duela, horietatik 18 enpresek ziurtatu dute gainera aldaketa iraunkorra izango dela.

Eta produktibitatea?

Orduak gutxitzearekin batera produktibitatea jaitsiko zela, hori zen enpresarien kezka handienetakoa proiektu pilotua abiatu aurretik. Ikerketak dio ez dela hala izan, eta are gehiago, langileek prestutasun handiagoa dutela lanorduetan “denbora produktiboki aprobetxatzeko”. Enpresen diru-sarrerak ez dira aldatu sei hilabete horietan, eta datuak eman dituzten 23 enpresen kasuan, batez beste %1,4 igo dira diru-sarrerak.

Azken finean, laneguna efizienteago bihurtzeko hainbat ohitura eta mekanismo jarri dituzte martxan enpresek, hala nola bilerei edo egin beharreko lanen zerrendei begira.

Kontziliazioa eta ongizatea

Deskantsatuago, hori da langileetako askok erabilitako hitza. Lanaren ostean, deskonektatzeko eta “arnasa hartzeko” aukera eman die lan-aste eredu honek. Batzuek, astegunez jai izanda haurrak zaintzeko gastuak aurreztu dituzte, beste batzuek euren interes eta aisialdirako denbora hartu dute; oro har, lan bizitza eta bizitza soziala eta pertsonala uztartzeko aukera handiagoa eman die eredu berriak.

Proba pilotua egin aurretik, bi hilabetez prestatu zituzten enpresa parte-hartzaileak, hainbat tailer eta tutoretza bidez eta jada lau eguneko lan-astea egiten zutenen esperientzia ezagutuz. Ikerketaren ondorioak dio esperientzia honek erakutsi duela ametsa zirudiena politika errealista dela: “Lau eguneko lan-asteak lan eta familia bizimodu hobea dakar pertsona askorentzat”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Enplegua
Arrasaten zama gainera erori zitzaion garraiolaria hil da: "Lan istripuen gorakada gogorra jasaten ari gara"

LABek jakinarazi duenez, martxoaren 14an materiala garraiatzen ari zela zama gainera erori ondoren larri zauritutako langilea zendu da asteartean. Jadanik hamazortzi lagun dira urtea hasi zenetik lanean hildakoak, sindikatuaren arabera, eta lan istripuen "gorakada... [+]


2024-03-14 | Gedar
Mercadonak %40 areagotu ditu irabaziak, eta %30 Inditexek

Marka historikoak hautsi dituzte bi enpresek 2023an: Mercadonak lehen aldiz lortu du 1.000 milioi euroko irabaziak gainditzea.


Indarberriturik atera dira sektore publikoko langileak, hirugarren greba egunean

Sindikatu deitzaileen arabera, ikasturte honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publikoan antolaturiko greben artean jendetsuena izan da asteartekoa, eta batez ere garraio publikoan, hezkuntzan eta udal esparruan izan du eragin handiena. Manifestazioetan 30.000 lagunek... [+]


Tubos Reunidos enpresako sindikatuek salatu dute amiantoa agertu dela labe batean eta zenbait egunez lana ez zela gelditu

Enpresa batzordeak salatu du otsailaren 26tik martxoaren 3ra bitartean amiantoa agertu zela labe kalibratzailean egindako obretan eta egun horietan lanak ez zirela eten. Enpresak azaldu du ohartu bezain pronto hartu zituela neurriak.


Eguneraketa berriak daude