Itzulpengintza

Kasu kontrako norabideari: literatur esportazioa hizpide

  • Itzulpenez hitz egitean inportaziora joan izan zaigu inertziaz begirada: beste hizkuntza batzuetatik euskarara ekarri denera, ekartzeko dagoenera, ekarritako horren harrerara. Azkenaldian, ordea, alderantzizko norabideari erreparatzen hasiak dira zenbait, eta euskaratik eramaten denak ere badu muntarik. Maria Colera itzultzailearekin, Elizabete Manterola ikertzailearekin eta Xabier Payarekin (Donostia 2016) jardun dugu gaiaren bueltan.

Danele Sarriugarte Mochales @daneleSM
2015eko irailaren 13a

Azken hamarraldian loratu da, bai behintzat modu antolatuan. 2003an eman zuen euskaratik beste hizkuntzetara itzultzeko lehen diru-laguntza Eusko Jaurlaritzak. 2004an jarri zuen martxan EIZIE itzultzaileen elkarteak helburu bereko lehen programa: “Idazlea itzultzailearen lantegian”. 2006tik aurrera urtero eskaini ditu EAEko Gobernuak euskarazko literatura nazioartekotzeko poltsak: lehenik Kultura Sailaren bidez, Etxepare institutuaren eskutik gero.

2005aren bueltan ekin zion Elizabete Manterolak doktore-tesiari, euskaratik itzulitako literatura aztergai: “Ikusi genuen kanpora begirako ekoizpena garrantzia hartzen ari zela, eta helburua izan zen katalogo bat sortzea. Gutxi gorabehera bagenekien zer zegoen itzulita, baina zenbakitan jarri nahi genuen, azterketa xehe baten bitartez”.

Eta lagungarri suertatu da, Coleraren ustez: “Manterolak egindako lana oso beharrezkoa iruditzen zait, batetik, erreferentzia-iturri gisa, eta, bestetik, aukera ematen duelako itzuli dena aztertzeko, hainbat aldagairen argitan: garaia, generoa (idazleena zein literarioa), helburu-hizkuntzak, argitaletxeak... Interesgarria da horri guztiari erreparatuta ondorioak ateratzea, oinarri baten gainean eta ez usteen gainean”.

Zertarako: elkarrizketa xede

Kontua zertan den zehaztuta, funtsezkoa da beste galdera bati heltzea. Zertarako balio dezake kanpora bidaiatzeak, euskarazko literaturaren eremuan, barne-mailan?

Colerak uste du elkarrizketa sortzeko eta gure paradigmak auzitan jartzeko tresna dela literatura. “Hasieran obraren hizkuntz komunitatearen barruan gertatzen da, baina itzulpenak aukera ematen du elkarrizketa hori beste hizkuntza komunitate batzuekin ere egiteko. Gainera, paradigma filosofiko gehienak hizkuntza inperialetatik datozkigu, eta horregatik iruditzen zait hain garrantzitsua gure hizkuntza ez-hegemonikoak ere itzultzea, mundu-ikuskera nagusia alde askotatik pentsatu eta zalantzan jarri ahal izateko”.

Manterolak gehitu du hizkuntzen arteko harremanak lantzeko ere balio dezakeela, “ez daitezen alde bakarrekoak izan, aldebakartasunak batzuetan mendekotasuna sortzen baitu”.

Eta, paradigmetara itzulita, geureak ez ezik, geurekiko aurreiritziak ere hausteko. “Euskal gaiak denak izan daitezke”, azaldu du Colerak, “baina badago iruditeria finkatu bat euskal gaiak zer diren, euskalduntasun bezatu bat, eta hori eteteko balio dezake zenbait literatur lan itzultzeak”.

Nola: batzuetan, zubiak oztopo

Arriskuak ere baditu, haatik. Tartean, nabarmen, jatorrizko mezua lausotzea, telefonoaren jolasean bezala. Payak Ingalaterran irakasle aritu zen garaira jo du: “Aukera izan nuen aztertzeko ea zer espainiar idazle irakurtzen ziren gehien bertako unibertsitateetan, eta lehen hamar autoreen artean sarri agertzen ziren Bernardo Atxaga, Manuel Rivas eta Quim Monzó. Oso kasu agerikoak dira: gaztelania ez beste hizkuntza batean idazten dute hirurek, baina merkaturatzea beste modu batean egin dute, eta begira akademiak nola hartu dituen... Estandarizazio-prozesu bat gertatu da”.

Abiapuntuari berari erreparatu dio Colerak: “Hizkuntza txikiak itzultzeko garaian gakoa da zer sistema literariok hartzen dituen erabakiak, horrek guztiz baldintzatzen baitu itzultzen dena, itzultzen denaren harrera... Beraz, noren esku dago? Hizkuntza txikiaren literatur sistemaren esku ala hizkuntza txikiaren metropoliaren esku? Metropoliko sistemak bere baitako ale exotikoak kanporatzeko borondatea izan ohi du, zentralitateari kutsu exotikoa ematekoa. Euskararen kasuan, adibidez, sarri zubi-hizkuntza bidez egiten dira itzulpenak, gaztelaniaren bitartez, eta itzuli diren gauza askok ez dute islatzen euskaraz esaten den gauza berbera: harremana baldintzatua dago, eta otzandua”.

Itzulpen-moldeen hariari egin dio tira Manterolak: “Arriskuak badaude, noski: egokitu izan zait aditzea Atxagak zuzenean gaztelaniaz idazten duela. Horregatik da garrantzitsua zuzeneko itzulpenak bultzatzea, ahal den neurrian. Hala ere, gauza bakoitza bere garaian ipini behar da: hizkuntza gutxitu bat izanda, ez da harritzekoa garai batean zeharka itzuli izana. Era berean, normalean, argitaletxeak ez dira itzultzaile ezezagunekin fio, eta zuzenean egin dezakeen norbait egon arren, akaso ez dute onartzen. Ondo legoke ikustea zer joera ari garen hartzen azkenaldian: zenbat itzultzen den zeharka eta zer merkatura begira, nork erabakitzen duen nola itzuli, idazlea derrigortzen ote duten bere lana itzultzera... Bestalde, zeharkako itzulpena ez da berez txarra, batzuetan hori da lan batera iristeko modu bakarra. Baina zuzenean egin genezakeen zerbait zeharka egiten badugu, hori aztertu beharra dago”.

Azken ordukoa

Hasieran aipatzeke laga dugun beste ekimen bat ere bada, orain hilabete gutxi aurkeztua: Itzultzaile Berriak. Donostia 2016k sustatu du, Etxepare Institutuarekin eta EIZIErekin elkarlanean. Apirilean plazaratu zuten deialdia: kanpoko 8 itzultzaile nahi zituzten, bakoitzak euskarazko lan bat itzul zezan bere jatorrizko hizkuntzara. Baldintzak: itzultzaileek eurek aukeratzea euskarazko itzulgaia eta jaioterrian argitaratzeko modua bilatzea. Modalitateak, bi: euskaraz ezer ez zekiten 4 itzultzaile eta gutxieneko maila bat zeukaten beste hainbeste. Modus operandia: euskaraz ez dakiten itzultzaileek hiru hilabeteko egonaldia egingo dute Euskal Herrian hizkuntza ikasteko, eta zer edo zer badakitenek, aldiz, hilabetekoa. Azkenik, ez da zubi-hizkuntzen erabilera baztertzen.

Ekimenaren bueltan sortutako zalantzen harira galdetu diogu Payari. Baga: nola ikasiko dute hizkuntza hain denbora laburrean? “Inork ez dezala pentsatu euskaraz bizitzeko formakuntza emango zaienik. Itzulpengintzan, batez ere, hizkuntzaren ezagutza pasiboa lantzen da, eta trebakuntza oso espezifikoa jasoko dute. Aldi berean, tandem bana esleituko zaie, EIZIErekin elkarlanean: beti izango dute itzultzaile edo idazle bat ondoan, eta horri esker sare oso interesgarri bat sortuko da, eta jatorrizko testua behar bezala lantzeko erreferentziazko pertsona bat izango dute. Gainera, itzultzaile bakartiaren mitoa hautsi behar da, eta ahalegin garbi bat egin nahi izan dugu erakusteko euskara ikastea beste edozein hizkuntza ikastea bezain zaila edo erraza izan daitekeela”.

Biga: euskaraz ez badakite nekez ezagut dezakete euskarazko literatura sakonki; aukeratutako obrak ez ote dira izango kanpoan jadanik ezagunak direnak, ez ote dute kanona areago berretsiko? “Hori baino, oso itzulpen errazeko obrak proposatu dituzte. Aurkeztu zaizkigun itzultzaileak profesionalak dira, eta jakin badakite zer den obra bat itzultzea. Hautagai askok gaztelaniaz dakite eta ezagutza horri egiten diote tira, bai, baina beste askok sarea bilatu dute, euskal etxeen bidez-eta. Merkaturatzeko aukerei ere erreparatu diete, eta argitaletxeen interesak bermea ematen dizu”.

Aurrera begira

Ibiltzeko dagoen bideari erreparatuta, azken hausnarketa hizlariek, bakoitzak beretik. Paya: “Euskal literaturaren nazioartekotzean etxea eraikitzeko dago. Itzultzaile Berriak proiektutik hainbat ondorio aterako ditugu, eta ikusiko dugu ea irizpide batzuk aldatu behar diren, baina ez daukat zalantzarik Etxepare bezalako erakunde batek itzultzaileak trebatu behar dituela. Bere egitekoa bada euskal literatura zabaltzea, zer da hau ez baldin bada irekiera horretarako bideak sortzea? Merkaturatu daitekeen lagin horretan ez badira elementu gehiago sartzen, beti ibiliko gara liburu bera besapean”.

Colera: “Hizkuntza txikien arteko elkarrizketa-zubia etenda dago: edo hizkuntza inperialetatik iristen zaizkigu gauzak edo hizkuntza inperialetara iristen gara gu, baina muga hori beti dago. Oso garrantzitsua iruditzen zait Mendebaldetik kanpoko literaturak geureganatu ahal izatea, aukera bakartzat jotzen ditugun paradigma asko unibertsalak ez direla ikusteko: adibidez, Indian hirugarren sexua onartua dago, milioi bat lagun bat daude hirugarren sexukoak. Hindiz idatzitako literatura naturalki iritsiko balitzaigu, ikusiko genuke binarismoa ez dela unibertsala. Alderantziz ere, garrantzitsua da gure txikitasunetik unibertsala txikitu ahal izatea, eta kanpora begira gure ekarpena egitea. Bestalde, zer itzultzen den ez da erabaki neutroa, politikoa baizik, eta legitimoki politikoa, baina erabaki hori zehazten duten irizpideak finkatu behar dira, eta irizpideen inguruan bai eztabaidatu genezake: zer itzultzen den, zertarako, norentzat, zergatik eta nola. Edozer abiatu aurretik bost galdera horiek argitu behar dira, bestela halako inertzia batzuetan sar gaitezke, eta itzulpen-politika zehatzik gabe jardun”.

Manterola: “Gaiaren inguruko eztabaida bultzatuko nuke. Gero eta garrantzi handiagoa dauka, eta ez dakit zer politika hartu beharko liratekeen, baina badauzkat hausnarketarako gako batzuk, besteak beste, itzulpena eta esportazioa ez direla beti gauza bera, alegia, barne-kontsumorako ere itzultzen dela. Aberasgarria litzateke hainbat eragile biltzea gogoetara, eta kontrako norantzan badugu adibiderik: Literatura Unibertsala bilduma; Eusko Jaurlaritza, EIZIE eta argitaletxeak batzen dira hor. Azkenik, itzulpenak aztertzen ari garen unean literaturaren beraren funtzionamendua aztertzen ari gara; zer, nork eta nola itzuli den aztertzen dudan arren, azken batean, literaturak berak hartzen dituen joerak ikertzen ari naiz. Garrantzitsua da ikuspegi horretatik abiatzea”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Itzulpengintza kanaletik interesatuko zaizu...
Gu, Austriako esloveniarrok

Gauza arraroak gertatzeko posibilitateak atzo guztiz agortu zirela sinetsita, igo gara ba gaur arratsaldean ere Durangoko Azokako antolatzaileek Landako gunean utzi diguten mahaira, behingoz kontu arruntak kontatzen dituen artikulu bat idazteko prest gure kulturaren alfa eta omega den feria honetaz, euskal kulturaren erakusleiho eta topagune, mendea eta segundua gurutzatzen diren leku. Baina asmo horiek pikutara joan dira gure mahaian laranja bat aurkitu dugunean.


2018-11-29 | I˝igo Igartua
MODELA, euskarazko itzultzaile automatiko adimenduna eskuragarri

Adimen artifizialaren bitartez itzulpen automatikoa egiteko tresna aurkeztu dute Elhuyarrek eta Mondragon Linguak. Euskarazko itzultzaile “onena” izanik, “kalitatezko” itzulpenak egiten dituela adierazi dute sortzaileek.


Zerocalcareren 'Hondamuinean': zer gertatzen zaio komikigile famatuari bere lagun proletarioengana itzultzean?

Zerocalcare komikigile italiarraren Hondamuinean argitaratu du Farmazia Beltza editorialak. Koldo Izagirrek egin du italieratik euskararako itzulpena eta Donostiako Komikigunean egin duten aurkezpenean nabarmendu dutenez, gaztelaniaz baino lehenago eta ia frantsesezko bertsioarekin batera irakurri ahal izango da euskaraz lan hau, 1980ko hamarkadan jaiotako gazteen erretratu gordina eskaintzen duena.


'Laranja mekanikoa' euskaraz
Gaizki interpretatutako nobela baten historia

Meettok argitaletxeak laster kaleratuko du Anthony Burgess idazlearen A Clockwork Orange (1962) nobela euskaraz.
XX. mendeko klasikoa itzuli du Ion Olano Carlosek eta, bide batez, liburua ulertzeko gako ugari eman digu. Stanley Kubrick-en filmari esker ezaguna ezin zen istorioaren mamia ez da oso ondo interpretatua izan. Lagunduko al du argitalpen honek gure artean behintzat planteatzen dituen debateetan sakontzen?


2018-10-17 | ARGIA
Eider Rodriguez, Irene Aldasoro eta Kepa Altonaga Euskadi Sarien irabazle

Asteazken honetan jakinarazi dituzte literaturako Euskadi Sarietan falta ziren kategorietako irabazleak: Eider Rodriguezek aurtengo bigarren saria eskuratu du, oraingoan haur eta gazte literaturari eskainitako kategorian, Santa familia liburuari esker.


Maritxu Urreta Zulaika (1915-2018)
Irakastea baino ikastea nahiago zuen bizizalea

Donostiarra 102 urterekin hil zen abuztuaren 13an. Bizitza luzea eta betea izan zuen. Etxean arnastu zuenak arrasto handia utzi zuen emakume biziarengan eta ez zen kasualidadez izan argazkilari, ilustratzaile, mendigoizale eta itzultzaile.


Julian Barnes-en nobela berriena euskaraz publikatuko du Meettok argitaletxeak

Aurtengo otsailean argitaratu zen Julian Barnes idazle ingelesaren The Only Story eta berehala izango da dendetan euskarazko itzulpena: Istorio bakarra tituluarekin argitaratuko du Meettok editorial donostiarrak. Aritz Gorrotxategik egin du itzulpena.


2018-06-18 | Udaltop topaketak
Maleta bete belarritako
MULTIMEDIA - solasaldia

Bergarako Aranzadi Ikastolako Ane Barruso Lazkano eta Bergarako Udaleko Estepan Plazaola Otaduiren hitzaldia 2018ko Udaltop jardunaldietan.


Garazi Arrula. Hizkuntzen arteko arrakaletan hazka
"Euskal literatura munduratzeko ontzat ematen da gaztelaniatik pasatu beharra"

Hiru faktorek hartaratuta ekin omen zion Garazi Arrulak Euskal Herriko autoitzulpen praktikak ikertzeari: batetik, gero eta euskal idazle gehiago hasiak zirelako beren lanak gaztelaniara edo frantsesera itzultzen; bestetik, gure egoera soziolinguistikoak kezka eragiten ziolako; eta azkenik, literatura maite duelako. Autoitzulpena irakurri eta zalantza piztu bazaizu, google translator-az edo zertaz ari ote garen, hauxe duzu irakurgai aproposa.


Jack Kerouac-en 'Errepidean'
Askatasun bila dabiltzanentzat

Hippiak baino lehenago izan zen. Vietnamgo gerraren aurkako mugimendua hasi baino lehen. Are, Vietnamgo gerra bera baino lehen: 1951. urtean bukatu zuen Jack Kerouac idazle estatubatuarrak On the road nobela, 1957ra arte publikatu ez zen arren. Sekulako eragina izan zuen AEBetako literaturan (lehenbizi) eta mundu osokoan (handik gutxira), gerora indar handia hartuko zuen kontrakulturaren obra zentraletako bat bihurtzeraino.Eta orain, azkenik, euskaraz irakurri ahal izango dugu.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude