"Motibazio pertsonal sendoan oinarritutako erabilera planak bide motzekoak dira"

  • Jendeak erdaratik euskarara jauzi egin dezan zer egin behar da, berauek gogotik motibatu ala euskaraz egin beste erremediorik ez duten egoerak sortu behar zaizkie? Pello Jauregik bigarren ideia proposatzen du.

“Nola sortu inertzia edo neurri sozialak euskararen erabilera ezinbesteko bihurtzeko? Gero eta gehiago jarri behar duzue burua horretan”.
“Nola sortu inertzia edo neurri sozialak euskararen erabilera ezinbesteko bihurtzeko? Gero eta gehiago jarri behar duzue burua horretan”.Dani Blanco

2014ko irailean, Donostian, Emunek antolatutako Moti+batu topaketan eman zuen hitzaldia Pello Jauregi EHUko irakasleak. Izenburua hau jarri zion hitzaldiari: “Portaeratik jarrerara: jokabide urratzaile, egokitzaile eta eragozleak”. Ondoko lerroetan hitzaldiaren transkripzio moldatua duzue. Lotura honetan aurkituko duzue bideoa: www.lantalan.com/motibatu-topaketa.

Pello Jauregi: Jarreratik edo motibaziotik jokabidera edo erabilerara nola salto egin hitzaldia emateko esan zidaten. Izenburuan “jokaeratik jarrerara” jarri nuen, eta esan zidaten ea gaizki jarri nuen. Ez, ez. Ondo ulertu dut, baina alderantzizkoa esan nahi dut. Motibazioa oso errotuta duten pertsonek, seguru asko aldatuko dute euren jokaera, beraiek koherente sentitzeko. Ni benetan gaixo jartzen baldin banaiz erdaraz egiten dudalako, benetan euskara maite badut, eta nire jokaera erdaraz bada, saiatuko naiz koherente izaten, eta oso errotuta daukadanez euskaraz egin behar dudala, nire jokaera aldatuko dut. Hori egia da. Baina nire ustez, oso gutxitan gerta daiteke, ezin da orokortu. Interbentzio guztiak [euskara planak garatzen dituzten eragileei ari da hizketan] ezin dira planteatu ildo horren arabera. Motibazio pertsonal sendoan oinarritutako erabilera planak bide motzekoak dira.

Koherentzia bila

Pertsonok koherentzia bilatzen dugu. Adibidez, gerta daiteke gure harreman sareetan [lantokian] behartuak izatea beste hizkuntza jokaera batean aritzera [euskaraz egin beharra]. Pertsona hori ez dago ohituta, sisteman desoreka sortzen du, baina jendea hasi da [euskaraz] hitz egiten, nagusia ere bai, txostena hizkuntza horretan iritsi zaio… Norbanakoa horrelako egoera sozial batean murgilduta badago luzez, eta ihesbide gutxi baldin badauka, azkenean berak aldatuko du jarrera. Beraz, jarrera, euskararekiko hurbiltasuna, etorriko zaio euskarazko jokabidean murgilduta egon delako. Beraz, jokabidetik jarrerara egiten dugu. Niri, bigarren hau interesatzen zait.

Muina, bihotza, jende motibatua, indarra duena, behar da alde batetik. Baina jende gehienak aldaketa egingo du ez motibazioagatik, ez kontzientziagatik, baizik eta daukaten giro sozialera egokitu beharko dutelako. Giro soziala gutxiengo motibatuak sortuko du, eta besteak moldatu egingo dira, jokabide egokitzailea hartuko dute. Oso motibatuta daudenek jokabide urratzailea dute, inguruan daukatena urratuko dute, beraiek ondo sentitzeko. Bi indarrak uztartu behar dira. Inozoak izango ginateke pentsatuko bagenu gizarte guztiak motibazioaren bidez egingo duela aurrera.

Borondatea ez da nahikoa

Bi diskurtso dauzkagu. Batetik, borondatearen diskurtsoa, motibazioarena daukagu, eta bestetik, diskurtso soziologikoa, neurri sozialak. Zer gertatzen zaigu borondatearen diskurtsoarekin? Egoera sozialekin haserre gaudenean, lagunekin hizketan hasi eta esaten dugu: “Kauen la puñeta, denak elkartuko bagina, aterako genuke dirua bankuetatik eta bankuek porrot egingo lukete”. Edo: “Langileok elkartuko bagina halako murrizketarik ez lukete egingo”. Edo: “Euskaldun guztiak batuko bagina…”. Gutxitan datoz benetako aldaketak hortik. Zergatik? Guk borondatea erabiltzen dugulako, baina bankuek, enpresek… neurri sozialak erabiltzen dituzte. Gainontzekoak egokitu egiten gara horretara. Indar handiagoa dauka gure jokaera sozialak gure borondateak baino. Euskal Herria erdaldundu da, eta ez da erdaldundu jendearen borondatez, baizik eta beste erremediorik ez zegoelako, neurri politikoak, ekonomikoak, militarrak hartu direlako, eta gizaldiz gizaldi horretara egokitzen joan gara. Gaur egun, lasai funtzionatzen dugu gaztelaniaz, gure jarrera jokabide horretara egokitu dugu. Zer dela eta aldatuko dugu gure erosotasuna, ondo funtzionatzen duen gauza batetik egoera konplikatu batera? Nork egingo du? Gutxi batzuek, baina denek ez. Energia gero eta gutxiago dago, eta ez da harritzekoa.

Frankismoa su piztaile

Noiz egon da gizartean kontzientzia maila altuena? Frankismoaren bukaeran. Egoera sozial latza zegoen, eta batzuek amorruz, injustizia eta inpotentzia sentsazioz erantzun zuten. Multzo sozial batean emozio sozial horiek sortzen eta errotzen badira, hortik etor daiteke kontzientzia eta motibazioa, eta gauzak aldatzen saiatzea. Azken 30 urteetan emozionalitate soziala jaitsi egin da halabeharrez. Gaur egun euskararen errepresioa ez da begi-bistakoa. Seguru asko Nafarroan askoz ere kontzientzia gehiago egongo da, egoera soziala latzagoa delako. Baina gure seme-alabak [hitzaldia Donostian eskaini zuen] ikastolara joan dira normal-normal, euskaraz egin dezakete nahi badute. Orduan nondik sortuko da motibazioa? Kontzientzia gutxi batzuek izango dute, eta gutxi horien esentzia erabili behar da ingurukoak moldatzeko, egokitzeko.  

Lankide zirikatzailea

Lantokietako langile bikoteak aztertu ditugu. Gaztelaniaz hitz egitetik euskaraz aritzera pasa dira. Bietako batek motibazio handia du eta prozesuari eusten dio. Besteak bere burua eramaten uzten du, egokitu egiten da. Eman dezagun adibide bat: “Euskara ikasten ari zarela jakin dut, euskaraz ulertzen duzula, beraz, hemendik aurrera euskaraz egingo dizut”. Euskaldun kontzientziatuak hartutako jokaera da, besteari ez zaio beste erremediorik gelditzen, harekin euskaraz egitea baino. Ohitzen joan da, gaitasuna eskuratzen, jarrera aldatzen, euskara erabat erabilgarri bihurtuko zaio. Jarrera aldatu du jokaera egokitzaile bat eduki behar izan duelako, ez nahi zuelako.

Baietz euskaltegiko irakasleek gaztelaniaz egin

Motibazioaren eta neurri sozialen arteko jokoa ikusteko adibide bat gogoan daukat. Orain dela hamarren bat urte, euskaltegietako irakasleentzako graduondokoa antolatu genuen unibertsitatean. Pentsatzekoa zen irakasle haiek euskaltzale amorratuak zirela. Formazioa eman zuten bi irakasleren artean apustua egin zuten: Baietz lortu klase bukaeran euskaltegiko irakasleek erdaraz hitz egitea. Zeinek dauka indar handiagoa, irakaslearen autoritateak ala jendearen motibazioak? Euskarari eutsiko ziotela esan zuenak apustua galdu zuen. Nola lortu zuen? Erdarazko materiala eraman zuen, eta materiala komentatzerakoan erdaraz hasi zen, eta jendea poliki-poliki, plin-plin, artalde hartako buruak jarri zuen amuan erori zen. Niri hori interesatzen zait. Nola sortu inertzia edo neurri sozialak euskararen erabilera ezinbesteko bihurtzeko? Gero eta gehiago jarri behar duzue burua horretan.

Arrasate eta Ezpeletako langileek zein hizkuntzatan egingo dute?

Demagun Arrasateko kooperatiba batean langile gehienak euskaldunak direla. Euskara-frantses elebidun diren Ezpeletako hamar langile kontratatuko balituzte zer gertatuko litzateke? Elkar egokitzeko daukaten zentzuzko modu bakarra euskaraz hitz egitea da. Mekanismo sozial bat da hori, koherenteak izateko beharra daukagu, oreka bilatzen dugu. Batzuetan ordea, joera horren kontra egiten dugu, jokabide urratzailea dugu, ez gaude ados eta borroka egiten dugu. Borrokarik egiten ez badugu, hamarretik bederatzitan egokitu egiten gara. Ezpeletako eta Arrasateko langileek euskaraz egingo lukete, modu naturalean. Mekanismo sozial horri simetrikotasuna deitzen diot.

Euskararen aldeko inertzia

Bada beste mekanismo sozial bat, “eskatu ezean arauzko aukera” deitzen diot nik. Taldean, sailean, erakundean, familian, kuadrillan… esan dezakezu inertziaz euskaraz jokatuko dela. Adibidez, lantokian txosten guztiak euskaraz egingo dira, eta norbaitek gaztelerazkoa eskatzen badu pasako diogu. Zer gertatzen da mekanismo hori dagoenean? Inertzia edo mekanismo sozialak euskararen aldera jotzen du, errazagoa da horretara egokitzea, beste hizkuntza eskatzea baino. Beste hizkuntzan eskatzeak deserosotasun txikiak sortzen ditu: zer pentsatuko dute nitaz; operazio batzuk gehiago egin behar ditut gaztelerazkoa lortzeko; gaurko behar dut eta agian itzulpena bihar arte ez didate egingo…

Motibatuenak babestu

Oso latza da norbanakoari gizarte araua urra dezan eskatzea eta erantzukizuna bere bizkar gainean eramatea. Abiapuntua kontzientzia dutenek euskara erabiltzea da, horiek euskaraz egiten dutenean sortzen baita egoera soziala. Baina hala izateko taldean, enpresan, erakundeko sailean, haien jokaerak babesteko neurriak hartu behar dira. Pertsona horiek euren jokaera zilegi dela sentitu behar dute. Horrek ez du esan nahi babesleek izugarrizko gogoa adieraziko dutenik, baina gutxienez ez dira kontra egongo. Soziologikoki jende gehiena multzo horretan gaude.

Hirukotea: jende motibatua, jende arrunta, babesa

Laburbilduz, euskara planak hiru gauza hartu behar ditu kontuan. Lehenik, bihotz bat, kontzientziaduna, jokaera urratzailea izango duena, inguru sozialeko oreka apurtuko duena. Bigarrenik, inguruan egongo den jende arrunta, kontra egongo ez dena, prest dagoena egokitzeko dagoen horretara. Hirugarrenik, neurri babesleak, denok adostuak, edo behintzat zilegitasuna emango diotenak euskara hutsezko jokabideei. Euskara hutsezko jokabidea ingurune sozial batean kokatzen dugunean, inguruan zurrunbilo egokitzailea sortzen dugu, eta hortik etorriko da euskara zabaltzea. Seguru asko, gurean, ikuspegi psikologikoa, norbanakoan oinarritutakoa, asko lantzen da. Nire proposamena ikuspegi soziologikoan, harreman sareetan, burua gehiago jartzea da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Soziolinguistika
2024-01-23 | Sustatu
Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren hitzaldi sorta herriz herri

Asteartez Zarautzen hasita, Iñaki Iurrebasoren hitzaldi zikloa antolatu du UEMAk. Euskararen egoera ezagutzeko gako berriak ematen dituelako, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendotzea euskararen biziberritzerako giltzarria zergatik den ere azaltzen duelako... [+]


2024-01-19 | ARGIA
1950-1970eko hamarkadetan Altzara heldutako etorkinek euskararekin izan duten harremana aztertu dute

Espainiatik Donostiako Altza auzora migratutako biztanleek euskararekin izan dituzten bizipenak eta jarrerak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Etorkinok integrazio sozialerako eta laboralerako ez zuten euskararen beharrik izan. Euskal hiztunek, berriz, migrazio-prozesua... [+]


2023-08-16 | Ilargi Manzanares
1826ko bertso "berriak", sei emakume haurdun utzi zituen doneztebarrari jarriak

Ricardo Urritzola ikerlariak aurkitu du bertso sorta Nafarroako Errege Artxiboan eta Ekaitz Santaziliak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek aztertu ditu. Fermin Altxu Beristain maisuari leporatutako salaketa baten harira idatzi ziren.


Euskararen gainbehera zantzuak ageri dira udalerri euskaldunetan

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) berariaz aztertu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak bere herriekiko eman dituen emaitzak, eta argi-itzalak agerikoak dira berriz ere: herri euskaldunenek euskal hiztunak galdu dituzte.


Eguneraketa berriak daude