Hizkuntza egoerei aurre egiteko tresna

  • Langabetua naiz eta euskaldun berria. Beno, duela 25 urte ikasi nuen euskara eta ez dakit noiz arte izango naizen “euskaldun berria”, baina tira! Egia esan “berria” ez,
    baina “bakartia” banaiz. Euskara ikasi nuen sinetsita denok egingo genuela urrats hori,
    baina nire inguruan bakarra izan naiz, eta ez familian, ez kuadrillan ezin dut euskaraz egin. Gainera, iruditzen zait euskaraz ari naizenean, desiratzen egoten direla edozein aitzakia baliatzeko erdarara pasatzeko.

Bost-zazpi lagunen artean aritzeko jokoa da. Eztabaida jolasaren oinarrietako bat da eta ordu eta erdi iraun dezake aldi bakoitzak.
Bost-zazpi lagunen artean aritzeko jokoa da. Eztabaida jolasaren oinarrietako bat da eta ordu eta erdi iraun dezake aldi bakoitzak.Dani Blanco

Horrelako egoera batekin hasi daiteke, esaterako, EkoLinguA solas-jokoa. DiKomA Ekintza-ikerkuntza Proiektuaren emaitza da mahai jolasa. Egunerokoan sortzen diren hizkuntza egoerei aurre egiteko baliabideak eskaintzea da helburua. EkoLinguA (Ekologia Linguistikoaren bidezko hizkuntza komunitatearen Ahalduntzea) mahai jokoak eztabaida du oinarri, eta bost-zazpi pertsonako taldeetan aritzekoa da.

Proiektua Eusko Ikaskuntzak eta Soziolinguistika Klusterrak garatu dute, besteak beste, ondoko bidelagunekin: Elhuyar, EHU, Bermeo, Zumaia, Oñati eta Errenteriako Udalak, HUHEZI fakultatea, Topagunea eta UEMA. Jolasaren iturburuan 2011n egindako hainbat topaketa daude, hala ere, 2012 eta 2014 urte bitartean gorpuztu zuten.

“Euskararen iraunkortasuna bultzatu eta hizkuntza gutxituen aldeko jarrerak hartzeko eztabaidatzea ezinbestekoa zela ikusten genuen”, dio Urangak. Hori dela eta, eztabaida ahalbidetuko zuten jolas baten bila hasi ziren; PlayDecide aurkitu zuten orduan. Aurretik, Elhuyar Fundazioak erabili zuen nanoteknologia oinarri zuen jolas bat egiteko: “Geure buruari galdetu genion ea nola egin genezakeen hizkuntza-ekologia oinarri zuen jolas bat formatu horren gainean, eta horrela sortu genuen EkoLinguA”.

Mahaiaren bueltan era anitzeko jendea bildu daiteke. Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko kideak uste du aberasgarria dela adin, jarduera eta euskararen inguruko jarrera ezberdina duen jendeak elkarrekin jolastea. Bakoitzak tabloi antzeko bat du aurrean, bertan kartak batzen joatea da kontua, azken helburua jokoa egitea. Lau karta multzo bereizten dira; bakoitza kolore batekoa: Zuria (egoera), berdea (informazioa), urdina (eztabaidatzeko galdera) eta laranja (erronka).

Egoera bat abiapuntutzat hartuta –demagun hasieran aipatu duguna dela– hizkuntza-egoera zehatzak planteatu eta horien inguruan solastuko dira. Gero, informazio-kartelek hizkuntza ekologian oinarritutako argudioak lantzen lagunduko dio jokalariari; helburua, informazio hori aurreko kartetan planteatutako istorioekin lotzea da. Azkenik, eztabaida kartak daude, hauek, istorioetatik eta informazioetatik sortutako hausnarketa osatuko dute, ahalik eta karta-familia edo karta-multzo handiena lortuz. Hizketaldia baretzen edo norabidez urruntzen ari bada erronka txartela (laranja) erabiliko da jokalariak zirikatu eta eztabaidaren muinera itzultzeko; maiz ez baita erraza zurrunbilotik ateratzea.

Nork jolas dezake?

Urangak dio hamabost urte ingurutik gorako edonork jolastu dezakeela: “Beharrezkoa da gutxieneko adin bat izatea, baina hortik aurrera edozeinek jolasteko modukoa da”. Hasteko, Errenteria, Zumaia, Oñati eta Bermeoko udal teknikariekin, Gipuzkoako Foru Aldundikoekin, Ikastolen Elkartekoekin eta beste hainbat erakunde espezializaturekin egin zuten froga. Baina jada euskaltegi, lantegi, gaztetxe eta gainerako edozein tokitan erabiltzeko prest dagoela esan du Soziolinguistika Klusterreko kideak.

Hizkuntzaren gainean jarrera ezberdineko jendea batzea posible egiteko jokoa euskaraz eta gaztelaniaz dago eskuragarri. “Oso harrera ona eduki du orain artean. Jendeak erraztasun gehien duen hizkuntza hautatzen du eztabaidarako eta argudiaketetarako eta benetan interesgarria da iritzi ezberdinak ezagutzea”, azaldu du Urangak.

Taldeka jolastu behar da ezinbestean, eztabaida jolas bat denez gero, bost, sei edo zazpi laguneko taldeetan aritzea gomendatzen da. Jolasak ordu eta erdi inguru iraungo du, karta bakoitzarekin gutxi gorabehera 30 minutu.

Jokoa bai? Zenbat?

EkoLinguAk hizkuntza guztien iraunkortasuna oinarri hartuta, hizkuntza gutxituen aldeko jarrerak sustatu eta komunitatea ahalmentzeko lagungarri izan nahi du. Gaiaren inguruan hausnartzeko eta eztabaida sustatzeko jokoan zehar hainbat eztabaida-galdera planteatzen ditu. Honako hauek esaterako: Beharrezkoak al dira hizkuntza gutxituak? Modernoa al da elebakartasuna? Zer da errespetua? Nora garamatza hizkuntzen arteko hierarkizazioak? Berreskuratu ala irabazi? Zein da hizkuntzarik garrantzitsuena?

Taldeak, ezinbestean, dinamizatzaile baten laguntza izango du: “Ikusi dugu dinamizatzaileak ezinbesteko garrantzia duela jolasean, bereziki, eztabaida eraginkorra izan dadin”. Horrela, informazio-kartak, eztabaida-kartak eta erronka-kartak baliatuz, ahalik eta jokaldi gehien osatzea izango da helburua.

Pentsatzera, eztabaidatzera eta denen artean ondorioak ateratzera bultzatzen duen jolasa da EkoLinguA, lagunartean zein bestelako edozein zirkulutan jolasteko egokia. Euskararen erronkak mahai gaineratu, posizionatu eta eguneroko hizkuntza-egoerei aurre egiteko erremintak eskaintzen dizkigu. Soziolinguistika Klusterreko webgunean dago jolasa eskuragarri PDF formatuan. Ez da erraza ordu eta erdian bukatzen, baina behin hasita seguru ez zaretela aspertuko. Jokoa bai? Zenbat?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Soziolinguistika
2024-01-23 | Sustatu
Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren hitzaldi sorta herriz herri

Asteartez Zarautzen hasita, Iñaki Iurrebasoren hitzaldi zikloa antolatu du UEMAk. Euskararen egoera ezagutzeko gako berriak ematen dituelako, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendotzea euskararen biziberritzerako giltzarria zergatik den ere azaltzen duelako... [+]


2024-01-19 | ARGIA
1950-1970eko hamarkadetan Altzara heldutako etorkinek euskararekin izan duten harremana aztertu dute

Espainiatik Donostiako Altza auzora migratutako biztanleek euskararekin izan dituzten bizipenak eta jarrerak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Etorkinok integrazio sozialerako eta laboralerako ez zuten euskararen beharrik izan. Euskal hiztunek, berriz, migrazio-prozesua... [+]


2023-08-16 | Ilargi Manzanares
1826ko bertso "berriak", sei emakume haurdun utzi zituen doneztebarrari jarriak

Ricardo Urritzola ikerlariak aurkitu du bertso sorta Nafarroako Errege Artxiboan eta Ekaitz Santaziliak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek aztertu ditu. Fermin Altxu Beristain maisuari leporatutako salaketa baten harira idatzi ziren.


Euskararen gainbehera zantzuak ageri dira udalerri euskaldunetan

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) berariaz aztertu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak bere herriekiko eman dituen emaitzak, eta argi-itzalak agerikoak dira berriz ere: herri euskaldunenek euskal hiztunak galdu dituzte.


Eguneraketa berriak daude