EITB

Eta txoritxoak habia hustu zuen

  • Agur esateko momentua iristen ari zaie EITBn urtetan aritu diren hainbat profesionali. Hedabide publikoak azken hamarkadan izan duen kontratazio politikaren “albo-kalte” bihurtu dira, eta euren protestek markatu dute EAEko komunikazio talde nagusiaren azken urtea. Zerk eragin du tamaina horretako korapiloa? Eta, nola geratuko da EITB?

Gorka Bereziartua Mitxelena @boligorria
2015eko uztailaren 12a
ESK sindikatuak deituta gosari-protesta egin zuten maiatzaren 25ean, EITBko irratietatik kaleratuak izango diren langileek. Mobilizazio asko egin dituzte azken urtean. (Argazkia: Luis Jauregialtzo / Argazki Press)
ESK sindikatuak deituta gosari-protesta egin zuten maiatzaren 25ean, EITBko irratietatik kaleratuak izango diren langileek. Mobilizazio asko egin dituzte azken urtean. (Argazkia: Luis Jauregialtzo / Argazki Press)

Gogorra izan da amaitzen ari den ikasturte hau EITBn. Udako beroarekin batera hasi dira arintzen euskal irrati-telebista publikoko kateen programazioak baina beste arintze batzuek, pertsonalekoek, eman dute zeresan handiagoa kurtso osoan: hedabideko irratietan martxan dago Lan Deialdi Publikoa eta horrekin batera, orain arte eduki duten lanpostua galduko dute hainbat profesionalek.

Izen ezagunak daude tartean, urte askoan EITBko irratietan lan egin izan duten beteranoak; baita kazetari gazteagoak ere: 30 urteren bueltan dabiltzanetatik 53 dituztenetaraino kaltetu ditu pertsonala doitzeko hartutako erabakiak.

Maiatzaren bukaeran komunikatu zizkieten lehenbiziko langileei kaleratzeak eta ekainean utzi zuten EITBren egoitza. 29 lagun lehen kolpe horretan. Beste sei, hilabete berean. Eta tantaka-tantaka beste hainbaten mikrofonoak itzaliko dira uztailean, abuztuan eta irailean. Azkenekoek ez dakite oraindik noiz utzi beharko duten lana, baina joan beharko dutela bai. Duela 15 hilabetetik hartuta dago erabakia, baina ia urtebete pasa da kaleratze-data komunikatu dieten arte.

Bitarte horretan grebak, mobilizazioak eta mota askotako protestak egin dituzte. EAEko Legebiltzarrean Maite Iturbe EITBko zuzendariaren dimisioa ere eztabaidatu zen. Eta gaia Hego Euskal Herriko agenda mediatikoan sartu da. Seinale txarra inondik ere, hedabideak albisteak emateko baitaude, ez albiste izateko.

Autonomo faltsuen kontratuak

Historia honen protagonistak 79 aurpegi eta ahots dira: Idoia, Iratxe, Iñaki, Haritz, Bego, Mikel… “Zuen bozketa, irratiaren hilketa” oihukatu zuten haserre haietako batzuek EITBren egoitza nagusian 2014ko apirilaren amaieran, administrazio kontseiluko ordezkariak Lan Deialdi Publikoa onartu zuen bileratik irten zirenean. Organo horretako EAJko sei ordezkariek, EH Bilduko laurek eta LABeko, Eusko Ikaskuntzako eta Euskaltzaindiko ordezkari banak bozkatu zuten alde. PSE-EEko eta Euskadiko Kontsumitzaileen Elkarteko ordezkariek abstenitzea erabaki zuten eta PPko bi kideek baino ez zioten ezezkoa eman.

Prozesua ofizialki abian jarrita, lehenagotik entzuten hasia zen eztabaidak protagonismoa hartu zuen: Lan Deialdi Publikoa ala izen horrekin mozorrotutako Enplegu Erregulazio Espedientea? Lanpostuak desegiteko ala kalitatezko enpleguak sortzeko izango da baliagarria abian jarri den prozesua? 2015eko udara iritsita eztabaida ez da itxi, zenbat buru, hainbat aburu.

Loreto Larunbe eta Bego Yebra dira lanpostua galduko duten profesionaletako bi eta ESK sindikatuaren delegatu gisa, kaleratzeen aurka oso pertsona aktiboak izan dira. Egoera honek eragin dien ezinegona deskribatu dute beraiekin elkarrizketa hasi eta berehala. “Imajina ezazu hemen egotea eta jakitea datorren astean kalera joango direla zure ondoan dauzkazun langile batzuk. Eta hala ere, egin ahalegina zuzenean ez dadin nabaritu. Beste lan bat egiten baduzu desberdina da, hemen egoera horretan egonda ere, bi-hiru orduz hitz egin behar duzu, irribarre egin… Momentu honetan lur jota gaude”.

Kontua puntu honetara nola iritsi den galdetzen hasita, 2003. urtea seinalatzen dute iturri guztiek. LAB sindikatuko Jon Otegik azaldu duenez, Andoni Ortuzar artean EITBko buru zenean gertatutako lege-aldaketa batean dago auziaren iturburua: “Behin-behineko kontratuarekin zeuden langileak finko bihurtzera derrigortu zituen lege berriak, baina orduko zuzendaritzari bururatu zitzaion langile horiei merkataritza-kontratuak egitea, autonomo bihurtzea alegia”. Eta baldintza horietan jardun zuten, urte batzuk geroago Gizarte Segurantzaren ikuskariek lupa EITBn jarri zuten arte. “Sekulako pufoa” aurkitu zutela dio Otegik, “langile pila bat autonomo faltsu gisa ari ziren lanean eta gizarte segurantzari kontratazio horiengatik hiru milioi euro zor zitzaizkion”.

Irtenbideak bai, soluziorik ez

“Orduan erregularizatu gintuzten, 2010etik hona kontratu mugagabea izan dugu”, azaldu dute Larunbek eta Yebrak. “Baina” batekin ordea: “mugagabe ez-finko” motako kontratuak egin zizkieten ordura arte autonomo zirenei eta, beraz, ez zen beraien egoera erabat argi geratu. “Demanda bat daukagu jarrita: nahi dugu epaitegiek esan dezaten zer garen, mugagabe ez-finkoak, mugagabeak…”.

LABeko Otegik uste du bi errealitate nahasten ari direla irratietako langileen gatazkan. Batetik, lan-zuzenbidea; eta bestetik enpresa publikoetara lanera sartzeko eskatzen diren printzipioak. “Guk beti defendatu dugu langileek postu finkoa eskuratzeko berdintasun, gaitasun eta meritu printzipioak bete behar direla. Zuzendaritzei hori eskatu genien, bai Ortuzarren garaian, baita Suriorenean ere. Baita hori eskaintza publiko baten bidez konpondu behar zela ere”.

Horren ordez, behin-behineko irtenbideak bilatu zizkioten egoerari, PSE Jaurlaritzan izan zen agintaldian erabakia atzeratu egin zen eta Maite Iturbek EITBren lema hartu zuenerako langile askok ibilbide bat egina zuten. “Errua ez da langileena, noski”, dio Otegik. “Zuk bat-batean kontratu mugagabe batekin egiten baduzu topo, horren ilusio faltsua sortu dizunak du ardura”. Baina gaineratu du egoera horrek blokatu egin zuela EITBko lan poltsa publikoa, deialditik pasa gabe lanean hasi zirenek bete zituztelako lanpostuak.

Zergatik ez zen lehenago deialdi publikorik egin, arazo handiak ekarri dituzten kontratuon aldeko hautuaren ordez? EITBko zuzendaritzan urte asko daramatzan kide batek telefonoaren bestaldetik azaldu duenaren arabera, plantilla finkoa erabakitzea Eusko Legebiltzarrari dagokio eta 2000. urtetik 2009ra bitartean ordezkaritza zeukaten alderdiek ez zuten halakorik agindu –deialdi txikiren bat gorabehera–. Kontratazioekin izandako arazoak lan arloko lege aldaketen erruz gertatu direla defendatu du: “Problema hau ez zen inoiz gertatuko legea egonkorra izan balitz, langileen estatutuan egin den erreforma bakoitzak lege barruan zeuden gauza batzuk mugan edo zuzenean legez kanpo jarri ditu”.

Murrizketa giroa

Irratiaren eguneroko martxari zein neurritan eragin ote dion galdetu diegu Larunberi eta Yebrari. “Langile asko joan dira eta geratu garenak jarraitzen dugu, baina jende gutxiagorekin. Gaua galdu dugu, uhin ertaina itxi zuten, asteburuetan ia saio guztiak errepikapenak dira… Zer egingo dugu, buletinak besterik ez? Hori izango da gure irrati publikoa?”.

Egoera estua denik ez du ukatzen zuzendaritzak, baina EITBren azken urteetako gorabeheren barruan kokatu du oraingo erabakia. Gogoratu du 2010ean autonomoak mugagabe bihurtzearekin irratietako langile kopurua %50 hazi zela. “Hazkunde hori jasangaitza da: 2009an izan dugu aurrekontu handiena, 2010ean jaisten hasi zen eta geroztik beherantz doa”.

Irratiak batez ere pertsonal gastuak dituela seinalatu du, baita 2013rako EITBren aurrekontua ia heren bat jaitsi zela ere, 2009arekin alderatuz. Horrek etxe barruko adar guztietan murrizketak eragin zituen, “eta irratiak ezin zuen bere aurrekontua jaitsi, gehiena soldata zelako. EITB taldeko sozietateak ari ziren esfortzua bere proportzioaren arabera egiten, baina irratiek ezin”.

Alternatibak badirela uste du, dena den, LABeko ordezkariak. “Helburua izan beharko litzateke Jaurlaritzak komunikabide publikoari finantzazio nahikoa ematea, eta hedaduraz guztiei; baina eman zuen aizkorakada horretan atzera egin behar du. Dirua badago, hainbat gauzatan gastatzen da, AHTn adibidez; aukera badago kalitateko komunikabide publikoa egiteko”.

Finantzazioa handitzen ez den bitartean zuzendaritzak argi du ordea: zorpetzea eragotzi nahi du kosta ahala kosta. “Zorretan sartu diren irrati-telebista autonomikoek ikusi dugu nola bukatu duten”.

Eta etorriko dena

Pentsa liteke EITBren aurtengo jarduna hainbeste markatu duen problema hemen buka daitekeela. Epaitegiek esango dutenaren zain, kaleratzeen kontra manifestatu diren langileek ez dute momentuz mobilizazio gehiago aurreikusten. “Egin beharrekoa egin dugu”, esan dute aurrera begirako protestei buruz galdetuta.

Baina irratietan hainbeste kalapita sortu duten kontratu “mugagabe ez-finko” horiek beste zenbait adarretan ere indarrean daude oraindik, besteak beste hedabide publikoaren webguneko langileen artean. Ekainaren 19an iragarri zuen LABek lan hitzarmena lortu dutela atal horretan eta horrek egoera alda dezake edizio digitaleko langileentzat.

Beste hari mutur batzuk ere geratzen dira: “Jarraitu da kontratazio irregularrak egiten atzamarrarekin zuzendaritza talderako ere”, baieztatu du Otegik. Izen-abizenak jarri dizkio horren arduradunari: Javier Salcedo. “Pertsonal zuzendaria da, Ortuzarrek jarri zuena. Surioren garaian ere mantendu zen”. Eta LABek haren dimisioa eskatu zuen otsailean, “bera izan baita kontratazioetan egin diren bidegabekerien arduradun zuzena”.

Klima honetan, EITBko plantilla estrukturalari buruzko eztabaidak dirudi hurrengo erronka nagusia. Datorren urtean hasiko da prozesu hori. Bestalde, zeresana eman dezake Eusko Legebiltzarrean sortuko den batzorde bereziak ere: hedabide publikoa sortu zenetik 32 urte pasa diren honetan, lehenbiziko aldiz erreforma integrala planteatuko da, EHUk proposatuko duen metodologiari jarraituz. Ikusitakoak ikusita, ika-mika ia ziurtatua dago.

Hizkuntza gaitasuna liskar iturri?

EITBko irratietako Lan Deialdi Publikoari buruz argitaratu diren albisteetan maiz agertu da hizkuntza gaitasunaren gaia, eskakizun polemiko gisa. Langile kaleratuen alde egin duen ESK sindikatuko bi delegatuak eta deialdia babestu duen LAB sindikatuko ordezkariaren iritzia jaso dugu puntu zehatz horren inguruan.

Loreto Larunbe, Bego Yebra (ESK):

“Ez daukagu problemarik euskararekin, alderantziz. Gehienok ikasi dugu. Guretzat gogorrena izan da arauak aldatu dituztela guretzako. Zergatik? Justu-justu gu kalera botatzeko. Egun batetik bestera esan dute: ‘Zuk erdaraz egiten duzuna, hemendik aurrera euskaraz egingo duzu’. Oso zaila da guretzat momentu honetan, baina ikasten ari gara, nola ez. Guk ez daukagu arazorik horregaz, gogorrena hori izan da. Hemen lanpostuetarako deialdiak launaka deitu izan dira eta bat-batean 49 egiten dituztenean, hizkuntza profila ez dakit noraino igo dute. Gainera, Euskadi Irratiko langile asko ere joango dira kalera, beraz arazoa ez da euskara”.

Jon Otegi (LAB):

“Hasiera-hasieratik erabili dute batzuek hizkuntza eskakizuna excusatio non petita gisa. Guretzat ezinbesteko baldintza zen hau onartzeko eta batzuek hartu zuten gatazkarako gai gisa. Onartzen dugu hainbat jendek egin duela saiakera urtetan, baina gehienek ez. Parlamentuan azalpenak ematen egon ginenean ere esan genuen, nola egon diren formazio eskaera askoz gehiago ingeleserako euskararako baino. Nahiko harrigarria da. Guk ez dugu euskararen gaia erabili inor jartzeko edo kentzeko, oinarrizko printzipio bezala baizik”.

Zuzendaritzaren eredua: azpikontratak irratian

Lan egiteko molde desberdinak izan dituzte historikoki EITBko irratiek eta telebistek. Irratietan hizkuntza bakoitzean ekipo bana aritu izan da eta telebistetan aldiz, kazetari berdinek egin izan dute lan euskaraz eta gaztelaniaz. Gainera, etxeko profesionalen pisua informatiboetan sumatu izan da nagusiki telebistan. Bestelako programak, entretenimendua ardatz dutenak, azpikontratatu diren ikus-entzunezko enpresen esku utzi izan dira. EITBren irrati eskaintzan ere telebistako eredua martxan jartzeko asmoa ez da berria zuzendaritzarentzat eta langileen kontratazio-arazoak hasi zirenean soluzio gisa eskaini zitzaien sindikatuei –baita hauek baztertu ere–.

Gaur egun aukera hori gauzatzea zail ikusten duen arren, EITBko zuzendaritzak izan ditzakeen onurak azpimarratu ditu. “Irrati koloretsuagoa” egiteko aukera gisa ikusten du erreportaje hau osatzeko gure galderei erantzun dien ordezkariak. “Enpresa publikoa ona da, beharrezkoa, gure kasuan ezinbestekoa, baina egon behar du txertatuta sektore batean. Eta sektore horri jaten eman behar zaio”, adierazi du. “Eta sektore hau ez da eskulangintza, sormena da. Horri utzi behar diozu bere bidea egiten. Entretenimendua eta showa, berdin da irratian edo telebistan, modari lotua dagoen zerbait da. Eredu hori ikus-entzunezko sektoreak askoz hobeto egiten du”.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: EITB  |  Murrizketak  |  EAJ  |  PSE-EE  |  EH Bildu  |  PP  |  LAB  |  ESK  |  Langile borroka

EITB kanaletik interesatuko zaizu...
Azpikontratazioa kulturaren kaltean

Azpikontratazioak kulturaren arloko profesionalen lan-baldintzei ere eragiten die, nahiz eta beste sektore batzuekin konparatuta, ez den gaiaz hainbeste hitz egiten. Problema ikusgarriago bihurtu dute azken hilabeteetako bi gertakarik: euskal bikoizleen plantoak eta Tabakalerako Ubik liburutegiko langileen grebak.


Ia bi urte ETBn euskarazko lehiaketarik gabe

Hogei hilabete joan dira ETB1ek azkeneko lehiaketa emititu zuenetik —Burubero fest, 2017ko ekainaren amaieran—. ETB3k saiakera lotsati bat egin zuen 3txulo jokoan lehiaketarekin, baina 2017ko irailetik abendura baino ez zuen iraun. Ez dago euskarazko lehiaketarik telebistan, eta horrek alboko kalteak ditu. Telesailen faltak dituen ondorioen aldean, ez dira hain agerikoak; baina oso kezkagarriak, edonola ere.


2019-02-04 | Zuzeu
Iñaki Beraetxe: "ETBk Tele5 begiratu beharrean hobe luke TV3 begiratu"

Donostiako Loiola auzoko txoko batean jarri digu zita Iñaki Beraetxe (Donostia, 1963) aktore eta bikoiztaileak. Lan baldintza eskasak direla eta greba hasi duen Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko kidea da Beraetxe, Richard Gere, Jack Nicholson, Clint Eastwood, Merlí irakasleari edo Shrek berari ahotsa jarri diona, besteak beste. Zoritxarrez baina, bere ofizioa galtzear da, ETBk inoiz baino ordu gutxiago kontratatuko baititu aurten, inoiz baino prezio merkeagoan. Anjel Lertxundik... [+]


Tortura, ezkutuko krimena?

ETB2k Torturas, el crimen mejor escondido dokumentala eman zuen igande gauez 360 grados saioan, eta askori oraindik hotzikara ez zaio gorputzetik joan han entzundakoengatik. Emankizunak momentu batzuetan hartzen duen estilo sentsazionalistaz edo dituen hutsune larriez –batez ere Ertzaintzak egindako torturez ari denean– hitz egin dezakegu. Baina torturaren drama islatzea lortu duela zalantzarik ez da.


2018-10-29 | JJ Agirre
Euskaldunak goitik behera

Korsika hegoaldean ibili ginen udan. Uharte hartako eremurik turistikoen eta frantsestuenean, esan zigutenez. Autoan abiatzen ginenean, bertako musikaren bila aritzen ginen irratian, eta bazen aukera. Besteren artean, egun osoan zehar korsikerazko musika eskaintzen duen irrati kate bat badaukate. Zorionekoak!


2018-10-21 | Santi Leoné
GAIZKI ERRANKA
Dantza egiten duen herria

Bizitza sozialik ez dudanez, telebista aitzinean jartzen naiz larunbatero. Jakina, gure telebista nazionala dut paratua urrutiko aginteko bat zenbakian, eta larunbatero, gainerako kateetan Sarah Connor telefono gidan izen horretako hirugarrena izateagatik eskerrak ematen ari den bitartean, gai baten gaineko aldaerak aurkitzen ditut ETB1en: jendea dantzan –mariatxiak, habanerak, zernahi– herriko plazan. Gaur egun biziko balitz, Voltairek bere definizioa moldatu beharko luke:... [+]


2018-09-05 | Nahia Ibarzabal
EITBk iktusaren kontrako maratoian jasotako 108.000 euro ez dira ikerketara bideratu

EITBk abenduaren 14an iktusaren kontrako tele-maratoian jasotako diruaren %73 besterik ez dio eman BIOEF fundazioari, Garak argitaratu duenez.


ETB3 Iruñerriko telebistetan ikusiko da irailetik aurrera

ETB2, bestalde, Nafarroa osoan ikusiko da lurreko telebista digitalaren bidez.


2018-08-01 | Maripi Arruiz
Errauskailuaren aurka gaudenok ere EITBn entzunak izateko eskubidea dugu

Gipuzkoarrok Zubietako errauskailuarekin kezkatuta gaude, eta asko. Hori dela eta, Errauskailuaren Aurkako Mugimenduko kideak, behin eta berriro eskatzen ari gara gai horretan aditu direnen arteko eztabaida saio bat bai telebistan baita irratian ere. Aldiz, ikusten dugu horietan errauskailuaren aldekoek bakarrik dutela espazioa, hau da, Asensiok eta Olanok.


2018-07-16 | Nahia Ibarzabal
ETBk gaztelaniaz eskaini ditu umeentzako tailerrak "Play 'N' kids" jaialdian

BBK Livek umeentzat antolatutako ekitaldia, larunbatean ospatu da Bilboko Areatzan.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude