Dena dela

  • Bi urtetako kronika fakultatiboa (2012-2014)

    Joan Mari Irigoien

    Elkar, 2015

Berri bat eman gura digu Joan Mari Irigoienek bi urtetako kronika poetikoa eginez; bizitza badela disartria ere, hor dagoela jakin bai baina ikusten ez den gaixotasun kronikoa ere bai, eta are ezereza bera.

Hunkigarria, umoretsua, apalik ausarta, Joan Mari Irigoien ikusi dut Euskal Idazleen Elkartera sartzen bere zapiarekin eta ile zuriak aire girotuaren hari ikusezinetan eta, ikusi dut nola agurtu duten bulegokoek, ze agurtu ohi zuten benerazio eta halako nahitasun batez, non poemok irakurtzean ez dudan penarik sentitu: munduko gizonik indartsuenari jazarri zaio gaixotasuna. Delikatuki indartsua, inondik ere: “Baina badakizu nire artasun-neurriaren berri… / eta nola ibiliko naiz, bada, / ez dudanaz alardea egiten?”.

Hala bada, esan zuen Irigoienek barruntatzen zuen berria entzun zuenean: esklerosia. Eta hori abiapuntu, egin du urte biko kronika bat loratu egiten dena udaberriko hostorik gabeko okarana bezala. Liburu honek balorea dauka bere horretan, baina gainera finezia batez idatzia dago umore bihurtzen duena astuntasuna, eta umorea, berriz, lirika: “Herriko plaza jendez gainezka dago, / baina zu inoiz baino bakarrago sentitzen zara, / larriminak erbesteratua, / eta ero batek bezala egiten duzu oihu: // Arren eta arren: nork emango dit serotonina-lore bat…?”.

Beraz lezio bat ere bada Bi urtetako kronika fakultatiboa (2012-2014), eta irakurri ahala gogoeta egin dezake irakurleak giza kondizioaz, denboraren joanaz eta zelulen itzaltzeaz, heriotzaren etikaz. Ideiak ordenatu nahiko balitu bezala, bere buruari galdetzen dio boluntarismo hutsaren eta halabehar gordinaren artean ba ote den zerbait humanoagoa. Zelan egin ihes minari, inkontzientzian erori barik? Oreka horren bilaketan ditu lagun aipatu dugun umore ironiko leuna eta eusteko determinazioa.

Iluntze honetan goiz bat dena izatez, Irigoien harrapatu dugu gauzei ostera ere begira-begira, une bakoitza lotzen eta harilkatzen benetan axola duten maindireak ikusteko: “Urte luzetan izan naiz idazle / eta idazle izaten jarraitu nahi dut, / ahal bitartean…”. Liburuko azken atalak dioen moduan, aski modu prosaikoan baina karga guztiarekin, bizitzak aurrera darrai. Eta esaldi single horrek esanahi osoa hartzen du bere ezpainetatik entzutean, artean Altzako zementuaren azpiko errekak betiko lez itsasora egiten ari direlarik. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburuak
2024-01-14 | Reyes Ilintxeta
Jose Mari Esparza. Ideia trafikatzailea
"Borrokaren beharra transmititu nahi dut, zerbait berria sortuko da, beti sortu da"

Jose Mari Esparza idazle, editore eta ekintzaile menderaezinak bere lanerako txokoan hartu gaitu, Altaffaylla Kultur Elkartea eta Txalaparta argitaletxearen sorlekuan, liburuz inguraturik. Gaztetan 20 urtez aritu zen Luzuriagaren Tafallako fabrikan lanean eta orain berriki... [+]


2023-11-27 | ARGIA
Eva Forest Liburutopia
Utopia letra eta kafe artean elikatzeko liburu-denda

Abenduaren 1ean inauguratuko dute Gasteizko Alde Zaharrean Eva Forest Liburutopia kafe-liburudenda. Proiektua “pentsamenduaren eta kulturaren hedapen eta gozamenerako topalekua” izatea nahi dute bere bultzatzaileek. Hilabeteko programazioa aurkeztu dute jada... [+]


Ander Berrojalbiz. Heretikoz, sorginez, Elurzuriz
"Gizartea ezin da ulertu gizakiaren parte magiko sobrenatural hori gabe"

Akelarre saiakera argitaratu zuen 2021ean, eta, iaz, berriz, perla urregorrizko bat: Elurzuriren hiru heriotzak. Grimm anaien ipuin ezaguna berridatzi zuen, eskuizkriburik zaharrena abiapuntu harturik, Grezia zaharreraino joanez, eta Elurzuriren istorioko zenbait elementuri... [+]


Eguneraketa berriak daude