Dantza egin Makalarekin

  • Xake

    Makala Jazz Funk Band

    Orrua, 2015

Makala Jazz Funk Band taldea da Makalaren egitasmo berria. Zarauzko musikari eta disko jartzaile ezagunaren banda musikari hauek osatzen dute: Antxon Sarasua (teklatuak), Ander Zulaika (bateria), Oihan Lopetegi (ahotsa), Martin Asarian (gitarra) eta Makala bera (baxua). Eskarmentu handiko musikariak dira denak, musikari handiak.

Xake diskoaren aurretik Passion Fruit (Orrua Diskak, 2014) eta Orrua (Orrua Diskak, 2013) EPak edo disko laburrak kaleratu zituen. Orrua EPko bi kantu Xaken ere entzun daitezke: Orrua eta Wack Wack.

Taldeak denbora gutxian hamaika emanaldi egin ditu Euskal Herriko, Kataluniako, Andaluziako eta Madrilgo hainbat jaialdi, areto, klub eta tabernetan; eta ez da harritzekoa, oso talde ona baita, eta haiekin erraza da dantza egitea edo gorputza mugitzea.

Musika afroamerikarra egiten dute. 50, 60 eta 70eko hamarkadetako doinu beltzak jotzen dituzte: jazz, rhythm’n’blues, groove funk eta disco soul. Doinu beroak eta gozoak. Kantu politak eta oso landuak, mimo handiz eginak.

Xake diskoa oso ongi grabatua eta ekoitzia dago. Makala eta Antxon Sarasua aritu dira ekoizle lanetan, eta lan aparta egin dute. Moldaketak arretaz zaindu dituzte, gehiegizko apaindurarik egin behar izan gabe. Musikariak trebeak dira, eta beren tresnak oso ongi erabiltzen dituzte. Oihan Lopetegik oso ongi kantatzen du, eta bere ahotsa leuna eta oso polita da.

Mikel Unzurrunzaga Schmitz Makala musikaren munduan murgildu zela hogei urte baino gehiago dira. Urteotan, areto ugaritan eta hainbat grabazio estudiotan eta irratsaiotan aritu da disko jartzaile, musikari eta ekoizle lanetan eta beste artista batzuentzako nahasketak egiten, baita ekitaldiak eta musika emanaldiak programatzen eta antolatzen ere.

Xake diskoaren aurretik lan hauek argitaratu ditu: Global Funk Remixes 2004-2014 (Orrua Diskak, 2015), Unexpected Tapas (Lovemonk, 2011), Selects Boom Shaka Laka (Malandros-EITB, 2006), Hondartzan (Metak-Orrua Diskak, 2005) eta Makala Plays Novophonic (Novophonic-So Dens, 2002). EP batzuk ere bai, eta abesti eta remix ugari kaleratu ditu UrbanWorld (Danimarka), Movimientos (Erresuma Batua), Agogo (Alemania), Freshly Squeezed (Erresuma Batua), Rip Curl (Japonia), High Note (Taiwan), Lola’s World (Alemania), Wagram (Frantzia), Elkar (Euskal Herria) eta beste hainbat diskoetxerekin.

Zenbait talderekin eta artistarekin aritu izan da, eta disko jartzaile lanak egiten, besteak beste, Portugalen, Italian, Katalunian, Espainian, Frantzian, Belgikan, Holandan, Erresuma Batuan, AEBetan, Suitzan, Austrian, Alemanian, Eslovakian, Txekiar Errepublikan, Polonian eta Danimarkan, eta nazioarteko jaialdi ezagunenetan ere parte hartu du: Glastonbury, Sonar, Popkomm, Paulusfeesten, Womex, Jazzaldia…

2008. urtetik, hilero Global Funkers festak antolatzen ditu Euskal Herriko hiri nagusietan, Alice Russell & TM Juke, Nickodemus, Daniel Haaksman, Captain Planet, Sweet Vandals, Pete Isaac Jelly Jazz, Dusty Jazz&Milk, DJ Farrapo, DJ Click, Jim Avignon, JADD, Miqui Puig, Txarly Brown eta beste hainbat DJ eta artista ezagunekin... Gainera, Gaztean, Euskadi Irratian eta Groovalizacion Interneteko irratian ere aritzen da.

Musikazale amorratua eta langile nekaezina da Makala. Lantzen duen musika oso eklektikoa da. Doinu bero eta tropikalak jorratzen ditu, jazz, swing, soul, funk, reggae, ska, disko, cumbia, boogaloo, gipsy rhumba, Afrikako eta Brasilgo doinuak, latinoak… eta horiek guztiak erritmo berritzaileekin eta elektronikoekin nahasten ditu.

Musika bihotzetik ateratzen zaio, dantza egiteko musika beroa, eta musikak bizipoza ematen diola nabarmena da. Makala Jazz Funk Bandekin ere dantza egiteko eta ondo pasatzeko musika egiten du, alaitasuna eta bizipoza transmititzen dute. Bizimodua kaka bat izanda ere, aurrera begiratu behar baita, alaitasunez eta umore pixka batekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Diskoak
2022-11-27 | Iker Barandiaran
Bizi(g)arria

Harritu nau –zentzu onean– proiektu berri honek. Adiera edo zentzu asko ditu hitzak eta Bergaran Aitor Aldanondok harri baten inguruan sortutako honek baditu hainbat. Urteetan hartutakoa –bizitakoa– nolabait atera nahi izan du lan honetan.

Ibilbide... [+]


2022-11-20 | Xalba Ramirez
Zintzo izatearen fantasia

Eñaut Elorrietaren inguruko dokumental bat egin zutela-eta, Tabakalerara gonbidatu ninduten orain bizpahiru aste. Gustuz hartu nuen lagunarteko estreinaldirako gonbita, baina zinema aretora hurbiltzean jende asko hasi nintzen topatzen; hor Paul eta Itziar, hor Sarri, hor... [+]


2022-11-06 | Iker Barandiaran
Katuek baino ertz gehiago

Batzuetan elementu asko elkartu behar dira aurreikusi ez duzun emaitza bat ateratzeko. Hori gertatu da nolabait Gernika eta Bermeo artean sortutako Feline taldearekin. Primeros Auxilios punk taldeko Iñaki Baini-k etxean elektronikarekin jolasteari ekin eta maketa batzuk... [+]


2022-10-30 | Xalba Ramirez
Gustuko lautadan nekerik ez

"Hemen, errebelazio bat bezala, espazioa eta denbora argiago ikusten dira". Miren Narbaiza bueltan da berriz, eta eskerrak. Eszenak eman duen kantugilerik berezienetako bat da Narbaiza. Kanta berriak nola gobernatzen dituen ikustea besterik ez dago.

Zeren, sortzaile... [+]


2022-10-16 | Iker Barandiaran
Bi altxor eta sorleku bakarra: Buenawixta

Asko poztu nintzen Artza anaiek diskoetxe berria abiaraztearekin bat Barrakos-en maketa –non erosiko nuen, Boga tabernan?– berreskuratu eta biniloan ateratzeko asmoa zutela jakitean. Izan ere, aipatutako maketa –1990koa– gure musika historian oharkabean... [+]


Eguneraketa berriak daude