Badut lagun bat pop-aren bueltan Euskal Herrian emakume eta gazteek martxan jartzen dituzten proiektu berriei erreparatzen diona. Hark ezagutarazi dit onomatopeiadun talde bizkaitar hau. Hiruzpalau kantu sarean, eta uda ostean lan luzeago bat kaleratzeko asmoa.
KAK! taldea hiru hizkik eta marka batek osatzen dute; hobe esanda, hitz beretik eratorritako hiru pieza, eta laugarrena beste etxe batetik etorritakoa. Hain zuzen ere, Irati, Etxahun eta Asier Zazkel taldean trebatu ziren, eta Joanes fitxaje berria da. Zazkel proiektu harrigarrian funkya, 80ko hamarkadaren nostalgia eta musika dantzagarria uztartzen zituzten modu lotsagabean eta botereari kritika zorrotza eginez.
Laukote berri hau, baina, bestelako koordenadatan mugitzen da, zentzu zabalean hartuta popero eta rockeroagoetan hain zuzen ere. Hortaz, berez ez dauka Zazkelekin antzekotasunik; ez bada, agian, ahotsek protagonismo handia dutela eta kide gehienek abesten dutenaren salbuespena. Are gehiago, Kak! bada azken hamarkadan Euskal Herrian handikeriarik gabe orain arteko rocka bestelako filtro batzuekin iragazteko oso presente dagoen tendentziaren beste islatako bat; hala nola, distortsioa txikituta, ahots joko desberdinekin, melodia presenteago eginda…eta beti ere euskaraz. Eta ez da gutxi!
Proiektu honetan nolabait 80ko hamarkadako euskarazko (eta kanpoko) rock taldeei gorazarre egiten diete, baina haien koktelera berezian: Ahaztu-k gogora ekartzen dit Ama Say baxu kolpe eta arnasestuetan, baina jostaria izanda ere, rockeroagoa da eta, jakina, oso itsaskorra. Hegan (orain arteko) hit-a da, Anari indartsuenaren sonoritatea tenpoa apur bat azkartuta gitarra makurrekin eta oso emaitza sarkorra duena. Txapeau! Irudiak-ek zuzenean edaten du new wave-tik, nahiz eta Hertzainak, Jotakie eta Tatxers-en trazako leloak ere badituen osagarri. A, eta hitzek gaurkotasun handia dute! Begi urdinak-ek ere badu euskal pop erradikaletik, baina new wave distiradun gitarrek eta ahots koro nabarmenek pisua hartzen dute.