3 edo 4, zenbat mutur?

Jakoba Errekondo

Piper sasoia abiatu da. Gaur egun urte osoan ditugu piperrak, baina piper sasoia abiatu da, hemen. Bertako piperren sasoia. Ameriketatik ekarri genuen jaki hori, eta gure kulturako ikurretako bat bihurtua dugu, eta hasiera besterik ez da. Urtetik urtera, aldaera eta mota berriak ikusten dira azoketan. Gaurtxe bertan, Gernikako asteleheneroko azokan, Argiako lagunekin gure liburu berria aurkeztera joan eta mahaia apaintzeko barazki batzuk erosteko aitzakian, bertako tratulariekin hitz egitera joan naiz. Lehenengo tomateak, ondoren indaba beltzak, tipula zuri eta gorri ederrak, baba klase ezezagun bat eta piperrak erosi ditut. Gernikako piperrak, piperminak eta pipermin beltzak.

Arratzuko emakume pinpirin bati hartu dizkiot piper beltz horiek. Sekula ikusi gabekoak. Begiak laster harrapatu dizkit saskikada piper ilunak. Lehenengo galdera, ea minak diren. Pittin bat. Pipermin horiak ez direla minak eta horiek, ilun horiek baietz, pittin bat. Libra bat inguruko saskikada jartzeko esan diot. Minzale amorratua naiz. Gero eta gehiago. Zahardadearen definizio polita da: gero eta jaki minagoak, beroagoak, mikatzagoak gustuko. Aho sabaia sorgortzen, nonbait, eta lehen antzeko emozioa sentitzeko jaki eta edari azkarragoak zakarragoak bortitzagoak behar. Gernikako azokako salgunera bueltatuta, ezagutu gabeko piperrak ikustearen txoramenarekin, zeharo ahaztu Arratzuko tratulariari izena eta zein baserritakoa den galdetzea! Gainontzeko barazkiekin batera, dotore apaindu dute mahaia, liburua bera baino ikusgarriago. Piper berri horiek topatu izanaren emozioarekin aurkeztu diet liburua bertaratu direnei. Orain, etxean, hau idazten ari naizela, ezin gehiago eutsi eta afari mokadua prestatzera noa, ea zenbaterainoko mina den pittin hori! Laster esango dizuet.

Hemen naiz mahaitik bueltan. Arratzuko pipermin beltzen mina bada pittin bat, baita bi pittin ere. Ahoa berotzen dute; ez, ordea, negarra eragiteraino, ezta gutxiagorik ere. Kontuan hartzeko eta etxekotzeko moduko aldaera horietakoa da. Ea hurrengoan ale handiren bat baduen salgai eta hazi helduak jasotzeko modua egiten dugun.

Lehenengo piper horiek negutegietakoak dira. Batzuk hidroponikoak ere izango dira: lurrik gabe, plastiko koxkor artean landatu eta elikagaiak uretan nahasirik emanda hazten direnak. Bitartean landatu berriak dira kanpo libreko piperrak. Uda eta udazkena gozatuko digutenak. Gozatu, gozatu, hiru punta dituzten piperrak, gordinik ere jateko modukoak direnak. Lau punta dituztenak zakarragoak eta mikatzagoak dira, eginda jateko hobeak...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Barazkiak eta belarrak
2020-07-14 | ARGIA
Europar Batasuneko pestizida kontsumitzaile handiena da Espainiako Estatua

Emaitza oso kezkagarriak jasotzen ditu Ekologistak Martxanek aurkezturiko txostenak. Espainiako Estatuan komertzializatutako 2.711 elikagai aztertu dituzte eta %34ak plagiziden arrastoak ditu, tartean debekatutako substantziak. Frutak eta barazkiak bakarrik hartzen baditugu... [+]


Euskal produktu ez hain gureen historia

Euskal Herrian bertakotzat dugun baratzegintza eredua produktu historiko modernoa da guztiz. Oraintxe landatuak izango dituzten Ezpeletako, Ibarrako eta Gernikako piperrak; Tolosako babarrunak; Arabako patata; edo Duzunaritzeko arto gorria; guztiak dira 1492tik Amerikako... [+]


2020-01-26 | Jakoba Errekondo
Uzta eta lana aurreikusi, eta bilakatu

Datorren uztailean izango al dugu lanik? Izango al dugu labore uzta biltzeko lanik? Gure aldean, etorkizuna planifikatzeko eta antolatzeko gaitasun handia dute landareek; ia landare guztiek. Bere zikloa biziko den tokian gertatuko diren gorabeheretara egokitua izango da... [+]


Eguneraketa berriak daude