"Euskaldunon komunitatea egin gabe dago, guk egin behar dugu"


2015eko ekainaren 03an
"Jaia komunitatearekin lotuta dago. Jaia euskaldun komunitatearen nukleo sortzailea litzateke. Hori azaltzeko idazkeraren teoria ulertu behar da, horretarako idatzi dut saioa".Dani Blanco
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

"Ideien bidea ez da bat-batekoa. Luzea da. Ideien ikuspegia aldatzen baitoa. Pentsalariari gehiago kostatzen zaio ideien berritasuna izatea literaturagileari baino. Pentsamenduaren bilakaera mantsoa da, prozesua eta aldaketa literaturarena baino mantsoago da", adierazi digu solasaldiaren abiaburuan Galo Martinez de la Pera saiogileak.

Nondik nora Euskaldunon komunitatea, independentziatik haratago saioa? Zer xedetan?  

Euskaldunon pentsamendua bi poloren artean jiratzen da: politikaren eta euskararen inguruan. Ni ere ardatz horien artean mugitu naiz betidanik. Liburua ETAren borrokarekiko kritikoa nintzelako hasi nuen idazten. ETAren borrokak, eta borroka iraultzaileak oro har, bi alde izan ditu: batetik sentimendu iraultzailea, pertsonaren eta herri baten iraupen nahiari ekiteko beharrezkoa, bultzatzen eta sortzen laguntzen dioelako. Baina, bestetik eta aldi berean, sentimendu hori pertsonarentzat eta herriarentzat kaltegarria bilakatzen da, ideologia iraultzailea denboraren poderioz herriaren opioa bihurtzen da. Gurean ere horrela izan da. Sentimendu iraultzailea izugarria zen herri honentzat, baina aldi berean herriaren droga eta dogma bihurtu zen. Kontraesan hori argitzea izan dut helburu. Sentimendu iraultzailearen bidean abiatu nintzen beste eremu bat aurkitzeko. Eremu hori euskararen eremua da.

Noren laguntzaz edo zein bideetan ibili zara?

Sentimendu iraultzaileari atxikiz betiere, eremu politikotik eremu linguistikorako bidea urratu nahi izan dut. Helburua banuen, baina bidea asmatu behar nuen. Eremu berri hori  aurkitzea, horixe nuen koska. Eremu politikoa begi-bistakoa da, euskaldunon hizkuntz eremua ez hain agerikoa, ordea. Bada, bertsolariak agertu ziren eta haiei esker aurkitu nuen bidea. Ni ez naiz bertsozalea, aspertu izan naute, goxo esanda. Beharbada, zaila zaidalako ulertzea. Niretzat bertsolariak betidanik izan dira... “ulertzeko” erronka. Ni oso ilustratua nintzen eta bertsoak behe-mailako espresio bezala ikusten nituen. Pentsamendua liburuen bitartez espresatzen zitzaidan. Ordea, bertsolariei esker idazkeraren auziarekin topo egin nuen. Galdera hauxe egin nion nire buruari: hauek ba al dakite idazten? Galdera horren inguruan Harvardeko teoriak agertu zitzaizkidan. Hubert Parry eta Eric Havelock aztertu nituen, besteak beste. Poliki-poliki hasi nintzen idazkerari buruz pentsatzen, baina benetan bidea ireki zidana Darwin izan zen. Ez dakit nire pentsamendua egokia den ala ez, baina nire berritasuna darwinismoari lotuta dago. Hau da, idazkeraren oinarri ebolutiboa bilatzea izan dut xede. Nire lana darwinismo berria garatzea izan da idazkeraren egitura ulertzeko. Darwinismo sozialaren antzeko zerbait garatzea, darwinismo kulturala eta historikoa, nolabait.

Eta zer aurkitu duzu?

Idazkerari buruzko teoria horren bidez saiatu naiz jaiaren ahalmena eta ezaugarriak aztertzen. Lehen esan bezala, hasieran borroka zen, sentimendu iraultzailea, eta nik sentimendu hori jaiarekin lotu beharra ikusi dut. Hori aztertzen hasi nintzen garaian borroka iraultzailea sentimendu oso sendoa zen, jende askok ikusten zuen borroka horren beharra. Jaia borroka egin ondorengo atseden unea izan da, eta ez herri baten nukleo sortzailea. Alde horiek idazkeraren bidez argitzen edo ekartzen saiatu naiz.

Zer ikusten duzu jaiaren nukleo horretan?  

Jaia komunitatearekin lotuta dago. Jaia euskaldun komunitatearen nukleo sortzailea litzateke. Hori azaltzeko idazkeraren teoria ulertu behar da, horretarako idatzi dut saioa. Idazkerari buruzko bi argibide emango ditut: teoria orokorraren arabera, hasieran hitza edo mintzoa zen, eta gero idazkera agertu zen. Ikuspegi horren arabera, idazkera mintzoaren lanabesa da, hizkuntza lantzeko tresna. Hain justu ere, nik kontrakoa defendatzen dut: hasieran idazkera dago eta honen bitartez gizakion hitza agertzen da. Ikuspegi horrek zibilizazioen dogma apurtzen du,  honen arabera idazkera bakarra grafikoa baita. Zibilizatuen ustez bertsolariek ez dakite idazten. Nire teoriaren arabera, berriz, idazkera hasieran ere bazegoen. Idazkera bakoitzak jendarte mota bat sorrarazten du. Idazkera akustikoak edo ahozkotasunak komunitate horizontala sortzen du eta komunitate horren nukleoa jaia da. Idazkera grafikoa boterearen idazkera da eta jendarte hierarkikoa sortzen du, estatuaren bidez sortu ere, eta horren nukleoa lana da. Euskaldunon komunitatea sortu nahi badugu, bidea eta eremua jaiarena da.

Erraza dirudi bidea azaltzeak.

Bai, baina… Beti badago bainaren bat. “Liburua amaitutakoan hasieran jakin behar nuenaz jabetu naiz”, zioen Nietzschek. Bada, niri nolabait ere hori gertatu zait, bidea urratu ahala beste modu bat aurkitu nuen jaiaz adierazi nahi nuena jendeari ohartarazteko. Hau da, azaldu nahi dudan jaia gure Korrika da. Mistikoek meditazio lan luzea eta argialdia bereizten dituzte. Niri hori geratu zait. Korrikaren espiritua liburuan dago, baina hitzaldi batean jabetu nintzen jaia ulertzeko Korrika dela laburbidea. Korrikan dago jaiaren funtsezko osagaia. Korrika ekitaldia eta fenomenoa ulertzea oso erraza da: korrikan sartzean sentitzen duzuna, horixe da nik adierazi nahi dudana. Hitzetan azaltzen ez da erraza, baina jende guztiak dioenez, Korrikan sentitzen dena berezia da.

Liburuaren izenburua hizpide, XXI. mendean komunitatearen erabateko independentzia irudikatzea zaila da, hartara, “ez-dependentzia” aipatzen da orain. Zein da kontzeptu horri buruzko zure aburua?

Politikaren eremura etorrita: independentzia hitzari buruzko zalantza handiak ditut. Izan ere, mundu honetan zer da independentzia? Nik euskaldunon komunitatea indartzea nahi nuke edo hori proposatzen dut. Euskaldunok subiranotasun ahalik eta gehiena nahi dugu. Hori lortuz gero, politikan edota nazio-eremuan, independentzia handiagoa edo ez-dependentzia lortuko dugu. Hala ere, euskaldunok itxaropen guztia politikan jartzen badugu, ez dut burujabetasun handiago lortzerik ikusten. ETAren akatsa ez da soilik izan indarkerian geratu izana, gure indar eta itxaropen guztia politikan jarri nahi izatea baizik. Herri baten iraupena sakratua da komunitate batentzat, politikan jartzen baduzu itxaropen guztia, herri horrek boterearen legepeko indarkeriarekin topo egingo du beti. Politikaren legea boterearen legea da, armen edo bestelako bitartekoen bidez. Herri txikiok bereziki beste bide bat aurkitu behar dugu. Politikan jardun behar dugu noski, baina beste erara jokatu behar dugu. Alde horretatik, euskara oparia dugu. Nire ustez, euskararekiko sentimendua handia da. Bide horretatik politikaren eta nazioaren eremuan eragiteko posibilitatea ikusten dut, eta aldi berean komunitate berria sortzeko.

Euskaldunon komunitatea kanpoko komunitatearekin abegikortasuna adierazi beharra hobesten duzu.   

Bi gauza: euskaldunon komunitatea egin gabe dago, guk egin behar dugu. Eta komunitate hori kanpotarrekin ere egin behar dugu, hori lortzen ez badugu, akabo. Behar-beharrezkoa zaigu. Noski, immigrazio legeak eta beste hor daude, desegokiak dira, politikaren eta politikarien jokoa dago tartean, baina guk denok biltzea lortu behar dugu. Jaiaren bidea oso egokia da horretarako, Korrikaren lengoaia alegia. Mundu guztiak ulertzen du hori, eta denok parte hartu dezakegu.

Gure esku dago ekimena ere hobesten duzu bide horretan.

Gure esku dago ekimenari sinpatia diot, ibilia naiz inguruan. Ekimena aipatzen dut liburuan, baina nazio mailan eta politikan garatzen da, Korrika aldiz ez. Korrika komunitatearen eremuan kokatzen da, ezberdina da. Espiritua bera da, baina nik politikaren eremua (Gure esku dago) eta komunitatearena (Korrika) bereizi nahi ditut.  

Burujabetasuna lortzeko bidean, batzuk historiari berebiziko garrantzia ematen diote, Orreaga taldeak adibidez. Zer iritzi duzu horretaz?

Ni ez nago ildo horretan. Memoria historikoa kontuan hartu behar dugu, noski, eta behin hartuz gero, historiaurretik hasita. Baina bai euskaldunon komunitatea bai nazioa, dena egiteko dugu, egin gabe dago. Gaur egungo komunitatea egituratzeko gutxi balio digute iraganeko gertakariek. Tira, balio zaizkigu kokatzeko. Hau da, oroimen historikoak ondo doazkie estatu-nazio handiei: Ingalaterrari adibidez. Historia kultural, politiko eta militar gaitzak dituelako, baita Frantziari eta Espainiari ere. Baina gure historia eskasa da, eta gainera azken mendeetan azken bi horiekin batera egin dugu bidea, menpean, alboan edo kontran. Iragana ezagutzea beharrezkoa da, baina etorkizunari begira zerbait berria  behar dugu. Esate baterako, Joseba Sarrionandia bide horretatik doa, nik uste.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Filosofia
Isil gaitezen, une batez bada ere

Osasun etxeko telefono deiaren itxaronaldian, supermerkatuko korridoreetan, kiroldegiko aldageletan... Isilune izan daitezkeen uneak soinuz betetzen ditugu. Zergatik, zertarako? Isiltasunak urduritzen gaitu? Sor diezazkiguken barne gogoetengatik?

Zortzigarren saioa, eta... [+]


Heldutasuna mito bat da

Irene Lafuente lagun hartuta, heldu izatearen inguruan gogoetatu dute Iñigo Martinezek eta biek Galdera Basatiak podcastaren zazpigarren atalean. Pista bat: "Helduok badugu barnean Peter Pan-en sindromea; nahi dugu dena, nahi bezala, nahi dugunean". Hain helduak al... [+]


Emozioei bai, emotibismoari ez

Sentimenduak izan da gaia Galdera Basatiak podcastaren seigarren atalean, eta horren bueltan zeharkatu dituzte Iñigo Martinezek eta Gari Moyak maitasuna, gorrotoa, tristura, haserrea... Hitz egin dezagun sentimenduen eta emozioen inguruan, baina gogoetatu ere, gogoetatu... [+]


“Postmodernitatearen ezaugarria da dena zalantzan jartzea”

Errealitatea ipini dute zalantzan Imanol Alvarezek eta Iñigo Martinezek podcastaren bosgarren atalean... eta, errealitatea da, saioaren laburpena den artikulu hau, solasaldiko gogoetak brotxa lodiz jasotzera baino ez dela heldu.


Zaintzen dugulako maite dugu, ala maite dugulako zaintzen dugu?

"Maitasuna" hitza darama izenburuan Galdera Basatiak podcastaren laugarren atalak, baina eraman zezakeen "harremanak", "bakardadea", "dependentzia"... Hari mutur ugaritan barreiatu dute Izaro Toledok eta Iñigo Martinezek.


Bai, filosofatu dezagun heriotzaz

Zer nolako harremana dugu heriotzarekin? Zer nolakoa helduek, zer nolakoa haurrek? Adinean gora egin ahala nola aldatzen da heriotzarekiko dugun begirada? Eta nola hitz egin heriotzaz haurrekin?

Bai, gai tabua bada ere, hitz egin dezagun heriotzaz. Hirugarren saio honetan... [+]


Jardin bat zuretzat, Hipatia

Hainbat lorpen kolektiboan soilik egin daitezkeela esaten denean, lerro artean joan ohi da behin kolektiboan pentsatu, gogoetatu eta eztabaidatu ondotik heldu ohi direla, heltzekotan. Baina zerbait lortzeko, ezinbestekoa da pentsatzen jartzea. Ez baitira gauzak besterik gabe... [+]


Haurrak gara behelaino artean

Ardatzean haur filosofia izango duen Galdera Basatiak podcastak, ez alferrik, haur filosofia tailerretan barneratzeko asmoa du. Horixe hitzeman digu Iñigo Martinezek lehen atal honetan. Podcastaren zimenduak ezarri dizkigu, markoa marraztu, eta, batik bat, haurtzaroaz... [+]


Haur filosofiari buruzko podcasta igandean estreinatuko du ARGIAk: ‘Galdera Basatiak’, Iñigo Martinezek gidatuta

Galdera batzuen aurrean, behin eta berriz helduok ume sentitzen garela dio Iñigo Martinezek, “bizitza zulo existentzialez beterik” dagoelako. Galderaz galdera "behin-behineko erantzunen bila" aritzeko asmoa du irakasle eta filosofoak. ARGIA... [+]


Eguneraketa berriak daude