Egiptoko gutxiengo ahaztua

  • Nilo ibaiaren seme-alaba zaharrenak dira, baina haien lurretatik bota zituzten modernitatearen izenean. Nubiarrek aspalditik aldarrikatzen dute sorlekura itzultzeko eskubidea. Egiptoko Konstituzio berriak eskubide hori aitortu eta kalte-ordainak finkatu ditu.

Francisco Carrión

“Leku-aldatze behartuak oso traumatikoak dira. Egun batetik bestera, bizitza guztia maletan sartu, eta atzera begiratu gabe berriz hastera derrigortzen zaituzte. Bihotza betiko urratzen da, sustraiari enborra mozten diotenean bezala”. Mohy Eddin olerkariak hala erantzuten du nubiar izaerari buruz galdetzen diotenean.

Mende erdi pasa da Eddin eta bere familiak haien lurrak utzi behar izan zituztenetik eta halere, ez da Kairora ohitu: “Nekazariak eta arrantzaleak ginen, Nilo ibaia zen gure iturburua, baina Asuango presak pikutara bota zuen guztia”, azaldu du. Eddinena ez da adibide bakarra. XX. mendean zehar milaka nubiarrek haien herrixkak hustu zituzten urak dena estali baino lehen. Izan ere, hegoaldeko Egipto eta iparraldeko Sudan artean dagoen Nubia eskualdea Nasser lakuak urperatu zuen. “Gure arbasoen lurrak, historia eta ondare arkitektonikoa ur azpian geratu ziren”, adierazi du Mohamed Hussein historialari nubiarrak. Hussein Kairon sortu zen, baina familia jatorriz Qasr Ibrim hirikoa da. Gotorleku horrek ezin hobeki azaltzen du nubiarren parabola. Hiriaren goialdea uholde handitik salbatu bazen ere, irla mamu bilakatu zen aintziraren erdian.

Presaren biktimak

Nubia edo Nuba hitzak urrearen lurraldea esan nahi du eta ez da kasualitatea. Hegoaldeko indigenek urrez jantzitako tenplu eta piramide dotoreak eraiki zituzten mende luzez. Merkatariak, nekazariak eta arrantzaleak ziren gehienak eta arabieraren aurreko hizkuntza nubiarrak hitz egiten zituzten. Gainbehera, baina, XX. mende hasieran abiatu zen. Niloren urtaroko ur-goraldiak kontrolatzeko eta argindarra sortzeko aburuz, Asuan inguruan bi presa eraikitzeko proiektuak jarri zituzten martxan Kairoko agintariek. Ezagunena, zalantzarik gabe, Gamal Abdel Nasser jeneralak asmaturiko Presa Handia da. 1960-70 artean eraiki zen proiektu faraoniko horrek aintzira artifizial baten jaiotza bultzatu zuen Asuan hegoaldean.

Dezente hitz egin da presa handiak ekarri zituen onura ekonomikoen inguruan, baina inor gutxi mintzo da nubiarrek pairatu zituzten ondorioez. Izan ere, 45 herrixka ur azpian geratu ziren eta 100.000 herritar lekuz aldatzera derrigortu zituzten. Sudango nubiarrak Wadi Halfa eremura joan ziren eta egiptoarrak Nubia Berria izeneko kokalekuan ezarri zituzten. Haatik, askok eta askok hiri industrialetara alde egin zuten.

Husseinen hitzak baliatuz, “Nasserrek esan zigun heroiak ginela eta paradisua merezi genuela. Baina zer jaso genuen trukean? Desertuaren erdian eraikitako herrixka artifizialak”. Leku-aldatze behartuak, gainera, nubiar identitatearen asimilazio prozesua ekarri zuen. “Nasserismoak egiptoar guztiak ekarri zituen panarabismora. Gutxiengoek ez zuten tokirik nazio arabiar bat sortzeko proiektuan. Nire aita Nasserren jarraitzaile sutsua zen, eta askotan esan ohi zigun nubiarren banaketa gure onerako zela. Hipnosi nazionalistan bizi ginen”, gogoratu du Husseinek.

Itzultzeko eskubidea

Geroztik, nubiarrak bigarren mailako herritarrak izan dira egiptoarrentzat eta estereotipo zein aurreiritzi anitzei aurre egin behar izan diete. “Hedabideek eta zinemak erantzukizun handia daukate nubiarren inguruan ematen den irudi desitxuratuan. Morroi ezjakinak bagina bezala aurkezten gaituzte eta askok sudandarrak garela diote mespretxuz”, nabarmendu du Manal El-Teiby ekintzaileak.

Baina erbestealdiak ez du lortu diaspora bere sustraietatik urruntzea. Egipto zabalean ehunka elkarte eta kulturetxe sortu dira nubiar hizkuntza, kultura, dantzak eta ohiturak mantentzeko. Eddinek, adibidez, poesia irakasten die gazteei: “Nubia historikoan hitz egiten ziren hizkuntza guztien informazioa biltzen ari naiz eta Egiptoko nubieran idazten dut”. Tunika zuria eta durbante tipikoa daramatza soinean, baina haserretu egiten da argazki bat eskatzen baldin badiote: “Hau ez da inauterietako mozorroa. Nire nortasuna islatzen du. Ez nintzateke eroso sentituko galtzak eta alkandora jantziko banitu”.

Harrigarriena gazte nubiarren mobilizazio gaitasuna da. Izan ere, gehienek alde egindakoen hirugarren belaunaldia osatzen dute. Ahmed Naiem ekintzaileak Nubiako Gazteen Batzorde Demokratikoa izeneko mugimendua sortu du. Haren iritziz, “nubiarren auzia arazo politikoa da eta beraz, irtenbide politikoa eman behar zaio”. Nubiako mugimendu politikoek honako aldarrikapenak defendatzen dituzte: leku aldatuak izan zirenen ondorengoek Nasser aintziraren inguruko lurretara itzultzeko eskubidea izatea, hizkuntza eta historia nubiarra mantentzeko hezkuntza programa bat abian jartzea eta nubiar kultura Egiptoko ondaretzat jotzea. “Asuango eskoletan debekatuta dago nubiera irakastea, eta hori onartezina da. Zaharrak hiltzen ari dira eta gazte gehienek ez dute hizkuntza ulertzen. Nubiera desagertuko den beldur gara”, dio El-Teibyk.

Edonola ere, urte askotako borrokaren ondotik Egiptok lehen garaipena aitortu die nubiarrei. 2014an onarturiko konstituzio berriak aintziraren ertzeko lurretara bueltatzeko eskubidea onartu du eta kalte-ordainak finkatu ditu. El-Teiby konstituzioa idazteaz arduratu den batzorde nagusiko kidea da eta pozik sumatu dugu: “Lan gogorra izan da nubiarren funtsezko aldarrikapen hori aitortzea. Egiptoarrak oso nazionalistak dira eta kostatu egin zaie herrialdearen izaera kultur anitza onartzea”.

Eskubide hori praktikara eramatea zaila izango da, ordea. Abdel Fatta Al-Sisiren gobernuak 45 herrixka nubiar eraikiko dituela esan du, baina erregimen militarraren barruan banaketa handia dago. El-Teibyren iritziz, borondate politikoa falta da nubiar auzia errotik konpontzeko: “Arazoa ez da konponduko konstituzioan idazteagatik. Orain datorkigu zailena. Gobernuak zin egin digu aintziraren inguruak garatzeko plan estrategiko bat hasiko duela, baina ez ditu nubiarren eskaerak entzun nahi”. Alderdirik latzenetakoa demografia da, 1960ko hamarkadatik ez baita erroldarik egin Egipton bizi diren nubiarren kopurua ezagutzeko.

Barne bereizketa

Egiptoko botere faktikoek ere ez dute lagundu arazoa konpontzen. El-Teibyk hedabideak kontrolatzen dituzten enpresariei egozten die ardura: “Traidoretzat jo gaituzte gure eskubideen onarpena aldarrikatzeagatik. Egiptoko segurtasunarentzat mehatxua garela esan ohi dute”, adierazi du. Naiemek ere antzeko salaketak entzun behar izan ditu: “Izaera politikoa eskuratu dugunetik gure komunitatea kriminalizatzen hasi dira, Egiptoko nazioa banatu nahi dugula eta atzerriko herrialdeek finantzatzen gaituztela esanez”.

Ismail Iskandarani ikerlariaren aburuz, nubiarren kontrako kanpainak ez dira espontaneoak eta interes militarrei erantzuten diete. “Egiptoko armadak ez ditu aintziraren inguruko lurrak eman nahi, horregatik, ezegonkortasunaren mamua astintzen hasi dira. Militarrek zabaldu nahi duten mezua da nubiarrak haien lurretara itzultzen badira Sudango anaien ondora bueltatuko direla eta bloke etniko bat osatuko dutela”, irizten dio ikerlariak.

Halarik ere, etsaia etxean daukate nubiarrek. “Gure borroka ez da batere erromantikoa. Komunitateak gerra irekia bizi du elite ekonomiko zaharraren eta mugimendu berrien artean”, uste du Naiemek. Gazte ekintzaileari ardura puntu bat antzematen zaio: “Nubiako enpresari eta lider politiko gehienek ez dute arazoa konpondu nahi. Aintziraren ertza turistikoki garatzeko jardunetan ari dira, gure onerako jokatzen dutela dioten bitartean. Poltsikoak agintzen du beste behin”.

Nubiarra gizarte klasista da gainera. El-Teibyk ez du arazorik errealitate hori onartzeko: “Azalaren koloreak klase soziala markatzen du gehienetan. Nubiarrak oso desberdinak gara; batzuk beltzak dira, beste batzuk zuriagoak, eta kategoriak sortu dira”. Izan ere, Nubia islamizatzera joan ziren misio militar atzerritarrek begi urdineko eta azal argiko ondorengoak utzi zituzten. Eta koshaf bezala ezagutzen diren nubiar horiek elitetzat jo dira luzaroan. “Zoritxarrez, gure artean dagoen barne gatazka kezkagarriagoa da gobernu zentralarekin daukagun ika-mika baino”, erantsi du.

Nolanahi ere, El-Teiby, Naiem, Hussein eta beste milaka nubiar ez daude amore emateko prest. “Egoerak gaindituko nauela uste dudan bakoitzean, nire amonaren hitzak etortzen zaizkit burura”, gogoratu du Naiemek: “‘Itzul zaitez aintzirara eta ohora itzazu gure arbasoak’, esaten zidan, nubiera hutsean”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egipto
2024-06-11 | Gedar
Gaza eta Egipto arteko muga osoa militarki hartu dute jadanik sionistek

Rafahtik gertu dagoen muga-lerroa osorik kontrolatzen dute, antza. Lau bahitu askatzearen aitzakiapean, ia 300 palestinar erail dituzte sionistek Nuseiraten. Azken zortzi hilabeteetan, ia 37.000 palestinar hil dituzte jada.


Egiptok eta Libiak bat egin dute Hegoafrikaren genozidio salaketarekin

Egiptok Camp David-eko akordioa haustearekin mehatxatu du Israel, Rafah-ko operazioarekin aurrera egiten badu. Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegiari eskatu dio agindu dezala Israel Rafah-tik ateratzeko.


Mizerinok eztabaida piztu du

Mostafa Waziri Egiptoko Antzinaroko Kontseilu Goreneko idazkari nagusiak Mizerinoren piramidea zaharberritzeko proiektu erraldoia aurkeztu du berriki: Gizako piramiderik txikiena granitozko blokez estaliko dute, jatorrizko itxura berreskuratu dezan. Wazirik proiektua gogo biziz... [+]


Sei Egunetako Gerra: ezpata esku batean, gezurra bestean

Gerra eta gezurra bat doaz eta oso gaitza da jakitea gerra batean nor zertan dabilen kazetariak edo bestelako iturriak tartean ez badira. Israelek historikoki erakutsi du ezpata dantzatzeko indarra eta gezurra maneatzeko abilezia. Orain Gaza bonbardatzen ari denean, ospitaleei... [+]


Esfingea haizeak zizelkatu zuen

New Yorkeko Unibertsitateko ikerlari talde batek esperimentu bat egin  berri du, Gizako esfingearen materialak eta eraiki zuten garaiko baldintza klimatikoak imitatuz.


Eguneraketa berriak daude