"Euskal Herria izena programaren zirriborrotik kendu da eskuindarrak isiltzearren"

  • Duela lau urte Felipe Borboikoari monarkiari eta demokraziari buruzko galdera deserosoak egin zizkion neska errepublikazalea da Podemos-Ahal dugu alderdiaren zerrendaburua Nafarroako foru hauteskundeetarako. 

Ama eta aita, biak dituzu politikariak.

Ama independente gisa eta aita Ezker Batua taldeko kide bezala, haiek bizi diren Artikako Kontzejuko presidentea eta presidente ordea dira. Biak aspalditik lanean aritu dira munizipalismoan, beren lanbideez aparte. Gurea oso familia politizatua izan da edo, behintzat, politika ez da niretzat tabua izan. Txikitan Sanduzelaiko eskolara joan nintzen eta han euskal lerroa eta erdarazko ikasleak elkarrekin geunden. Azken hauen artean haur ijitoak zeuden. Istiluak sortzen zirenean beti ijitoen aurka jotzen zuten gehienek, eta nik, aldiz, beti haien alde. Ikusten nuen nola haur horiek ez zuten aukerarik, adibidez, oporretara joateko eta besteok bai. Horrek guztiak galdera asko eragiten zidan eta piztu zuen nigan klase sozialen arteko desberdintasunarekiko interesa. Bestalde, neska nintzelako ez zidaten futbolean jolasten uzten eta halako gauzek izugarrizko amorrua ematen zidaten. Nik gauzak aldatzeko gogoa izan dut beti.

Horregatik ikasi zenuen zuzenbidea?

Bai. Filosofia edo psikologia ikastea ere pentsatu nuen, baina lan egiteko aukera gehiago ematen ahal zidana aukeratzeko gomendatu zidaten gurasoek.  

Gure gizarte honetan gauzak aldatu ahal izateko legeak aldatu behar dira?

Bai, eta askotan legeak aldatzeko herri mugimenduek badute berebiziko garrantzia. Horregatik gustatzen zaizkit Podemos bezalako mugimenduak: alde batetik orain arte alderdien siglekin identifikatzen ez ziren pertsonak erakartzeko eta gizartea politizatzeko tresna politak direlako.

Zaila da jendea mugiaraztea? Gizarte anestesiatuan bizi gara?

Hala hezi gaituzte. Geure belaunaldikoei dena egina eman digute. Ipuin baten modura esan digute ikasiz gero nahi genuen lanbidea eskuratuko genuela. Ez gaituzte demokrazian eta parte-hartzean hezi. Aitzitik, aldendu nahi izan gaituzte, ez zaigula axola esanez, eta askok sinetsi egin dute hori.

Epaile izateko urte luzez aritu zinen ikasten. Zergatik epaile?

Iruditzen zitzaidalako askatasun esparru bat aurki nezakeela legeari beste interpretazioak bilatuz. Sei urtez aritu nintzen oposaketak prestatzen. Oso gogorrak dira eta tarteka etenalditxoak egiten nituen. Horietako batean lanean hasi nintzen Thomson Aranzadi enpresan epaiak aztertzen eta datu base batean informazioa sartzen. Han asko ikasi nuen eta Estatuaren zokoak ikusterakoan ohartu nintzen dena oso lotuta, lotuegi dagoela. Gauzak benetan aldatzeko bidea hori izan ote zitekeen zalantzan jartzen hasi nintzen.

Askatasun gutxi botere judizialean?

Nire ustez epaileek independentzia izan arren, ez da berdin gertatzen goiko organoekin. Nola izaten diren aukeratuak eta legalki gauzak nola dauden moldatuta ikustea besterik ez dago horretaz ohartzeko. Orduan jabetu nintzen prozesu konstituziogilearen garrantziaz. Erakundeak aldatu behar dira elkarrekiko benetako independentzia eta aldi berean barne demokrazia izan ditzaten. Konstituzioak dituen alde onak, pertsonaren oinarrizko eskubideak eta askatasunak, praktikan ez dira bermatzen. Neurriak ipini behar dira hori dena behetik gora aldatzeko, baina horretarako beharrezkoa da gizarte kontziente bat.

Irakasle lana erabat utzi duzu hauteskundeetara aurkezteko?

Baimen ez ordaindua lortu dut azkenean, ekainera artekoa, ni behin-behineko irakaslea naizelako. Ondoren langabeziara joango naiz, baina kobratu gabe. Gure kode etikoaren arabera soldata mugatua dugu: gehienez oinarrizko soldataren halako hiru har dezakegu. Nik irakasle bezala baino gutxiago kobratzen dut orain, baina hemen ez gaude diruagatik eta ez gara kasta bilakatu, batzuek modu gaiztoan dioten bezala. Saiatzen gara neurriak jartzen politikaren profesionalizazioa ekiditeko. Ezin gara bi aldiz baino gehiago aurkeztu hauteskundeetara edota uko egiten diegu dietei eta kargu publikoek dakartzaten pribilegio guztiei, adibidez. Taxi bat hartu beharrean, esate baterako, beti bezala bizikletan edo billabesan jarraituko dut.
Amadeo Marco Ilincheta Diputazio burua izandakoak zioen politikara ez dela aberasteko asmoarekin joan behar, horregatik onena zela lehenagotik aberatsak direnak agintean aritzea.
Bai, agian berak ez zuen behar aberatsa zelako, baina ikusi beharko zen zenbat aberastu ziren berari esker.

El corralito foral liburuan Ivan Gimenezek erakusten du Nafarroa ez dela saltzen, ez erosten, oinordetzan hartzen baizik. Noiz arte?

Limitean jarri arte. Oligarkia ekonomikoa eta boterearen arteko lotura hori moztu beharra dago. Gimenezek oso ongi azaltzen du bere liburuan hasiera batean kazikeak, jauntxoak, Diputazioan sartzen zirela, baina orain ez dute horren beharrik, beren interesen alde egiten duten beste morroi batzuk badituztelako. Hiritarrok hor izan behar ditugu guztion aldeko erabakiak hartzen dituzten ordezkariak, ez soilik aberatsen alde jokaten dutenak.

Nafarroako Ezkerreko Batzorde Errepublikazaleko militantea zara. Monarkia eta demokrazia bateraezinak dira?

Nire ustez bai. Ez dago benetako demokraziarik estatu burua ezin bada aukeratu. Hori zentzuzkoa da, baina Errepublika defendatzen dugunean harago joan nahi dugu: denona denaren alde egin nahi dugu, balore errepublikarretan oinarritutako bestelako gizarte bat, laizismoa, justizia soziala, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, hezkuntza askatasuna, hezkuntza tresna askatzaile bezala eta erabakitzeko eskubidea, noski. Guk hori modu zabalean ulertzen dugu, ez lurraldetasunari mugatuta, baizik eta esparru pertsonaletik abiatuta, baina horretarako, aldez aurretik, duintasunez bizitzeko gutxieneko baliabideak denok eduki behar ditugu bermatuta.

Duela lau urte Felipe Borboikoari esan zenion ez zenuela menpeko izan nahi eta ea noizko monarkiari buruzko erreferenduma. Berak zakar bukatu zuen solasaldia esanez lasai geldi zintezkeela zure loria minutua lortuta.  

Minutu bakarra ez zen izan, bost baizik, eta niri oso luzea egin zitzaidan. Bere garaian izutu egin ninduen honek guztiak izan zuen oihartzunak. Artean ez nuen ez telebistarik ezta Internetik ere, eta nik bizi izan nuena eta kalean entzuten nuena bi errealitate desberdin bezalakoak ziren. Gehien harritu ninduena, hala ere, izan zen zeinen funtsik gabeko erantzuna eman zidan. Argudiorik gehiago ez izatea penagarria iruditu zitzaidan. Eta harropuzkeria puntu bat ere sumatu nuen bere hitzetan. Esne mamitan bizi izan da betidanik eta herritarrok ezin diogu oinarrizkoa den zerbait exijitu? Bestalde, garai hartan M15 mugimendua pil-pilean zegoen eta nahiko tamalgarria iruditu zitzaidan eztabaidetan monarkiaren gaia ez zutela oinarrizkotzat hartzen. Ulertzen dut langabezia eta gazteriaren etorkizuna lehentasunezko gaiak izatea, baina dena lotuta dago. Benetako demokrazia ezak lotura du gaur egun dugun krisiarekin.

Ziztuan joan da guztia. Lehenbizi idazkari eta orain parlamenturako hautagaia. Bertigorik ez?

Beti ari gara aldarrikatzen emakumeon parte-hartzea eta orain aukera eskaintzen didatenean, nola esan ezetz? Hasieratik izandako inplikazioagatik, emakumea, gaztea eta euskalduna izateagatik eskatu zidaten idazkaritza postura aurkezteko eta hori egin nuen. Gero parlamenturako zerrendaburu izatea proposatu eta hemen nago. Zirraragarria da eta nekagarria ere bai, batez ere demokrazia parte-hartzailea halakoa delako. Gutxi batzuen artean gauzak erabakitzen denean agian azkarrago eta errazago izaten da, baina hori ez da gure lan egiteko modua. Parte hartzeko eta koordinatzeko modu berriak asmatzen ari gara.

Hauteskunde hauen atarikoan independentziarena berriz gai izarra. Balizko botoen ihesbidea zuentzat?

Horren ingurura eraman nahi dute batzuek dena. Podemos-Ahal dugun aniztasun handia dago, baina guztiok bat egiten dugu erreskate sozialari lehentasuna ematean. Argi dago, era berean, barne demokrazian sinesten dugula eta ez garela eztabaiden eta jendeari iritzia eskatzearen beldur.

Azaroan 18 eserleku eman zizuen inkesta batek. Oraingoek 8 gehienez. Zuen estrategia berria al da hauteskundeak pasa arte ez hitz egitea berriro balizko itunez?

Hitzarmenak emaitzen arabera ikusiko dira eta guk beti esaten duguna da itunak helburu programatikoetan oinarritzen direla. Argi eta garbi esan dugu norekin ez dugun itunik egin behar Nafarroan: UPN-PSNrekin.

Baina boto emaileek ere jakin nahi dute noraino joateko prest zaudeten…

Guretzako independentzia edo erreferenduma ez dira lehentasunak. Benetako presa duena da erreskate soziala eta horretan oinarrituko dugu gure programa. Etorkizunean independentziaz edo Euskal Herriaren batzeaz hitz egin liteke. Hori gauzatzeko prozesu konstituziogile bat edo bat baino gehiago egin beharko lirateke Kongresuko bi heren behar direlako aldaketak egiteko. Horretarako ezinbestekoak lirateke erkidego guztien arteko hitzarmenak. Hipotesi hori baztertu gabe, gure berehalako helburuak beste batzuk dira.

Eta Euskal Herriaren aipamena zergatik desagertu da?

Euskal Herria izena programaren zirriborrotik kendu da eskuindarrak isiltzearren. Diario de Navarrak dena nahastu zuen esanez guk proposatzen genuela prozesu konstituziogile bat Eusko Autonomia Erkidegoarekin bat egiteko. Baina honen inguruan guk ez dugu ezer esan. Galdetzen badigute esaten dugu jendeari galdetuko diogula zer nahi duen eta kito. Proposatzen dugu organo partekatu bat eratzea EAErekin, baina beste erkidegoekin bezala. Zergatik ez?

Eta alderdi barruan oso desberdin ikusten dira gauzak hemendik edo Madrildik?

Oso ongi ezagutzen dute Nafarroako egoera. Jakin badakite hemen aldaketa behar-beharrezkoa dela eta jabetzen dira zer puntutaraino komunikabide batzuek manipulatzen duten errealitatea. Ez da egia betoa jarriko liguketela haien gustuko ez den zerbait erabakiko bagenu. Lurralde bakoitzean tokiko asanbladak erabakitzen du. Beraz, gure esku dago.

Egun hauetan zu pertsonalki jasaten ari zaren erasoetatik, zer da gehien mindu zaituena?

Madrilera joaten naizenean nire familiak berak esaten dit ezker abertzaleko erradikala naizela. Betidanik ezagutzen naute eta benetan mintzen nauena da zenbaterainoko boterea duten pertsona baten irudia aldatzeko baita bere familiaren aurrean ere. Podemoseko askok ere sinetsi dituzte gezur horiek. Erriberako jendearekin, adibidez, askotan argitu behar izaten dugu guk ez dugula hau edo bestea esan, Diario de Navarrak baizik. Dena den, ez nau gehiegi kezkatzen, hori delako haien tresna, besterik ez. Komunikabideek badute adierazpen askatasuna, baina horren gainetik dago herritarrok egia jasotzeko eskubidea.

Arlo sozialean ezker abertzaleak edo zuek esaten duzuena oso antzekoa da.

Desberdintasun handiena da gu ez garela abertzaleak. Ezker abertzaleak lehentasuna ematen zion eraikuntza nazionalari eta orain garrantzi gehiago ematen hasi zaio diskurtso sozialari. Hala ere, jende asko dago gai sozialekin oso interesatuta dagoena eta Bildurekin identifikatzen ez dena. Pertsona hauek Podemosen beren espazioa aurki dezakete.

Nortasun agiria

Laura Pérez Ruano. Bilbon jaioa (1980ko abenduaren 23an) baina 3 hilabeterekin Iruñera bizitzera joana. Abokatua, duela aste gutxira arte DBHko euskara irakaslea Lizarran eta orain Podemos-Ahal dugu alderdiko idazkari nagusia Nafarroan eta parlamenturako zerrendaburua.

Bizipiketea

“2012ko martxoan egindako greban bizipiketeko kideei bizikletak kendu eta 300 euroko isun bana jarri ziguten. Nafarroako Parlamentuak gure aldeko ebazpena egin zuen, pairatu genuen poliziaren errepresioa salatuz eta isunak bertan behera uzteko eskatuz. Nahiz eta gure aurkako frogarik ez egon eta greba egunean baketsuki parte hartu, ordena publikoa guk apurtu genuela ebatzi berri du epaileak. Eta haiek? Ez al dute bake sozialaren aurka egiten etorkizuna ukatzen digutenean?” (Euskalerria Irratirako idatzia)

Bigarren planoan

“Pertsona aditu eta balio handiko askok parte hartu nahi izan du gure programaren osaeran, baina askok ez dute aurpegia eman nahi. Hori kezkagarria iruditzen zait eta nork egin duen gauza bakoitza ezin esateak pena ematen dit. Politika oraindik normalizatua ez dagoen seinale”.

Off the record
Presiozko lapikoa

Urak ez daude bare Nafarroako Podemos-Ahal dugu alderdiaren baitan: barne tentsioak, hauteskundeetarako prozesuaren garbitasunaren inguruko akusazioak eta berez konplexua den batzar bidezko erabakiak hartzeko lan egiteko modua. Honi gehitzen zaio eskuineko komunikabideen etengabeko erasoaldia bai alderdiari bai Laura Perezi ere.  Bilduren “marka zuria” direla diote kastakoek. Ezker abertzaletik aldiz, argi eta garbi kartak mahai gainean jar ditzala eskatzen diote alderdi berriari. Balizko boto emaileengandik galdera ugari, baina Madrildik erantzunetan zuhurtzia agintzen dute. Egunak ziztuan doaz eta elkarrizketak, eta mahai-inguruak, eta bilerak, eta txostenak, eta sare sozialak, eta inkestak… Azaroan 18 eserleku ematen zien inkesta batek Nafarroan. Orain 8 gehienez. Laura Perezek tinko eusten dio, ezpainetako margo gorria galdu gabe.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Podemos
Ahal Dugu eta Sumar bananduta aurkeztuko dira Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara

Lander Martínez Sumarreko bozeramaileak egintzat eman du banaketa eta Alba García alderdi horretako lehendakarigaiak ere ez du gaur gaurkoz posible ikusten koaliziorik.


Bilboko eraso homofoboa Legebiltzarrera iritsi da

Santomasetan bi homofobok sudurra apurtu zioten 23 urteko gazte bati eta kasu horren harira hainbat galdera egin dizkio Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Jaurlaritzari, LGBTfobiari aurre egiteko neurrien inguruan. Bilboko EHGAMek ere badu zer esana: "Zisheteronorma babesten... [+]


Sumar koalizioa Madrilen bai, baina Gasteizen ez

Euskadiko Podemosen koordinatzaile nagusi Pilar Garrido, Sumarren Gipuzkoako zerrendaburua izan zena Espainiako hauteskundeetan, koaliziotik kanpo aurkeztearen alde mintzatu da Eusko Legebiltzarreko datozen bozketei begira. “Euskadiko jendea mobilizatzeko balio du... [+]


Inbestidura prozesua ezusteko gabe igarota, Chivitek Nafarroako lehendakari kargua hartu du

11:30ean izan da kargua hartzeko ekitaldia Nafarroako Parlamentuan, eta gonbidatu gisa joan dira hainbat ordezkari politiko, tartean Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria. Kontseilari berriak ere izendatu dituzte: lau Geroa Baik gidatuko ditu eta bat Zurekin Nafarroak;... [+]


2023-05-29 | ARGIA
EH Bilduk eta abstentzioak EAJren nagusitasuna apaldu dute

Abstentzio handiko hauteskundeak izan dira, eta lehia handiena EAJ eta EH Bilduren artean izan da: lehenengoak behera egin du eta bigarrenak gora. Nafarroako Legebiltzarrean UPNk mantendu du 2019ko garaipena, eta PSNk bigarren postua. Araba eta Bizkaiko Batzar Nagusietan, EAJk... [+]


Eguneraketa berriak daude