Kideen arteko zaintza lantzea estrategikoa da

  • Herri mugimenduak horizontaltze bidean murgildu dira. Proiektua pertsonek egiten dutela jakitun, talde-bizitzari garrantzia ematen zaio inoiz baino gehiago. Gainditu nahi dituzten eskemak errepikatzeak aldaketarik ez dakarrelako, eta amesten duten gizartea gaurdanik bizitzea gako zaielako helburuak lortzeko.

Joxemi Zumalabe herri mugimenduekin eta herri mugimenduentzat lan egiten duen fundazioa da. Herri mugimendu zer denentz galdetuta, definizio zabalenaren alde agertu dira bertako kide Marta Luxan eta Olatz Dañobeitia: “Gure jendartearekin eroso ez daudenak eta oinarrian dauden gauzak eraldatu beharra ikusten dutenak. Kontzientzia maila, praktika eta antolakuntza eredu oso ezberdinekin”. Herri mugimenduak momentu interesgarrian daudela azaldu digute: “Beste une batzuetan ziurtzat jo diren antolakuntzari buruzko zenbait gauza birpentsatzen ari gara mugimenu ezberdinetan. Hausnarketa emankorra izango da etorkizun hurbilean”. Orriotara eraldaketa horren hainbat gako ekarri ditugu Joxemi Zumalabe, Bertsozale Elkartea, Bilgune Feminista eta Donostiako Piratak taldeen bidez.

Ez dira betiko garai onenak...

Testuingurua aldatua da bai Euskal Herrian bai munduan. Erronkak eta baldintzak ez dira lehengoak: “Herri mugimenduetan birkokapen bat ematen ari da, baina maila oso ezberdinetan. 30-40 urteotan nahiz eta apurketaren aldeko mugimendu oso bat egon den, sistema garatu egin da (‘ongizate’ deitzea gehiegi izan daitekeen arren, kontsumoaren kultura, indibidualizazioa...). Baina une honetan hori eteten ari da. Jendea hasi da bere buruari galdezka: nondik hasiko gara erresolbitzen bizimodua, indibidual eta kolektiboki? Mundu antolakuntza honetan, estatua/administrazioa kokatu izan da eskubideen garante gisa. Eta egun (ez lehen) hori ez du bete eta beraz borroka eremu oso bat dago hor. Eta gehitu horri Euskal Herrian gatazka politikoaren beste ziklo batean gaudela. Gatazka politikoak eragin handia izan du kulturalki, testuinguru errepresiboak eragin ditu hainbat funtzionamendu, hainbat logika, dinamiken denborak... Egun trantsizio anitzen garaian gaude”. Borroka eremuak ere mugitzen ari direla azaldu du Luxanek: “Lehen zegoen borroka desberdinen arteko hierarkizazioa (garrantzitsuagoak ziren borrokak eta ez zirenak) ezbaian dago eta bizitzaren iraupenarekin zerikusia duten dinamikak mahai gainean jartzen ari dira, hau ezin baitu planetak eutsi. Eta horri lotuta, oso klasikoak ez diren dinamiketan talde berriak sortzen ari dira: elikadura subirautza politizatu eta problematizatzearen inguruko taldeak; 2008tik honako ‘krisi’ testuinguruari lotuta herrietan eskubide sozialen inguruko taldeak...”.  

Zergatik ari dira zabaltzen barrura begiratzeko leihoak?

XX. mendeko borroken akatsetan ez erortzea da XXI.ekoen erronka, Dañobeitiaren hitzetan: “Proiektu handi batzuek iparretik galdu dute oinarrizkoa: borroka pertsonak garela. Norberaren jarrerak, norberaren komunitate-auzo-etxea... Borroka egiteko egitura eta bitarteko batzuk sortzen ditugu, baina joera dugu irauli nahi dugun gizarte hori bera errepikatzeko. Egitura eta logika horiek dira pixka bat mugitzen ari direnak, baina oraindik pisu handia dute”. Bat dator Bertsozale Elkarteko Aritz Zerain: “Herri honetan proiektua lehenesten da eta badirudi proiektua denaren gainetik dagoela. Baina proiektua pertsonek egiten dute. Elkar zaintzen ez badugu, proiektuak ez du aurrera egiten. Proiektua ez baita ezerezetik sortu eta aurrera doan zerbait”. Donostiako Piraten artean ere horren kontzientzia esnatzen ari da, Lander Arbelaitzek azaldu duenez: “Aurten guztion artean erabakitako urteko erronketan, lehenengo hamarren artean hiru zaintzaren eta gozamenaren esparrukoak izan dira. Zaintza praktikan nola sustatu daitekeen proposamenak lantzen ari gara”.

Oreka: proiektua-taldea-pertsona

Horra hor orekaren hiru elementuak, edozein erakundek bere egoera osasuntsua den ziurtatzeko aztertu ditzakeenak.

Luxanek azaldu digunez, gakoa da pentsatzea talde bizitzak eragina duela proiektu politikoan: “Lehen ez zen zuzenki lotzen talde bizitza proiektuarekin. Hainbat mugimendu asanbleariotan entzun dugu ‘hori txorakeria bat da’, ‘ez du merezi gure arteko gatazka batez hitz egiteak’... Ez da lotu izan proiektu politikoaren eraginkortasunarekin, proiektu politikoaren bidea taldearen bidearekin, ez bada ‘gutxi gara ala asko gara?’, zenbakiaren pisuarekin neurtzeko. Baina ez da behar beste landu taldean zer nolako bizitza dugun, taldeari zer nolako espazioa eskaintzen diogun, proiektuak bidean taldea itotzen duen edo lehertzen duen...”. Bide horretan oraindik egiteko asko dagoela azaldu dute Zumalabekoek: herri mugimenduetako taldeak kontzientzia hartzen hasi dira baina talde bakoitza kokapen batean dago, eta kolektibo baten baitan ere militante bakoitzak gaia ezberdin bizi du. Ikus ditzagun adibide batzuk:

Piratek taldearen egitura erabat aldatu dute urte gutxian, horizontaltasuna irabazteko. Inaxio Oiarzabalek kontatu duenez: “Sorreratik hamar laguneko lantalde bat zen mugimendu guztiaren antolaketaz arduratzen zena. Duela sei urte, ekimenetan parte hartzen zuten koadrilak antolakuntzan ere txertatzeko urratsa eman zen. Koadrilen mahai edo ordezkaritza sortu zen, baina jarraitzen zuen aurreko hamar laguneko koadrilak egoten. Koadrilen ordezkariek erakusten zuten erabakiak hartzeko ahalmena eduki nahi zutela, erabakiguneetan eztabaidak partekatu nahi zituztela... Duela hiru urte erabaki zen antolaketa orokorra aldatu behar zela eta ez zuela zentzu handiegirik jaietako parte-hartzeaz hitz egiteak guk talde barruan parte hartzea murrizten bagenuen. Horrela sortu zen duela bi urte lehenengo Kofradia eta ikusi zen Kofradiaka antolatzeak bide emango zuela transparentzia ariketak egin eta horizontaltasuna irabazteko”. Egun 280 pertsona inguru daude antolatuta Piratetan, Kofradiaka. Zenbait Kofradia auzoka sortu dira eta beste batzuk lan esparruka. Kofradien ordezkariek mahaia osatzen dute, Ontziola deitua, eta bertan gehitzen dira ikuspegi orokorra duten funtzioak: komunikazioa, diru-zaintza eta koordinatzaile orokorrak. Batiste Ezeizak antolaketa aldatzeak parte-hartzean izan duen eragina azaldu du: “Lehen zegoen hamar laguneko koordinazio taldea irekia zen, baina ez zen erraza eta erosoa besterik gabe han azaltzea ‘aupa, ni ere zuekin eztabaidatzera eta erabakiak hartzera nator’ esanaz. Ikusten genuen kritikatzen genuen horretatik, alegia, pertsona gutxi batzuek erabakitzen zutela denon Aste Nagusia, etxe barruan ere ez geundela oso urruti. Ez hala nahi genuelako, baizik jendeari asko kostatzen zitzaiolako molde horretan parte hartzea. Kofradiekin parte-hartze guneak herritarrengandik gertuago daude (auzoan edo interesguneen bueltan sortuak baitira), eta jendeari errazagoa zaio bertara jotzea. Horrez gain, zenbat eta Kofradia gehiago egon, orduan eta jende gehiago ari da erabakiguneetan parte hartzen. Era honetan proposamenak jasotzeko, eztabaidak emateko, erabakiak hartzeko esparrua pila bat zabaldu da”.

Bertsozale Elkarteko kide Esti Esteibarrek azaldu duenez: “Azken hamarkadan, gizartean bezala Elkartean ere egin da sakonagoko kontzientzia ariketa bat, eta egun pertsonen arteko parte-hartzean harremanak, elkar-zaintza eta abar gehiago hartzen dira kontuan. Horren harira Elkarteak 2008an Harremanen Taldea sortu zuen. Eta hortik Genero Taldea sortu da”.

Bilgune Feministan gai honen kontzientzia betidanik eduki dutela adierazi digute Idoia Trenor eta Miren G. Arakistainek, baina talde dinamikan hori lehenesten denborarekin ikasi dute. Trenorrek azaldu duenez: “Pertsona batzuek saiakerak egin zituzten urteetan zehar pertsona, taldea, zaintza lantzeko, baina ez zuten lortzen, zegokion garrantzia politikorik ematen ez zitzaiolako. Lehenago kontzienteak baginen ere gai honek duen garrantziaz, 2012an hasi ginen lantzen eta Joxemi Zumalabe Fundazioarekin eginiko saioek balio izan ziguten gai honi dimentsio politikoa emateko eta praktikara ere eramateko”. Arakistainek gaia esplizitu egin eta adostearen garrantzia azpimarratu du: “Gauza bat da gaia presente egotea. Baina modu adostuan eta kolektiboan espazioa ematea eta neurriak hartzea beste gauza bat da, alegia, dimentsio politikoa ematea, honi buruzko erabakiak hartzea aurtengo egitasmoa bezain garrantzitsua dela jakitun izatea. Neurriak denen artean adosten direnean, orduan materializatzen dira benetan”.

Bakoitzak bere erara baina gaiari heldu dioten hiru talde dira. Dañobeitiak kritikatu du beste hainbat taldetan gai hau politikoki zuzenetik bizi dela: “Leku batzuetan taldea, horizontaltasuna, erabakien parte denok izatea, ikusten da gestio eredu on baten gisa, Kalitateko Q gisa”. Aldiz, taldearen eta proiektuaren artean dagoen loturak potentzialtasun handia duela ziur da: “Dibertsitatetik, eragiteko-pentsatzeko-egiteko modu anitzak horizontalitatean artikulatzeko gaitasuna dugunean, proiektuaren abiada eta potentzialitatea biderkatu egiten da”.

Zer ederra aniztasuna... Baina nola kudeatzen da?

Bertsozale Elkartea aniztasuna artikulatuz ari da sorreratik. Hasieratik bertako kide dira bertsolari eta bertsozaleak, herrialde bakoitzak berezko elkartea du (hauek oso errealitate ezberdinetan dihardute), belaunaldiak gehituz doaz, soldatapeko (74 langile ditu egun) eta borondatezkoen lana uztartzen ditu, bakoitzaren lan profila oso anitza da (koordinaziotik oso lan kualifikatura)... Ondorioz, Elkartea ulertzeko modu asko daudela azpimarratu digute Zerain eta Esteibarrek. Kezka nagusia borondatezko eta soldatapekoen lana orekatzea omen da. Aniztasuna artikulatzeko gakoa da erabakiguneetan bat egiten dutela hauek denek, eta erritmo pausatuan dihardutela, Esteibarrek azaldu duenez: “Zuzendaritzetan borondatezkoak dira kide gehienak. Zergatik? Elkartearen dinamika handia eta azkarra delako, eta profesionalok oso lan sistematikoa dugulako eta erabakiak hartzeko presa handia, inertziaz. Borondatezkoekin partekatu behar izateak kanpoko begiratua jasotzeko ere balio du. Militanteen begiratu hori oso inportantea da zeren eguneroko lanean batzuetan galdu egiten da perspektiba. Pentsa liteke Elkartea bere funtzionamenduan oso mantsoa dela, baina horrek eragindakoa da. Elkarteak esku artean dituen gaiak batzordeetatik pasatzen dira eta batzorde horietan borondatezko kideak daude, eta erabakiak kontsentsuz hartzen dira. Ez dugu ezer bozkatzen. Guretzat ezinbestekoa da prozedura hori, bestela azkartasunaren izenean parte-hartzea murrizten ariko ginateke eta proiektuak galdu egingo luke aniztasun eta izaera ireki hori”.

Hainbat praktika on

Trenorrek azaldu digu nola landu duen Bilguneak sorreratik lidergo konpartitua kontzienteki: “Aniztasuna bermatu nahi genuen lidergo bakarraren aldean. Garrantzia ematen diogu medioen aurrean ahalik jende gehienak Bilgunea ordezkatzeari eta Bilgune Nazionalean asanbladako puntu bakoitza pertsona batek azaltzeari, ahotsak entzun daitezen”. Kontzienteki hartutako beste erabaki bat da Bilguneak kideen zaintzarako espazio ere izan behar duela, eta hainbat ekintza zehatz burutzen dituzte horretarako. Adibidea jarri du Arakistainek: “Herrietako taldeetan asko hitz egiten dugu bakoitza nola dagoen, pertsonalki, aukeraz eta disponibilitatez, gogoz, asmoz, taldean nola gauden...” eta proiektua kideen indarren arabera egokitzen dute tarteka: “Adibidez, deskantsuak hartuz edo gauzak beste modu batera planteatuz. Proiektuak mugatzea zaila da baina ikaskuntza bat, era berean”. Lehentasunak markatzea eta gai urgenteak eta ez direnak bereiztea ezinbestekoa dela argi dute.

Parte-hartzearen ikuspegi orokorra landu dute Bilgunean, Arakistainek ohartarazi duenez: “Parte hartzea ez da hitz egitea bakarrik. Parte hartzea da entzutea, eta denon artean gutako bakoitza eroso egoteko moduak bilatzea. Parte hartzea presentzia da. Garrantzia ematen diogu entzuteari, eta ez hitza bakarrak bereganatzeari”. Horizontaltasuna bermatzeko metodologia gakoa dela gehitu du Trenorrek: “40 kideko asanbladetan denen hitza entzun dadin errondak asko erabiltzen ditugu baina gaia landu genuenean jende askok esan zuen errondetan ez zela eroso sentitzen. Hartu genuen neurrietako bat izan zen errondak gutxitzea. Badakigu pertsonek mugak izan ditzaketela jende askoren aurrean hitza hartzeko eta horregatik talde txikitan egiten ditugu lanketak, denon ahotsa islatuko dela bermatzeko”. Gaiak teoriatik lurrera, bizipenetara ekartzea da parte-hartzea bultzatzeko beste bideetako bat, Trenorrek azaldu duenez: “Kontzienteki prestatzen dira bilerak; teoria ezberdinak partekatzen ditugu kontzeptuak argitzeko baina lanketa pertsonala izaten da, zentroan bizipenak jartzen ditugu”.

Esteibarrek azaldu duenez, Euskal Herriko Bertsozale Elkartean kideen arteko gatazkak eta gaizki-ulertuak gainditzeko kultura zabaltzen ari da: “Talde lanak aukera handia ematen du norberak bere burua ezagutzeko. Zerbaitek tentsioa sortzen duela ikustean, ahalegintzen gara norbere barrura begiratzen, norberak hor zer parte izan duen aztertzen. Kultura aldaketa handia eman da”.

Bertsozale Elkarteak hainbat gai estrategiko prozesu parte-hartzaileen bidez landu ditu azken urteetan. Baita Piratek ere, ezkerreko koadroan ikus daitekeenez.

Boterea dantzan

Zergatik kostatzen da zenbait gunetan aldaketa? Dañobeitiak ahobilorik gabe jaulki du: “Antolaketa kuestionatzeak dakarrelako zenbait pertsonen botere eremuak kolokan jartzea, eta horrek erresistentziak sortzen ditu”. Aldaketa esplizitu egitearen garrantzia azpimarratu du Arakistainek: “Ez bada esplizitu egiten eta adosten, erresistentziak ezkutuan geratzen dira, eta erresistentziak denok eduki ditzakegu, gai honek eremu pertsonala ukitzen baitu. Egia esan, Feminismoak mundua bizitzeko eta ulertzeko gakoak eskaini dizkigu; artean, botereaz, zaintzaz, edota subjetibotasunaz eta kolektibotasunaz pentsatzeko aukerak”. Trenorrek dio Joxemi Zumalabekoek gidatutako saioek balio izan zutela gaia landu eta zegokion dimentsioa emateko: bideratzeko: “Kosta egiten da onartzea eta ikustea botere banaketa edo mailaketa bat badagoela gure artean. Klabea izan zen horretaz hitz egiteko espazioa eskaintzea”.

Bilgune Feminista: Gozamena politizatu

Urtean bi asteburu-pasa egiten dituzte: irailean plangintza prestatzeko eta udaberrian formaziorako. “Txute bat dira” ziurtatu du Arakistainek, hauetan gune informalek leku gehiago dutelako. Trenorrek azaldu duenez: “Plazerari ere tartea eman behar zaio. Gustura ez zauden lekuan, egin behar duzulako egiteak iraungitze data dauka. Ezinbestekoa da zaindua sentitzea, gustura, ongi pasatzea, eta sinisten duzun hori eraikitzen ari zarela sentitzea, borroka plazerez egitea”.

Gune informalak politikoki lantzen dituzte Bilgunean. Trenor: “Gune informalak beti egon dira, baina berauek kontzienteki landu eta probokatzea lan bat da. Beste edozein gai bezala lantzen ditugu gune informal horiek bileretan. Adibidez, beti datoz kide berriak mugimendura, eta nork egingo die pertsona berriei harrera? ardura hori banatu egiten da. Edo astebukaera-pasetan gaueko gaubela ez dago gidatuta, baina badu dinamizazio puntu bat, ekimena hartzen duen norbait, eta ardura horiek banatu egiten dira. Metodologia bat daramate eta berariaz lantzen dira”. Festa eta generoaren gaia kontzienteki landu du Bilguneak, noiz eta zergatik dauden eroso jai batzuetan eta zergatik ez beste batzuetan. Arakistainek nabarmendu duenez: “Guretzat lehen lerrokoa da horri dimentsio politikoa ematea. Eraldaketa ez da bileretan soilik ematen, espazio oso ezberdinetan ematen da, gune informaletan ere, eraldaketan gaude”. Gune informalak kontzienteki lantzeak bere bidea egin duela adierazi dute, horren adibide Topaketak: “Duela urte batzuk Tolosan izan ziren Topaketetan lau katu geratu ziren festan, eta aldiz, aurten Ondarroakoetan ia ez ginen kabitzen lo egiteko gunean. Bilakaera oso nabarmena izan da”.

Joxemi Zumalabe: Meteosat eta Kasu!

12-15 kide dira Joxemi Zumalaben.  Dañobeitiak hiru hilero talde bizitza aztertzeko egiten duten Meteosat lanketa aurkeztu digu: “Leku erosoan biltzen gara, ahal bada presarik gabe. Eta aztertzen dugu pertsona bakoitza hiruhileko horretan zelan dagoen, aldaketarik izan duen osasunean, lanean, zaintzan... Gero aztertzen dugu zelan sentitu den norbera aurreko hiruhilekoan taldearekiko eta proiektuarekiko, zerk sentitu arazi duen ondo eta zerk gaizki. Proiektuarekiko ditugun kezka, ilusio eta atxekimenduan ematen diren aldaketak garrantzi handia izaten dute gure Meteosaten. Berau berpentsatuz tarteka. Ariketa hori ez da beti lore arteko bidea izaten, eta hori egin aurretik ahalegintzen gara elkarri autoestimua igotzeko dinamikak egiten, goxo hasi eta goxo amaitzeko”.

Gorputzari loturiko lanketak ere egiten dituzte, “eraldaketak ez baitira diskurtsiboki soilik gauzatzen, gorputz-emozio eta pentsamenduaren arteko elkarrekintzan gauzatzen dira”. Meteosat batetik sortu zen Kasu! lantaldea, iazko urte bukaeran: “Plangintzaren %90-95 betea genuen baina zelan bete genuen? Zeren gainetik? Gure neke mailari, taldean bizi izan genituen uneei eta abar begiratuta eta etorkizuneko finantzazioa nola lortu aztertzeko sortu zen Kasu! lantaldea”. Bertan ari dira barne antolaketa birpentsatzen: erabakiguneak non dauden, zentroan zer dagoen, hori nola mugitu, gauzak horizontalagoak nola egin... “Norantz egin nahi dugun bidea eta zelan pentsatzea da gakoa, talde gisa hazi nahi dugun edo ez, militante gehiago nahi ditugun edo ez, liberatu gehiago nahi ditugun edo ditugunak kenduko ditugun... Badu dimentsio ekonomikoa, egiturazkoa eta funtzionamenduzkoa”.

Piratak: Balioak birdefinitzen

Otsailean 65 bat laguneko asanbladan birdefinitu eta sakondu zituzten Donostiako Piraten balioak. Arbelaitzek azaldu duenez: “Bere garaian bista handiz erabaki zen jai herrikoiak euskaldunak, parekideak eta parte-hartzaileak izan behar zutela. Baina ordutik denbora asko pasa da, mundua aldatzen doa eta ikusten genuen egun egiten genituen gauza batzuk hor kokatu beharra, baita aurrera begirako lan ildo berriak ere”. Espazio Irekia izeneko dinamika baliatu zuten: “Norberak pentsatuta ekarri zituen ordura arteko hiru balioez gain, beretzat garrantzitsu ziren hiru, eta txarteletan idatzirik, lurrean kokatu zituzten borobil erraldoi batean. Ondoren, elkarrekin hitz egin gabe balioak multzokatu genituen denen artean eta balioak lantzeko taldetxoak osatu genituen. Multzo bakoitza zein hitzekin laburbildu adostea eta balio hori praktikan nola jarri aztertu genuen denon artean. Parte-hartzaileak mahai batetik bestera ibil zitezkeen balioak lantzen”. Ezeizaren hitzetan lanketa hori gakoa izan da: “Ez dezagun inertziaz funtzionatu, bere garaian erabaki zutenen eskutik hori jaso dugulako soilik. Egungo balioak eta funtzionamendua guztion artean kontzienteki erabakiak izan daitezela”. Balio horiek egunero egiten duten lanarentzat “ipar orratza” direla diote, eta oraindik prozesua irekita badago ere, mugimendu osoa sintonian jartzeko balio izan dutela.

Bertsozale Elkartea: Festa baina arautu gabe

Esteibarrek nabarmendu du urteen poderioz Elkartearen eguneroko lana asko instituzionalizatu dela: “Bertso udalekuak, bertso eskolen festak, horiek denak egitea da gure helburua, baina kalean hori gertatu dadin Elkartean oso bestelako lanak egin behar dira. Hori gertutasuna eta faktore humanoa galdu gabe egitea da gakoa”. Beharbada hori orekatzeko, kideen arteko festak espontaneoak izatea hobesten dutela nabarmendu du Zerainek: “Bertsolaritzak berak ere badu puntu informal hori. Dena antolatu egin behar dugu? Hori ere ez bagara gai berez egiteko, ez bazaigu berez ateratzen, ez goaz ongi! Gainera antolatuz gero batzuek sentitzen dute ‘jada badator goitik!’”.

Elkarteko langileen artean udara partean Uztapide Eguna egiten dute aspaldidanik. Esteibarrek azaldu duenez “langile guztiak gaude gonbidatuak. Lehen joan beharrekoa zen, egun ez da behartzen. Nahi duena etortzen da. Ekimen ezberdinak egin izan ditugu”.

Bertsolaritzak berak ere sortzen ditu antolatzaileentzat festak, esaterako Bertso Eguneko gauean, txapelketak ere festarekin bukatzen dituzte. Baina egun handien aurretik kontzienteki festa egiten dutela azaldu du Zerainek: “Ekintza handiak datozenean, adibidez, txapelketa bat, aurreikusten dugu tentsioa egongo dela, haserre momentuak eta adiskidetze momentuak egongo direla... orduan saiatzen gara aurretik parranda bat egiten elkarrekin. Festak harremanak goxatzen ditu eta kolektibo guztiak batzen ditu, bertsolariak, zaleak, herrialde ezberdinetako jendea...”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri mugimenduak
Nola obedituko diot eroari

1997. Aguraingo Intsumiso Eguna. Antimilitarismoak milaka lagun biltzen zituen bere ekimenetan, artxibotik berreskuratu dugun argazki honetan ikusten den moduan. Aurten 30 urte beteko dira Intsumiso Eguna ospatzen hasi zirela.


Zapi morea

Andre zahar dotorea senarraren besotik zihoan gurutzatu ginenean. Bistaz ezaguna, oker samar zegoela ikusi nuen, adinaren ajeak. Benetako señora eibartarra: perlazko lepokoa; ilea kardatuta harro-harro, ostirala izanda, ile-apaindegian goizean egon zela ezagun zuen. Gure... [+]


Gorputz hotsak
"Filmak ez daude gorrentzat eginda; euskara ez dakitenentzat eginda daude"

Jende askorekin eta elkarrizketaz inguratuta dagoenean isil-isilik edo ohi baino isilago egoten da Irati Erauskin (Hondarribia, Gipuzkoa, 1996). Horregatik, “oso irekia” den arren lotsatia dela uste dute batzuek. Entzumen urritasuna dauka, eta batzuetan “oso... [+]


“Denbora deskolonizatzea metatze kapitalistari uko egitea da”

Adriana Guzmán Arroyo herri-hezitzaile aymara eta Boliviako feminismo komunitario antipatriarkaleko erreferentearekin batu eta kolonialismoa, arrazismoa, estraktibismoa, nahitaezko heterosexualitatea, familia, komunitatea, Estatua eta pribilegioak izan ditugu mintzagai,... [+]


Bonbak eta munizioa jaurtiko dituzte aste guztian Bardeako tiro poligonoan

Herrialde askotako hegazkinak izanen dira Bardean gerrarako ariketa militarrak egiten. Benetako bonbak eta munizioa erabiliko dituzte horretarako. Aste osoan izanen dira lan horietan eta Poligonoaren Aurkako Asanbleak zalantzak ditu segurtasuna ziurtatuko ote duten... [+]


Eguneraketa berriak daude