Kalean bizi den jendearen errealitateari kolektiboki erantzuteko, harrera sarea

  • Ondo Etorri Laudio Harrera Herria sortu dute, kale egoeran bizi diren pertsonen “bidelagun” izan eta “mugimendu arrazista zein xenofoboen aurka” borrokatzeko. Eskualdeko ikuspegiarekin landu nahi dute gaia, eta “lanean” jartzeko deia egin diete erakunde publikoei. 

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2025eko ekainaren 13an - 07:00
Mahai-ingurua antolatu zuten taldeko kideek martxoan. Aiaraldea.eus
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Iazko udazkenean atera zen albistea. Euskal Autonomia Erkidegoko 30 udalerritan egin zuten kalean bizi den jendearen zenbaketa, eta 1.541 pertsona identifikatu zituzten orotara egoera horretan, horietako 15 Laudion. 

Igoera nabarmena izan zen, bi urte lehenago eginiko kontaketan 658 pertsona identifikatu baitzituzten erkidego osoan, eta Laudion bat ere ez. 

Egoera horri “kolektiboki” erantzuteko antolatzeari ekin zion bizilagun talde batek urte hasieran. 

Bide horretan, mugarri garrantzitsutzat jo dute martxoan antolatutako mahai-ingurua. Euskal Herriko lau eragile gonbidatu zituzten bertara: Agharas (Bizkaiko Imazighen Elkartea), Getxoko zein Bilboko Alde Zaharreko Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak eta Atxuri Harrera.

Nabarmendu dutenez, solasaldi hartan jasotako esperientzia eta irakaspenak “oso baliagarriak” izan dira Laudioko taldea sortzerako orduan. 

Horrez gain, hainbat batzar ireki egin dituzte azken hilabeteetan, eta “dozenaka bizilagun” batu dira modu horretan, “jatorri eta profil anitzetakoak”. Horrela jaio da Ondo Etorri Laudio Harrera Herria elkartea.

Ostegunero Herriko plazan

“Topagune ireki bat” izango da elkarteak abiatuko duen lehen egitasmoa. Ostegunero atonduko dute Laudioko Herriko plazako arkupeetan, 19:00etatik 21:00etara, “kale egoera bizi diren pertsonei harrera egin eta bizilagunen arteko sareak ehuntzen hasteko”. Herritar guztiei luzatu diete bertan parte hartzeko gonbita. 

"Topagune ireki bat" jarriko dute ostegunero Laudioko Herriko plazako arkupeetan, 19:00etatik 21:00etara.
Arrazismoaren aurka

Elkarte sortu berriko kideek “hartu eman zuzenak” izan dituzte kale egoeran bizi diren Laudioko hainbat bizilagunekin, “euren egoera eta beharrizanak gertutik ezagutu eta elkarlaguntza sare bat eratzen hasteko”. 

Modu horretan ondorioztatu dute “errealitate berri bat” dela Laudion azaleratzen ari dena. “Geroz eta jende gehiago dago herriko kaleetan bizitzen, eta profil nagusia ez da duela urte batzuetako berdina”, nabarmendu dute. 

“Jarrera eta mugimendu arrazista zein xenofoboen aurka” ere egin nahi dute borroka: “Laudio beti izan da Harrera Herria, eta horrela izaten jarraituko du, edo ez da izango”

Gazte migratuak dira Laudioko kaleetan bizi diren gehienak, Ondo Etorriko kideek azaldu dutenez. 

Argazkia: Aiaraldea.eus

Ondo Etorriko kideen hitzetan, gazte migratuak dira kalean bizi diren gehienak, “ikasten edo lanean daudenak, baina  baliabide nahikorik ez dutenak euren oraina eta etorkizuna herrian garatzeko”. 

Izan ere, nabarmendu dutenez, kalean bizitzearena ez da pertsona horiek duten arazo bakarra, beste hauek zerrendatu dituzte: “Egoera administratibo irregularrak, errolda edota lana lortzeko trabak, osasun zein hezkuntza zerbitzuetara heltzeko zailtasunak eta abar luze bat”. 

Hori dela eta, helburu bikoitz bati heldu nahi diote elkarteko kideek. Alde batetik, “bidelagun” izan nahi dute kale egoeran bizi diren bizilagunentzat, “euren orainaren eta etorkizunaren eraikuntzan”.

Bestetik, “jarrera eta mugimendu arrazista zein xenofoboen aurka” ere egin nahi dute borroka. “Laudio beti izan da Harrera Herria, eta horrela izaten jarraituko du, edo ez da izango”, aldarrikatu dute. 

Instituzioei interpelazioa 

Taldea Laudion sortu den arren, “eskualdeko ikuspegia” dauka. Izan ere, ohartarazi dutenez, Aiaraldea osoan dago jendea kalean bizitzen. Horregatik, aldarrikatu dute instituzio guztien ardura izan behar dela errealitate berri honi “dagokion premiarekin heltzea”.

Horri lotuta, “lanean” jartzea eskatu diete Udalei, Aldundiari eta Jaurlaritzari, “egoera horretan bizi diren ehunka eta ehunka pertsonen oraina eta etorkizuna bermatzeko”.

Abiapuntu moduan, eskakizun zehatz bat egin diete eskualdeko gainontzeko Udalei: kale egoeran bizi diren herritarren zenbaketak egitea. Izan ere, Laudio izan zen iaz zenbaketa egin zuen eskualdeko udalerri bakarra. Urduñan 2016 eta 2018an egin zituzten kontaketak, eta bi kasuetako batean ere ez zuten pertsonarik topatu kalean lo egiten. Ordutik hona, baina, ez da azterketa errepikatu hirian. 

Antzeko kasua da Amurriokoa. 2018 eta 2020an egin zituzten zenbaketak eta bina pertsona lokalizatu zituzten. Baina ordutik hona ez da berriro egin. Eskualdeko gainontzeko udalerriek, aldiz, ez dute inoiz kontaketa horretan parte hartu. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antiarrazismoa
2025-05-14 | June Fernández
Meloi saltzailea
Vox populi

Ertzain talde bat bi gazte jipoitzen ileapaindegi batean. Lokal barrura sartu dituzte, San Frantzisko kaleko segurtasun kamerek polizia gehiegikeriak filmatu ez ditzaten, baina seguruenik ez zuten espero negozio horrek ere segurtasun kamera zuenik. Bilboko Kontseilu... [+]


2025-04-23 | El Salto-Hordago
Arun Kundnani: “Arrazakeriak gizarteko baliabideen banaketarekin du zerikusia”

Militante eta ikerlari antiarrazistak abiapuntu argia adierazten du: arrazakeriaren aurka borrokatzea ez da zeregin psikologiko edo diskurtsibo bat, baizik eta egiturak desegiteko premia.


Nazio askapena; arrazakeriaren eta faxismoaren kontrako antidoto bakarra

Dirudienez, Euskal Herrian migrazioa arazo bilakatu da azken bi hamarkadetan. Atzerritarrez josi omen dira gure lurrak. Gure kultura arriskuan omen dago fenomeno “berri” horren ondorio. Lapurretak, bortxaketak, liskarrak… Bizikidetza arazo horiek guztiak... [+]


Trintxerpetik hasita, “auzo seguruen alde”

Trintxerpen hasi eta Donostian bukatu da hainbat kolektibok deitutako XXVIII. Arrazakeriaren Kontrako Martxa.


2025-03-20 | Euskal Irratiak
Arrazismoaren kontrako giza-katea egingo dute Baionan larunbatean

Arrazismoaren aurkako nazioarteko eguna kari, larunbat honetan 16 alderdi, kolektibo eta elkartek deia luzatu dute, Baionako Marengo eta Pannecau zubien artean giza kate bat osatzeko. Aniztasuna, elkartasuna eta giza eskubideen errespetua aldarrikatzera deitu dute,... [+]


Bilboko mugimendu antiarrazistak manifestaziora deitu du martxoaren 21erako

Bilboko Arrazakeriaren Aurkako Asanblada Arrazakeria ez da eztabaidatzen, borrokatzen da. Ordena kolonialari sua! lelopean antolatu du mobilizazioa, Arraza Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Egunean. Gizarte eta erakundeei "iragan esklabista eta koloniala"... [+]


Eguneraketa berriak daude