“Haziak erein nahi izan ditut, gerora emaitza artistikoak jasotzeko”

  • Ekainaren 14an egingo da Hernanin San Juan jaiak iragartzen dituen 30. Preludio kontzertua. Aurten emakume bat izango du zuzendari musikal: Judith Montero Imaz. Behin batuta hartuko, eta emakumeek musika ondarean egindako ekarpena ekarri du fokupera. Berarekin eta Hernaniko Kultur zinegotzi Aitor Huizirekin mintzatu gara. Musikari ibilbidean jasotako eskarmentuak eta erakundeek hartu beharreko ardurak nabarmendu dituzte.


2025eko ekainaren 12an - 10:36
Azken eguneraketa: 16:51
Judith Montero Preludioaren aurtengo musika zuzendaria eta Aitor Huizi Hernaniko Kultur zinegotzia plazan, eguraldiak laguntzen badu kontzertua egingo den lekuan. Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Zer da Preludioa Hernanirentzat?

Judith Montero: Preludioa da Hernaniko kultur eragile ezberdinen artean, elkarlanean egiten den kontzertua. Aritzen dira herriko banda, koruak, txistulariak, musika eskolako ikasle batzuk, dantzariak, gonbidatu bereziak...

Aitor Huizi: Iruditzen zait parte hartze hau garaipen bat dela Hernanirentzat. Horrenbeste eragile batzea eta denek elkarrekin zerbait egitea babestu beharreko ondarea da.

J.M: Gainera, adin desberdinetako jendea dago bertan, profesionalak eta zaleak, gonbidatu bereziak eta moldatzaileak... egiten den lanketa egun horretakoa baino askoz sakonagoa da. Hasierako urteetan talde bakoitzak gauza pare bat proposatzen zituen eta bakoitzak berea egiten zuen. Pixkanaka garapena izan du eta azken urteetan denon artean egindako zerbait da eta kontzertu horretarako espreski moldatutako piezak jotzen dira askotan.

A.H: Bai, gaur egun Preludio bakoitzak hari bat du, gero eta kontzertuago da. Urtero saiatzen gara herriko norbait omentzen edo urte horretan Hernanin gertatu diren gaiekin lotzen. Bukaeran urtero Mendiriz Mendi eta San Juan Martxa jotzea, festen iragarpen bat da. Oso “hernaniarra” da, sinbolo bat da, guztiz.

J.M: Plazan egiten denean argiztatu egiten da, oso polit jartzen da... begi horietatik begiratzen zaio Hernaniri: “Egunerokoan barazkiak erosten ditudan leku hau zoragarria da!”. Eguraldi txarra egiten badu Atsegindegin egiten da, estalpean; halako muntaia ezin da egin gabe utzi!

A.H: Bestalde, San Juanen bueltan dagoen aukera bakarra da musika lasai gozatzeko, eserita eta isiltasunean. Izan ere, festetan musika beti dago beste zerbaiti lotua, mugimendu edo jende tartean...

Ezkien itzalpean solastu dira Huizi (ezkerrean) eta Montero (azalpenak ematen, eskuinean): Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Judith, aurten zuri eman dizute Preludioaren musika zuzendariaren batuta. Eta zuk emakumeei (hernaniarrei eta kanpokoei, oraingoei eta historiakoei) egin nahi izan diezu leku. Zergatik?

J.M: Lan hori egin beharra dagoela sentitzen dut. Duela 30 urte egin zen lehen Preludio hartan banengoen, garai horretan hasi ginen lehenengo emakumeak bandan jotzen. Eta musika eskolei esker hasi ginen. Bandan adineko gizonen ondoan eserita egoten ginen, eta Frankismoaren ondoren gizon horiek ere ikusten zuten gauzak aldatu zirela, eta leku bat egin ziguten. Guk horren kontzientzia handirik izan gabe hasi ginen jotzen. Oso oroitzapen onak ditut esperientzia horrena.

Garai horretan, baita ere, ikastoletan pedagogia aurrerakoia eta irakasle oso feministak izan genituen. Hortik gatoz. Nire bizitzan banda profesional batean lan egin dut 2004tik 2020ra. 2004an oposaketa irabazi nuen eta Bilboko Udal Musika Bandan jotzen hasi nintzen, oso eremu maskulinizatuan: 8 emakume ginen 50 gizonen artean, pentsa. Txarangetan ere jo dut, oso eremu maskulinizatua hori ere. Horrek guztiak bizipen batzuk ekarri dizkit.

Bestalde, beti interesatu zait pedagogia eta Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskolako saxofoi klasikoko plaza eskuratu dut 2023an. Sentitzen dut orain badudala musikari profesional gisa aritutako urte horietan ikasitakoarekin saxofoi eta banden munduan pedagogian aritzeko esperientzia eta gogoa.

Berdintasun gaiei dagokienez, Donostiako musika eskolan berdintasun batzorde bat dago eta hor ari naiz; aldi berean, duela hiru urte deitu zidaten Espainiako Estatuko Emakume Saxofoi-joleen elkartetik eta hor ere lanean hasi nintzen. Horrez gain, Mujeres en la Música (Emakumeak Musikan) elkarteko kide egin naiz eta elkarte hau lanean ari da emakume konposatzaileak curriculumean sartzeko... Beraz, azken urteetan harreman handia izan dut berdintasun gaiekin, eta era berean, oposaketak prestatzerakoan Berdintasunaren Legea ere ikasi behar izan dut. Niretzat hau deskubrimentu garai bat izan da.

"Hernanin feminismoak babesa dauka, baina batzuetan feministentzat egiten da aparteko programazio kulturala; baina zer gertatzen da herri guztiarentzat den horretan?", J. Montero

30 urte eta gero beste momentu batean gaude eta ikusi dut aldaketa egin beharra dagoela. Azken urteetan buruan ideia bat izan dut bueltaka: Hernanin feminismoak garrantzia du, babesa dauka, baina batzuetan feministentzat egiten da aparteko programazio kulturala eta hori oso garrantzitsua da, hau da, babeslekuak egotea emakumeek pentsamendua taldean garatu ahal izateko; baina bestalde, zer gertatzen da herri guztiarentzat den horretan?

A.H: Bai, “ohikoa” den horretan, lehendik jada bazegoen horretan, “betikoa” den horretan...?

J.M: “Betikoa” dena, espazio mixtoa, unibertsaltasuna daukana... horrek jarraitzen du maskulinoa izaten? Emakumeak urte luzetan egiten ari garen lanketa hori noiz islatuko da denentzat den horretan? Zeren “denentzat” horretan erdia baino gehiago emakumeak gara.

Horregatik, bandatik Preludioa zuzentzeko proposatu nindutenean, argi ikusi nuen nik zerbait egitekotan horri heldu behar niola; beharrezkoa iruditzen zaidalako, hor dudalako nire grina eta pasioa momentu honetan eta iruditzen zaidalako lanketa hori egitea haziak botatzea dela, gerora emaitza artistikoak jaso ahal izateko.

 Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Preludioaren aurkezpenean testu bat irakurri zenuen, kontzertu honen muina azaltzen duena.

J.M: Oso garrantzitsua iruditzen zitzaidan ideia hauek guztiak, alegia, genero ikuspegia gure egiteko artistikoan txertatu behar dugula, batetik Hernaniko Udalari helaraztea eta bestetik, Preludioa lantzeko biltzen den taldeetako zuzendarien bileran ere esatea. Emakume sortzaileengan fokoa jartzen duen proiektu hau idatzi egin nuen, eta bandako zuzendari den Jorge Pachecok eraman zuen zuzendarien taldera. Eta han bozkatu egin zen, izan ere, talde guztiek eman behar dute baiezkoa, zuzendari musikalak talde guztiak zuzendu behar dituelako.

A.H: Udaletik lehendik ere ari ginen keinu batzuk egiten. Errepertorioa eragileen artean proposatzen da baina gero ekoizpen guztia, antolaketa eta abar udaletik egiten da. Horietan saiatu izan da kontuan hartzen, esaterako, obra baten moldaketa emakume bati eskatuta. Baina oso sukaldeko lana zen. Judith etorri zenean eta hau proposatu zuenean oso gustura hartu genuen, gainera ikusita urteurrena zela eta bazela mugarri bat, nondik gatozen eta nora goazen pentsatzeko. 

J.M: Emakumeak Musikan elkarteak ikerketa bat egina du, diru publikoz finantzatutako orkestren jarduna aztertzen duena, hiru item hauetan genero datuak bilduta: konposatzaileak, zuzendariak eta bakarlariak. Hernani bada gauza hauekiko sentsibilitatea duen herri bat baina interesgarria da item horiek kontuan hartuta argazki bat egitea eta beti datu bilketa egitea, zeren eta datu zehatzak dauzkagunean planteatu dezakegu estrategia bat aurrera begira.

"Preludioko 30 urteetako programak aztertu ditut. Orain artean 294 obra jo dira eta horietatik 6 soilik izan dira emakumeek sortuak edo moldatuak", J. Montero

Preludioko oholtza gainean 30 urteotan emakume asko ikusi izan dira, zuzentzen ere bai: aurten da lehenengo aldia musika zuzendari orokorra emakume bat dena, baina taldeen emakume zuzendari asko egon dira, esaterako korua Amaia Aldalurrek zuzentzen du, Garbiñe Insausti ere aritu da zuzentzen, akordeoi orkestra Maribel Insaustik, Garbiñe Orbegozok ere bai...

30 urteetako programak aztertu ditut, sortzaileekin zer gertatu den ikusteko. Orain artean 294 obra jo dira eta horietatik 6 soilik izan dira emakumeek sortuak edo moldatuak. Konposatzaileak pieza idazten duenean bere izena jartzen du, eta esaten dute herri musikan emakume asko izan direla, alegia, Virginia Woolfek zioen moduan, “anonimo” emakumearen sinonimo dela. Emakumeak beti egon dira hor, noski, baina ez akademian. 

 Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Esan duzu 29 urteetan 294 obra inguru interpretatu direla eta horietatik 6 izan dira emakumeek sortu edo moldatutakoak. Nola gertatzen da hori?

"Tradizioa eta ondarea asko maite ditut, baina ezin ditut nostalgiaz begiratu: bandako argazki zahar bat ikustean pentsatzen dudana da eskerrak garai honetan jaio naizen, banda batean jo ahal izateko", J. Montero

J.M: Orokorrean bizitza publikoa gizonena izan da, emakumeak zaintzara eta bizitza pribatura bideratuta egon dira. Baina azken urteetan emakumeek aldaketa handia egin dute, eta musika eskolara ikastera etortzen zaizkigun ama askok lanbideak dituzte, denetarikoak. Beraz, nola da posible musika gizartearekin alderatuta hain atzean geratu izana? Ikerketa batek musikarien datuak bideojokoen sortzaileen datuekin alderatzen zituen: bideojokoen mundua oso maskulinizatua da, eta musika klasikoa haien pare egotea oso deigarria egin zitzaidan.

Bandako argazki zaharrak ikusten ditugunean, XIX. mendekoak adibidez, askok nostalgia puntu batekin begiratzen dituzte. Nik tradizioa eta ondarea asko maite ditut, baina ezin ditut nostalgiaz begiratu: horrelako argazki bat ikustean pentsatzen dudan lehen gauza da gizon talde bat dela eta eskerrak garai honetan jaio naizen, banda batean jo ahal izateko. Zeren niretzat hori zoragarria da eta lehenago jaio banintz, grina bera izanik ere ez nuke aukerarik izango. Hernaniko bandak 175 urte egingo ditu laster, eta emakumeek ez daramatzate bertan ezta 40 urte ere.

 

Txiste txar bat datorkit burura: 40 urte gutxitxo direla bandako uniformea aldatzeko. Uniforme horrek elegantzia adierazten du, baina gizon batzuen elegantzia...

(Bandako trajeetan) "Gizonen patroietan sartu gara. Orain trajeak gero eta neutroagoak dira", J. Montero

J.M: Eta ez pentsa, badaude adibide okerragoak! Bandetan egon izan dira emakumeen uniformeak, gona izugarri itsusiak! Beraz, eskerrak, nahiago dut gizonen galtza horiek jantzi!

Bilboko Bandan sartu nintzenean jostundegira joan nintzen, trajea egokitzeko, eta ez zekiten emakumeen neurriak nola hartu ere: patronajea gizonena zen, hori zen gakoa. Gizonen patroietan sartu gara. Gero emakumeentzat beste traje batzuk egin zituzten.

Bilbon, Hernanin... trajeak gero eta neutroagoak dira. Eta kontzertu berezietan beltzez goaz... pozik nago kontu estetiko honekin. [barreak]

 Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Preludioan jotzen diren obren oinarrian aukeraketa bat dago, urtero aukeratu egiten baitira joko diren obrak. Joera al dago dena ezagutzen dugula pentsatzeko, edo emakumeek estilo batzuk ez dituztela sortu uste izateko?

"Emakume musikari asko oso famatuak izan ziren, lehen mailara iritsi ziren eta hil eta gero desagertu ziren: beraz, genero alborapenak hil eta gero ere funtzionatzen du", J. Montero

J.M: Ez dago musika aukeraketarik ez badago ezagutzarik. Sandra Solerrek bere tesian dio 1970eko hamarkadan, emakumeak ikerketa postuetara iritsi zirenean, hasi zirela emakumeen musika askoz gehiago aztertzen. Eta konturatu ziren bere garaian emakume asko oso famatuak izan zirela, lehen mailara iritsi zirela eta hil eta gero desagertu zirela: beraz, genero alborapenak hil eta gero ere funtzionatzen du. Gutxiago egon ziren, bai, baina zeudenak ere ez ditugu ezagutzen.

Genero ikuspegia txertatzeak esan nahi du baliabideak inplikatu behar direla. Gure artxiboetan ez badugu emakumeen obrarik, diru publikoa obrak erostera bideratzen dugunean, emakumeen obrak erostera bideratu behar dugu. Adibidez, Ethel Smith-ek (sufragisten Andreon Martxaren sortzailea) baditu obra orkestralak eta bandak gai izan dira obra orkestraletako moldaketak egiteko eta herrietara ekartzeko: XIX. mendean horrela ezagutu dituzte herritar xumeek operak, zarzuelak eta musika kultu asko, banden bidez. Beraz, bandak gai izan daitezke emakumeen obrak jasotzeko eta transkripzioak egiteko. Nire buruarekin egiten ari naizen lehenego gauza formakuntza da: obrak ezagutzeko, ikusteko zer obra diren egokiak bandarako transkribatzeko. Hor bide bat dago egiteke.

Kantutegiarekin ere berdin gertatzen da: Aita Donostiaren eta Azkueren kantutegiak ezagutzen ditugu, baina horiek baino 50 urte aurretik kantutegi bat egin zuen emakume bat izan zen: Julie Adrienne Karrikaburu (1827an Soulen jaioa, Zuberoan). Hori ez dugu ezagutzen.

"Politika publikoetan, duela 50-100 urtetik martxan diren gauzak ukitu beharrean, joera dago gauza berriak programatzeko", Aitor Huizi

A.H: Politika publikoetan diskurtso feministak ohikoak dira baina gero praktikan jartzerakoan, duela 50-100 urtetik martxan diren gauzak ukitu beharrean, gauza berriak programatzeko joera dago. Aldiz, Judith, zuk aurkezpenean esan zenuen moduan, udal politikek eredugarriak izan behar dute.

J.M: Material asko prestatzeko dago. Egunerokotasunean irakasleek, zuzendariek eskuragarri dugun materiala gizonena da gehienetan. Pentsatu behar da nola erraztu lan hori, zeren ez da batere erraza: deserosoa da, bilaketa lan itzela egin behar da. Eta lan hori beharrezkoa da, bestela nahita ere ez dugu ahalmenik gauzak aldatzeko: ni banintzen feminista duela 30 urte, baina lanketa hau orain egiten ari naiz, orain askoz informazio gehiago dagoelako, sare sozialen bidez emakumeek hainbat alorretan egiten duten ekarpena jarraitu dezakedalako...

 Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Hernaniko Udalak konpromisoa agertu du aurrera begira ere emakumeek sorkutzan egindako ekarpena kontuan hartzeko. Hori zertan gorpuzten da?

"Denean feminismoak presentzia izan behar du, eta horrek ez du esan nahi feminismoaren aldeko aldarrikapen esplizitu bat egon behar denik", Aitor Huizi

A.H: Urteurrena den neurrian, gauza batzuk ospatu eta beste batzuk erreibindikatzeko unea da. Baina hortik kanpo mila gauza egin daitezke eta ez dute zertan loturarik izan kontzertuaren hariarekin edo planteamendu orokorrarekin. Honen atzean musikari pila daude, arreglistak, interpreteak, langileak... Muntaian eta teknikan dabilen jendean ez da hain erraza parekidetasuna bilatzea, baina beste erabaki batzuk hartu daitezke eta aurrera begira badago asmoa. Hor denean feminismoak presentzia izan behar du, eta horrek ez du esan nahi feminismoaren aldeko aldarrikapen esplizitu bat egon behar denik; maskulinitatearen aldeko diskurtsorik ez dagoen moduan, eta mundu guztia gizona den moduan. Zergatik ezin da estrukturalki emakumez osatutako talde bat egon lanean Preludioan, besterik gabe, aldarrikapen espliziturik gabe?

 

Asmoa duzue hori irizpidetara eta zenbakitara eramateko? Hau da, aurrerantzean Preludioa osatu behar duen zuzendariak irizpide batzuk kontuan hartu behar izan ditzan?

"Preludioan ez dago legerik idatzita baina norabide bat hartuta dago", Aitor Huizi

A.H: Preludioan oro har ez dago ezer idatzita. Elkartzen den zuzendarien foro horretan hartzen dira erabakiak, ez dago legerik idatzita baina norabide bat hartuta dago. Urtetik urtera aspektu anitzak landuko direla aurreikusten dut, urte batean errepertorioan edo ondarean jarriko da enfasi handia, hurrengo batean interpreteetan... ikusiko dugu.

J.M: Nik poz handia hartu nuen udaletik esan zenidatenean epe luzeko gai modura ikusten zenutela. Hasiera batean dena emakumez osatutako programa bat prestatu nuen, eta gainera horrelako kontzertu batean funtzionatuko zuena, zeren oso kontzertu berezia eta markatutakoa da. Txistulariek esan zuten, ordea, Isidro Ansorena hil zela 50 urte bete direla eta Alan Griffin iaz hil zela eta aitortza egin nahi zietela. Aitor, zuk esan zenuen beharbada egokiagoa zela urte batean dena egin beharrean apurka-apurka joatea.

"Jatorri askotako jendea dugu gure herrian, eta herri horiek guztiek beren musika daukate: ez dago musikarik ez duen herririk. Zer egin dezakegu horrekin?", J. Montero

A.H: Bestela sentsazioa izaten da: “Aurten da emakumeen Preludioa”. Eta gero hurrengo urtean itzultzen gara “normaltasunera”, esanaz bezala “lasai, ez tentsatu, urtebeteko broma bat izan da-eta”.

J.M: Zuek aipatu zenuten udalean irizpide batzuk landu nahi dituzuela, ez anekdotikoa izateko. Nik uste dut pauso hau oso garrantzitsua dela: aurten ni nago, baina ez dadila izan niri lotutako zerbait, baizik eta egiturazkoa. Gainera, badaude landu beharreko beste gai batzuk ere; gure gizartea asko aldatzen ari da, eta genero ikuspegia txertatzeak eramaten zaitu begirada zabaltzera: jatorri askotako jendea dugu gure herrian, eta herri horiek guztiek beren musika daukate: ez dago musikarik ez duen herririk. Zer egin dezakegu horrekin?

 Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Judith, aurkezpenean “Hernaniko musikaren ekosistema” aipatu zenuen. Zuzendariaren funtzioa zein da ekosistema horren barruan?

"Ez diegu esan zer esan behar duten, baizik eta bakoitzari leku bat eman diegu", J. Montero

J.M: Nik zubi lana egin dut. Oso mundu artistiko desberdineko artistek parte hartuko dute eta horiei ez diegu esan zer esan behar duten, baizik eta bakoitzari leku bat eman diegu. Uste dut artistikoki oso interesgarria izango dela.

Sortzaileek aske izan behar dute sortzeko. Olatz Zugastirekin hitz egin nuenean bera oso beste ikuspegi batean dagoela ikusi nuen, eta kontuan hartu behar dugu emakume askorentzat “emakume sortzaile” hitzarekin markatzea deserosoa dela, bere lana debaluatzea izan daitekeela. Sortzaileak ez du panfleto bat egin behar. Sortzaileak bere iragazkitik pasatzen du mundua eta bere ikuspegia ematen du, ikuspegi artistikoa, eta hori beste pertsona askorentzat oso inspiratzailea da. Baina ez da gauza bera sorkuntza, pedagogia edo kudeaketa politikoa. Eta politikariak egin behar du politika, sortzaileak egin behar du sortu, irakasleak egin behar du irakatsi...

Gainera, banda oso momentu garrantzitsuan dago. Zuzendari bakoitzak bere garaiari zuku handia atera dio; Manolo Sagarnak, Zipri Otxandorenak, Roberto Pachecok eta Jorge Pachecok. Azken honek orain buelta bat gehiago eman dio bandari eta oso leku interesgarria bilakatu du, musikariak erakartzen dituena, eta herriko jendearen ideia artistikoak garatzeko topagune bilakatu da. Nork daki Maite Larbururen Gona-ren bertsio berri hau egunen batean disko batean grabatuko den... Hori interesgarria izango litzateke, proiektu berriak herritik sustatzea.

Bandan badaude ikertzaileak, eta lan inspiratzailea egiten saiatu naiz, mahai gainean jartzen joan naizen gaiak ikerketa gai izan daitezen. Izan ere, asko dago egiteko hor.

Era berean, bandari esker gazte asko ari dira musikan trebatzen Hernanin; gazte asko ari dira bukatzen Goi Maila. Eta Udalak proiektua babesten du eta hori oso garrantzitsua da. Gazte Banda bat osatzeko laguntza eman du, Roberto Pachecok astero Musika Eskolan daramana.

 Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Genero ikuspegiak emaitza artistiko interesgarriak ekarriko dituela esan duzu. Nola?

J.M: Adibidez, Maite Larburu bandarekin elkarlanean jarrita. Larburu musikari izugarria da, oinarri klasiko hiper sendoa dauka eta bere unibertsio artistikoa osatu du eta niretzat lorpen ederra da berak bandarekin lotzea. Edo adibidez, Olatz Zugastiren Bizirik gaudelako kantuaren (hitzak Olatz Zugastirenak eta musika Brendan Graham-ena) moldaketa zoragarria egin du Iñaki Urkizuk, hor geratuko dena eta ziur nago leku askotan joko dena.

"Andreon Martxa bandarako ere egin zuen Ethel Smithek eta ezin izan dut aurkitu eta bandetan ez genuen ezagutzen. Oso esanguratsua da", J. Montero

Andreon Martxa prestatzeko egon den ahizpatasuna azpimarratuko nuke. Ethel Smithek egin zuen obra hau eta berak jada egin zituen bandako bertsioa eta orkestrakoa. Baina ezin izan dut aurkitu berez bandarako idatzi zen obra hori! Emmeline Pankhurst sufragista hil zenean busto bat jarri zioten parke batean eta poliziaren bandak jo zuen Andreon Martxa (badu bere zera, lehen egurtu zituen poliziaren bandak martxa hau jo izana!), Britainiako Lehen Ministroa bertan zela. Horrelako obra garrantzitsu bat, zeinak hain ongi islatzen duen musikalki emakumeek bizitza pribatutik publikora jauzi egiteko egindako borroka, eta ez da aurkitzen! Eta bandetan ez genuen ezagutzen musika hau! Oso esanguratsua da. Baina aurkitu nuen orkestrako bertsio bat, oso polita, youtuben. Ikusi nuen zein ziren moldatzaileak, sare sozialetan bilatu nituen eta idatzi egin nien eta doainik bidali didate partitura, haien izenak agertzea soilik eskatuta. Bertsio hori hartu eta Klaudia Alduntzin bandako klarinete-joleak moldatu du bandarako. Hitzak itzultzea eskatu zaie Maialen eta Nere Lujanbio ahizpei eta Igor Arroio koruko zuzendariak egokitu du korurako.

Kasualitatea, Hernaniko Goiz Eguzki jubilatuen koruak aurten prestatuta zeukan kanta bera eta haiekin hitz egin dugu haiek ere egon daitezen. Beraz, une honetan jende asko ari da munduan berreskurapen lan hau egiten eta, gainera, eskuzabaltasun handiz.

Andreon Martxa euskaraz kantatuko dute aurtengo Preludioan.

Andreon Martxa izango da une berezietako bat?

J.M: Bai, eta martxa honen ondoren aterako da Maialen Lujanbio eta hori ere berezia izango da, zeren eta kontzertu honen ezaugarria da dena oso handia dela: argiak, jende asko oholtzan... Eta estilistikoki zoragarria iruditzen zait handitasun horretan bat batean pertsona batek espazioa hartzea nahi duena esateko, diskurtso kolektiboa eta norbanakoaren askatasuna lotzeko. Lujanbio bezalako sortzaileek badute gaitasuna mundu berriak irekitzeko, perspektiba berriak zabaltzeko, askotan bat egiten du eta zirrara eragiten du gure barruan eta, era berean, hain da orijinala eta trebea bide berriak irekitzen!

Ane Perez Azpeitiaren Dantzarra obra ere berezia izango da, Azkueren kantutegitik hartutako kantu bat da, Doneztebeko bandera dantzan erabiltzen dena eta konposatze teknika izugarriarekin obra ederra sortu du. Inkisizioaren gaia ekarriko dugu oholtzara. Niri "maistra-lan" bat iruditzen zait, oso kontzepzio orkestrala dauka eta dagoeneko animatu dut orkestrarako moldatu dezan... oso zoriontsu nintzateke noizbait Hernanirentzat sortutako obra hau Euskadiko Orkestrak jota eta Donostiako Orfeoiak kantatuta entzungo banu.

 

Zerekin egingo du topo aurtengo Preludioa entzutera doanak?

J.M: Ez da oso arraroa izango, Preludio bat izango da, alegia, ez da eroriko emakumeak sartzeagatik [barreak]. Preludioak badu bere historia eta ni oso amablea naiz, gustatzen zait gauzak garatzen joatea baina ez ditut puskatzen. [barreak] Niri zuhaitzaren ideia gustatzen zait: sustraietatik edaten duena, enbor sendo bat daukana eta adarrak etorkizunerantz handitzen doazenak pixkanaka.

"Festa bada askotan tradizioaren izenean desberdintasuna elikatzeko leku ezinhobe bat. Ondarea berreskuratzeak eta aurrera egiteak ez dute kontrajarrita egon behar", Judith Montero

A.H: Urteurrena izate horrekin gauza batzuk ospatu nahi dira. Atzera begira aitortza batzuk egingo dira, eta aurrera begira gogoeta batzuk. Betiko berdina da, betikoak gaude, baina goazen betikoekin denontzako den beste modu batera bizitzera gauzak. Beti egon dira emakume konposatzaileak, hau dena bazen.

J.M: Emakumeak hor izan dira, baina aipatuak izan gabe. Eta "aipatzen ez dena ez da existitzen" dio George Steinerrek. Emakumeak hor egon dira baina Axeri Dantzan...? Eta emakumeak hor egon dira baina elkarte gastronomikoetan...? Eta emakumeak hor egon dira baina danborradetan...? Festa bada askotan tradizioaren izenean desberdintasuna elikatzeko leku ezinhobe bat. Tradizioak eta aurrera egiteak ez dute kontrajarrita egon behar. Ondarea berreskuratzeak eta zaintzeak eta aurrera egiteak ez dute kontrajarrita egon behar.

Preludioa aurkezteko ekitaldian elkartu ziren parte hartuko duten musikarietako asko. Hernaniko Udala

Preludioaren aurkezpen ekitaldian lehen lerroan entzuten ari ziren adineko emakumeak. Esan zenidan horrek barruak mugitu zizkizula.

"Niri amonek hori dena kontatzen zidaten [emakume izateagatik haien garaian pairatu behar izan zutena]. Niretzat lorpena izan da  musikazaletasuna lanbide bihurtzea. Garai bakoitzean gure lorpenak egin behar ditugu eta guk borrokatu behar ditugu hurrengoen eskubideak" J. Montero

J.M: Nire amonez gogoratu nintzen eta pentsatu nuen oso kontentu egongo zirela ni han ikusita. Nire amonei biei gustatu izan zitzaien asko musika eta biek musika kantatzen zuten sukaldean zeuden bitartean, edo umeekin...

Zamorakoa zen amonak lautea jotzen zuen eta oso gauza artistikoak gustatzen zitzaizkion. Bere anaia guztiek ikasi ahal izan zuten, batzuk Madrilgo unibertsitateko irakasleak izan ziren, eta amonak Arte Eskolara joan nahi izan zuen baina ezin izan zuen ikasi, emakumea zelako.

Beste amona, Goizuetakoa zen. Aita tratu txarren emailea zuen, amonak kontatzen zidan nola bera jaio orduko aitak leihotik bota nahi izan zuen, neska zelako eta izebak ez ziola utzi. 8 urterekin joan zen Oiartzunera baserri batera neskame. Bere aitak Goizuetako mutilzahar batekin ezkondu nahi izan zuen eta nire amonaren borroka izan zen berak maite zuen gizonarekin ezkontzea. Garai horretan, belaunaldi horretan hori izan zen bere lorpena.

Niri amonek hori dena kontatzen zidaten. Gure belaunaldian, niretzat lorpena izan da nire musikazaletasuna lanbide bihurtzea. Garai bakoitzean gure lorpenak egin behar ditugu eta guk borrokatu behar ditugu hurrengoen eskubideak.

 

Isidro Ansorena aipatu zenuen aurkezpenean, eta azaldu zenuen 9 seme-alaba izan zituela. “Arteak ez dauka generorik, baina bizitzak bai, eta denborak ere bai” esan zenuen, musika egiteko denbora nork izan zuen iradokiz. Itzaleko emakume horiei ere egin nahi diezu aitortza?

"Omentzen dugunean, izan garena islatzeaz gain, etorkizuna proiektatzen dugu; eta proiekzio horretan elikatzen ditugu, behin eta berriro, mutilak", J. Montero

J.M: Horixe aipatu nien zuzendarien bileretan. Omenaldia zeri egiten zaio? Bizitza publikoan aritu den horri, eta esan dugu emakumeak bizitza publikotik kanpo geratu direla. Omentzen dugunean, izan garena islatzeaz gain, etorkizuna proiektatzen dugu; eta proiekzio horretan elikatzen ditugu, behin eta berriro, mutilak. Beraiek amestu dezaten, noizbait omenduak izatea. Non bukatzen da zirkulu hori? Zergatik ez ditugu neskak elikatzen?

Hala ere, Isidro Ansorenaren bizitzari begiratuta, oso ikasketa baliotsua dagoela uste dut; oso militantea izan zen txistuari prestigioa emateko eta musika idazteaz gain, momentuko konposatzaile onenei txistu bandarako obrak eskatu zizkien; Joxe Olaizola, Pablo Sorozabal... Eta kalitate handiko lan hori eginda, udaletik ere babes handia izatea lortu zuen. Gainera Birigarroa lan mitikoan Hernaniko Jon Ansorena izango dugu txistuan eta bere sendikoa da (urruna), beraz, hunkigarria izango dela uste dut.

Garai bakoitza bere kontestuan ulertu behar dugu aurrera egiteko. Gaur egunera etorrita, luze hitz egin genezake baita ere ze neska igotzen diren oholtzetara. Ses abeslari galiziarrak dio gero eta zailagoa dela body hutsean ez doan emakume bat ikustea oholtzan. Duela 20 urte baino gehiago, berbenetako orkestra batean jotzeko deitu zidaten. Garai oso on batean nengoen, topera. Baina esan zidaten udan jotzeko zela eta sexy jantzi beharko nukeela. Zur eta lur geratu nintzen. Ez nuen lan hori hartu, diru hori ez irabazteko ahala banuelako. Geroztik, esaten dutenean “berbenetako orkestretan horrela janzten dira nahi dutelako”, erantzuten diet, “bai, izan ere horrela jantzi nahi ez zutenek ez dute lan hori lortu”. Ni oso kontentu nago: lan horri ezetz esan nion eta hainbeste urte geroago heldu zait niretzako moduko proposamena! Oso sinbolikoa da.

 

Preludioaren aurkezpenean 2005eko Berdintasun Legea aipatu zenuen, Judith. Legea idatzita dago, baina hori gauzatzeko non dago koxka?

J.M: Hasten zara pentsatzen “bada egin beharko litzateke...”, eta gero hartzen duzu legea eta konturatzen zara jada idatzita dagoela! Dena idatzita dago! Baina ez da egiten. Legea beteko balitz, emakume konposatzaileek lanez gainezka egon beharko lukete gaur egun, adibidez. Baina ez da horrela. Legeak aldatzen dira, baina jendeak ez ditu ezagutzen.

A.H: Ez dira exekutatzen. Eguneroko gauzetan ez da pausorik ematen horiek martxan jartzeko.

J.M: Nik orain dela 25 urte pentsatzen nuen modu naturalago batean aldatuko zirela gauzak, baina orain geroz eta gehiago pentsatzen dut kuotak eraginkorrak direla. Zeren eta proiektu asko sortzen dira pertsonen hartuemanetatik, eta zu ama zarenean eta haurtxo txiki bat daukazunean, adibidez, entsegutik atera eta korrika zoaz etxera. Zu ez zara geratzen afaltzera.

A.H: Bai, eta gauza asko sinergietatik sortzen dira, are gehiago kultur eta gai artistikoetan.

J.M: Eta zu ez zaude, behin eta berriro. Kanpo geratzen zara. Eta erakunde publikoetatik ez badira jartzen kuota batzuk emakume horiek, adibidez amak direnak, kulturalki berreskuratzeko, emakume horien ikuspegia galdu egiten da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Amaiera ederra Otellorekin

VERDIREN OTELLO OPERA

  • OLBEk antolatutako emanaldia.
  • Musikariak: Kieveko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Operaren Abesbatza.
  • Bakarlariak: J. de León, E. Jaho, C. Sgura, M. Atxalandabaso, A. Tobella, V. Esteve, F. Latorre, J.M. Díaz.
  • Non: Bilboko... [+]

Euskal sorkuntza patxadaz aurkezten dizun plaza

Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka iragan da ekainaren 7an, 40 bat argitaletxe eta diskoetxe eta milaz gora bisitari elkarturik herriko plazan. Euskaraz bagara lelopean iragandako seigarren edizio horren balorapen baikorra egin dute Baltsan eta ARGIA antolatzaileek: euskara... [+]


Idoia Asurmendi
Bihotzetik berriz pasatzea

IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.

----------------------------------------------------
 
Termometroak 30 gradutik gora markatzen ditu, uda giroa nagusi da eta Bilboko kaleak herritar aztoratuz beteta daude. Horrelako egun... [+]

2025-06-06 | Iker Barandiaran
Mugarik ez!

Dirudienez
Karma
Autoekoizpena, 2025

--------------------------------------------------------

Mugatzat ez badugu ere, muga da askotan Bidasoa; kulturala, informazioarena… Eta beste aldekoa urrun gelditzen zaigu. Bada, gogoa eta laguntasuna dira muga apurtzaile... [+]


2025-05-29 | Xalba Ramirez
Xak: unibertso propio batera atea

XAK
Xak
Mukuru, 2025

---------------------------------------------------------------

Entzun baduzu eta ez bazaizu sobera sartu, esango nizuke: entzun berriro. Nire urteko disko kutunena izango dena egin berri du Paxkal Irigoyen baxenabartarrak, oraingo honetan, XAK... [+]


Hitzik gabe

AZETangana! eta Mark Duti
Non: Tira IV jaialdia, Gasteizko Korda espazioan eta Gaztetxean.
Noiz: maiatzaren 10ean.

-----------------------------------------------------------
 
Etxebizitza eta elikadura egituren aldeko Tira jaialdiaren laugarren edizioa dugu gaur... [+]

Gorputz hotsak
“Musika da mina kudeatzeko eta kanalizatzeko modu bat”

Ilusioz mintzo da Shrabani Aranzabe-Pita (Orissa, India, 1999) musikari, ikerlari eta pedagogoa. Alkizan (Gipuzkoa) hazi eta hezi da. Pandemian minbizia izan zuen, eta prozesu onkologiko horretatik Naturaren Doinuak jaialdia eta proiektua sortu du. Aurtengo jaialdia ekainaren... [+]


2025-05-22
‘Queer’ klasikoa

Samuel Mariño + Gabetta Consort

Zuzendaria eta biolin bakarlaria: Stefano Barneschi.
Zer: Purcell, Händel, Geminiani, Vivaldi eta Graunen lanak.
Noiz: maiatzaren 9an.
Non: Iruñeko Baluarte Jauregian.

[+]


2025-05-15 | ARGIA
Azokaroa
Maddi Sarasuaren “Biharraren egietan” liburua kari, poesia errezitaldia Urruñako Berttolin ostiralean

Ziburuko Azokaren karietara abiatu zen Azokaroak aurrera jarraitzen du Ipar Euskal Herrian eta ostiral honetan poema errezitaldi musikatuaz gozatu ahal izango dute Euskal Urruñako Berttoli kultur elkartean, 19:00etan: Maddi Sarasua itsasuarrak idatzitako Biharraren hegietan... [+]


2025-05-15 | Gedar
Israelgo Estatuaren aldeko funts batek Espainiako Estatuko musika-jaialdi gehienak bereganatu ditu

KKRk urtarrilean erosi zuen Superstruct sustatzailea, Sónar, Viña Rock edo Resurrection Fest jaialdiak sustatzen dituena besteren artean. Palestinaren kolonizazioari lotutako higiezin-jardueretan eta Israelgo sektore teknologikoan parte hartzeagatik seinalatu dute... [+]


2025-05-14 | Iker Barandiaran
Jolasean? Hauek serio dabiltza!

It's on
JOHN DEALER & COCONUTS
Ghost Highway, 2025

------------------------------------------------------

Adin batetik aurrera kontzertuak, diskoak eta kantuak bizkarrean eta burmuinean pilatuta, eta musika entzuteko denbora murritzagoa bilakatuta, taldeak bilatu... [+]


2025-05-13 | ARGIA
Aurelia Arkotxa omenduko du aurtengoan Ziburuko Azokak

Ekainaren 7an izango da Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarrekin antolatzen duten Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Seigarren edizio honetan Aurelia Arkotxa izango da omendua eta egitarau oparoa ezagutzera eman dute prentsaurrekoan. Ziburuko Azokaren uhina inguruko... [+]


Eguneraketa berriak daude