Sants, auzo kooperatiboa ehuntzen

  • Bartzelonaren bihotzean, urteak dira bestelako gizarte baterako bidean den komunitatea ari direla osatzen. Orotariko kooperatibek, zentro sozial autogestionatuek eta bizilagunen jarrerak bat egin dute Sants auzoan, alternatiba oasi gero eta oparoagoa sortzeko.


2015eko apirilaren 05an
La Col arkitektoen taldeak jardunaldiak antolatu zituen auzoko ondareaz. Irudian, Can Batlló gunean izandako eztabaidetako bat.
La Col arkitektoen taldeak jardunaldiak antolatu zituen auzoko ondareaz. Irudian, Can Batlló gunean izandako eztabaidetako bat.LaCol

Bartzelona. Sants. Kataluniako hiriburuan izan den orori ezaguna egingo zaio izena, besterik ez bada, hiria munduarekin lotzen duen geltokia dela-eta. Bertara heltzen dira abiadura handiko trenak, metroak, autobusak eta baita aireportutik datorren ferrokarrila ere. Geltokiari izena ematen dion auzoa ezagutzeko ordea, Sant Antoni pasealekua hartu eta hegoalderantz jo beharra dago, bertako kale estu eta lasaietan barrena.

Lehen begiratuan zaila da antzematen, baina behinola herri eta beranduago langile-gune izandako auzoak badu besteetatik bereizten duen zerbait. Hainbat belaunaldiren borrokek bizirik mantendu duten kontzientzia sozialari esker, ekonomia solidarioko –EHn “eraldatzaile” hitzez ere ezagutzen duguna– ekimen mordoak egin du aurrera bertan, autogestioa, kooperatibismoa eta elkartasuna oinarri.

Kontzientzia eta jarrera ez da beti nahikoa izaten ordea. Kasu gehienetan, kooperatiba batetik bestera metro gutxi batzuk besterik ez daude, eta bertako kideek asanblada eta auzolan ekintzetan egiten dute topo. Badituzte auzo mailako zenbait ekimen komun ere. Harreman sare horrek eta elkarlanak ahalbidetu du horrenbeste asmo oneko ideia proiektu bideragarri bihurtzea.

Hala dio auzoko kooperatiba eta ekimen ugari gertutik ezagutzen dituen Ivan Mirók: “Egunero sortzen dira proiektuak, baina zaila da gero forma eman eta bizirautea. Kapitalismoaren balioei aurre egingo dien ekonomia bat sortzea ez da erraza, baina merezi du. Hori bai, oso modu komunitario eta saretuan egin behar da lan aurrera egin ahal izateko”.

La Ciutat Invisible eta auzo kontzientzia

Ivan Mirók berak Santseko Riego kalean dagoen kooperatiba batean egiten du lan. La Ciutat Invisible du izena, eta 2005ean sortu zuten, Can Vies eta L´Hamsa zentro sozial okupatuetan zituzten erronka eta balioak euren ogibidera ere eramateko ahaleginean.

Gaur egun, bost bazkide dira, eta hainbat lan-esparru jorratzen dituzte. Nabarmenena saiakerez hornitutako liburu-denda da, baina ikerketan, diseinuan eta aholkularitzan ere aritzen dira. Ildo horretan, proiektuak aurrera eramateko ekonomia sozial eraldatzailearen bidea hartzeko prest dagoen jendea laguntzen dute. “Guk topatu ditugun oztopoak zeintzuk diren eta nola gainditu ditugun azaltzeko ahalegina egiten dugu”. Hein batean, Santsen bertan hainbeste kooperatiba sortu izanaren erantzule dira.

Erabakiak modu horizontalean hartu eta denek soldata bera izateaz gain, erakunde publikoek ematen dieten diru kopurua ere mugatu dute: “Diru-laguntzetan jasotzen dugunak ez du sekula zergen bidez ordaintzen duguna gainditzen. Independentzia mantentzeko hartutako erabakia da”.

Riego kalean bertan, La Ciutat Invisibleren erakusleihotik bi metro eskasera dago La Directa hedabide herritarraren egoitza. 2006an sortu zen, kontrainformazioa oinarri zuten hainbat hedabide txiki batu zirenean. Egun, hamabostero argitaratzen duten aldizkaria eta directa.cat webgunea Herrialde Katalanetako mugimendu sozialen bozgorailu nagusietako bi dira.

Argazkilari, kazetari eta abarren artean, Menorca edo Valentziaraino zabaltzen den 150 laguneko kolaboratzaile sarea osatu dute. Borondatezko lana egiten dute denek, eta haietako askok hilabetean behin egiten dituzten bileretan parte hartzen dute, erabaki esanguratsuenak hartzeko.

Ferran Domènech La Directako kidearen arabera, objektibotasun faltsutik ateratzeko ahalegina egiten dute. “Herri mugimendutik gatoz, eta herri mugimenduentzat egiten dugu lan. Gizartea aldatu, alternatibak ikusarazi eta errepresioa eta boterearen gehiegikeriak salatzea da gure eginkizuna”.

Santseko kooperatiba sarearekin ere harreman estua dutela dio Domènechek: “Bakoitzak bere alorrean egiten du lan, baina auzoan harreman pertsonalak ere badaude, eta elkar laguntzen dugu edozein arazo sortzen denean. Auzo kontzientzia dugu, proiektu komun bat ari gara denon artean eraikitzen”.

Espekulaziorik gabeko pintxo ekologikoak

Riego kalean barrena jarraituz, Osca plaza gurutzatuta baina auzoaren izen bera daraman Sants kale zabalagora heldu aurretik, bada arreta ematen duen taberna bat. Kanpotik begiratuta ere antzematen zaio ez ohiko izaera: “Kopdemà, taberna kooperatiboa”, dio afixak. Izenak berak katalunierazko donar un cop de mà adierari egiten dio erreferentzia. “Laguntza eman” litzake euskarazko ordaina.

2013an jarri zuten lau lagunek martxan, haietako bi langabezian eta beste biak lan prekarioetan zirela. Oso gaztetatik Katalunian bizi den Zihargi Etxarte iruindarra da kideetako bat. “Tabernako beharra gogorra da eta lan baldintzak negargarriak izan daitezke beste norbaiten menpe bazaude. Orain gutxienez, gu geu ari gara gure soldata eta lan-orduak modu horizontalean banatzen”.

Bertako produktu ekologikoak lehenesten dituzte, eta kostuen araberako prezio politika dute, espekulaziorik gabea. Horri guztiari esker, auzoko kooperatiba eta ekimenetan parte hartzen dutenen bilgune bilakatu da urtebete eskasean; “auzoko taberna”.

Kopdemàn ehunka garagardo eta patata tortila dastatutakoak dira LaCol arkitekto kooperatiba osatzen duten 14 kideak. Ez da harritzekoa, euren egoitza ehun metro eskasera baitago, Ciceró kalean. Zoriak hala nahi izanda iritsi ziren bertara. Arkitektura ikasten ari zirela ezagutu zuten elkar, eta inpresora, maketak egiteko materiala eta frustrazioak konpartitzeko asmotan, unibertsitateko lanak egiteko lokal baten bila hasi ziren. 2009a zen, eta haietako batzuek Kataluniako beste txoko batzuetatik etorri behar zutela-eta, Sants tren estazioaren alboan zegoelako hautatu zuten orain euren lantokia dena.

Unibertsitatea amaitu zutenerako ordea, auzoko giroan murgilduak ziren. Ordurako ezagutzen zituzten La Ciutat Invisibleko kideak ere, eta haien aholkuek lagundu zieten autonomo gisa lan egin beharrean kooperatiba bihurtzen. “Neurri batean, haiei esker gara kooperatiba gu ere”, aitortu dute.

Geroztik, asteleheneroko asanbladatan hartzen dituzte erabakiak modu erabat horizontalean: proiektuak onartu edo ez, lana nola banatu… Lehiaketa publikoetan parte hartzeari uko egin diote, esaterako. Baina ez da hori LaColen bereizgarri bakarra. Arkitektura eraldaketa sozialerako tresna gisa bizi dute, eta hori lan guztietara eramaten ahalegintzen dira. Jasotzen dituzten lan eskaintzen zati handi bat, gauzak bestela egiten dituztela dakien jendearenak direla diote. “Pozgarria da egiaztatzea gure balioei eusteak lagun dezakeela proiektuak bideragarri egiten”.

Etxebizitza eta finantziazioa ere kooperatiba bidez

LaColeko kideek eskuartean duten proiektuetako bat auzoan bertan sortu den La Borda etxebizitza kooperatibaren lehenengo eraikina da. Lagun gutxi batzuk elkartu ziren hasieran, higiezinen merkatutik kanpo etxebizitzaren arazoari konponbide kolektibo eta duina emateko asmotan. Pixkanaka eman diote forma, eta dagoeneko lortu dute Udalak Can Batlló lantegi zaharraren alboan dagoen lur eremu bat uztea.

28 eta 31 etxebizitza artean izango dituen eraikina jasoko dute bertan, hainbat espazio partekatuekin: jantokia, haurrentzako guneak, erabilera anitzeko aretoa… Etxebizitzak ez dira norbanakoen jabetza izango, kooperatibarenak baizik. Horretarako, bertan biziko den elkarbizitza unitate bakoitzak –hala esaten diote etxebizitza bat beteko duen norbanako, familia, lagun talde edo dena delakoari– 15.000 euro jarri ditu. Bideragarria izan dadin, unitate bakoitzak hilero 400 euro inguru ordainduko ditu, eta auzolanarekin eraikuntza kostuak ahal beste murriztuko dituzte. Bestetik, kooperatibak apurka ordainduko duen mailegua eskatuko du.

Eraikina betetzeko adina lagun elkartu dira jada, eta babes ofizialeko etxeen kasuen bezala, bertan bizi ahal izateko gutxieneko baldintza batzuk ezarri dituzte. La Ciutat Invisibleko kide ere baden Hernán Córdobak dioenez, “urte amaierarako eraikuntza lanekin hasiko garela espero dugu, eta 2017an izango dugula bertan bizitzen hasteko aukera”.

La Bordak eta Santseko gainontzeko proiektu horizontalek kanpo finantzazioa ere izaten dute sarri. Ez dute ordea horren bila ohiko bankuetara  jotzen. Eskura dute Coop57 finantza zerbitzuen kooperatiba, Riegoren paraleloa den Premià kalean.

Bertan, euren 3.000 bazkideek uzten dizkieten aurrezkiak erabiltzen dituzte gizarte eraldaketa helburu duten proiektuak mailegu bidez laguntzeko. 2008tik hona 1.200 mailegu eman dituzte, 45 miloi euro inguru utzita. Elkarlanak eta saretzeak finantzazioan lagun dezaketela frogatzen du.

Aurrezkiak utzi dituztenek euren diruarekin lagundu diren proiektu guztien berri dute, etxean jasotzen duten aldizkariaren bitartez. Xavi Teis komunikazio arduradunaren arabera: “Gure ekarpena da frogatzea finantzak kudeatzeko beste modu batzuk ere badaudela, bideragarriak eta berdintasuna eta gizarte justuago bat sortzeko baliagarri direnak”.

Ekonomia sozialaren zentrorantz

Coop57 atzean utzi eta Premià kaletik gora, lehenago aipatutako Sants kale zabala dago. Mendebalderantz jarraituz gero, berehala iristen da bat auzoak eta kaleak bezala Sants izena daraman plazara. Bertatik hegoalderantz eginda joan liteke La Borda kooperatiba eraikiko den lurretara. Bidean ordea, Can Vies zentro sozial autogestionatua dago, zauriak agerian dituela.

1997an auzoko hainbat gaztek okupatu zutenetik hamaika kolektibo eta herri mugimenduren bilgune izan da Can Vies, 2014ko maiatzean Bartzelonako Udalaren aginduz desalojatu eta eraisten hasi ziren arte. Milaka lagunen protesten bidez eraispena geldiaraztea lortu zuten, baina Can Viesen zati handi bat suntsitua zuten Esquadra Mossoek ordurako. “Gela guztietako lurra zulatu zuten, berriro sartu ahal ez izateko”, Anak kontatu duenez. Beste hainbat auzotarrekin batera, asteburuak eta astean zehar dituen tarteak baliatzen ditu Can Vies berreraikitzen laguntzeko. Euren denbora eta gaitasunak horren alde jartzeko prest daudenen sare zabalari esker, zati batzuk laster berrirekiko dituztela espero dute.

Can Vies-etik behera jarraituz, bost minutu eskasean iritsi liteke Can Batlló lantegi zaharrera. 30 urte iraun zuten Udala eta bizilagunen arteko tirabiren ostean, 2011n okupatu zuten auzokideek. Udalak lantegi zaharreko bloke oso bat utzi beste erremediorik ez zuen izan. Geroztik, adin eta zaletasun anitzeko ehunka auzotarrek kudeatzen dute 11. blokea. Taberna eta aretoaz gain, eskalatzeko gunea, erakusketa gela, tailerrak egiteko guneak eta liburutegia ditu. Auzolanean egokitu dute eraikina, eta autogestioaren bitartez, erabat bideragarria izatea lortu dute.

Bertako tabernan egiten du lan Juliak. Dioenez, auzoko mugimendu sozialetan parte hartu izan duten belaunaldi guztietako kideek bat egin dute Can Batllón, eta 30 eragilek baino gehiagok erabiltzen dute gunea. Elkarlan hori kudeatzeko, lan taldeak astean behin biltzen dira eta hilean behin asanblada orokorra egiten dute.

Laguntzen, edo besterik gabe, aisiaz gozatzen, 11. blokean izaten dira maiz auzoko kooperatibetako kideak. Ez da hori ordea ekonomia sozial eraldatzailea eta Can Batlló lotzen dituen hari bakarra. La Bordaren etxebizitza kooperatiboa ere lantegi zaharraren lurretan eraikiko da, eta beste bloke bat kooperatiba haztegi bilakatu nahi dute. Oraindik Udalarekin xehetasunak adostea falta den arren, izena pentsatu dute dagoeneko: Coopolis.

Guztira 42 gune izango direla aurreikusten dute, eta hainbat kooperatiba bertan ezartzeaz gain, proiektu kooperatibo berriak martxan jartzeko formazioa eta baliabideak eskainiko dituzte. Sarea zabaldu ez ezik, trinkotu ere egingo luke horrek, Can Batlló Santseko ekonomia sozial eraldatzailearen erdigune bilakatzeraino. Aurrerapauso galanta litzake geltoki erraldoiaren izena daraman auzoa izateari utzi, eta gauzak bestela egin daitezkeela frogatzen duen erreferentziazko auzo kooperatibo bihurtzeko bidean.

Memoria kooperatiboa berreskuratuz

Proiektu berriei bultzada emateaz gain, atzera begira ere jarri dira Ivan Miró eta La Ciutat Invisibleko gainontzeko kideak. “Maila lokalean kooperatibismoa indartu nahian gabiltza, eta horretarako garrantzitsua da gure historian izan duen pisua ezagutzea. Iragan kooperatiboa ezagutzeak lotura emozionala sortzen du, eta hori ere bada gauzak beste modu batera egiten hasteko bultzada”.

Helburu horrekin, Sants auzoan izandako mugimendu eta kooperatibei buruzko informazioa bildu eta hainbat erakusketa egin dituzte, baita Les cooperatives obreres de Sants (Santseko langile kooperatibak) liburua plazaratu ere.

Bertan kontatu dutenez, XIX. hamarkadaren erdialdean Kataluniako ehungintzako lantegi handienak eraiki ziren Santsen, La España Industrial eta Can Batlló tartean. Nekazari herrixka zena langile gune bilakatu zuen horrek. 1897an Bartzelonarekin bat egin zuen metropoliaren parte bilakatuz, eta garai bertsuan sortu ziren bertan lehenengo sindikatu eta kooperatibak. Hastapen haietan kontsumo kooperatibak ziren gehienak, bitartekariei uko egin eta euren bizitza kalitatea apur bat hobetzea helburu zutenak. Horixe izan zen geroago sortuko ziren orotariko proiektu horizontalen hazia: antzerki taldeak, ekoizpen kooperatibak… 1939tik aurrera, frankismoak kolpetik ezabatu zuen ekimen sozial oro, baita Sants auzoan ere.
 

Kataluniako beste mapa

Santsekoaren gisako auzoz auzoko sareez gain, bada Katalunia osoko ekonomia sozial eraldatzaileko ekimenak biltzen dituen egitura bat. Xarxa d´Economia Solidaria du izena (XES). Gizarte justu eta parte-hartzaileago baten alde lanean ari diren 150 kooperatibek osatzen dute gaur egun, eta sektoreka zein eskualdeka azpitaldeak ari dira antolatzen. Ekonomia sozial eraldatzailea praktikaren bidez sustatzen duen indar antolatu izendatzen dute euren burua, eta berriki, elkarteei eto izaera juridiko jakin gabeko ekimenei ere sarera batzeko aukera ematea erabaki dute.

Sarea zabaltzeko baliabideak eman eta ikastaroak antolatzearekin batera, jada osatu duten sarea ikusaraztea dute erronka. Asmo horrekin, eta SETEM elkartearekin elkarlanean, Pam a Pam ekimena jarri dute martxan. Kataluniako mapa interaktiboa osatu dute, eta bolondresen laguntzarekin, ekonomia sozial eraldatzailearen baitako proiektu guztiak ari dira bertan kokatzen. Bilatzaile baten bitartez, herri edo eskualde bakoitzean dauden ekimenen berri izateko aukera ematen du mapak. Norberak bere balio eta irizpideen araberako produktu eta zerbitzuak kontsumitzeko aukera errazten dute hala.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia soziala
Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-04-09 | Enbata
Euskal Monetak mugaz gaindiko tresna amankomuna gogoetatzen

Euskal Monetak garapen handia ezagutu du azken urteotan Ipar Euskal Herrian. Europako tokiko moneta indartsuena bilakatu da. Sortu zenetik, Hego Euskal Herrira hedatzeko asmoa integratu zen proiektuan. Mugaz gaindiko tokiko moneta osagarri baten sortzea lantzen hasia da Euskal... [+]


2024-04-09 | Euskal Irratiak
Iñaki Etxeleku: "Gure estatutuek espekulazio merkatutik kanpo ezarri dute gure etxebizitza kooperatiba"

Bizitegi molde kooperatiboak zabalduz doaz Ipar Euskal Herrian. Euskal Hirigune Elkargoko azken biltzar nagusian Nicole Etxamendi, Itsasuko hautetsiak "Bizi lagun" kooperatibak kontutan hartu behar zirela eta alternatiba ona direla azpimarratu zuen.


Hazien lezioak, lan produktibo eta erreproduktiboak bereizteaz

Haziekin hamaika metafora eta hitz joko egin dira. "Zerbaiten hazia izan", "proiektu baten hazia erein", "etorkizunerako haziak"... esamoldeak ezagun zaizkigu. Zerbait berezia dute haziek.


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


Eguneraketa berriak daude