"Ez dugu berogailua ordaintzeko dirurik, sakrifizioak beti daude langileon gain"

  • Herritarren pobretzeaz, sistemaren porrotaz eta bizi dugun paradigma aldaketaz hitz egin digu Josetxo Etxeberriak. Bikotekidearekin eta 3 urteko umearekin bizi da Hernanin, eta negu atarian ez dute berogailua ordaintzeko dirurik. Egoera globala dela eta aurre egiteko mekanismoak aktibatu behar ditugula dio: “Komunitateen defentsa, kontsumo taldeak, kooperatibak… Bestela pikutara goaz”.


2022ko abenduaren 07an - 05:00
Azken eguneraketa: 06:54

Pobrezia energetikoa gogorra dela kontatu digu Etxeberriak, gainera galdara komunitarioa daukate eta piztu gabe ere 120-140 euro ordaindu behar dituzte hilean. Duela lauzpabost urte lana zuten bikotekideak eta berak, “bikotekidea kalean gelditu zen foru aldundiaren murrizketekin, ni ere langabezian geratu nintzen pandemia tarteko, eta han-hemenka lan solteak lortzen joan gara ordutik, baina juxtuan bizitzen. Gaur egun, biak gaude langabezian, eta aurrezkiak agortzen joan zaizkigu urte hauetan”. Hotzaren aurrean, etxean tapakiekin-eta gehiago estali beharko dutela dio. “Pena handiena umeak ematen dit, txikia izanik bera jabetzen ez den arren zuk ahal den guztia eman nahi diozulako, eta ezin duzu. Egoera ez da samurra, eta etorkizunari begirako perspektiba ere nahiko txarra da. Gainera ez gara bakarrak, inguruko lagunak ere antzeko egoera pairatzen ari dira. Zorionez, gure kasuan nahiko berria den babes ofizialeko etxe batean bizi gara eta ongi isolatuta dago, askoz okerrago egongo dira etxe zahar batean daudenak, eta kale gorrian daudenak zer esanik ez”.

Pobrezia energetikoa jasateak batzuetan dakar kontraesanak kudeatzea, azaldu digu. “Adibidez, Goiener energia berriztagarrien kooperatiba dugu etxean kontratatua, baina momentu honetan pentsatzen ari gara beste konpainiaren batera jo behar ote dugun bonu soziala lortzeko, oso deserosoa da, baina egoerak tesitura horretan jartzen zaitu eta beste kontu batzuekin ere hala gertatzen da, lehentasunak jarri behar dira”.

"Hirugarren mundu gerran gaudela esan ohi dut eta jendeak esaten dit, ‘baina zer diozu?’, irudikatzen dugulako kontingentzia militar bat, baina hirugarren mundu gerrak elementu ugari ditu, ekonomikoak, sozialak, autoritarioak… eta horretan gaude murgilduta"

“Ez dut arraina nahi, kanabera nahi dut”

“Erosketa egitera zoaz eta prezioak nola igo diren ikustea izugarria da, eta izebergaren punta baino ez da. EAEn EAJren estrategia izan da arlo sozialean diru pixka bat inbertitzea bake soziala erosteko, baina pribatizazioa nagusitzen ari da eta gero eta gutxiago inbertitzen da arlo sozialean. Benetako inbertsio soziala behar da, ez bakarrik ekonomikoa, filosofiko eta politikoa ere bai, integrala. Dena den, laguntza soziala eskatzera joan eta burumakur nahi zaituzte, baina duintasuna ere badugu; esaerak dioen bezala, nik ez dut arraina nahi, nik kanabera nahi dut”.

“Sakrifizioak eskatzen zaizkigu herritarroi, aspalditik. Macronek solemneki esan zuen aberastasunen garaia bukatu zela; hori bai astakeria, berarentzat behintzat ez da bukatu, ala ikusi dugu murrizketaren bat militar eta polizia gastuetan, politikarien dietetan, soldatetan? Ez, inpunitate erabatekoa dutelako, eta gainera beti herriaren gain jartzen dute ardura. Sakrifizioak beti egon dira langileon gain, enpresa handiek, energetikoek, bankuek… etekinak pilatzen dituzten bitartean. Izugarria da, argi daukat sistemak porrot egin duela, kapitalismoaren gabeziak garbi ikusi ditugu pandemian, baina anestesiatuta gaude”.

Paradigma aldaketa

Etxeberriaren hitzetan, paradigma aldaketa bizi dugu: “Marko geoestrategikoan lehia handia dago AEB eta Txinaren artean, eta Ukrainan gertatzen ari dena ere AEB-NATO-Txina-Errusia eskemaren baitan ulertu behar dugu. Hirugarren mundu gerran gaudela esan ohi dut eta jendeak esaten dit, ‘baina zer diozu?’, buruan ditugulako aurreko bi mundu gerrak eta irudikatzen dugulako kontingentzia militar bat, baina hirugarren mundu gerrak elementu ugari ditu, ekonomikoak, sozialak, autoritarismoari loturikoak (ikusi dugu nola baliatu duten pandemia herritarrak kontrolatzeko)… eta horretan gaude murgilduta”.

Etxeberriaren familiak duen arazoa ez da arazo partikularra, globala dela dio, eta mekanismoak jarri behar ditugula martxan egoerari aurre egiteko: “Komunitateen defentsa, kontsumo taldeak, kooperatibak… Hori da bidea, bestela pikutara goaz”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herritarren pobretzea
Austeritatearen itzulera
Arau fiskal berriei baietza eman diete Bruselan eta murrizketa sozialei atea ireki

Europar Batasuna pandemia aurreko zerga arau zorrotzetara bueltatzeko bidean da, Europako Parlamentuak estatu kideek duten defizita eta zorpetzea mugatzeko neurri fiskal berriak onartu ostean. Ecofinek 2023 urte amaieran erabakitakoari jarraiki, austeritate eta murrizketa... [+]


2024-02-13 | Gedar
Bost urtean, ia bikoiztu egin da seme-alabarik eduki nahi baina ezin duten gazteen kopurua EAEn

Urte gutxiren buruan lanik aurkituko dutela uste dutenen kopurua 20 puntu beherago kokatzen da bost urteren ostean. Norberaren gogobetetzearen balorazioari dagokionez, 10 puntu jaitsi da 2015etik.


Oxfamen txostena 2024
Bikoiztu egin dituzte fortunak munduko bost aberatsenek azken hiru urteetan

Egunero milioi bat dolar xahutuko balitu bost aberats horietako bakoitzak, 476 urte beharko lituzkete aberastasun guztia agortzeko. Era berean, 2020tik hona, munduko 5.000 milioi pertsonaren erosahalmena murriztu egin da. Oxfam GKEaren aurtengo txostenaren emaitzak dira.


Paris 365: Iruñeko Udalaren migrazio politikek “erakartze efektuaren diskurtsoa” barneratu dute

Fundazioak 650 lagun ingururen elikadura bermatzen du urtean. Erakundetik diote azkeneko bi urteetan laguntzarik gabe geratu diren pertsonak artatu ahal izan dituztenak baino gehiago izan direla.


2023-09-15 | Gedar
Ikasleen erdiak egiten dute otordu bat gutxiago Frantziako Estatuan, diru falta dela-eta

Berokuntzari edo higiene-produktu batzuei ere uko egin behar diete ikasleen ia erdiak, Cop1 erakundeak argitaratutako ikerketa baten arabera. %25ek 50 euro baino gutxiago izaten dituzte eskura, alokairua eta tasak ordaindu ondoren.


Eguneraketa berriak daude