“Emakume eta migrante izateagatik ez gaituztela kontuan hartzen hautematen dugu”

  • Kooperatibismo bat komunitateari begira: lurraldeetako beharrei erantzuteko ereduak zabaltzen jardunaldia izan zen ekainaren 19an eta 20an Usurbilen, Jakinek, Usurbilgo Udalak eta UEUk elkarlanean antolatuta. Praktika kooperatibo eraldatzaileen adibide gisa, besteak beste, Maitelan Zaintza Kooperatibakoak gonbidatu zituzten eta bertako kide Maria Elisa Peredo Quirozek eman zuen zaintza-arloko langileek bizi duten egoeraren berri.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2025eko uztailaren 22an - 07:00
Elisa Peredo Quiroz. UEU
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Pandemiatik hona batez ere asko hitz egin da zaintzaren inguruan baina oraindik ere sektore ikusezina da, prekarizatua, feminizatua, arrazializatua...

Zaintzaren problematika asko politizatu dela uste dut, baina ez da funtsezko aurrerapausorik ikusten. Lan prekarizatuak gora egiten du etengabe, etxeko langile egoiliarren kasuan etxeko langileen erregimen berezian kamuflatuta.

Osasun fisiko eta mentalaren galera goiztiarra dakarren lana da. Nork zaintzen ditu zaintzaileak?

Orokorrean ez dago zainduko gaituen inor. Beste alde batera begiratzen dute, badirudi inori ez zaiola interesatzen. Normalean emakume migratuok etxez etxeko zaintzan edota etxeko langile egoiliar legez lan egiten dugu, nahiz eta erresidentzietan lan egiten dutenak ere badiren. Etxez etxeko zaintzako lan-baldintza eta ezaugarriei dagokienez, baja edota eszedentzietarako ordezko kontratuak eskaintzen dizkigute, euskarako B2 mailarik ez dugula esanez. Ez dugu lan-egonkortasunik.

Hainbat dira egiten ditugun lanak, hasteko eguneroko oinarrizko beharrizanak asetzeko (higienea, elikadura, mugikortasuna...), baita lan instrumentalak ere (janaria prestatu, garbitu, erosketak egin...). Horretaz gain, beharrizan aurreratuak asetzeko lanak ere izaten dira, badirudi psikologoak ere bagarela, bereziki zaindutako pertsonen osasunak okerrera egitean abilidadeak galtzen dituztenean.

Mendekotasun-egoeran daudenen zainketaren kasuan ordutegia oso exijentea da, zaintzen ditugun pertsonek eguneko hainbat momentutan behar dutelako arreta, eta exijentzia horrek familia-kontziliazioa zailtzen digu. Estres handiko lana da, denbora gutxian lan asko egin behar direlako. Gainera, estresa areagotzen da etxetik etxerako etengabeko desplazamenduengatik. Etxez etxeko laguntzara bideratutako enpresa gehienetan etxebizitza batetik bestera joateko beharrezko den denbora ez dute lanordutzat hartzen. Etxebizitza batzuk ez daude mendekotasun handia dutenak artatzeko egokituta (komunak egokitu gabe, ez dago garabirik, ekipo ergonomikorik ez...) edota irisgarritasun-arazoak dituzten eraikinak dira (igogailurik ez).

Zaintzaren sektorean joan-etorriak asko izaten dira, zerbitzuetan jarraitutasuna mantentzea zaila da, heriotzen edota erabiltzaileen osasunaren okertzearen ondorioz, familia askok bestelako alternatibak bilatzen dituzte, erresidentziak edota gehienetan etxeko langile egoliarrak kontratatzea.

Etxeko langile egoiliarren egoera zaurgarriagoa eta prekarioagoa da. Lan-abusuak, abusu psikologikoak eta baita sexu-abusuak ere errazten ditu. Emakume migrante askok 22 orduko lan-jardunak dituzte, legalki, zaintzaren lan-hitzarmenaren arabera zaintzaileek 7 orduko jarduna behar luketenean. Beraz, hilabetean 145 lanordu egin beharko lituzkete legez, baina sistema esplotatzaile honetan, etxeko langile askok 450 ordu baino gehiago lan egiten dute hilabetean. Gehiegizko esplotazio horrek ondorioak ditu langileengan, ondorio kritiko eta kezkagarriak, eta adin goiztiarrean narriadura fisiko eta psikologikoa izateko joera handiagoa dute.

Zer testuingurutan sortu zen Maitelan eta sortu zenetik zer aldatu da zuen egunerokoan?

Gutxi gorabehera 2018an, AMHERko (Hernaniko Elkarte Multikulturala) emakumeen taldean ikusi genuen zer baldintzatan ari ginen lanean profesionalki zaintzaren arloan dihardugun emakume migranteok. Baldintza kaskar horiek hobetu nahian, Maitelan sortzera animatu ginen Beterri Buruntzako teknikarien laguntzarekin, zeinek bultzatu eta kudeatu zuten Maitelanen sorrera.

Maitelanen helburu soziala bi norabideko ondasun soziala da. Alde batetik, lurraldean eskatzen diren zaintza-beharrak asetzeko tresna da, kalitatezko zerbitzuak emanez, pertsona ardatz hartuta, eta kontsumo arduratsua lortzeko. Bestalde, zaintza-lanetan profesionalki aritzen garenon lana duintzeko tresna da; izan ere, lan-baldintzak hobetuko ditu, lan-segurtasuna ekarriko du, bai eta lan-egonkortasuna eta familia eta lana uztartzea erraztuko duten ordutegiak ere. Gainera, herrialdean hiru urte baino gehiago daramaten lankideen egoera administratiboa erregularizatzeko tresna izan nahi dugu.

Gure jarduera nagusia etxez etxeko zainketak dira, baina gizarte-laguntzako lana ere egiten dugu Auzozaintza programaren barruan. Doako programa publiko komunitarioa da, bakarrik bizi diren 65 urtetik gorakoentzat, gizarte- eta hezkuntza-laguntza bat da, beren komunitatearekin konektatzen laguntzeko, sozializatzeko eta mendekotasun bat saihesten edo geldotzen laguntzeko. Beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen ditugu: etxeen garbiketa, bulegoen garbiketa eta obra-amaierako garbiketa puntualak. Lan mota hauekin lanaldiak osatu ditzakegu eta astean 35 orduko lanaldia lortu.

Gure lan-baldintzak hobetzen ari dira. Erregimen orokorrean alta emanda gaude (ez etxeko langileen erregimen berezian), zainketetarako [Espainiako] Estatuko hitzarmenaren gainetik dauden soldatak ditugu, zerbitzu-orduetan hazten ari gara, eta horrek aukera ematen digu joan-etorriak (etxe batetik bestera joateko behar den denbora) lanordu direla aldarrikatzeko. Aurten prestakuntza eta laguntza psikologikoa jasotzen ari gara.

Usurbilgo jardunaldietan zaintza kontuetan komunitatearen inplikaziorik eza aipatu zenuen. Erantzukidetasunaz hitz egin zenuen. Zein da egoera?

Komunitateak protagonista izan beharko luke zaintzaren sektorean, baina uste dut komunitatea ez dela interpelatuta sentitzen; adibidez, ez da interesik ikusten zaintza-mahaietan parte hartzeko. Guretzat erabiltzaileak garrantzitsuak dira. Baldintza hobeagoetan lan egiten dugunean gure zerbitzua hobea da.

Gure lana hurbilekoa da, errespetuzkoa eta egunerokotasunean hobetzeko prest gaude, pertsona ardatz duen zaintzaren kalitatea hobetuko duten metodologiak ezarriz.Iruditzen zaigu garrantzitsuagoa dela beste gauza batzuetan inbertitzea zainketetan baino. Erantzukizun osoa batez ere etxeko langile egoiliarrei uzten ari zaie, mendekotasuna duten pertsonen senitartekoek beren bizitza soziala egiten jarraitzen dute, beti bezala, beren beharrizana duen seniderik ez balego bezala. Etxeko langilea dutenez, dena dago estalita.

Instrumentalizazioa ere salatu zenuen erakundeen partetik...

Bai, instrumentalizatuak sentitzen gara. Adibidez, Maitelan sortzen lagundu zuten eta gero inori ez zitzaion inporta. Bost urte eta gero Aldundiak ez gaitu bilera batera ere deitu. Hori bai, beste kooperatiba batzuekin biltzen dira, baina Maitelanekin ez.

Bakarrik Hernaniko Udalarekin izan dugu harremana eta lau urte baino gehiago igaro ondoren Beterri Buruntzako eskualdearekin gaude harremanetan, Maitelan sortzen lagundu zuten eta gero abandonatu egin gintuzten. Maitelan bezalako zerbait sortuz gero, diru-laguntzekin eta babesarekin lagundu beharko lukete, behar asko baititugu eta desabantailan gaude faktore askorengatik.

Euskara ikasi nahi dugu erabiltzaileengana hurbiltzen gaituelako, baina denbora eta dirua behar da

Maitelanen webgunea euskaraz dago, euskararen alde egin duzue, baina arazoak dituzue euskara ikasteko...

Bai, euskara ikasi nahi dugu erabiltzaileengana hurbiltzen gaituelako, ez ginatekeelako baztertuak izango eta gure ekarpenak adieraztea errazagoa litzatekeelako, euskaraz ez jakiteak hesiak jartzen dizkigu (lizitazioak, lanak...). Interesa handia izan arren, ez da nahikoa, denbora eta dirua behar da ikasteko.

Zeintzuk dira gaur egun dituzuen zailtasunik handienak eta zeintzuk erronkak, maila pertsonalean zein gizarte-mailan?

Maitelan mailan formazio falta izan dugu administrazio-kontuetan, kooperatiba-kontuetan eta euskaran. Kohesio falta ere izan dugu kolektibo legez. Erabaki okerrak ere hartu dira. Gizarte-mailan zaintza-lanak feminizatuta daude eta eta uste dut horregatik ez zaiela ematen behar duten garrantzia.

Bestetik, kooperatibako parte izan arren, diskriminazio arrazista eta sexista jasaten dugu, baita adinkeria eta tamainagatiko diskriminazioa ere. Gaur egun psikologoen laguntzarekin formazioa jasotzen ari gara eraso arrazistei modu asertiboan aurre egin ahal izateko. Luzera gure buru-osasuna kaltetzen dutelako eta gure aldarteari eragiten diotelako. Jasotzen dugun diskriminazioak gazteei eragiten diela uste dut eta gutxiago sentitzea saihesteko eta diskriminatuak ez sentitzeko ez dira integratzen eta ez dira bertako gazteekin elkartzen, beren berdinekin erlazionatzea bilatzen dute.

Ditugun erronken artean: gizartearen sentsibilizazioa eta erantzukidetasuna zaintzaren arloan. Kontsumo arduratsua lortzea. Zaintzako hitzarmena izatea Gipuzkoan, zaintzaileen ahalegina aldarrikatzeko, garbiketako hitzarmenaren gainetik egon beharko lukeena. Gure esperientziak balio izatea balioan jartzeko baldintza hobeetan lan egitean zerbitzuaren kalitatea hobea dela eta horrek eragin zuzena duela zaindutako pertsonarengan. Babes instituzionala. Hizkuntzaren hesiari aurre egitea eta euskara ikastea erraztea, lanorduen barruan, beste sektore batzuetan egiten den antzean. Diru-laguntzak eskuragarriagoak izatea, langileak formatzeko aukera izan dezagun, Maitelan bezalako kooperatiba batek eskatzen dituen ardura eta lanetan erreleboa izan dadin. Formazio gaurkotuak jasotzea zaintzen ditugun eta mendekotasuna duten pertsonei eragiten dieten gaietan. Etengabeko laguntza psikologikoa buru-osasunaren okertze goiztiarra saihesteko. Era honetako kooperatibak bultzatuko dituzten politika espezifikoak lortzeko babes handiagoa behar dugu. Aldiz, hautematen duguna da emakume eta migrante izateagatik ez gaituztela kontuan hartzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia soziala
2025-07-02 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Kooperatibak

Kooperatiben mugimenduak euskal nortasunaren sakoneko afektu bat esnatzen du gehienetan. Kontzeptuarekiko gertutasun, harrotasun, lurraldetasun bat. Eta bizirik dabil, kooperatibek gaurkotasun handia irabazi dutelako, ez da iraganeko historiako ekimen euskaldun bat... [+]


Ekaineko zurrunbilotik

Kooperatibismo bat komunitateari begira UEUko topaketek, komunitatea ahaldundu eta lurraldeetako beharrei erantzuteko tresna direla gogorarazi ziguten. Halaxe da, bai, baina ekaina ez da kooperatibetan idealizaziorako garai egokiena, ez behintzat kooperatibetako kudeaketa... [+]


2025-06-26 | ARGIA
Saharar haurrek uda bakean pasatzeko aukera izango dute Zeraingo aterpetxean

Horbel kooperatibaren proiektu bati esker, errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren Saharako hamabi haur hartuko dituzte bi hilabetez Goierriko udalerri horretan. Orkli kooperatibaren Orklidea ekimeneko dirulaguntza jaso du proiektuak.


Energia berriztagarrien arloko kooperatiben europar federazioko Kontseilu Errektoreko kide bihurtu da Goiener

Rescoop.eu federazioko Kontseilu Errektorean sartu da Goiener kooperatiba, eta  "lorpen handitzat" jo du ardura berri hori. Iragan maiatzaren 22an Krakovian (Polonian) egindako Energia Komunitarioaren Foruman parte hartu ahal izan dute, eta une inportantea izan... [+]


Energia eta telekomunikazio sistema “erresilientea” sortzeko, lankidetza abiatu dute Goienerrek eta Izarkomek

Bi kooperatibek euren arteko elkarlanean "urrats sendoagoak" emango dituztela iragarri dute, energia eta telekomunikazio sistema "erresiliente" bat sortzeko. Deia egin diete herritarrei Itzali sistema, piztu alternatibak manifestuarekin bat egin dezaten.


2025-04-30 | OlatuKoop sarea
Maiatzaren Lehenerako proposamen bat: lan desiragarriak eta burujabeak denontzat

Maiatzaren Lehenaren kari, bere gogoeta partekatu nahi izan du Olatukoop Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzeko sareak. Langileen egunari lotuta, lanaren izaeraren eta zentzuaren inguruko gogoeta egin dute, lan burujabe eta desiragarriak denontzako garatzeak gure bizitzak eta... [+]


2025-03-26 | ARGIA
Komunikazio modu onak aztergai izango dituzte Donostian

Nortasuna Sarean jardunaldien 10. edizioa egingo dute asteazken honetan Donostiako San Telmon, KomunikaziONA bideguruatzean izenburupean. Egungo komunikazio joerak aztertu eta "alternatiba osasuntsuagoak" topatzen saiatuko dira. Hainbat hizlari gonbidatu dituzte, euren... [+]


Banaketa hurbilagoa mantentzeko borroka

Gasteizko Eraman kooperatibak banaketa “era jasangarri eta etikoan” eginez bertako komertzioa bultzatzeko helburua du bere sorreratik, Arabako hiriburuan eta hango bizilagunengan pentsatuta. Hainbat ekimenetan parte hartzen du, horien artean ikasturte honetan egiten... [+]


Harreman publiko-komunitario-kooperatiboak eraikitzeaz

Gure lurraldeetan eta bizitzetan sortzen diren behar, desio eta ekimenen inguruan gero eta gehiago entzuten dugu harreman eta proiektu publiko-komunitarioak landu beharraz, eta pozgarria da benetan, merkaturik gabeko gizarte antolaketarako ezinbesteko eredua baita. Baina... [+]


Negu gorria

Aurrekontuak eta urteko kontuen itxiera, ez da besterik urteko garaiotan; etxeko ekonomiatik hasita, partekatzen ditugun espazio sozioekonomiko gehienetara. Enpresa handiak hasi dira kalkulagailuak ateratzen eta 2025ari begira asmo handiak martxan jartzen. Erakunde eta eragile... [+]


2024-12-13 | ARGIA
Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzarik gabe abiatuko da KoopFabrikaren ekintzailetza eskola

Proiektu ekonomiko kooperatibo eta komunitarioak abian jartzeko grina duten pertsona eta taldeentzako doako eskola da KoopFabrika. Dagoeneko izena emateko epea irekita dago. Urtarrilaren 28an egingo da lehenengo saioa. Olatukoop, Gezki eta Lankiren baliabideei esker antolatu... [+]


Sindikalismo eraldatzaileaz eta lanaz eztabaidatzeko nazioarteko kongresua Leioan

Ostegun eta ostiral honetan 40 hizlari baino gehiago ariko dira EHUko Leioako campusean Lana eta sindikalismoa XXI. mendean Nazioarteko Lehen Biltzarrean. Lan munduaren eta sindikalismo eraldatzailearen erronkez eta estrategiez eztabaidatuko dute.


Proiektu eraldatzaileen bilgune izango da Oiartzun hiru egunez, burujabetzak eta trantsizio ekosoziala ardatz

Urriaren 17tik 19ra Burujabetzak izeneko jardunaldiak antolatu dituzte Oiartzun Burujabek eta Udalbiltzak. Tokiko esperientzia eraldatzaileak ezagutzeaz gain, Gironako alkate Lluc Salellasek eta CUPeko parlamentari-ohi Mireia Vehík ere parte hartuko dute hitzaldi banatan.


Arrigorri

Lerro hauek idazterako, gazta egiteari utzi diogu eta antzutze prozesu betean gaude. Horrek esan nahi du jetzaldiak gero eta sakabanatuagoak direla denboran, ardiei esnea desagertu arte. Batzuen kasuan, egun gutxitan bukatuko da prozesua, eta gutxi batzuei gehiago kostako zaie.


Eguneraketa berriak daude