2023-05-12 11:11

Igande honetan, maiatzak 14, urtero bezala Ipar Euskal Herriko ikastolen Herri Urrats festa ospatuko da Senpereko lakuaren inguruan. Aurten, Ilargikoop ikasle kooperatibak bere txoko propioa izango du Xiberoa gunean. Elkartenetekin batera egun osorako egitaraua antolatu dute: haurrentzako Txikilinux tailerrak, software libre eta euskaldunaren informazio gunea, berreskuratutako ordenagailuen salmenta…

Ilargikoop Baionako Bernat Etxepare Lizeoko Merkataritza Lanbide Heziketako Garazi Dominguez Erostarbe eta Lio Marcos Yudhi ikasleek sortutako irabazi asmorik gabeko kooperatiba da. Baxoaren erreformaren ondoren lehen mailako eta terminaleko ikasleek enpresa bat sortzeko aukera dute. Ilargikoopeko kideek ekonomia sozial zirkular eta eraldatzailearen bidetik jotzea erabaki dute. Eder Etxebarria irakasleak Kazeta.eus-i azaldu zion bezala, lau balore landu nahi dituzte: aztarna ekologikoa murriztea gailuak berreskuratuz, arrakala soziala apaltzea ordenagailuak prezio onargarrian eskainiz, kultura numeriko berri bat proposatzea, eta herrigintza landu eta Euskal Herri osoan eragitea.

Garazi Dominguez Erostarbe eta Lio Marcos Yudhi, aurrean salgai dituzten berreskuratutako ordenagailuak dituztela. 📷 Ilargikoop / CC BY-SA

Bilboko Elkartenet elkarteak berreskuratutako hamaika ordenagailu eman dizkio Ilargikoopi mila euroko kostu prezioan. Ikasleek gailuen kalitate kontrola egin dute, estrategia komertziala prestatu, Bilboko Harrobia ikastolako Marketing ikasleekin estrategia landu, kooperatibaren webgunea martxan jarri… Software librearen alde egiten dutenez, Txikilinux sistema eragilea dute ordenagailuek, eta 145 eurotan salduko dituzte, bereziki zailtasun ekonomikoak dituzten familietan pentsatuta. Gailuak kooperatibaren webguneko dendan erosi daitezke, eta Herri Urratsen ere salgai jarriko dituzte.

Izan ere, Herri Urratseko Xiberoa gunean izango dira Ilargikoop eta Elkarteneteko kideak igande honetan, maiatzak 14, egun guztiz, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 17:00etara. 20 minutuko tailerrak eskainiko dituzte, haurrentzako Txikilinux sistema eragile libre eta euskaldunak eskaintzen dituen programa eta jokoen berri emateko. Ez dago aurrez izena eman beharrik, bertaratu ahala emango diete txanda haurrei. Tailerretan parte hartzen duten haurren artean Linux pinguinotxoak zozketatuko dituzte.

Software libre eta euskaldunaren gunea ere antolatu dute. Bertan, hezkuntzan erabiltzeko Luberri Linux sistema eragile libre eta euskalduna ezagutzeko aukera izango da, Alex Gabilondo sortzaile eta garatzailearen eskutik. Gainera, sare sozial libreen, hau da, Fedibertsoaren berri ere emango dute.

Amaitzeko, protagonisten ahotsak entzun nahi badituzue, Hodeia ez da existitzen podcastean duela gutxi hitz egin genuen Ilargikoopeko sortzaile diren Garazi eta Lio ikasleekin, eta Elkarteneteko kide den Jabi Alfarorekin. Hemen duzue entzungai:

Gure bi jakintza nagusiak TEKNOLOGIA eta KOMUNIKAZIOA erabilita, zure proiektuak behar duen lekura iristen laguntzeko prest! Ametzagaiña taldea osatzen dugu ARGIA, Antza eta Adurrekin batera.