Giro nahasia politika aldaketaren atarian

  • Hil honen 22an eta 29an izanen dira Pirinio Atlantikoetako bozak, bi itzulitan ohi bezala. Alta, boz hauek kantonamendu kopuruan eta hautagaitzen eraketan aldaketak ekarri dituzte: 27 kantonamendu dira departamenduan, hauetako hamabi Ipar Euskal Herrian, lehen 21 ziren. Hautagaiak parekideak dira hauteskunde-barruti bakoitzean: emazte eta gizon kopuru bera.

Paueko Kontseilu Nagusiko egiturak berrituak izanen dira bozen ondoren. Erregioen –eskualdeak– egituratze berriak aldaketak ekarriko ditu departamenduetan. Bi egituren eskumenetan aldaketak izanen dira –NOTRe legearen arabera garatzen ari dira–, baina ez dira zehatz-mehatz ezagutzen. Gizarte laguntzetan, azpiegituretan eta hezkuntzan aldaketak izan litezke departamenduaren kaltetan, antza.

Biarno eta Ipar Euskal Herria daude Pirinio Atlantikoak departamenduan. 2015eko aurrekontua 803 milioikoa da, azken gobernu kontseiluak onartua. Egungo presidente Georges Labazéek (PS) ez du bere burua aurkeztu. Bera da departamenduko lehen presidente sozialista. Hauteskundeotan, 143 dira hautagaiak eta horietako 108 berriak; 76 dira euskal hautagaiak. Kontseilu Nagusiko hautetsiak 52 dira, eta orain arte, zortzi baino ez ziren emakumeak. Aurrerantzean, 27 emakumek eta 27 gizonek beteko dituzte Paueko Kontseilu Nagusiko aulkiak, Nafarroako Parlamentua ere deitua.

Alderdien hautagaitzak

Amaitu berri den legealdian, historian lehen aldikoz, PS izan da indar politiko nagusia departamenduan. Alabaina, PSko oraingo boz zerrendetan ez dago Georges Labazée biarnesa, ez Frantxoa Maitia garaztarra, ezta Atharratzeko Arnaud Villeneuve auzapeza ere. Hendaiako auzapez eta departamenduko lehendakariorde Kotte Ecenarro jalgi da lider berri gisara. Chantal Kehrig-ekin aurkeztu da Hendaiako hauteskunde-barrutian. Donibane Lohizuneko Jean Henri Aguerretche-Julie Bergara, Baionako Henri Etcheto-Marie Chistine Aragon eta Juliette Brocard-Christophe Martin bikoteak ere pisu handikoak dira alderdi sozialistan. PSk Europe Ecologie Les Verts taldearekin akordioa lortu du zenbait kantonamendutako zerrendetan; Baionan eta Bidaxune-Amikuze-Oztibarren, adibidez.  

Eskuinak eta zentroko alderdiek  historikoki kudeatu duten departamenduko boterea berreskuratu nahi dute. UMP eta Force64 alderdiek bat egin dute horren xedez. Jacques Laserre presidente zentrista ohia, Bidaxune-Amikuze-Oztibarre kantonamenduan aurkeztu da berriz ere, Anne Marie Bruthekin batera aldi honetan. Miarritzen Max Brisson eta Maider Arostegui dira hautagai nagusiak. Donibane Lohizunen bi bikote daude eskuinaren izenean: Ziburuko axuanta Isabelle Dubarbier da ezagunena. Angeluko Claude Olive auzapeza Baionako 1. kantonamenduko hautagaia da. Landa edo baserri munduan, zentro-eskuineko beste izen ezagunak hauek dira: Beñat Inchauspe Hazparnen, Vicente Bru Uztaritzen eta Pepela Mirande Zuberoan.   

Euskal Herria Bai (EH Bai) hautagaitza abertzalearen lema Herrian bizi, lan egin eta erabaki da. Lurralde Elkargoa eta aldaketa sozioekonomikoa aldarrikatzen ditu. Iparraldeko hamabi kantonamenduetan soilik aurkezteak Kontseilu Nagusiko aulkien erdiespen kopurua mugatzen dio. Bidaxune-Amikuze-Oztibarren Anita Lopepe-Xabi Larralde bikotea da buruan buru. Donibane Lohizunen, berriz, Peio Etcheverry-Ainciart eta Leire Larrasa dira lehen hautagaiak. Hiriburuko auzapez Alain Iriart –egungo kontseilari abertzale bakarra Pauen– Errobi Aturri kantonamenduan aurkeztu da, Fabienne Ayensa da bikotekidea.

EAJ lau kantonamendutan aurkeztu da. Jean-Michel Iribarne eta Itxaro Bethart Uztaritze-Errobi barrutian. Francis Gellie eta Nicole Terunad Urdazurin. Donibane Lohizunen Gaxuxa Elhorga eta Jean Pierre Etcheverry. Hendaiakoan, berriz, Jean Tellechea eta Itziar Aizpuru. Jeltzaleen asmo behinena herritarrengana iristea da. Zuekin hemen! dute kanpainako lema.

Alderdi edota mugimendu horien hautagaitzen bi aldeetara Fronte Nazionala (FN) eta Ezkerreko Frontea daude; bi muturretan. Kantonamendu guztietan aurkeztu ez arren, Le Pen markako zerrendek ustekaberen bat eman lezakete. Ezkerreko Fronteak, berriz, Hendaia eta Baiona aldean dauka atxikimendu gehiena.

Giro nahasia

Hauteskunde hauen berezitasunak berretsi ditzagun: kantonamendu edo hauteskunde-barrutien kopurua gutxitu izana eta hautagaien parekidetasuna. Departamenduetako azken bozak izan litezke hala berean. Ipar Euskal Herriaren kasuan –Pirinio Atlantikoak desagertuko direlakoan–, tokiko zenbait jarduera politiko Paueko Kontseilu Nagusitik Bordeleko Kontseilu Nagusira iragan litezke. Alta, orainokoan ez dira ezagutzen erregioetako eta departamenduetako eskumen politiko berriak. Horiek horrela, kanpaina gorabeheratsua iragarri dute politikariek. Egoera hau ez da ere kezka bakarra alderdi politikoentzat. Hexagonoko hauteskunde nagusietan abstentzioa goiti ari da, eta herritarrengandik hurbilago dauden instituzioetarako bozetan ere abstentzioaren mamua ageri da.

Frantziako instituzio nagusietan ezkerra da nagusi uneon, PS buruan buru: Asanblea Nazionalean, Eliseon (François Hollande presidentea) zein Matignonen (Manuel Valls lehen ministroa). Akitaniako eskualdeko buru Alain Rousset da eta Georges Labazee jokoan dagoen departamendukoa. Pirinio Atlantikoetako presidenteak berak ezkerrak irabaztea zaila ikusten duela adierazi du publikoki.

Ezkerraren politikaren porrotaren ondoren, eskuinaren itzulera sumatzen da. Kontseilu Nagusia eskuinaren esku baino, zentro-eskuinaren esku egon da, departamenduko buru ohi François Bayrou ikur nagusia izaki. Zentro-eskuinaren aliantzak Kontseilu Nagusiaren gidaritza berreskuratzea errazten du. Halaber, FNren emaitzek argituko dute eskuindar bozemaileen joera, baita ezker muturreko emaitzen joera agertuko ere.   

EH Bai eta EAJ itxaropentsu agertu dira aurre-kanpainan. EAJ bere izenean aurkeztu da, eta horrek emango du bere ahalmenaren benetako neurria. EH Baik, bestalde, Euskal Herriaren garai berrian oinarritu du kanpaina. Alain Iriart hautagaiaren erranetan, EH Baik gora eginen du eskualde guztietan.

Martxoaren 9an abiatu da kanpaina. Aspaldi igurikatzen den politika aldaketaren atarian giro politikoa nahasia da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ipar EH-ko politika
Euskal Konfederazioak haserrea adierazi du EEPren batzar nagusian, euskararen aldeko politikei diru gehiago ez bideratzeagatik

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra izan du astelehenean 2024ko aurrekontua bozkatzeko. Alain Iriart, Euskal Elkargoko ordezkaria kontra bozkatu duen bakarra izan da.


2024-01-31 | Euskal Irratiak
Peio Etxeberri Aintxart
"Estatuak heriotza heroikoa eskaini zion gainbeheran zen Enbatari"

Mende erdia bete da Enbata legez kanpo ezarri zutenetik. Frantziako gobernuak Enbatak Hego Euskal Herriko ETA erakunde armatuarekin zuen balizko lotura ezarri zuen estakuru bezala. Horren ondorioz,Ipar Euskal Herriko lehen mugimendu abertzalearen azken kideak HAS Herriko Alderdi... [+]


2023-12-20 | Euskal Irratiak
Dominika Daguerre
"Hiru urtez, GALen atentatu bat jasan genuen hamabost egun guziz Iparraldean"

Berrogei urte bete dira GALek aldarrikatu lehen hilketatik. 1983ko abenduaren 19an Ramon Oñaederra ‘Kattu’ 23 urteko errefuxiatua hil zuen talde parapolizial horrek Baionako Bourgneuf karrikako Kayetenia ostatuan. Gertakari hori mugarria izan zen, hor abiatuko... [+]


2023-11-09 | Euskal Irratiak
Europako 10 milioi euro zuzenean kudeatuko ditu Euskal Hirigune Elkargoak

Lehen aldia izanen da Europako funtsak zuzenean kudeatzen ahalko dituela Euskal Hirigune Elkargoak, Akitania Berriko eskualdearen esku hartzerik gabe. 10,8 milioi euroko diru-funtsa izanen da, 2024 eta 2027 artean baliatu beharrekoa.


2023-11-06 | ARGIA
Bagira prozesua
Ipar Euskal Herriko abertzaleek aurrera begirako erronkak zehaztu dituzte

Bagira prozesuak Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak etorkizunera begira hartu beharreko orientabideen inguruko gogoeta egin du, eta ondorio nagusiak aurkeztu berri ditu. Inkesta 1.500 pertsonak erantzun dute. Mugimenduaren erronka nagusi izango diren bost gai zehaztu... [+]


Eguneraketa berriak daude