Proletarioek ez baina prekarioek aldatuko dute mundua?

  • Guy Standing ekonomialari britainiarrak precariat (prekariotza) klase sozial berezi bezala deskribatzeaz gain, argudiatu du neoliberalismoak sortu duen ordena berrian prekarioek hartu dutela aldaketa aurrerazaleak bultzatzeko lantegia, ezkerreko literatura klasikoak proletarioei ematen zien protagonismoa.

Jamie Mackay kazetari britainiarrak Open Democracyn plazaratu argazkian, gazte italiarrak Erromako kale okupazio batean joan den azaroaren 16an. Soinean daramatzaten afixatan diote: “Prekario ikusezinak”, “Hautsi dezagun isiltasuna”, “Hautsi dezagun xanta
Jamie Mackay kazetari britainiarrak Open Democracyn plazaratu argazkian, gazte italiarrak Erromako kale okupazio batean joan den azaroaren 16an. Soinean daramatzaten afixatan diote: “Prekario ikusezinak”, “Hautsi dezagun isiltasuna”, “Hautsi dezagun xantaia”. Aktibista sozialez, etorkinez eta langile prekarioz osatutako mugimenduak Italiako hainbat hiri astindu zituen egun horretan Matteo Renzik ezarri nahi dituen murrizketa politika berriak salatzeko. Dio Guy Standingek: “2011tik hona gertatutako protestak nagusiki izan dira historiagileek matxinada primitibo deitutakoak, esan nahian indarrean datorren klasea (emerging class) zerbaiten kontra egoteak elkartzen duela, zerbaiten alde egoteak baino. Baina protestak laguntzen dio prekariotzari hurbiltzen bere klase izateari buruz. Prest dago mugitu eta borrokan hasteko Ordezkaritza eta Banaketa lortzeko”.

Kontra-mugimendua mamitzen ari da. Prekario jendea konprometitzen hasi da politikagintza demokratikoan. Distopia neoliberala eta gero, etorkizuna berriro sartu da agendan. Prekarioek izan behar dute aro aurrerazale berriaren aitzindariak”. Iragarpen itxaropentsuokin amaitu du Guy Standingek “The Precariat: The New Dangerous Class” artikulua Working Class Studies aldizkari unibertsitarioan.

Esperantza handiegiak egunero bizirauteko nahiko lan daukaten jende txirotuengan? Baliteke. Edozein modutan, klase arriskutsua (“dangerous class”), Karl Marxek lunpen-proletarioei deitu omen zien, langileak baino azpiagoko bizi baldintzatan bizi ziren baztertuei, arriskutsuak langileentzako burgesiari lan zikina egin ziezaioketelako. Standingek, aldiz, kapitalarentzako ikusten ditu arriskutsu oraingo prekarioak.

Guy Standingek (1948) Precariat kontzeptua –Marxez gero hainbeste erabilitako “proletariat” ideari oihartzun egiten diona–  zabaldu zuen 2011n “The Precariat: The New Dangerous Class” liburuarekin. Aurten argitaratu du “A Precariat Charter”  euskaraz “Prekariotzaren eskubideen karta” emango lukeena (gaztelaniaz ere atera berria da).

Bere teoria Working Class Studies aldizkari unibertsitarioan laburbildu du Standigek berak joan den urrian. Hasten da: “Munduan gero eta jende gehiago ohartzen da prekariotzan erori dela, edo aurki dela eroriko, baina ez dela bakarrik egonen. Nabari da animo aldaketa bat, garaituak eta etsituak sentitzetik aurre egin eta aldarrikatzera. Masa ekitaldietatik konpromiso politikorako jauzia dagite. Badakite langileria ez dagoela bat eginda eta ez dute nahi gezurrezko batasunik. Behar dugu etorkizun aurrerazale alternatibo bat, prekarioek gidatua”.

Azken hamarkadotan gainbehera etorri da XX. mendean herrialde aberatsetan antolatutako banaketa sistema. Enpresen etekinak handitu dira eta langileen diru sarrerak izoztu. Lehiakortasuna erdietsi nahian, gobernuek lan baldintzak malgutu dituzte, enpleguei segurtasuna kendu, milioika jenderi osasun eskubideak, erretiroak eta bestelako  lorpenak. “Ongizate estatua ihartu egin da”.

Klase egitura berria antolatu da. Piramidearen erpinean dago plutokrazia oso txiki bat, hein batean kriminalitateari ere lotua. Izugarrizko boterea dauka eta inolako estaturi kontuak eman beharrik ez.

Plutokraziaren azpian dago elitea, ondare handien jabe diren kapitalistak. Beherago soldatapekoak (salariat), enplegu seguruaz gain erretiroa, oporrak eta bestelako onurak dauzkatenak. Duela 40 urte teoriko askok uste zuten arren klase hau izango zela denborarekin arruntena,  urteotan murrizten ari da. Hauen pareko daude Standingek proficians deituak, etekinzaleak, enpleguen segurtasuna baino etekin ekonomikoa nahi dutenak, abokatu, artista, kirolari, saltzaile. Hauetako asko lanak lehertzen ditu.

Proletarioak versus prekarioak

Piramindean hurrengo mailan dago lehengo proletariotza. Ongizate estatuarekin batera ari dira urritzen eta ahultzen. Standing oso gogorra da proletarioekiko eta hauen interesen inguruan antolatu diren sindikatu eta alderdiekiko, oso atzerakoi jokatu dutelako.

Horien azpian dator prekariotza. “Baina ez da azpi-klase bat, lunpen-prekarioena den bezala, kalean galduta dabiltzanena. Prekariotza, aldiz, funtsezko klasea da kapitalismo globalizatuarentzako, neoliberalismoak gorpuztu du”. Azken ikerketen arabera prekariotzan bizi da jende helduen %40 Japonian, Korean, Grezian, Espainiako estatuan, Italian, Australian, Suedian bertan... Txina da prekario gehien daukana.

Klase honen lehen ezaugarria, produkzio harreman bereziak dituela. Kapitalismoan beti egon da lan ezegonkorra, baina orain arau bihurtu da. Kontratu malguak, aldikakoak, freelance modukoak, ordukakoak... Lanbide bati ez daude lotuta, ezta ordutegi bati ere, lanaldian bezala hortik kanpo ere zukutzen dituzte. Aldi berean, prekarioena da beren lanak behar duena baino hezkuntza handiagoa daukan historiako lehen klasea.

Bigarrenik, prekarioek dirutan dauzkate sarrera bakarrak, ez erretretarik, oporraldirik edo gaisoaldiko pagarik, ez Estatuaren bestelako onurarik. Horregatik bizi dira ordain ezinezko zorren mugan: “Zorra bilakatu da zapalkuntza tresna sistematikoa, jendea saiatzen delako atzoko bizi mailari eusten”.

Hirugarrenik, Estatuarekiko harremanak ere ezberdinak ditu. Herritar (citizen) izatearen eskubideak galdurik, bilakatu dira biztanle (denizens), eskubide zibil, kulturazko, politiko edo bestelakorik gabe. Gero eta gehiago bihurtzen dira mesede eskatzaile (supplicant), laguntza eta onuren eskale, burokraten iritzi eta epaiaren mende.

Hiru dimentsio horiek prekario jendeari eragiten diote larritasuna, etsipena, haserrea eta alienazioa: nahi ez dutena egin behar derrigor eta egiteko gai direna ezin egin.

Prekarioen klasea oraindik forma hartzen ari da, Standigen aburuz. Hiru sail daude prekariotzan. Langile klasetik erortzen ari direnak; haien aurrekoen eskubideak nahi dituzte, lehengora itzultzea. Askok abegi onez entzuten diete populista eta neofazistei, beren segurtasunik ezaren erantzule etorkinak eta minoriak direlakoan.

Bigarren sailean daude etorkin eta minoriak. Burua makurtzen ohituak, bizirauten nahiko lan, tarteka beren haserrea lehertzen dute liskar egun berezietan.

Hirugarren sailean daude hezkuntza ona dutenak, bereziki gazteak. Estualdian bizi dira ukatzen zaielako etorkizuna, bizimodu duina eta beren asmoak asetzea. Baina ez doaz neofazisten gibeletik, itxaropena dute gizarte berdinago, askeago eta ekologiaz iraunkorrago bat antolatzeko.

Azken sail hau da batik bat 2011ko kaleko mugimenduez geroztik –Ocuppy, Indignados...– beren buruak klase bezala ezagutzen hasi eta mugimendua abiatu dutenena. Klase  arriskutsua, betiko alderdi eta egitura politiko nagusiak arbuiatzen dituztelako. Etekinen partekatzeaz mintzo dira, denboraren jabe izateaz, bizilekuen –tartean leku publikoen– kalitateaz, hezkuntza askatzaileaz, finantzak ezagutzeaz, kapitala eskuratzeko eskubideaz.

Baikorregia Guy Standing? Manikeoegia? Prekarioek haizatutako mugimendutzat jotzen den Podemosetik Juan Carlos Monederok kritikatu dio prekarioak betiko langileetatik gehiegi bereizi eta hauek hauek errazegi mesprezatzea. Prekarioen klaseaz hasi baizik ez da egin eztabaida: munduko langile talderik handiena da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia soziala
2024-06-14 | ARGIA
Orklik laguntza programa bat zabaldu du proiektuetarako, bere ekintza sozialaren ildoan

Ordiziako Orkli kooperatibak 50.000 euroko funtsa jarriko du "komunitatetik sortutako ekimenak" laguntzeko. Orklidea izena jarri diote programari eta Euskal Herri osoko proiektuak aurkeztu daitezke.


Lau, hiru, bi, bat… Gora Olatukoop! Ekonomia eraldatzailearen festa Donostian

Ekonomia Sozial Eraldatzailearen Sareak, Olatukoopek, hamar urte bete ditu, eta larunbatean festa egin dute Donostian, sareko kide eta partaideen artean. Ekonomia eta kooperatibismoa beste ikuspegi batez landu litezkeela aldarrikatu (eta frogatu) dute: herrigintzatik, herritar... [+]


Olatukoop 10. urteurren ekitaldia
Ekonomia eta lurralde eraldaketarako konpromisoa berretsi du Olatukoopek

80 bat lagun batu dira Iruñeko Katakraken aretoan, ekonomia sozial eraldatzailearen erreferentzia bihurturiko Olatukoop sarearen hamar urteak ospatzeko. Ekonomia eta lurraldeak eraldatzeko proposamenak zehatz-mehatz aurkezteko ekimena izan da.


Eguneraketa berriak daude