Luxuzko oparia Lou Reed zenari eta musikazale orori

  • Askoren artean :: Lou Reed, mila esker!

    Autoekoizpena, 2014

Iker Barandiaran @IkerBarandiara
2015eko urtarrilaren 04a

Velvet Underground taldea desagertu eta gerora ezagutu nuen, jakina. Arty-tik bezainbeste zuten apurtzailetik, erritmoak aldatzetik zein giro deserosoak sortzetik besteak beste, eta inspirazio argia izan ziren gero etorriko ziren talde askorentzat. Talde hartatik ezezagunena, Maureen ‘Moe’ tucker, aspaldi ikusi nuen zuzenean Bilboko En Canal aretoan eta gustatu zitzaidan. John Cale ezagunagoak txundituta utzi ninduen Azkena Rock batean, Gasteizen. Sterling Morrison ezin izan nuen inoiz ikusi, baina Velvet Undergrounden ostean ibilera emankorrena izan zuen Reed aldi bakarrean ikusi ahal izan nuen, Kursaalean, eta hotz utzi ninduen; ez zuen kontzesio bat bera egin.

Haren heriotzak lur jota utzi zuen jende asko, eta horien artean Reedekin eta haren taldekideekin harreman estua izandako Ordorika anaiak. Hala, Jonan Ordorika soinu ingeniari beteranoa tematu zen Louren omenezko disko bat egiten euskal musikariekin euskaraz; eta Louren taldekideek laguntza eskaini zioten, ongietorria izan dena. Egindako castinga ikaragarria da: ez bakarrik puntako interprete eta musikariek parte hartu dutelako, baizik eta bakoitzak aukeratu edo egokitu zaion kantua bere egin duelako. Hitzek ere azpimarra merezi dute; Txuma Murugarrenek euskarara itzuli eta egokitu ditu, gurean abestuta sinesgarriak bilakatzeko.

Ruper Ordorikak –nork bestela?– Romeo had Juliette bere egiten du rock and roll tamainan eta Arkaitz Minerren laguntzaz folk ukitua ere gehitzen dio. Delirium Tremens-eko Andonik sasoi onenean dagoela erakutsi digu bere ahots baziloiarekin, Walk on the wild side eresia Javi Pezek lagunduta dantzagarri bilakatuta. Txuma Murugarrenek Smalltown-en adiera literalki herri (gorrotagarri) kantu gisa interpretatu du Tapia, Leturia eta Minerrekin. Lozorroan dagoela irudi baina bizirik dagoen El Inquilino Comunistako Santi eta Alvarok A gift noise-poparen lurzoru malenkoniatsu eta zaratatsura eraman dute. Edozein erronka txiki gelditzen zaion Petti piztiak diskoan gorpuzkera handiena duen kantua sortu du, rockeroena, pisutsuena eta zikinena, The blue mask abiapuntu hartuta. Eta kontrapuntuan, Maddi Oihenartek goxatu egin du I´ll be your mirror.

B aldea Gorka Urbizuk zabaltzen du The raven-eko Who am I? filosofikoa, Katamaloren antzeko erregistrotik hurbil, intentsitate handiko pop-rockera eramanez. Jarraian filosofiarekin apurtzen du Evaristok, Paco Locoren instrumentazioak lagunduta, Real good time together interpretatuz. Garirekin NYC man entzuten musika beltza eta jazza eguneroko menu duten garitoetan irudikatzen dugu gure burua. Anarik benetako Sad song-a oparitu digu, azkoitiarrak ohi duen baino tonu are eta ilun zein pisutsuarekin, Reed-en Alemaniako garaia gogoaraziz. Horri guztiari akabera ematen dio lan honetan zeresan handia izan duen Paco Locoren instrumentalak. NYeko biziraulearen omenez munduan egin(go) diren bildumetatik txukunenetarikoa dugu hau, gurean egindakoa. Bultzatzaile eta egileei, mila esker!

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Diskoak

Diskoak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude