"Agian naturaren falta sumatzen dugulako itzultzen gara mendira"

  • Munduan barnako bidaiak batez ere barne bidaiak direla esan digu jendeari mendi gailurrak oparitan ematen dizkion mendizale kementsuak.

Buru ilhun lurruntsua euskaraz eta gaztelaniaz plazaratutako liburua eta hainbat dokumentalen egilea da Felipe Uriarte.
Dani Blanco/ Felipe Uriarte
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Aita itsas gizona eta semea lehorzalea?

Aita bizkaitarra eta barrualdekoa zen, Galdakaokoa. Itsas gizona izateko ikasi zuen. Gazte-gazterik Pasaiara joan eta han hasi zen lanean Pisbe izeneko bakailao enpresa handian. Zortzi ontzi zituen enpresak eta horietako batean, Galerna deiturikoan, pasa zuen bizitza erdia. Ternuan lan egin zuen bakailao arrantzan. Eta Pasaiako neska eder batekin ezkondu zen, Angelita Camara, gure ama, oraindik bizi dena. 97 urte ditu.

Zu itsasoan ibili zara?

Bai, baina belaontzietan. Baditut lagun pirata batzuk eta haiekin egin ditut halako bidaia politak. Luzeena izan zen Bartzelonatik abiatu eta Groenlandiako mendebaldeko kostaraino, Umanaq fiordoraino. Zazpi hilabeteko itsas bidaia ederra izan zen.

Mendizaletasunaren harra txikitatik sentitu zenuen?

Euskal Herriaren erditik etorri eta itsasora jo zuen gure aitak, nik aldiz itsasertzean jaio eta mendira jo nuen. Nork daki egiten ditugun gauzak zergatik egiten ote ditugun. Bizitzak eskutik hartu eta mendietara eraman ninduen. Pasaia oso herri berezia da, fiordo bat bezalakoa. Mendi txikitxoak daude, itsasoa dago… Amets egiteko tokia da. Nik amets asko egin ditut Ternuarekin, itsasoarekin… Behin aitaren barkuan foka bat ekarri zuten eta beste behin hartz bat. Oso gaztaro ameslaria bizi izan nuen eta nik beti errua, modu samurrean, nire herriari bota diot. Pasai Donibane beti izan da nire bihotzean eta segitzen du izaten nire bizitzaren erdian. Nire iruditerian beti da bidaia guztietako hasiera eta bukaera. Bidaia zirkularrak egiten ditut beti. Eta bizi izan naizen toki guztiak ere, Donostia, Hondarribia, Gaintza, Oñati… Toki horiek guztiak Pasai Donibanen sartzen ditut.

Norekin hasi zinen mendira joaten?

Gehienetan bakarrik. Gustuko nuen han ibiltzea. Eskalada ikastaro bat egin nuen eta itsas argiaren inguruan dauden harkaitzetara joaten nintzen maiz, batez ere eguraldi txarra egiten zuenean eta olatuek harriaren kontra jotzen zutenean. Olatuak lehertzen ikustea gustuko dut. Oso giro estetikoa da hori. Gero Pirinioetara joaten hasi nintzen eta ondoren Alpeetara, Himalaiara…

Eta egun, norekin ibiltzen zara mendian gustura?

Bakarrik ibiltzea ederra da, askea eta bakartia sentitzen zara, eta toki ona da mendia bakardadea dastatzeko. Taldean ere gogoko dut, sarri horrelakoetan lanean nago, eta mendia konpartitzea ederra da, ogia, gazta eta ardoa konpartitzea bezain ederra. Azken garai honetan umeekin mendian ibiltzea laket dut. Eta are ederragoa bikotekidearekin mendian aritzea, bakarrik ez eta maite duzunarekin zaude naturan.

Mendizale asko Euskal Herrian. Aparteko afizioa dago hemen?

Baietz esango nuke. Euskal Herria horren txikia izanik ere, hemen baditugu hiru mendizale zortzi milako guztiak egin dituztenak. Eta hori toki askotan ez da gertatzen. Nik dakidala, Frantzia osoan oraindik ez dago mendizalerik zortzi milako guztiak egin dituenik, adibidez. Zergatik ote? Zalantzarik gabe mendizaletasuna ez delako soilik kirola. Kirol hutsa baino ederragoak diren gauza batzuk badira hemen. Mendizaletasuna eta bidaia hertsiki lotuta daude. Ezin da ulertu mendia bidaiarik gabe. Pentsatzen dut gure gizartea garai batean naturarekin oso lotuta egon dela. Hiri handirik ez da izan hemen orain dela gutxira arte eta gure hiriak baserritarrez beteta daude. Agian naturaren falta sumatzen dugulako itzultzen gara mendira, milaka urtez gure ingurunea izan den horretara.

Belarriak erne edukita, zer entzuten da mendian?

Norberaren barnealdeko zurrumurruak, istorioak, asmoak, nahiak, ahuldadeak, beldurrak, sasoia… Txikia zara eta txiki sentitzen zara, baina aldi berean handi, naturak asko ematen dizulako. Zure txikitasunean handi egin behar duzu eta zure onena atera, han segitzeko.

Onena atera naturarekiko eta besteekiko ere bai?

Bai. Zure onena eta zure txarrena ere ateratzen da. Mendiak ez zaitu hobea egiten, baina zer zaren agerrarazten du, nolakoa zaren zure barne-barnean.

Lehia handia al dago goi mailako mendizaleen artean?

Bai, bai lehen eta bai gaur egun ere. Baina hori ez da batere osasuntsua. Mendizaletasunaren idatzi gabeko arauetan lehia izatekotan mendizaleok mendiarekin dugu, naturarekin. Lehia baino, harremana esango nuke. Letek aspaldi esan zuen: “Naturarekin bat izan eta harremanetan sartzea”. Espedizio handietan batez ere, aldaketa handia nabari da azken urteotan. Gure gizarte mendebaldarra aberatsagoa da orain, europarra, ipar amerikarra, Australiakoa… eta errazago mugitzen gara. Gizartearen joerak ere aldatu dira. Turistak garela? Bai. Baina horrek bere alde onak ere baditu, horrekin bertako jendeak lana topatu duelako. Asko eztabaidatzen da, adibidez, sherpak negozioa egiten ari omen direlako Everesten. Mespretxuz esaten dute hori. Ni ez nago batere ados. Haiek lanean ari dira eta izugarrizko lan gogorra egiten dute gainera, eta horri esker beren seme-alabek ikasteko aukera dute eta haien etxeak hobeak dira orain. Everest, Kilimanjaro, Andeetan bizi den jendeari garapen handia ekarri die mendiko turismoak. Askotan mendebaldarrok ohitura dugu gure begiekin ikusteko dena eta ematen du munduko zentroa hemen dagoela, eta ez da horrela. Himalaian bizi den batentzat munduaren zentroa han dago. Zentro asko dago munduan. Egin beharko genukeena da denak garbiago jokatu, zaborrarekin adibidez. Orain hobeto doa, baina asko gelditzen da egiteko.

Dirua al da edozein tokitara joateko balio duen pasaportea?

Ez du zergatik horrela izan behar: askoz gehiago balio du abiatzeko gogoak.

Eta dirutan, zenbat balio du bidaia handi horietako bat egiteak?

Everestera 50.000 euro. Kilimanjarora 4.000 inguru.

1974an “Tximist” lehen euskal espedizioa egin zenuten Himalaiara, Everestera.

Horrela hasi zen garai modernoa Euskal herriko medizaletasunean. 1969an Peruko Andeetara joan zen talde bat. Inork inoiz zapaldu gabeko bost mendi egin zituzten eta ondoren hasi ziren prestatzen Himalaiarako lehen espedizio hau, Cegasa enpresak babestua. Juan Zelaia, enpresa horretako nagusia, euskal mendizaletasunean oso pertsona berezia izan da eta berehala ikusi zuen proiektua oso interesgarria izan zitekeela. Hamabi lagun izan ginen eta Nepaleko hogeita hamar bat sherpa. Ez ginen gailurreraino igo, baina esperientzia handia hartu genuen hurrengo espedizioetarako.  

1976an Mendiak eta Herriak sortu zenuenetik zuzendari jarraitzen duzu.

Esango nuke zuzendaria baino gehiago idia naizela. Sortu eta berehala hasi ginen bidaiak egiten Perun, Pirinioetan, Nepalen… Mendian egiten diren jarduera guztiak antolatzen eta gidatzen ditugu: ibilaldiak, igoerak, mendiko eskia, harkaitz eskalada, ibilaldi samurrak, 6.000-7.000rako espedizioak… Denetik. Lau hasi ginen: Martin Zabaleta, Xabier Erro, Julio Villar eta ni neu. Bizitzak beste bide batzuetatik eraman ditu beste hirurak eta ni naiz segitzen duen bakarra. Egun zazpi lagun gara eta orain jende gazte eta zoragarria dugu, oso ondo prestatuak eta mendi gidarien ofizioa maite dutenak: Igor Lasa, Julen Reketa, Garo Azkue, Leire Urretxo, Aitor Rufo eta Ibon Ginea “Mutiko”.

Bazter guztietako xokorik ederrena?

Ederrena ez dakit, baina Euskal Herria munduko ederrenetakoa, zalantzarik gabe. Mendirik politena Balerdi, etxeko leihotik ikusten dudana delako. Eskura dut eta oso ederra da gainera. Baina leku guztietan badira ikuspegi ederrak: basamortuan dagoen bakardadea eta ilunabarrean sortzen diren argi eta koloreak, toki txikienean dagoen baso puska hori udazkenean… Planeta osoa da ederra.

Eta barruan iltzatuta gelditu zaizkizun hiru toki zehatz?

Menditik jaitsi eta hiru hiri aipatuko dizkizut: Isfahan Iranen, Gao Malin, eta Copiapó Txilen. Hirurak dira ederrak, geografia eder batean kokaturik, eta berezko barne geografia berezia dutenak. Hango biztanle xaloak beraien kaleetan paseoan ibiltzen dira lasai.

Zer bidaia egiteko gogoa duzu?

Beti amestu dut Euskal Herrian zehar bidaia luze-luze-luze bat osatzea, herriz herri, mendiz mendi, jendez jende, hizkeraz hizkera, urtaroz urtaro.

Denboraren makinan sarturik zein garaitara eginen zenuke salto?

Shackleton eta Geoffrey Winthrop Young-en  garaietara. 1876-1958. Shackletonen Endurance itsasontziko kidea gustatuko litzaidake izatea eta Youngen sokakidea Breithorngo 4.160 metrora dagoen Ipar Ertzean. 1920an Pasai Donibaneko San Juan traineruak Kontxako Ikurrina irabazi zuen, patroia Matxet handia zuela. Garai ederrak haiek. Halere gustura nago hemen eta orain. Garai hobeak datoz Euskal Herriarentzat, askeagoak, eta horretarako nire alea ipintzen saiatu nahi nuke.

Mendian hotzak eta bakardadeak inguraturik, zer duzu buruan?

Hotzari ez utzi gehiegi nire gorputzera hurbiltzen. Bakardadeari begietara begiratzea, konplizitatez.

Heriotzarekin zer harreman duzu?

Elkarri zeharka begiratzen diogu, disimuluan.

70 urte bete eta gero maldan behera zoazela sentitzen duzu?

Bizitza osoan ibili izan naiz maldan gora, maldan behera, ohituta nago.

Zer aldatuko zenuke zure bizitzan?

Dagoeneko ez dago ezer egiterik, bizi dudana bizi izan dut. Eta nolako lana orain aldatzen hastea!

Eta gure Euskal Herri honetan?

Euskararekiko euskal jendearen atxikimendu eskasa. Euskal abertzaleen arteko arrakala konpondu, itxi, eta denok bat egitea. Independentziarako bide luze eta zailean Euskal Herriko Iparra eta Hegoa hurbildu eta batzea, ezinbestekoa baita, denok dugu besteengandik zer ikasi. Iparrak Hegoa behar du, Hegoak Iparra.

Zein da zure helmuga, gailurra, helburua bizitzan?

Planetan gailur asko daude ezagutu nahi nituzkeenak, haien haizea dastatu, hango herriak ezagutu. Menditik kanpo, gure herriarengatik zerbait egitea eta  nire azukre koxkorrari bizitza goxatzen laguntzea.

Beti izan dut joera aurrera begiratzeko. Dudan pena bakarra da denbora gutxi gelditzen zaidala jo eta ke aritzeko mendian. Bizitakoa hor dago eta ederra da. Goi mendi gidaritzak badu alde oso on bat: mendi gailurrak oparitu egiten dizkiot nirekin mendira etortzen den jendeari, nire sokan lotzen den orori. Hori ofizio zoragarria da, ezta? Mendi gailurrak oparitu, berdin lanean berdin lagunekin izanda ere. Emozioak, herriarekiko, naturarekiko, pertsonekiko emozioak oparitu.

Nortasun agiria: Felipe Uriarte Camara

Pasai Donibanen sortua, 1944ko martxoaren 17an. Mendigoizalea eta goi mendietako gidaria. Ikasketaz industria ingeniaria da, baina mendia da bere pasioa. 1974an “Tximist” Everesterako lehen euskal espedizioan parte hartu zuen. Bi urte geroago Mendiak eta Herriak sortu zuen, natura eta kirolarekin lotutako enpresa. Euskaldunak Everest Mendian. Buru ilhun lurruntsua euskaraz eta gaztelaniaz plazaratutako liburua eta hainbat dokumentalen egilea da. 71 urterekin gelditu gabe ari da jendea eramaten munduko bazter ederrenetara, “gailurrak oparitzen”, berak dioen bezala. Bidaien artean, Gaintza herriko bere etxetik Balerdi mendian pausatzen ditu begiak.

Natura eta gu

“Mendia kirola da baina baita bidaia ere, deskubrimendua. Mendizaletasunean gizaki modernoak barne bidaia aurkitu du. Mendi handi batean gauza asko aurkitzen duzu: zeinen ahulak garen, zer den beldurra eta horri aurre egin behar izatea. Naturaren indarraren pertzepzioa zer galduta dugun argi ikusten da mendian”.

Mendian arriskua non dagoen

“Noiznahi, nonahi. Erne ez egotean dago arriskua. Aterpera heldu arte erne ibili behar duzu gailurra ez baitago tontorrean, aterpean baino, litro bateko garagardo pitxerra eskuan, lagunen ondoan eserita”.

Azken hitza: interes politikoak

“Gaur egun mendizaletasun bi antzeman ditzakegu: bat mediatikoa, telebistan agertzen zaiguna, eta bestea isila, inon agertzen ez dena. Mendizaletasuna, futbola, atletismoa edo beste kirol batzuk bezala, politikarako erabili da, gaur eta beti, eta nazio guztietan. Aspaldiko garaietan ere gertatzen zen. Edurne Pasaban anderea, esate baterako, erabilia izan da zentzu politiko batean. Euskalduna izanik, Espainiako Estatuak espainiar bihurtu du interesatzen zaiolako. Kalean nabarmena den hori esan egin beharra dago. Euskaldunok ere erabili izan dugu mendigoizaletasuna politikoki esateko ‘begira euskal mendizaleok, garaiezin dirudien gailur horretan zutik eta ikurriña eskuetan’. Aldea dago gu gure mendigoizaleez harro gaudela eta Espainiakoek, aldiz, gure mendigoizalea lapurtu nahi digutela. Pasaban 14 gailurrak lortzen ari zen bitartean, dozenaka neska eta mutil, emakume eta gizon ari ziren mendi handi eta txikiak egiten isil-isilik”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mendiak
2024-11-06 | Jon Torner Zabala
Mendietxe irekita, euskal mendizaletasunaren museoa zertan da?

Mendietxe museoak zabaldu ditu ateak, irakurri dugu Berria-n. Eta boteprontoan pentsatu, "hau izango al da EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoa fundazioak ireki nahi zuen museoa?". Ramon Olasagasti kazetariak argitu dizkigu zalantzak: "Alex Txikon alpinistaren... [+]


Popuerzakoa

Iraileko igandeetan ohitura da gure inguruetan Erniora igotzea, Zelatunen dantzan aritzea eta txorizo muturra, edo, jatea. Eguraldi txarrenaz ere ez da jenderik falta izaten. Aurten lagunak goizago abiatu eta ni berandututa, bakarrik nindoan estratan gora, beherantz zetozen... [+]


Etorkizunean ere mendien alde

Orain dela hogei bat urte izandako mehatxuak datoz Gipuzkoako mendietara berriro ere, eta ez nolanahiko neurrian, gainera; tamaina eta kantitate handiagoan baizik. Proiektuok –bakarren bat jadanik eraikia; Zubietako erraustegia, kasu– landa-eremuan edota mendian dute... [+]


2024-06-19 | Reyes Ilintxeta
Elena Quispe Tincuta eta Cecilia Llusco Alaña
“Bizitzan dena ezin da gailurra izan”

Maiatzean Elena Quispe Tincuta (El Alto, La Paz, Bolivia, 1998) eta Cecilia Llusco Alaña (El Alto, La Paz, Bolivia, 1985) txolita eskalatzaileak Hego Euskal Herriko hiriburuetan izan ziren Cholitas dokumentala aurkezten Alboan, Entreculturas eta Oxfam GKEen ekimenez... [+]


2024-04-25 | Sustatu
‘Mendiurrena’: Euskal Mendizale Federazioaren mendeurrena

Maiatzean beteko dira 100 urte Euskal Mendizale Federazioa (EMF) sortu zela, orduan ere oihartzun handia izan zuen eta Elgetan izan zen ekitaldi batean (1924ko maiatzaren 18an). Mendeurren hau ospatuko du EMFk logikoki, eta izen aproposa ere asmatu diote: Mendiurrena.


2024-02-27 | Jon Torner Zabala
Mendi Federazioak 100 urte
Mendiaren kulturari eusteko sokak, tenkaturik

Euskal Mendizale Federazioak 100 urte beteko ditu datorren maiatzaren 18an. 1924an sortua, mendeurrenak bide eman digu mendizaletasunak izan duen eboluzioaz eta aurrera begirako erronkez aritzeko. Sekula baino jende gehiago dabil geurean mendian, eta aldatzen ari da hura... [+]


2024-01-18 | Jon Torner Zabala
‘Gailurretan izan gaitun’ erakusketa, Mendi Federazioaren mendeurren-ekitaldien abiapuntua

Euskal Herriko Mendi Federazioa sortu zela 100 urte beteko dira maiatzaren 18an, eta urteurrenaren harira hainbat ekimen izango da datozen hilabeteetan. Gailurretan izan gaitun erakusketa ibiltaria da lehenbizikoa, Iruñeko Planetarioan ikusgai dagoena, zeinak biltzen... [+]


Oihana Azkorbebeitia. Arineketan aske
“Mendiari errespetua eduki behar zaio, eta hori galtzen dabil gaur egun”

2006an, mendi-lasterketen mundua artean berri-berria zela, “apur bat kasualitatez” hasi zen kirol horretan Oihana Azkorbebeitia, eta gaur egun ere arineketan segitzen du. Bide horretan, palmares ikusgarria bildu du, baina berak argi dauka zer ematen dion... [+]


Nazioarteko hamazazpi estreinaldi, Mendi Film jaialdian

57 film eskainiko dira, horietako bederatzi EAE mailako estreinaldiak. Edurne Pasaban omenduko dute aurten WOP Fundazioa sariarekin. 24.800 euro banatuko dituzte hamabi saritan, sail ofizialean lehiatuko diren lanen artean.

 


2023-10-31 | Jon Torner Zabala
Sarenneko glaziar “hil berriari” azken agurra eman diote Alpeetan

Duela lau urte Islandiako Okjökull eta Suitzako Pizol glaziarren omenez egindako hiletek bezala, frantziar Alpeetan dagoen Alpe D’Huez estazioak hartzen duen Sarenne-ko glaziarrari emandako agurrak larrialdi klimatikoaz ohartarazi nahi ditu herritarrak.


2023-10-25 | Jon Torner Zabala
Iratiko eski estazioa itxiko dute, bero eta haizealdi handiengatik

Iratiko eski estazioa, 1968an inauguratua, iraupen eskia egiteko aukera eskaintzen duen Ipar Euskal Herriko bakarra, itxi egingo dute datorren denboraldian, larrialdi klimatikoa dela-eta.


Ibilbideak (I)
Azazeta: haizea lagun Arabako mendietan

Arabako toki ezezagun bezain ederrean kokaturik, Azazeta errepideko bortu baten izena delako etorriko zaio askori burura, irratian neguan kateak behar direlako bakarrik entzuten dugun toki bakarti horietakoa. Baina Azazeta hori baino gehiago da. Eta orain ezagun egin zaigu... [+]


Ibilbideak (II)
Oderitz: Aralarko lurpean ur natural egarriz

Aralarko goi mendietako paisaia zoragarrietan paseatzea maite dutenek –udaran larre eta neguan elur– edo mendizerrako basoak zaintzen dituzten abeltzain eta herritarrek, orban zarpail bat ikusiko diote hemendik ez gutxira, Nedgia Navarra SA enpresak gasbide bat... [+]


2023-04-14 | ARGIA
Agroekologiako Egurra Ta Kandela kolektiboak mendia eta landa-eremua defendatzeko deia egin du

Apirilaren 17 Nekazarien Borroken Nazioarteko Eguna dela baliatuz eta “Egurra ta Kandela” izenpean, Gipuzkoako baserri agroekologiko batzuek dekalogo bat plazaratu dute. Hemen dago irakurgai eta atxikimendua emateko aukera dago berau sinatuta edo... [+]


Eguneraketa berriak daude