Gaztelaniazkoei %97, euskarazkoei %3

  • Erakunde publikoek milaka euro bideratzen dituzte publizitate instituzionalera. Euskal Autonomia Erkidegoan, foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak hainbat publizitate eta informazio ekintza mota bideratzen dituzte hedabideetara, hala nola, kanpainak, iragarki ofizialak eta babesak. 2013an, Eusko Jaurlaritzak 4.782.184 euro erabili zituen hedabideetan eta bestelako euskarrietan kontratazioak egiteko (euskarazko hedabideak sustatzeko erabili zuen diru-laguntzaren pare: 4.875.000). Publizitate horren diru kopuruaren %2,96 bideratu zuen euskarazko hedabideetara.

Eusko Jaurlaritzak 2013an publizitate instituzionalean gastatu zuen diru kopuru osoa aipatu berri duguna baino handiagoa da. Zaku osoa 5.702.311,87 eurokoa izan da eta bi zatitan banatzen da. Batetik, publizitatearen sormena, ekoizpena, lokuzio eta irudi eskubideak ordaintzen dizkie enpresa esleipendunei, eta bestetik, hedabide eta bestelako euskarrietan publizitatea sartzeko kontratazioak egiten ditu. Diru kopururik handiena bigarrenean dago: 4.782.184,70 euro. Hedabideetara bideratutako diru poltsa horretatik, gaztelaniazko komunikabideek %97,04 jaso dute eta euskarazkoek %2,96. Publizitate instituzionala jaso duten euskal hedabideak ondokoak dira: Anboto, Argia, Berria, Gaztezulo, Hamaika TB, Hirinet, Bizkaia Irratia, Entzun! eta Euskal Herria. Hekimeneko (Euskal Hedabideen Elkartea) kideak soilik kontuan hartuta, portzentajea %2,48 da. Eusko Jaurlaritzak publizitatean gastatu duena eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskarazko hedabide ez publikoei emandako diru-laguntzak alderatuz gero, kopuruak oso antzekoak dira: 4.782.184,70 euro publizitatean eta 4.875.000 euro diru-laguntzetan.

Publizitate bidez, 4.678.271,51 euro gaztelaniazko hedabideetan, 103.913,19 euro euskarazkoetan. Desoreka nabarmena da, %2,96 euskal hedabideetan. Alde batetik, euskarazko hedabideek merkatuan duten hartzaile kopurua %2,96 baino handiagoa da, eta bestetik, publizitate banaketa horrek euskaldunak, hedabideak euskaraz kontsumitzen dituen herritar sektorea, kanpo uzten ditu. Desorekaz galdetu diogu Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendariari: “Desoreka begi-bistakoa da. Euskal hedabideek %3 hori baino askoz ere esangura komunikatibo handiagoa dute. Euskarri guztietan presente daude, eta haiek dira euskararen hiztun komunitatearekin lotura ziurtatzen dutenak. Irizpide politiko eta linguistikoen ikuspegitik, portzentaje hori ez da inola ere egokia”.

Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzak euskarazko hedabideetan kontratatutako portzentajeak aztertuz gero, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailarena da altuena: %5. Euskarazko hedabideetan 28.951 euro kontratatu ditu. Kopuru absolutuak kontuan hartuz gero berriz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila da euskarazko hedabideak gehien kontratatu dituena: 32.456 euro. Deigarria da euskararen normalizazioa sustatzeko eta babesteko ardura duen sailak diru kopuruaren %4,57 baino ez bideratzea euskarazko hedabideetara. Euskarazko hedabideak gutxien kontuan hartu dituen saila Segurtasun Saila da; 9.370 euroren balioko kontratazioak egin ditu, guztiaren %0,98. Gainerako sailen artean ez dago alde handirik.

Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko 6/2010 Legearen arabera, Eusko Jaurlaritzako Publizitateari buruzko Sailarteko Batzordeak bi txosten egin behar ditu urtero: amaitutako urteari buruzko memoria bat eta hasiko den urterako plan bat. Eman ditugun datuak 2013ko memoriakoak dira. Bi dokumentu horiek Legebiltzarrera bidaltzen dira urte bakoitzeko saioen lehen epealdian (otsailaren 1etik ekainaren 30era).

Foru Aldundiak

Eusko Jaurlaritzaren 2013ko memoria interneten aurki daitekeen moduan, foru aldundien txostenik ez dugu aurkitu sarean. Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi digunez, EH Bildu talde politikoak Batzar Nagusietan gai horretaz galdetu du, eta gaia landuko dute, baina instituzioa eta ahaldunak errespetatzeko asmoz, Batzar Nagusietan datuak ezagutzera eman arte ez dute informazioa zabalduko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak duela bi urtez geroztik publizitate instituzional guztia  Komunikazio zuzendaritzatik bideratzen du eta iaz hasi baziren ere, publizitate banaketaren informazio zehatza jasoko duen dokumentuaren aurrelana bukatzen ari dira, eta beraz, aurki aurkeztuko dute 2014koa. Publizitate banaketa egiteko irizpideez galdetuta, Xabier Lekuonak adierazi digu 1994ko foru araua dagoela, bere ustez, zaharkitua, besteak beste prentsa idatzia baino ez du kontuan hartzen. Arau horrek lau ardatz ditu oinarri: berdintasun irizpidea, proportzionaltasuna, eraginkortasuna eta euskara. Foru Aldundiak hedabide publikoak eta euskarazkoak lehenesten ditu, baita tokikoak ere. Euskarri oro kontuan hartuta, 70 hedabide baino gehiagotan jarri dute publizitatea 2014an. Foru arauak dio publizitatearen %8 euskarazko hedabideetan sartu behar dela. Lekuonak aurreratu digunez, 2014ko txostenak dio publizitate gehiago sartu dela euskarazko hedabideetan gaztelaniazkoetan baino.


 

Alberto Barandiaran, Hekimeneko zuzendaria
“Orain, datuak ezagutu ondoren, Jaurlaritzarengana jotzeko ordua da”

Zergatik jarri du Hekimenek (Euskal Hedabideen Elkartea) fokua publizitate instituzionalaren kudeaketan?

Hekimenek sortze beretik esan du publizitatea landu beharreko gaia dela. Publizitate instituzionala, eta publizitate komertzial bateratua. Publizitate bateratuaren inguruan urratsak egin ditugu aurten, eta Gipuzkoako Foru Aldundian eskaintza bateratua egin dugu Hekimeneko Gipuzkoako hedabideen artean, eta emaitza oso ona izan da. Orain, beste esparru batzuetara nola zabaldu aztertzen ari gara.

Publizitate instituzionalari dagokionez, iaz Legebiltzarrean eskatu genituen Jaurlaritzak egindako publizitatearen datuak, eta duela gutxi ezagutu ditugu. Guk uste genuena baino txarragoak dira: %2-3 inguruan dabil Jaurlaritzak euskal hedabide ez publikoetan egiten duen publizitatearen kopurua. Oso-oso gutxi da hori.

Zein irizpide erabiltzen ditu Eusko Jaurlaritzak publizitatea hedabide batean edo bestean banatzeko? Eta Hekimenen ustez, zeintzuk beharko lukete irizpideak?

Ez ditugu ezagutzen Eusko Jaurlaritzaren irizpideak publizitatea banatzeko orduan. Hekimenen ustez, irizpide horiek zentzuzkoak izan beharko lirateke, zuzenak eta objektiboak. Eta iruditzen zaigu elebiduna dela dioen administrazio batean, euskal hedabideetan, euskara hutsean transmititzen duten hedabideetan, kanpaina publikoek askoz ere presentzia handiagoa izan beharko luketela.

Gai hau lantzen ari al da Hekimen Eusko Jaurlaritzarekin?

Hekimen gaia lantzen ari da sektore barruan, identifikatzeko ondo nola egin behar dugun lanketa hori, eta identifikatzeko zein izan behar duten helburuek. Laster urratsak egingo ditugun itxaropena daukagu. Orain, datuak ezagutu ondoren, Jaurlaritzarengana jotzeko ordua da.

Foru Aldundiek nola kudeatzen dute gai hau? Badira txosten publikoak? Aztertu dituzue? Ados zaudete hauen irizpideekin?

Foru Aldundiek bakoitzak bere erara kudeatzen dituzte gai hauek, eta ez dago irizpide batasunik. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, esaterako, hainbat kanpaina eraman ditugu aurrera 2014an zehar, eta espero dugu aurrerantzean ere horrela jarraitzea. Oso balorazio ona egin dugu egin den lan horren inguruan. Bizkaiko Foru Aldundiari gaia proposatu genion, baina erantzun ziguten haiek ez dutela publizitaterik sartzen diruz laguntzen dituzten hedabideetan. Iruditzen zaigu hor ere badagoela zer landu: zer den diru-laguntza politikoa, eta zer den eskaintza komertziala. Horri guztiari heltzeko garaia da orain.


ASTEKARIA
2014ko abenduaren 07a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#2
#3
Olaia Salazar Urrutia
#4
#5
Barbara Miller
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Publizitate instituzionalaren banaketa
2023-12-17 | Axier Lopez
Jaime Gómez-Obregón
"Datuak zabaltzen dituzte aho txikiarekin, gardena izatea beste gauza bat da"

Jaime Gómez-Obregón ingeniariak oso tresna baliagarria sortu du Jaurlaritzaren diru publikoaren erabileraz gehiago jakiteko. 2018tik 2022ra erakunde horrek hedabideen artean banatu dituen publizitate kanpaina guztien datuak prozesatu, aletu eta era ulergarrian... [+]


2023-12-17 | Axier Lopez
Jaurlaritzaren publizitate banaketa
Botere mediatikoak eskuindarra eta erdalduna izaten jarrai dezan

Euskal Herriko erakunde publikoek urtero milioiak banatzen dituzte hedabideen artean, instituzioen publizitatea zabaltzearen edo hedabideen ekimenak babestearen truke. Oro har, datu publiko horien gardentasun ezak zaildu egiten du argazki osoaren jabe egitea, baina zorionez,... [+]


Daniel Grabner, ikerlaria
"Egunkari nagusi gehienak erabat menpeko dira publizitate instituzionalarekiko, desagertu egingo lirateke gabe"

Hitzarmena iragarkien truke - hedabideen eta Austriako Estatuaren arteko menpekotasunak. Izenburu hori dauka Daniel Grabner ikerlariak (Austria, 1990) KriKoWi konferentzian egindako aurkezpenak. Bertan xehe azaldu du publizitate instituzionala nola banatzen den herrialde... [+]


2021eko datuak
Donostiako Udalak ia milioi erdi bat euro banatu dizkie gaztelaniazko hedabideei, publizitate instituzional kontzeptuan

Ia milioi erdi bat euro ordaindu zizkien gaztelania hutsez edo nagusiki hala diren hedabideei Donostiako Udalak publizitate instituzionalaren bidez, eta euskarazkoei, kontrara, 32.000 euro. El Diario Vasco eta Ser Irrati kateak diru-poltsaren ia erdia jaso dute, eta euskarazko... [+]


2021-04-13 | ARGIA
Iruñeko Udalak euskarazko hedabideak publizitate instituzionaletik kanpo utzi ditu

Administrazioan Euskaraz Taldeak salatu duenez, Iruñeko Udalak 2020. urtetik publizitate instituzionaletik kanpo utzi ditu euskarazko hedabideak, ez dutelako audientzia osoaren %10. Euskararen aldeko taldeak oroitarazi du 2016ko inkesta soziologikoaren arabera,... [+]


Eguneraketa berriak daude