Nafarroako Gobernuak gaztelaniazko hedabideak bultzatzen ditu publizitate instituzionalarekin

  • 2019an publizitate instituzionaleko gastuak zein hedabidetan egin dituen argitara eman du Nafarroako Gobernuak: Diario de Navarra eta Diario de Noticias dira Chiviteren Gobernuaren iragarkien onuradun nagusiak. Euskarazko hedabideek bide horretatik jasotzen duten dirua ere anekdotikoa da.


2020ko uztailaren 15ean - 09:51
Diario de Navarra egunkariaren egoitza Kordobilan.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

1,3 milioi euro baino gehiago gastatu ditu Nafarroako Gobernuak 2019. urtean hedabideetan egindako publizate instituzionalean. Kopuru horren %20 baino gehiago egunkari bakar baten kontu korrontera joan da, Diario de Navarra-ra –265.142 euro–. Herrialdeko beste gaztelaniazko egunkari nagusiak, Diario de Noticias-ek, 176.548 euro jaso ditu. Kopuru oso altuak dira, euskarazko egunkari bakarrak jasotzen duenaren aldean, izan ere, Berria-k 18.324 euro besterik ez zituen jaso iaz Foru Gobernuaren aldetik.

Irratietan ere, gaztelaniazkoen aldeko tendentzia nabarmena da. Ser katea da jaun eta jabe, emandegi guztien artean banatu diren 227.544 euroetatik ia 60.000 Prisa taldeko kateak jaso baititu. Atzetik ditu Cope eta Onda Cero kate eskuindarrak –41.394,35 eta 35.425,23 euro hurrenez hurren–. Eta, berriz ere, euskarazko lehenbiziko hedabidea aurkitzeko oso behera jaitsi behar da taulan: Iruñerriko Euskalerria Irratiak 9.000 euro baino zerbait gehiago jaso du publizitate instituzionalean eta Xorroxinek berriz 1.700 pasatxo.

Telebistak eta sarea: publizitate ia guztia erdaraz

Euskarazko hedabideak bigarren planoan uzteko joera ikusten da telebistetan ere: Navarra TV-ri eman dio Gobernuak publizitate instituzional gehien, 81.571 euro, Hamaika Telebistak –7.675,94 euro– edo Xaloak –6.310,56 euro– jasotakotik oso urrun.

Deigarria da hedabide digitaletako publizitatearekin gertatzen dena ere. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, sareko bi argitalpenetan jarri du publizitatea Foru Gobernuak: Diario de Navarra-ren webgunean ia 20.000 euro eta Diario de Noticias-enean 17.000 inguru. Kasu honetan, euskaraz diharduten hedabideen webguneak agertu ere ez dira egiten, nahiz eta bai eskualdeka, bai erkidego mailan gertatzen diren albisteen etengabeko jarraipena egiten duten.

ARGIA, zokoratuta

Iazko datuak dira Nafarroako Gobernuak eman dituenak, alegia, hedabide honek mendeurrena ospatu zuen urtekoak. Eta gaur egungo ARGIAren jatorria Iruñeko fraide kaputxinoek sorturiko Zeruko Argia aldizkarian dagoenez, hainbat ekitaldi egin ziren Hiri Buruzagian efemeridearekin bat eginez.

Mende oso batez Nafarroaren berri ematen ari den aldizkari honek, ordea, apenas jaso zuen iaz ere publizitate instituzionalik herrialde horretako gobernuaren partetik: 1.815 euro baino ez. “Aldizkari sektorialak” epigrafearen barruan agertzen da Gobernuak ARGIAn jarritako publizitate instituzionalaren kopurua. Irakurleak ideia bat egin ahal izateko, Nafarroako ostalarien elkartearen aldizkariak antzeko kopurua jaso zuen –1.626 euro–.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Publizitate instituzionalaren banaketa
2025eko irailaren 18
Publizitate instituzionalaren negozio ezkutua Espainiako Estatuan
Gardentasuna ala adiskidetasuna?

2023ko abenduaren 11
Jaurlaritzaren publizitate banaketa
Botere mediatikoak eskuindarra eta erdalduna izaten jarrai dezan

2018ko otsailaren 21
Publizitate eta babesletza instituzionala Gipuzkoako Aldundian
Hedabideetan eragiteko tresna politikoa

2014ko abenduaren 2
Publizitate instituzionala
Gaztelaniazkoei %97, euskarazkoei %3

Eguneraketa berriak daude