Hedabideetan eragiteko tresna politikoa

  • Publizitate instituzionalen eta babesletzen bidez, zein komunikabidek jasotzen du diru gehien eta zein dira bazterrean geratzen direnak? Zein dira banaketarako irizpideak? Gipuzkoako Aldundiaren kasua aztertu du ARGIAk, datu publikoak ematen hasi baita –bera da bakarra–. Aperitibo gisa: diru gehien El Diario Vasco egunkariari eman zion iaz ere Aldundiak, 399.075 euro; eta konparaziorako, ARGIAri 4.293, ia ehun aldiz gutxiago. Herritarren ezagutzatik urrun, diru publikotik ehunka milaka euro mugitzen dituen sistema opakua dago atzean.

Euskal Herriko erakunde publikoek urtero milioiak banatzen dituzte hedabideen artean, instituzioek sortutako informazioa zabaltzearen truke (publizitatea) edo instituzioek egoki irizten dioten zenbait lan diru publikoz babestearen truk (babesletza).

Gipuzkoako Aldundiak zer banaketa eta nola egiten duen azaldu asmo du erreportaje honek. Infografia nagusian eskuragarri dago instituzio honek 2016an eta 2017an egin duen publizitate eta babesletza banaketa. Datu horiek lehen aldiz jarri dituzte herritarrentzat eskuragarri eta Gipuzkoako Aldundia gai honetan erakunderik gardenena da gaur gaurkoz. Datu guztiak publikoak dira, Gipuzkoa Irekia webgunean daude eskuragarri. Bizkaian, Araban eta Nafarroan gai honetan herritarrek egun ezin dute jakin erakundeok zenbat diru publiko bideratzen duten hedabideetara publizitate publikoaren bitartez. Diru partidarik handienak mugitzen dituzten udaletan ere ez dituzte datuak eskuragarri jartzen. Hori da, erreportajea Gipuzkoako datuetan bakarrik oinarritzeko arrazoia.

Publizitate eta babesletza instituzionalaren banaketari dagozkion gastuak bi multzo nagusitan daude: Publizitate kanpainetan egindako gastuak eta Kontratu txikiak ataletan. Hainbat asteko lana izan da dokumentuak aztertu eta kopuru batzuetara heltzea. Kasu batzuetan kontratuen kontzeptuak zehaztasunik gabeak dira, iragarkiaren eta kontratuaren datak ez dira azaltzen eta azpikontraten bitartez egindako banaketa errealak ez dira agertzen. Bestelako kontratu motak ere agertzen dira dokumentuetan (komunikazio zerbitzuak, adibidez), baina kontuan hartu ditugun bakarrak hedabideetan jarritako publizitate edo babesletzekin lotura zuzena duten kontratuak dira. Dokumentu publikoetan gastuak banan-banan identifikatu eta EH Bilduk Batzar Nagusietan eskatutako dokumentuekin konparatuz osatu dugu zerrenda. Halere, aurrez aipatutako arrazoiengatik, baliteke zenbait kasutan kopurua guztiz zehatza ez izatea eta beraz, ahalik eta zuzenena den argazkia aurkeztu nahi dugu. Azkenik, gure emaitzak hainbat hedabideren lehen eskuko informazioarekin kontrastatu ditugu aurkeztu aurretik.

El Diario Vasco jaun eta jabe
El Diario Vasco egunkariak gutxienez 399.075 euro jaso zituen 2017an, Gipuzkoako Aldundiaren publizitate instituzionalen eta kontratuen bidez. Urtez urte diru publiko gehien jasotzen duen egunkaria da Gipuzkoan. Orotara, lurralde honetan Vocento taldeko El Diario Vasco eta Teledonostik 463.992 euro jaso dituzte. Bigarren lekuan Noticias taldea osatzen duten Noticias de Gipuzkoak eta Onda Vasca irratiak 277.219 euro jaso dute; EiTBko hedabide publikoei 178.000 euro ordaindu dizkiete eta SER taldea osatzen duten irratiei 96.000. EiTB elebiduna kontatu gabe, beste hirurek ia osorik gaztelaniaz informatzen dute.

Gipuzkoako Aldundiak 2017an publizitate eta babesletzara bideratutako diruaren %69 nagusiki gaztelaniaz aritzen diren hedabideentzat izan da, beste %13a diru publikoz finantzatutako EiTBko irrati eta telebista elebidunei eman die, eta %18a euskarazko hedabideei. Euskal hedabideen multzoan iaz tokiko hedabideek jaso dute diru gehien 112.535 euro, euskarazko hedabideetara bideratutako diruaren %45a. Konparaziorako, euskarazko hedabide guztiek 2017an jaso duten diru guztia batuta baino gehiago jaso du Noticias Taldeko bi hedabideek bakarrik.

Irizpide zaharkitu eta lausoak
Gipuzkoako Aldundiak publizitate instituzionala zer irizpideren arabera banatu behar duen 1994ko apirilaren 6ko Foru Arauak zehazten du. Komunikabideen panorama eta informatzeko bitartekoak nabarmen aldatu badira ere, orain dela 24 urte onartutako testua da erreferentzia bakarra. Arauak gabezia nabarmena du: prentsa idatzia bakarrik aipatzen du, albo batera lagaz, irratia, telebista edota Internet. Are gehiago, araua zein komunikabideri bideratuta dagoen zehazten duen lehen artikuluak dio, “Gipuzkoako egunkariez” ari direla, ez besterik. Hala ere, hau izan da azken urteetako diru banaketak justifikatzeko erreferentzia.

Foru Arauaren asmo orokorrak ondorengoak dira: “Euskal hiritarrek [sic] hizkuntza dela eta diskriminatuak ez izatea, informazio eskubidea eta informazio aniztasuna bermatzea, proportzionaltasuna, hedabideen arteko lehia librea errespetatzearren, eta eraginkortasuna”. Horretarako, “arbitraltasuna alde batera utzi eta malgutasunez jokatu” behar dela azpimarratzen du.

Urteko aurrekontua lau multzotan banatzen du arauak. Publizitate instituzionalaren %8 “euskarazko egunkarirako ziurtatutako da” –artean Euskaldunon Egunkaria, egun Berria– eta “euskarazko egunkari bat baino gehiago argitaratuko zatekeen egunean, antzeko tratamendua edo berdina” eman beharko litzaiokeela dio. Aurrekontuaren %37 “Gipuzkoan argitaratzen diren egunkarien artean berdintasunez” banatu behar dela agintzen du. Beste %37 “hedapen-zifraren” arabera partitzeko zehazten du. Eta gainerako %18a “beste hedabideen” artean erabiltzeko dela dio, publizitatearen “lurralde eremua eta hartzaileak” kontuan hartuz.

Gipuzkoako Aldundiko Komunikaziorako zuzendari nagusi Elene Arrazola Sotori kontsulta egin dio ARGIAk eta dio publizitatea banatzeko Foru Araua aintzat hartzen dutela. “Aniztasunari errespetua eta [hedabideen] dibertsitate horrekiko zintzotasuna dugu irizpide nagusitzat, foru arauak jaso bezala”. Halere, Foru Arauak aipatzen ez dituen beste irizpide batzuk ere badarabiltzate, bere hitzetan ondoriozta daitekeenez. Batetik, iragarki instituzionalak eta diru laguntzat banatzeko orduan, euskarazko hedabideen artean “tokiko komunikabideei tratamendu berezia” ematen dietela azpimarratu du. Eta bestetik, “audientziei erreparatuz, lurraldeko informazioa espresuki eskaintzen duten bertako hedabide edo edizioei lehentasuna” ematen diete. 

Ez dute Foru Araua betetzen
Hainbat daturi erreparatuta, agerikoa da Foru Araua ez duela betetzen Gipuzkoako Aldundiak. Berriak ez du aurrekontuaren %8a jasotzen –2017an %3a jaso zuen–, aurrekontuaren %37a ez da berdintasunez banatzen Gipuzkoan argitaratzen diren hedabide guztien artean. Dozena batetik gora dira 2017an 1.000 euro baino gutxiago jaso zutenak.

Horrez gain, irismenaren arabera banatu beharreko gainerako %37ari dagokionez, datuak ez datoz bat. Adibidez, Madrilen egoitza duen Oficina de Justificación de la Difusión enpresak –OJD gisa ezaguna– ematen dituen datuen arabera, 2010etik 2017ra El Diario Vascoren ale salmenta gainbehera etengabean dator. 2010ean egunero 71.948 ale saltzen zituen bataz beste, eta 2017an 48.949, aipatu iturriaren arabera. Publizitate sarrerak aldiz gora egin du, adibidez 2017an 2016an baino 100.000 euro gehiago eman dizkio Aldundiak publizitatean eta babesletzetan: %25eko igoera.

Diru publikoa banatzeko hedabideen irismena irizpide gisa hartuz gero, Noticias de Gipuzkoa egunkariaren kasuak hainbat zalantza jartzen du mahai gainean. 2013an egunero bataz beste 5.411 aleren salmenta aitortu zion OJD-k eta 2016an 4.291 alekoa. Salmenta horrekin jaso duen diru kopuruak agerian uzten du partiketa ez dela era proportzionalean egiten: El Diario Vascok 2017an 399.075 euro jaso ditu 48.949 ale salduta (2016ko datua), eta Noticias de Gipuzkoak 4.291 alerekin 166.219 euro eskuratu baititu.

'Noticias de Gipuzkoak' jaso duen dirua irismenak justifikatzen badu, banaketa proportzionala eginez, 'Gara' eta 'Berria'-k hamarnaka milaka euro gehiago jaso behar lukete

Espainiako CIS soziologia ikerketa zentroak emandako 2016ko datuek ere hala berresten dute. Garari bataz beste egunero 35.000 irakurle kalkulatu dizkio eta ondoren dator Berria, 29.000 irakurlerekin; Noticias de Gipuzkoa egunkariaren irakurleak 26.000 dira CISen arabera 2016an. Beste era batera esanda, Noticias de Gipuzkoak jaso duen dirua, gehien bat, irismenak justifikatzen badu, banaketa proportzionala eginez, Gara eta Berria egunkariek egun jasotzen dutena baino hamarnaka milaka euro gehiago jaso behar lukete.

CISen datuek agerian utzi dute Noticias taldeko Onda Vascak jasotako publizitatea eta “irismena”-ren arteko arrakala ere. Erakunde horren arabera, 2016an Gipuzkoan gehien entzundako irratien artean bederatzigarrena izan zen Onda Vasca. 2017an banatutako publizitateari dagokionez, aldiz, Onda Vascak diru gehiago jaso du Onda Cero edo Cadena 100 kateek baino, bi aipatzearren.

Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuetan publizitate gastuak sailka agertzen dira. Diputatu Nagusiaren saila da, alde handiz, diru gehien bideratzen duena, baina gainerako sailek ere publizitate kanpainak bideratzen dituzte. Datuek erakusten dute, sailaren buru alderdi bat edo beste izateak aldaketak dakartzala. PSE-EEren esku dauden sailetan SER katearen presentzia handiagoa da eta oro har euskarazko hedabideena urriagoa da gainerakoetan baino. El Diario Vasco sail guztietan da diru gehien jasotzen duena, alde handiz.

Proportzionaltasuna?

2017an hiru komunikazio-enpresak aurrekontu guztiaren %62 jaso dute: Vocentok %33, Noticias taldeak %16 eta EiTB-k %1

“Beharrezkoa da arauak informaziorako eskubidea bermatzen duela eta informazio aniztasuna nahiz elkarren arteko lehiaren legea errespetatzen dituela gauzatzea”. Esaldi korapilatsu hori dio hitzez hitz Foru Arauaren hitzaurreak. Datuek erakusten dutenez, ordea, banaketan alde nabarmenak daude. 2017an hiru komunikazio-enpresak aurrekontu guztiaren %62 jaso baitute, publizitate eta babesletza instituzional guztiaren ia bi herenak: Vocentok %33 –El Diario Vasco eta Teledonosti– , Noticias taldeak %16 –Noticias de Gipuzkoa eta Onda Vasca– eta EiTB-k %13. Gainontzeko %38a 48 hedabideren artean banatu dute.

2016an ere antzekoa izan zen banaketa. Hiru talde horiek aurrekontu guztiaren %61 bereganatu zuten: Vocentok %28, Noticias taldeak %18 eta EITBk %15.

Status quoa indartzeko irismena
Publizitatearen banaketan hedabideen “irismen datuak” pisu erabakiorra du Aldundiarentzat. Interneten etorrerarekin, ordea, hedabideen irismen erreala kuantifikatzea oso zaila da: zeinek zenbatzen du hedabideak Whatsapp gisako sare pribatu, Twitter, Facebook edo Youtuberen bidez zenbat jenderengana heltzen diren? OJD erakunde espainiarraren datuak eta webguneetako Google Analytics-en estatistikak baino ez dituzte aintzat hartzen “irismena” kalkulatzeko. Beraz, hedabide batzuen indargunea diren sare sozialen zabalkundea zenbatu gabe uzten dute erakunde publikoek. Horrez gain, hedabide bakoitzaren baliabide ekonomikoak eta iraganean egindako bidea ere ez dira kontutan hartzen. Galdera batzuekin hobeto ulertzen da azken hau.

Maila berean saritu behar al dira multinazionalen jabetza duten hedabideak eta  langileak jabe diren komunikabideak?

Diru publikoa jasotzeko, maila berean izan behar al dira multinazionalen jabetza duten hedabideak (Vocentoren kasuan adibidez, BBVA bankua da akziodun nagusia) eta jabetza langileena den komunikabideak, ARGIA kasu? Lehia desorekatua da berez, banketxe handi baten babesa daukan hedabidearen eta bere baliabideekin irauten duenaren artean. Lehenbizikoak bermatuta dauka egunero kaleratzea, inbertsoreek haien interesentzat komenigarri jotzen baldin badute. Bigarrenak aldiz, publikatzen duen zenbaki bakoitzarentzat finantzazioa lortu behar du. Erakundeek pluraltasun informatiboa babestu behar badute, zer zentzu dauka gaur egungo publizitate-politikak?

Hedabideen herentzia historikoa ere ez da kontutan hartzen dirua banatzeko orduan. Nahiz eta ezinbestekoa den egungo “irismen gaitasunak” ulertzeko. El Diario Vascok Gipuzkoan eta El Correok Bizkaian eta Araban, eta azken finean, Vocentoren egunkari erregionalek Espainiako estatuko hainbat probintziatan duten hegemonia eta boterea ezin dira ulertu, hedabide hauek frankismoan jokatu zuten rola eta pilatu zituzten pribilegioak kontuan izan gabe.

Irismena kalkulatzeko arazoak albo batera utzi gabe, irismena banaketarako irizpide nagusi bilakatzea bide eraginkorra da hedabideen status quoa betikotzeko, baita gaztelaniaren hegemonia ere euskararen kaltetan. Sare sozialetan hainbat hedabidek egiten duten lana ez kontuan hartuz, hainbat medio handiri egiten diete mesede, eta beste batzuei kalte.

Borondatea salgai
Hedabide askoren biziraupenerako ezinbesteko diru-sarerra ekonomikoa da publizitatea, eta gehien bat, babesletza eta publizitate publikoa. Edozein demokraziatan oso tentuz kontrolatu beharreko eremua da botere politikoaren eta enpresa pribatuen arteko harreman ekonomikoa. Eta informazio askatasuna bermatu behar duten hedabideen kasuan, are gehiago. Kazetaritza kazetaritza izan dadin ezinbesteko duen independentzia –ekonomiko eta politikoa– ezbaian jar dezakeen faktorea baita.

“Dirua modu arbitrarioan banatzen baduzu borondateak erosten ari zara, informazio eskubideari kalte egiten ari zara. Adierazpen askatasuna nabarmen kaltetzen da, prentsa askatasunarekin lotuta ez badoa; eta prentsa askatasuna ezin da guztiz garatu joko arau ekitatiborik gabe”. Eldiario.es hedabideko zuzendari Ignacio Escolar Espainiako Estatuko panorama mediatikoaz mintzo da Amnesty Internationalek antolatutako jardunaldi batzuetan. “Prentsa plurala daukagu, beren iritzi eta ikuspegiak partekatzen dituen prentsa aurki dezakete ia espainiar guztiek; baina ez daukaguna da jokozelai justurik prentsarentzat”, zioen. Eldiario.es-en 2017ko iraileko kronikan jaso zutenez, “aktore politiko eta ekonomikoek informazioaren gainean duten kontrolari erreferentzia eginez adierazi zuen hori. Zehazki, esaldi horrekin publizitate instituzionalari egiten zion erreferentzia, irizpide arbitrario eta opakuekin egiten den diru publikoaren banaketari”.

Arlo honetan Euskal Herrian oraindik bide luzea dago egiteko. Publizitatearen banaketari lotutako gardentasun faltari irizpideen zehaztasunik eza gehitu behar diogu. Bi gaiak dira erraz konpontzekoak, alderdi politikoen aldetik borondatea baldin badago eta hedabideok diru publikoaren erabileraz gertuko jarraipena eskaintzen badiegu herritarrei.


Gainontzeko instituzioak gehitu behar

Gipuzkoako Aldundiak publizitate eta babesletzen bidez hedabideetara bideratzen duen diru kopuru hau lagin bat besterik ez da. Argazki osoa izateko, kontutan hartu behar da gainerako instituzio publikoen publizitatetik datorren dirua –irizpide berdinak erabiltzen dituzten gainerako aldundiena–, ETS moduko enpresa publiko askorena, udalena, diru publiko asko jasotzen duten zenbait enpresa, Eusko Jaurlaritzarena, eta zenbait hedabideren kasuan Espainiako Gobernuaren eta bere agindupeko erakundeena.

Hala, Euskal Herrian gehien saltzen diren egunkari, telebista eta irratiek osatzen duten enpresa-taldeek milioiak jasotzen dituzte urtero funts publikotik, agintari publikoek emandako publizitate, babesletza, lan teknikoen eta diru laguntzen bitartez herritarrek jakin gabe.


Hiru adibide adierazgarri

DV-ko eguraldiaren orria babesten du Aldundiak
El Diario Vasco egunkariak 2017an jaso dituen 399.075 euroen artean, eguraldiaren informazioa daraman El Tiempo Hoy orriaren babesletza dago. 4.800 euroko hiru ordainketa egin zizkion Aldundiak Vocentoko egunkariari, orotara 14.400 euro 2016an eta beste hainbeste 2017an.

 

Hondartzetako informazioa
SER irrati kateari (Radio Eibar, Radio Irun eta Radio San Sebastian batuta) 21.681 euro eman zizkion 2017an Gipuzkoako Aldundiak hondartzetako informazioa eskaintzeagatik. Onda Vasca irratian, hondartzen informazio atalaren babesletzagatik 3.025 euroko hiru ordainketa egin zituen, 9.075 euro guztira.
Gehigarrien pagotxa
Gipuzkoako Aldundiak 2017an zortzi gehigarri argitaratu ditu babesletza kontzeptupean. Bat Sud Ouest egunkarian jarri zuten kultura eta turismoari buruz (1.180 euro) eta beste zazpi El Diario Vascon. Merkeena Bioterrari buruzkoa izan zen 3.630 euroko kostearekin, Idiazabal gaztari buruzkoa 3.640; hortik aurrera osasunari buruzkoa 4.235, zibersegurtasunaz bat 4.950 eta beste bat 9.570 euroan. Nabarmen garestiagoak dira Ingurumen sailak lotutakoak, erraustegiaren publi-erreportajeekin: 17.545 euro kostatu zituen batek eta besteak 21.671 euro.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Publizitate instituzionalaren banaketa
2023-12-17 | Axier Lopez
Jaime Gómez-Obregón
"Datuak zabaltzen dituzte aho txikiarekin, gardena izatea beste gauza bat da"

Jaime Gómez-Obregón ingeniariak oso tresna baliagarria sortu du Jaurlaritzaren diru publikoaren erabileraz gehiago jakiteko. 2018tik 2022ra erakunde horrek hedabideen artean banatu dituen publizitate kanpaina guztien datuak prozesatu, aletu eta era ulergarrian... [+]


2023-12-17 | Axier Lopez
Jaurlaritzaren publizitate banaketa
Botere mediatikoak eskuindarra eta erdalduna izaten jarrai dezan

Euskal Herriko erakunde publikoek urtero milioiak banatzen dituzte hedabideen artean, instituzioen publizitatea zabaltzearen edo hedabideen ekimenak babestearen truke. Oro har, datu publiko horien gardentasun ezak zaildu egiten du argazki osoaren jabe egitea, baina zorionez,... [+]


Daniel Grabner, ikerlaria
"Egunkari nagusi gehienak erabat menpeko dira publizitate instituzionalarekiko, desagertu egingo lirateke gabe"

Hitzarmena iragarkien truke - hedabideen eta Austriako Estatuaren arteko menpekotasunak. Izenburu hori dauka Daniel Grabner ikerlariak (Austria, 1990) KriKoWi konferentzian egindako aurkezpenak. Bertan xehe azaldu du publizitate instituzionala nola banatzen den herrialde... [+]


2021eko datuak
Donostiako Udalak ia milioi erdi bat euro banatu dizkie gaztelaniazko hedabideei, publizitate instituzional kontzeptuan

Ia milioi erdi bat euro ordaindu zizkien gaztelania hutsez edo nagusiki hala diren hedabideei Donostiako Udalak publizitate instituzionalaren bidez, eta euskarazkoei, kontrara, 32.000 euro. El Diario Vasco eta Ser Irrati kateak diru-poltsaren ia erdia jaso dute, eta euskarazko... [+]


2021-04-13 | ARGIA
Iruñeko Udalak euskarazko hedabideak publizitate instituzionaletik kanpo utzi ditu

Administrazioan Euskaraz Taldeak salatu duenez, Iruñeko Udalak 2020. urtetik publizitate instituzionaletik kanpo utzi ditu euskarazko hedabideak, ez dutelako audientzia osoaren %10. Euskararen aldeko taldeak oroitarazi du 2016ko inkesta soziologikoaren arabera,... [+]


Eguneraketa berriak daude