NBEtik dator ukendua, 34 urteren ondoren

  • Komando Autonomoetako militante Jose Miguel Etxeberria Alvarez iruindarra 1980an desagertu zen Ziburun (Lapurdi). BVE talde parapolizial espainiarrak hartu zuen bere gain bahiketa eta hilketa. Harrez gero familiak dozenaka ate jo ditu eta, azkenean, NBEk onartu dio hain garrantzitsua zena: Naparra indarrez desagerrarazi zutela, gizateriaren aurkako krimena dela, delituak ez duela preskribatzen eta auzia argitu arte ikertzen jarraitu behar dela.  

 Naparra-ren argazki ezaguna, Ipar Euskal Herrian errefuxiatua zegoela; 22 urte zituela desagertu zen Ziburun.
Naparra-ren argazki ezaguna, Ipar Euskal Herrian errefuxiatua zegoela; 22 urte zituela desagertu zen Ziburun.

2014ko urriaren 19. Eneko Etxeberria Alvarez Genevan da, NBEko egoitzaren aurrean, anaiaren desagertzearen auzian egin duen eginkizun juridiko esanguratsuenaren atarian. 2013ko irailean bildu zen Gasteizen Ariel Dulitzkyrekin, NBEko Indarrez edo Nahitaez Desagertutakoen Lan Taldeko kidearekin. Espainian zen lan bisitaldian eta berak anaiaren kasua kontatu zion. Baietz, indarrez eragindako desagertze baten zantzu guztiak dituela eta aurkezteko salaketa NBEko euren lan taldean.

2014ko martxoan, Egiari Zor elkartearen laguntzarekin salaketa aurkeztu zuen eta orain lan taldearen aurrean aurkeztu behar du auzia.  Badoa barrura, irmo, konta beharrekoak askatzeko irrikaz. Baina sarreran ez dute bere berririk. Telefonoa astindu, Egiari Zor elkartera deitu, hauek NBEko ordezkariei... Azkenean sartzen uzteko esan die atarikoei, baduelako aretoaren erreferentzia eta hala ikusiko dutela hitzordua egiazkoa dela. Esan eta egin: bai, zain du lan taldea. Dena konponduta.

Ekin dio kontaketari, areto erraldoiaren erdian eta epaimahaikide, itzultzaile eta bestelako teknikarien artean 20 lagunez inguratua. 20 minutuz auziaren muina laburtu die aurrean duen desagertuen lan taldeko boskoteari. Azaldu die BVEen hipotesian sinesten duela familiak. Beste hogei minutuz haien galdera zorrotzak erantzun ditu, “epaitua nik ematen nuen”, dio irribarrez Enekok. Epaimahaiak ere baietz dio, badirela zantzuak Naparra indarrez eragindako desagertutzat jotzeko, Espainia eta Frantziako Gobernuari auzia iker dezaten gomendioa luzatuko dietela. Desagertzea gizateriaren aurkako krimena dela eta argitu arte auzia ez dela preskribatzen.

Sekulako lorpena da familiarentzat, azkenean estamentu ofizial batek Euskal Herrian Pernandoren egia dena onartu die, anaia indarrez desagerrarazi zutela. Nork eta NBEk. Bazegoen aldea Estatu Espainiarrarekin. Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak 2004an artxibatu zuen auzia eta, gainera, ez txantxetako ondorioekin, haren esanetan, argitara ziren datuekin ezin baitzen esan Jose Miguel Etxeberria delitu ekintza baten ondorioz desagertu zenik, “are gutxiago delitu terrorista baten ondorioz”. Urrutiago ere joan zen, itxiera autoan “balizko desagertzeaz” hitz egiten zuen, noiz eta desagertzetik 23 urtera.

Familiaren abokatu Iñigo Iruinek eskatu zuen Manuel Ballesteros, José Antonio Saenz de Santamaría eta segurtasun indarretako edo mertzenario ezagunetako –Gilles Perret, esaterako– beste hainbat pertsona deklaratzera joatea, baina epaileak eskaera ukatu zion, hauek deitzeko inongo zantzurik ikusten ez zuelako. Familiak helegitea jarri zuen, eta hilabete batzuk geroago Angela Murillo epaile ezagunak itxiera berretsi zuen. Frantzia azkarrago ibili zen eta 1982an artxibatu zuen auzia.

Estatuen borontate eza

Egiari Zor elkarteko Iratxe Urizar abokatuak bideratu zuen auzia NBEren aurrean eta emaitza lorpen handitzat jotzen du. Desagertuen lan talde honek Haga edo Estrasburgoko Auzitegiek izan dezaketen aginte mailarik ez duela gororarazten du, baina aitortza bera oso garrantzitsua dela azpimarratzen du: “Espainia eta Frantzia ez ditu ezertara behartzen,   baina onarpen hau errieta moduko bat da, gogorarazten baitie giza eskubideen esparruko hainbat itun sinatu dituztela eta ez direla egiten ari itun horiek eskatzen dietena”. Aurrera begirako zailtasuna? “Asko, auziak begi bistako osagai gutxi ditu eta duela asko gertatu zen”. Eta horri gehitu behar zaio Espainiako eta Frantziako gobernuek ikerketarako erakutsi duten jarrera eskasa. Bestelako kasuez Espainiak NBEri emandako erantzunak ere txarrak izan dira.

Eneko anaiak argi dauka, ordea, familiak bila jarraituko du eta ez bada bera, agian bere bilobaren batek topatuko ditu hezurrak, orain frankismoak desagerrarazitakoekin gertatzen ari den gisan.

Pertur, Popo, Naparra... eta Tomás Hernández.

Eduardo Moreno ETA Politico-Militarreko buruzagia izan zen eta Ipar Euskal Herrian errefuxiatua zegoela desagertu zen 1976an. Hainbat hipotesi egon dira bere desagerpenaz –tartean ETA p-mko talde ‘bereziak’ izan zirela–, baina indar gehien duen hipotesiak garaiko talde parapolizialen egiletza azpimarratzen du, eta Auzitegi Nazionalean irekitako ikerketan ere hori lehenesten da.

Jean-Luis Larre, Popo, Iparretarrak (IK) talde armatuko kidea zen eta 1983ko abuztuaren 7an Landetako Leon herrian Frantziako poliziarekin izandako tiroketa baten ostean desagertu zen. IKren ustez, poliziak atxilotu, hil eta desagerrarazi zuen.

Pertur, Popo eta Naparrarekin batera, Egiari Zor elkarteak Francoren heriotzaren ondorengo desagertze politikoen kasuetan aipatzen du Tomás Hernández, Zaragozan jaioa eta 36ko Gerraren ondoren errefuxiatua. Hendaian bizi eta 1979an desagertu zen. Iñaki Egaña historialariak Gara-n (2013-09-28) azaldutakoaren arabera, El País-ek eta Enbata aldizkariak bere garaian azaldu zuten espainiar polizia ohi batek hildako Peru Larrañaga errefuxiatuaren hilketaren lekuko izan zela, hilketak horrekin zerikusirik duela iradokiz.

Desagertzea. “Gerta litekeen txarrena”, dio Eneko Etxeberriak. “Bizi izan duenak bakarrik daki zer den hori”, gaineratzen du Celesek, Naparraren amak. Biktimak zeru eta lur hartzen dituen garaian, biktimekiko tratamendua zein desberdina izan den erakusten du Naparraren desagertzeak. Biktimek bila jarraitzen dute: justizia, egia eta erreparazioa. Izango al da orekarik ukenduen orduan.

Celes Alvarez: "Agertu arte guk bila jarraituko dugu"

14 urte  iragan dira Etxeberria Alvarez familiarekin bildu nintzenetik, seme eta anaiaren desagerpenaren 20. urteurrenean. Aita-ama  eta semea bildu ginen orduan. Gaurkoan Patxi falta da, aita, 2006an hil zen semearen gorpua  berreskuratzearen ametsa bete gabe, haren bila  dena eman ondoren. Celes Alvarez eta Eneko Etxeberriaren testigantza jaso dugu, Jose Miguel Etxeberria seme eta anaiaren desagerpenetik 34 urtera.

Nola eboluzionatzen du minak denbora horretan?

Celes Alvarez: Ezin da azaldu, halakorik pasatzen duenak bakarrik daki zer den hori. Asko sufritu du familia osoak eta jarraitzen du sufritzen. Non dagoen ez jakitea oso gogorra da.

Halako berriek on egiten dizuete edo zaurian berriz arakatzeak sufrimendua areagotzen du?

C. A.: Honek behintzat on egiten digu, zerbait berria agertzen den bakoitzean, desagerketa argitzeko balio dezakeelako eta horrekin gure nahietara gerturatzen garelako: semearen gorpua lortzea.
Eneko Etxeberria: 34 urte desagertu zela eta jaikitzen zaren egunetako bakoitzean anaia hor duzu [atzamarra jartzen du buruan], eta beti burua dantzan, ea erbia nondik altxatuko den esperoan, datu berri bat, albisteren bat… Edo kasua ezagutzera emateko eta ahaztu ez dadin… Beti hor, buruan. Desagerpen bat da norbaiten aurka egin daitekeen biolentzia mailarik handiena, eta NBEk ere hala aitortzen du.

NBEren honek zer suposatu du zuentzat?

C. A.: Poz handia. Haiei ere esan nien, ea orain behingoz lortzen dugun urratsak ematea.
E. E.: Gure lehen helburua gorpua eskuratzea da, eta ondoren erantzukizunak argitzea. “Non duzue? Itzuli”, hori da gure leloa. Norbaitek bahitu zuelako, eta nonbait ehortzi zutelako.

Eta NBEren onarpen honen ondoren, zer eskatzen die zehazki familiak Espainia eta Frantziari?

C.A. Esan diezagutela non dagoen, norbaitek jakin behar du eta.
E.E. Ikerketa berriz zabaltzea. Azkenean, NBEk orain anaiari buruzko desagerpena onartzea bere garaian  Auzitegi Nazionalak esandakoarekin kontraesanean dago: NBEk dio indarrez eragindako desagerpena izan zela eta Auzitegi Nazionalean artxibatu egin zuten,  desagerpena bera ere zalantzan jarriz.

Bitartean, gorpua berreskuratu arte ezin atseden hartu.

C.A. Hala da. Agertu arte guk bila jarraituko dugu.
E.E. Beste garai bat bizi dugu eta hemen gertatu denaz kontakizun bat egin behar omen da. Beste toki batzuetan egiaren batzordeak osatu dira gertatu den guztia argitzeko, ea hemen ere halakorik egiten den. Denbora da arazoa, batez ere gure amaren kasuan.

Egiaz hainbeste hitz egiten denean, Naparraren kasuan ere egon ziren hipotesi desberdinak, BVEz gain, orduko beste talde armaturen bat ere izan zitekeela aipatu zen. Nola ikusten dituzue hipotesiok gaur egun?

E.E. BVEren egiletzarena da hipotesi nagusia. Talde armatuen hipotesian, behar adinako ikerketa egin genuen eta hari hori baztertu. Intoxikazio asko egiten da halako kasuetan eta anaiaren kasuan ere saiatu ziren horretan.  

Noizbait zuzendu al zaizkizue instituzioetatik zuen auziaz interesa agertuz?

E.E. Eusko Jaurlaritza bai eta ama eta biok izan ginen haren ordezkariekin auziaren berri emanez. Nafarroako Gobernua edo Iruñeko udalaren aldetik inoiz ez zaigu ezer adierazi. Hemen alde guztietatik egin dira giza eskubideen bortxaketak eta askok sufritu izan dugu, baina mina ez da inoren monopolioa, min guztiak aitortu behar dira, ez alde batekoak bakarrik.
C. A. Elizatik ere inoiz ez zaigu inor zuzendu. Ahaztuak izan gara, eta sarri mespretxatuak ere bai. Lagun eta familian ere harreman apurketa handiak izan nituen. Oso mingarria eta tristea da.
E.E. Aita-ama beti kexu agertu izan dira horrekin. Behe mailako apaiz batzuen sostengua izan dugu, baina Elizaren goi mailako esparruetatik ezertxo ere ez. Hala ere, urte hauek guztietan beste jende askoren sostengua izan dugu eta haiei guztiei gure eskerrik zintzoena adierazi nahi diegu.
 

Auziaren kronologia

1980ko ekainaren 11. Ziburun finkatutako hitzordu baten testuinguruan desagertu zen Jose Miguel Etxeberria Alvarez, Naparra edo Bakunin. 19an bere autoa topatu zuten Ziburu inguruan.
- 1980ko ekainaren 22a. Batallón Vasco-Español (BVE) talde parapolizial espainiarrak Deiara egindako telefono deiaren bidez Naparraren bahiketa bere gain hartu zuen.
- 1980ko uztailaren 4a. Deiari eginiko deian, Naparra ekainaren 30ean hil zutela eta Donibane Lohizuneko Txantakon lurperatua zegoela jakinarazi zuen BVEk. Miaketa ugari egin ziren emaitzarik gabe.
 - 1980ko uztailaren 7a. Agiri baten bidez Komando Autonomoen talde batek zalantzan jarri zuen Naparraren bahiketa BVEk egin izana. Egindako moduagatik, BVEren errebindikazioa zalantzan jarri zuen eta desagertzea beste euskal talde armaturen batek bideratu zuela iradoki.
- 1980ko uztailaren 25a. BVEren izenean hitz egiten zuen pertsona baten esanetan, uztailaren 12an hiru  gendarmek gorpua Akize (Akitania) ingurura eraman zuten eta han ehortzi edo desagerrarazi. Abuztuaren 3an deia eta informazioa errepikatu zen.
- 1982. Baionako Auzitegiak desagerpena ikertzen zuen auzia artxibatu zuen.
- 1985eko ekaina. Diario 16eko Rafael Cid eta José Diez Herrera kazetariek argitaratu zuen Naparra Perret Claneko mertzenarioek hil zutela.
- 1999ko iraila. Familiak desagerpena salatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean.
- 2004ko martxoaren 31. Ismael Moreno epaileak  auzia artxibatu zuen eta bere ondorioetan aipatu zuen ez zegoela datu objektiborik Naparra indarrez desagerrarazi zutela esateko.
- 2013ko iraila. NBEko Indarrez edo Nahitaez Desagertutakoen Lan Taldeko Jazminka Dzumhur eta Ariel Dulitzkyri auzia azaldu zien familiak.
- 2014ko martxoa. Egiari Zor elkartearen laguntzarekin, familiak salaketa jarri zuen pertsona desagertuei buruzko NBEko lan taldearen aurrean.
- 2014ko urriaren 19a. Naparraren anaia Eneko Etxeberria Genevan izan zen NBEko egoitzan desagertuen lan taldearen aurrean auziaren testigantza emanez. Lan taldearen aburuz, nahiko datu dago NBEn kasua indarrez gertatutako desagerpen gisa onartzeko.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Guda zikina
Torturatu eta hil zituztenetik 40 urtera, Zabala eta Lasa ez dituzte oraindik terrorismoaren biktimatzat hartu

Datorren igandean, urriaren 15ean, beteko dira 40 urte GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala Baionan bahitu zituela. Guardia zibilek torturatu eta hil ondoren, oraindik ez dituzte terrorismoaren biktimatzat hartu.


2023-09-26 | Axier Lopez
Xabier Kalparsororen hilketa argitzen laguntzeko egitasmo herritarra aurkeztu dute

Gaur 30 urte Espainiako Poliziaren eskuetan hil zen Xabier Kalparsoro Golmaio militante zumaiarra. Anuk.eus webgunea zabaltzearekin batera ekitaldia egingo dute gaur, irailak 26 . Ekimena bultzatu duen Hegiak elkarteak dioenez, urteak beste zalantza daude Anuken heriotza... [+]


Gobernura iristean tortura geldiarazteko agindu zuela dio Belloch ministro ohiak

1993an Barne Ministro ere izendatu zuten Juan Alberto Belloch ordura arteko Justizia Ministroa zena. Orduan Guardia Zibilaren buruzagia deitu zuela esaten du El Periódico de Aragón-en egindako elkarrizketan, eta agindu zuela “sarera ihes egitea” bukatu... [+]


Hondarribiko Asturiagako segadan eraildakoak omenduko dituzte larunbatean

Larunbatean 49 urte beteko dira Espainiako poliziak eta Guardia Zibilak Jose Luis Mondragon eta Roke Mendez Asturiaga hondartzan hil zituztenetik. Omenaldia egingo dute hondartzan.


Eguneraketa berriak daude