Inperialismo gordina

AEBek “operazio militarrak” egin dituzte munduan 214 urtetan; 21 urtetan baino ez dira etxean gelditu. Bigarren Mundu Gerraren ostean, beren indar armatuek herrialde piloa eraso dute. Ez dira gutxi ere bultzatu eta babestu dituzten estatu kolpeak. Munduko potentzia nagusiak zuzenean edo zeharka hil dituen pertsonak milioika dira.

Historia lazgarri horren amaiera Obamarekin etor zitekeela pentsatu zuten batzuek. Haatik, horiek ez ziren Obamarengan “esperantza” jarrita zuten bakarrak. AEBetako industria militarraren eta interes geoestrategiko-inperialen “zaintzaile” bilakatu diren neocon batzuen ustetan, Inperioaren proiektu espantsionistarekin aurrera jarraitzeko Obamaren irudia Bushena baino eraginkorragoa izan zitekeen. Aldez aurretik, Bushen administrazioan lan egin zuten kanpo politikako aholkulari eta karguak Obamaren administrazioan daude.

Afganistaneko eta Irakeko gerra eta okupazio militarrek sortu zuten irudi-kaltea konpontzeko Clintonen garaian erabilitako estrategietara bueltatu behar zen, hau da, zuzeneko esku-hartze militarra baino, herrialdeetako erregimen aldaketa bultzatzeko estigmatizazio propaganda kanpainak indartu, ezegonkortasuna subentzionatu eta, behar izanez gero, oposizioko talde armatuak babestu eta armatu. Metodologia horren azken fasea herrialdeen bonbardaketa izan ohi da. Hain zuzen ere, 1999an Jugoslavian egin zuten bezala NBEren inolako mandaturik gabe.

Estrategia horren jokoa arriskutsua da: “Askotan nire etsaien –eta lagunen– etsaiak subentzionatu eta armatu egiten ditut, beste batzuetan armatu ditudan horiek nire beste etsai batzuekin aliantzak egin ditzakete; babestu eta armatu ditudan horiek goizetik gauera nire etsaiak bilaka daitezkeela baztertu gabe”. Esaterako, eta besteak beste, galde diezaietela Saddam Husseini edo Osama bin Ladeni.     Berriki, John McCainek telebista saio batean azaldu du AEBetako zerbitzu sekretuek Obamari eskatu ziotela ISIS (Estatu islamikoa) eta Siriako matxinatuak armatzeko, baina orain Siriako gudaren itzalpean hazitako ISIS omen da munduko arriskurik handiena. Aitzakia ederra bilatu dute Sirian bonbardaketak egiteko, bertako gobernuaren eta NBEren inolako baimenik gabe.

Obamak sei urte baino gutxiago behar izan ditu zazpi herrialde independente bonbardatzeko eta hiruzpalau estatu kolpe bultzatu eta babesteko. Ez da marka txarra, baina mugimendu eta alderdi politiko “bakezale” eta “antiinperialista” gehienek nekez kritikatu dituzte gertakariok. Errusiak egin –eta egin ez dituen– ekintzak gogorki kritikatzen dira –moral bikoitz eskandalagarria erabiliz–, ordea, berdinak edo antzekoak Mendebaldeak egiten dituenean txalotu, ezkutatu edo era askoz ere epelagoan kritikatzen dira.

Ez da erraza Mendebaldea kritikatzea, honek hedabideen eta propagandaren kontrol handia baitu: alemaniar kazetari batek argitaratu berri duen liburuan esplikatzen duenez, AEBetako inteligentzia zerbitzuek kazetari alemaniarrak erosten dituzte. Aldiz, Inperioaren arerioak diren bigarren edo hirugarren mailako potentziak kritikatzea ez da zaila. Adibidez, Errusia kritikatzea kasu askotan onuragarria izan daiteke kritikatzen duenarentzat, izan ere, Inperioaren etsaia kritikatzen baduzu, akaso etxean dituzun antiinperialista “astun” batzuen kritikak jasoko dituzu, baina zure begirada munduan badago, badakizu Errusia kritikatzea sarituta dagoela. Nazioarteko politikan Mendebaldeko Inperioaren ISO (Estandarizaziorako Nazioarteko Erakundea) azterketa pasatzea bezala da, konbalidatu eta “normaldu” egiten zaitu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estatu Islamikoa
Ertzaintzaren txosten sekretu baten arabera Aznarrek Espainiako Inteligentzia Zerbitzuari eskatu zion ETA M11ko atentatuei lotzeko

El Diario egunkari digitalak argitaratu du Ertzaintzaren txostena. Honela dio: “Espainiako Inteligentzia Zerbitzuak beraien Gasteizko langileak mobilizatu zituen ETA Al Qaedarekin lotu ahalko zuen informazio bila”. Dokumentuaren arabera, Italiako web orri bat... [+]


2024-01-29 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
“Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori”

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


2022-02-22 | Itxaro Borda
Salah

Irakurleak badaki 2015eko Parisko atentatu izugarrien auzia hurbiletik segitzen dudala, eskura dauzkadan prentsa baliabideei esker. 130 herritarren herioa eragin zuten komandoetatik bizirik ateratako kide bakarra Salah Abdeslam izan zen eta bere bizkar datza justizia egin... [+]


2022-01-28 | Aitor Aspuru Saez
Ehunka hildako utzi ditu jihadistak askatu asmoz Estatu Islamikoak espetxe bati eginiko erasoak

Urtarrilaren 20an Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioaren menpe dagoen Hasake hiriko espetxeari eraso diote auto suizidekin, milaka islamista askatzeko. YPGk kontrola berreskuratu arren, tiroketek jarraitzen dute, Daex-eko zenbait kide ezkutatu baita.


Generalitatetik 2017ko atentatuen inguruan gertatutakoa argitzeko exijituko zaio Espainiako Gobernuari

Jose Manuel Villarejo espainiar polizia ohiak adierazi ostean Espainiako inteligentzia zerbitzuek 2017ko atentatuak gerta zitezen utzi zutela, Kataluniako Gobernuak zer gertatu zen ikertzeko exijituko dio Espainiako Gobernuari. Halakorik egin ezean, auzia nazioarteko... [+]


Eguneraketa berriak daude