ARGIA.eus

2021eko irailaren 28a
Etxegabetzeak

Galtzeko ezer ez zeukanean irabazi du Urko Rodrigok

  • Urko Rodrigo Atarrabiako Caja Ruralen bulegoan itxi zen urriaren 2ko goizean.
    Bi kreditu sinatu zituen finantza erakunde horrekin eta ezin zituen ordaindu.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm
2014ko urriaren 12a

“Eskua bihotzean dudala esaten diet [Caja Ruraleko] zuzendariei kreditu horiek sinatu nituenean inoiz ez nuela pentsatu nagoen egoera ekonomikoan egongo nintzenik eta oso mingarria izan da niretzat egoera hau: hainbeste indar jarri dudan etxea galduko dut, zor handiarekin geratuko naiz eta jada nire amari enbargoak egiten ari dira. Nire egoeran, ez daukat galtzeko beste askorik”, irakur daiteke Urko Rodrigok bere egoeraz informatzeko zabaldu duen blogean. Negoziazioa lortzea izan da itxialdiaren helburua, etxea galdu eta zorrekin ez geratzeko. Azkenik, etxea zorraren truke ematea adostu du.

Bi kreditu ordaindu ezin

2007. urtean hasi zen dena: Rodrigok Saldisen lokal bat erosi zuen, berritu eta etxe bihurtzeko asmoarekin. Obrak bere kabuz egin nahi zituen, baina Udalak proiektu bat egiteko eskatu eta hori ordaindu ahal izateko Cajar Ruralen kreditu pertsonala eskatu zuen (14.000 euro). Ondoren, beste kreditu hipotekario bat ere eskatu zuen (97.000 euro). Kreditu horretarako berme-emailea Rodrigoren ama izan zen.

2012ko uztailean Rodrigo diru-sarrerarik gabe geratu eta kreditu pertsonala ordaindu ezinda geratuko da, 1.275,04 euro itzultzea besterik falta ez zaiola. Urte bereko abuztuan kreditu hipotekarioa ordaintzeari ere utziko dio, arrazoi berdinengatik.

Caja Rural dirua eta interesak eskatzen

Eta 2013ko uztailean Caja Rural bere kontra hasiko da: ordaintzeko zeuzkanak eta ohiko interesak eskatuko dizkio, guztira 83.000 eurotik gora. Interes horiek puzten joan dira eta urte bereko azarorako 100.400 euro baino gehiago eskatzen dizkiote.

Ez hori bakarrik: Rodrigoren amari, berme-emailea delako, dirua enbargatzen hasten dira, 188,6 euro hilabetean 2012ko azarotik 2013ko maiatzera, guztira 1.320 euro –gogoratu kreditu pertsonaletik 1.280 zeuzkala ordaintzeko Rodrigok–, eta oraindik beste 1.000 ordaindu behar dituela dio Ruralek, “sortu dituen gastuengatik”.

Azkenik, eta horregatik urriaren 2ko protesta, Rodrigok jakiten du bere etxea enkantean salduko dutela. Hori saihesteko, itxialdia egin duen arte finantza erakundeko bulegoan egin dioten proposamen bakarra da hilero 200 euro ordaintzen hastea kreditu pertsonalaren zorra kitatzeko. Behin hori eginda, beste kredituaren kontua nola argitu aztertuko dutela esana zioten.

Rodrigok bestelako proposamena egin du: etxea hipotekaren truke ematea. Eta itxialdiarekin, eta Pello Gastearena Atarrabiako alkatearen (Bildu) bitartekaritzarekin, lortu du helburua.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Etxegabetzeak  |  Caja Rural

Etxegabetzeak kanaletik interesatuko zaizu...


ASTEKARIA
2014ko urriaren 12a
Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude