Eskoziako erreferenduma

Ametsa ez da hil

  • Inkestek aurreikusitakoa baino alde nabarmenagoarekin, ezezkoak  garaitu du Eskoziako independentziarako erreferendumean, botoen %55,3 jasota. Orain, ikusteke dago noiz eta nola beteko duen Londresek Eskoziari botere berriak emateko promesa.

Ander Perez @ander_prz
2014ko irailaren 28a
Irailaren 18ko erreferendumaren bezperan, manifestazio espontaneo batek hartu zituen Edinburgoko kaleak. Ehunka lagunek  Eskoziako Parlamentuaren aurrean amaitu zuten baiezkoaren aldeko aldarri eta ikurrekin.  Ezetzak irabazi arren, eskoziarrek urrats err
Irailaren 18ko erreferendumaren bezperan, manifestazio espontaneo batek hartu zituen Edinburgoko kaleak. Ehunka lagunek Eskoziako Parlamentuaren aurrean amaitu zuten baiezkoaren aldeko aldarri eta ikurrekin. Ezetzak irabazi arren, eskoziarrek urrats erraldoia eman dute burujabetzarantz.Ander Perez

Eskoziako erreferendumak dagoeneko utzi eta utziko dituen elementu positibo guztiez harago, lehenengo konstatazioa, agerikoena, zera da: independentismoak ez du lortu bere proiektua martxan jartzeko behar beste jende konbentzitzea. Gertu ibili da, baina, bistan da, lehia galdu du. Eta komeni da horren arrazoiak, nagusiena behintzat, azpimarratzea. Unionistek beldurraren mamua astindu dute kanpaina osoan zehar, eta azkenean, emaitza onak eman dizkie. Bitartean, Eskoziaren independentziaren aldekoak ez dira gai izan etorkizunerako bermeak argi uzteko. Horixe du kontran independentismoak, Eskozian eta beste edonon: hipotesi baten gainean lan egiten du, gauzagarria den baina gaur gaurkoz ukigarria ez den zerbaiten gainean. Unionismoak proposatzen duena, hobea ala okerragoa, ezaguna da. Independentismoarena, aldiz, imajinatu beharra dago. Joko-zelai horretan, konfiantza da estatu independente bat lortu nahi dutenen tresnarik eraginkorrena; konfiantza transmititu, proiektuak behar beste ilusio piztu eta jaso dezan. Eskozian, agerikoa denez, beldurra ilusioari gailendu zaio. Eta horrek zer ikasia eman beharko lieke gainerako independentismoei ere, behin eta berriz beldurraren hormaren kontra jo nahi ez badute.

Dena den, ezinbestekoa da eskoziarrek egindako ariketa demokratikoa txalotu eta nabarmentzea. Batetik, erabakitzeko eskubidea modu naturalean gauzatu dutelako, herritarrei etorkizuna erabakitzen utziz. Bestetik, eta akaso garrantzitsuagoa, jendartearen gehiengo zabala inplikatu dutelako prozesuan. Irvine Welsh idazleak, The Guardianen “Porrot Loriatsua” izenarekin argitaratutako gutunean esan du, “eskoziarrek benetako demokraziaren ideia berrasmatu eta berrezarri” dutela. Eta neurri handi batean, hala da. Erroldaren %86ko parte-hartzeak, zenbaki altu batetik harago, hamarkadetan bozkatu gabeko sektoreen itzulera suposatu du. Erabaki politikoetan zeresanik ez zutela uste zuten horiek, oraingoan bai, erabakiaren parte sentitu dira. Prozesua barneratzailea izan da, neurri handi batean, kanpaina langile auzoetako ateetaraino eramateaz arduratu diren ezkerreko mugimenduei esker.

Erreferendumerako kanpainak Eskoziako kultura politikoa astindu du bi urteotan. Batzuk diotenez, baita betirako aldatu ere. Joko politikoa alderdien eskuetan uztera ohitua egon den jendartean, milaka dira prozesuan inplikatu eta zuzenean parte hartu duten herritarrak. Aipagarria da, batez ere, baiezkoaren aldeko blokeak aktibatutako masa soziala. Kaleko guda nabarmen irabazi dute, eta akaso, hori izan da hautestontzietan ere garaipena izateko aukera azken uneraino bizirik mantendu duen osagaietako bat.

Identitate auzia alde batera utzita, eredu sozial berri eta justuago baten eraikuntzan oinarritu du baiezkoaren aldeko kanpainak independentziarako aukera, Westminsterreko politika kontserbadore eta pribatizatzailetatik aldenduz. Horretan bat dator Eskoziako jendartearen gehiengo handi bat, erreferendumean bai ala ez bozkatu. Eta horren jakitun –eta inkestek baiezkoaren alde erakusten zuten joerarekin larrituta– egin zuen Londresek Eskoziari botere gehiago emateko promesa.   

Akaso sekula ez dugu jakingo Better Together kanpainaren azken maniobra inprobisatua ala aurretik pentsatua izan zen. Baina argi dago funtzionatu duela. Ezezkoak irabazi du erreferenduma, baina Eskoziako Gobernuko lehen ministro orde –eta behin behinean, Salmonden ordezko– Nicola Sturgeonek txio batean aipatu duenez, “Status Quoak ez du babesik jaso”. Horregatik, agian, bidezkoa litzateke esatea baiezkoak ala ezezkoak baino, hirugarren aukerak irabazi duela galdeketa. Ez bozkatu duten eskoziarrek, askok bederen, ez dute itsu itsuan bozkatu orain arteko estatusa mantentzeko. Hortik urrun, aukera bat eman diote Westminsterri, beste aukera bat. Cameronek hori baliatzen jakin beharko du aurrerantzean.

Oraingoz, bistakoa da denbora irabazi duela. Baina pentsa liteke berak eraikitako sarean erori dela, Eskoziarekin batera, Ingalaterra, Gales eta Irlandako iparraldeari ere eskaini baitizkie eskumen berriak. Eskoziako autonomia prozesua beste hiru nazioen prozesuen erritmo berean garatzeko baldintza jarri du Erresuma Batuko lehen ministroak, eta horrek, ezinbestean, lehenengoa atzeratuko du. Alderdi Laboralistak dagoeneko iradoki du ez duela begi onez ikusten Ingalaterrarako parlamentu propioa, bertan indar eskasa izango luketelakoan, tory-en (kontserbadoreak) mesedetan. Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministro ohi eta azken asteetan ezezkoaren aldeko kanpainako aurpegirik ezagunenak, “Londresek Eskoziari emandako hitza beteko” duela berretsi du. Baina dagoeneko piztu da eztabaida alderdi unionista nagusien artean, prozesua nola garatu. Eta ados jarri bitartean, halabeharrez, luzatu egingo da Eskoziari botereak itzultzeko prozesua. Egoerak mesfidantza sortu du Eskozian, eta Salmondek dagoeneko esan du ez bozkatu zutenak “engainatuak” izan direla. Ziurrenik, goiz da oraindik horrelako ezer ondorioztatzeko. Baina egia da oraindik ikusteke dagoela zertan geratuko den Londresek agindutako botere eskualdaketa, eta egia da ere eskoziarrek ez dutela onartuko autonomia deskafeinaturik.

Momentuz, eta normala den moduan, porrot sentsazioa da nagusi Eskoziako independentisten artean. Baina asko da haien alde dutena. Erreferendumeko datuen arabera, 55 urtetik beherako eskoziarren artean nagusi izan zen independentziaren aldeko joera, eta beraz, independentziaren aldekoak dira belaunaldi berriak. Gainera, eta pentsa zitekeenaren kontra, porrotak ez ditu kanpainan zehar baiezkoaren alde mobilizatutako herritarrak atzera bota. Irailaren 18tik hona 4.000 eta 1.200 herritarrek eman dute izena, hurrenez hurren, SNP eta Alderdi Berdean, eta beste 4.000k aurreratu dute Radical Independence Campaignek azaroan eginen duen konferentzian parte hartuko dutela. Oinarri horrekin, independentismoak nahikoa arrazoi du oraindik aurrera egiteko. Salmondek bere agurrean esan zuen moduan, “ametsa ez baita sekula hilko”. Momentuz, bizirik jarraitzen du. Eta baliteke denbora kontua baino ez izatea amets hori betetzea, Londresek orain arteko politiken norabidean jarraitzen badu, eredu sozial berri bat eraikitzeko asmotan dabiltzan eskoziarrengandik gero eta gehiago aldenduko baita.

Egun "normal" bat Edinburgon

Holyroodeko parlamentutik gertu, Edinburgon, letra handiz ageri da Eskoziako independentziari buruzko erreferendumaren data. 18 September 2014. Gaur, data bera agintzen dute egutegi eta agendek. Iritsi da eguna, eta etorkizuna erabakitzera doaz eskoziarrak. Galdera bakarra da, eta argia: “Independente izan beharko litzateke Eskozia?” Eta erantzunak, bi baino ez, bai ala ez.

Baiezkoaren zein ezezkoaren aldeko ekintzaileek azken unera arte luzatu dute kanpaina. Estu daude inkestak, eta azkeneko botoak ere izan dezake eragina emaitzan. Independentistek bukaerara arte eutsi diete bi urteotako kanpainako argudioei. Aspertu dira bozkatu ez duten gobernu baten –Erresuma Batuko Gobernuaren– politika neoliberalak jasateaz. Eredu sozial justuagoa nahi dute martxan jarri, eta ezinbestekoa dute horretarako Westminsterren atzaparretatik askatzea. Ezezkoaren aldeko kanpainakoek, beldurraren diskurtsoa erabat alboratu gabe, azken txanpan egin dute lehenbiziko proposamen sendoa. Ez dute gehiegi zehaztu, baina eskumen berriak agindu dizkiote Eskoziari, ezetzaren alde bozkatuz gero. Maniobra erabakigarria izan daiteke. Izango da.

Gaur, batzuk zein besteak, hautestokietan kokatu dira, azkenengo botoa ere borrokatzeko. Egun arrunta da Eskozian, eta lanera sartu aurretik edo ondoren eman dute bozka herritarrek. Goizeko 7:00etatik gaueko 22:00ak arte, hamabost ordu dituzte bozkatzeko, eta jende kontzentrazio handirik gabe ere, etengabea da botoa ematera doazenen joan-etorria. Independentistak sinetsita daude baiezkoaren nagusitasunaz. Azken aste eta hilabeteetan kalean lortutako aktibazioak garaipenean sinesteko arrazoia eman die. Margaret J. Campbell idazlearen kasua da. Bozkatu berri du, eta irribarretsu doa etxerako bueltan. Unionismoak garaituz gero zer gertatuko den galdetu diogu. Baita bitan galdetu ere. Baina erantzun bakarra du ahoan, behin eta berriro: “Baietzak irabaziko du”.

Edinburgoko kaleetan ez dago aparteko girorik. Kanpainako ekintzaileak bozkalekuetan kontzentratzen dira batik bat, eta Europako estaturik gabeko nazioetatik etorritakoentzat utzi dituzte kaleak. Sardinia, Korsika eta Flandeseko banderak ikusten dira, kalerik kale. Euskal herritarrak, trikitixa eta guzti, kantuan eta dantzan ari dira Royal Milen. Eta katalanek, Eskoziako bandera eta estelada osatu dute kandelekin, katedralaren pareko plazan. Bertatik pasa da gazte bat, No, Thanks txapa bularrera lotuta. Argi azaldu du ezezko botoaren zergatia: “Hamar urte pasa ditut lanean nire dirua aurrezten, orain dena galtzeko? Ez horixe!”. Beldur da Eskozia independente baten aurrean. Horixe izan da ezezkoaren aldeko kanpainaren helburua, beldurra sortu eta zalantzak piztea.

Gau luzea aurretik

Alea jacta est. Gaueko 22:00etan itxi dira bozkalekuak, eta dagoeneko gauzatu dute eskoziarrek erabakitze eskubidea. Gau luzea dator aurretik, botoen kontaketarako prozedura berezia hautatu baita: galdeketa mahai bakoitzeko botoak Eskoziako 32 hauteskunde esparruetako bakoitzean zehaztutako gunean zentralizatu beharko dira. Batzuk helikopteroz edo itsasontziz eraman beharko dira puntu horietara, Eskoziako irla urrunetatik. Gero, gau osoan zehar egingo dira publiko esparru horietako datuak, banan-banan, eta goizeko 6:00etarako aurreikusten da azkeneko emaitza.

Asko dira gaua esna eman duten eskoziarrak, telebistari itsatsita. Beste batzuk goizeko ordu txikitan jarri dute iratzargailua, azkeneko emaitza jakiteko. Une batetik bestera alda daiteke Eskoziako historia. Esnatu direnerako, ordea, aurreratu samarra dago kontaketa. Ezezkoa nagusi da Eskoziako barruti askotan. Glasgowen, Eskoziako hiririk handienean, independentziaren aldeko jarrerak irabazi duela jakinarazi dute goizeko 6:00etarako minutu gutxi falta direnean. Arnasa hartu dute independentistek, baina ez behar beste. Aldea 25.000 botoena baino ez da izan Glasgowen, eta ez da nahikoa ezezkoak hartutako distantzia eteteko. Gainera, Edinburgoko datuak falta dira oraindik, eta jakina da unionismoa gailenduko dela hiriburuan. Baita alde nabarmenez ere: %61eko babesa lortu du ezezkoak. Erabakita dago guztia, oraindik Highlands-etako datuak falta badira ere. Ezezkoak irabazi du erreferenduma, eta segidan datoz batzuen negarrak eta besteen poz algarak. Eskozia ez da, momentuz behintzat, estatu berri bat izango. Hala erabaki dute bere herritarrek.

Goizean, euritsu esnatu da Edinburgo. Kalean normaltasuna da nabari, edozein ostiralen antzera. Esan liteke ezer ez dela pasa. Desagertu dira erreferendumari buruzko erreferentzia gehienak, eta inondik ez dira ageri aurreko egunetan batzuk eta besteek zeramatzaten txapak: Yes Scotland. No, Thanks. Bakoitzak bere barrurako gorde du hautestontzian hartutako hautua. Ingurura begiratuz azaldu du egoera Jaquelinek, 55 urteko andreak: “Oso serio daude kaleak, oso isil. Jende askok shocka dauka barruan”. Baiezkoaren alde egin zuen erreferendumean, eta “oso triste” dagoela dio.

Hortik gertu, Meadows parkearen inguruan, bazkalorduko atsedenean daude inguruko eskola militar bateko nerabeak. Uniformea daramate horietako batzuk, Union Jack eta guzti. Ezin izan dute bozkatu, hamabost urte baino ez baitituzte, baina galdetu beharrik ere ez dago zeren alde dauden jakiteko. Louiek adierazi du iritzia, gainerakoek, inguruan, buruarekin baietz dioten bitartean, gora eta behera: “Oso pozik nago emaitzarekin. Uste dut oso ona dela batasunaren barruan jarraitzea”.

Bananduta daude iritziak, erreferendumeko emaitzak bezain beste. %55,3 eskuratu du ezetzak galdeketan, %44,7 independentziarako aukerak. Eta emaitzen aurrean, dimisioa iragarri du Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak. Agurrean, independentziaren “ametsa sekula ez dela hilko” adierazi du. Eta mezua ongi jaso dute kaleko independentistek. Baietz bozkatu dutenen artean, inork ez du betirako galdutzat ematen aukera. Sinetsita daude etorriko dela beste erreferendum bat, eta baita irabaziko dutela ere. Baina hori, izatekotan, beste egun batean izango da. Gaur, berriro ere, egun normala baita Edinburgon.
 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Eskoziaren independentzia

Eskoziaren independentzia kanaletik interesatuko zaizu...
2017-03-13 | ARGIA
Eskoziak independentzia erreferenduma egin nahi du 2018-2019 ikasturtean

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak erreferendum berria egin nahi du 2018ko udazkenaren eta 2019ko udaberriaren artean. Eskoziak horrela erantzun dio Europar Batasunetik ateratzeko Londresek Lisboako 50. artikulua aktiba dezakeela dioen zurrumurruari.


Carles Puigdemont
"Europar Batasunak Kataluniako estatua onartuko luke"

Balizko Katalunia independentearen etorkizuna izan zuen hizpide Generalitateko presidente Carles Puigdemontek, Parisko Sciences Po unibertsitatean parte hartu zuen solasaldi batean. Kataluniarrak egiten ari diren bidea defendatu zuen Puigdemontek 200 pertsona ingururen aurrean.


2016-10-14 | Ainhoa Bretos
Bigarren erreferenduma egiteko lege-proiektua aurkeztuko du datorren astean Eskoziako Gobernuak

Bigarren independentzia erreferenduma egiteko bidean da Eskozia. Europar Batasunean (EB) geratzearen alde egin zuten eskoziar gehienek ‘Brexit’aren galdeketan, eta horien interesak defendatzeko beharra duela adierazi du Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak.


Independentziatik gertu den autogobernua aldarrikatu du Gordon Brownek Eskoziarentzat

Erresuma Batu Federal baten barruan lan, nekazaritza, arrantza edota kanpo-politikaren arloetan izango lituzke eskumenak Eskoziak, Brownek proposatutakoaren arabera. Gai horietarako nazioartean ordezkaritza propioa izango luke eta erdi-independentzia egoera lortuko luke Eskoziak.


Bigarren erreferendumaren aldeko ahotsak areagotzen ari dira Eskoziako alderdi laboristan

David Martin Europako Parlamentuko diputatu laboristaren ustez, Brexitaren emaitzak “beste galdeketa bat egiteko aukera zabaltzen du”.


Cat Boyd, Radical Independence kanpainako bozeramailea
"Independentzia klase-afera da eta generoa klasearen erdigunean dago"

Eskozia independentea nahi du, dena aldatzeko, feminismoa, sozialismoa eta anti-inperialismoa oinarri. Liburu batean bildu ditu independentziaren aldeko argudio feministak, Jenni Morrisonekin batera. Iragan urrian Alternatiben Herrian izan zen, eta mahai-inguru arrakastatsuaren biharamunean jardun genuen berarekin. 


2015-10-28 | Hiru Damatxo
"Emakumeak antolatzen ari gara kapitalismo berriari aurre egiteko"
MULTIMEDIA - Gure Bazka

Cat Boyd Eskoziako Radical Independence Campaing ekimeneko eta mugimendu feministako kidea elkarrizketatu dute #GureBazka sortaren bosgarren atalean.


2015-07-02 | Kanaldude.tv
Autodeterminazioaren bidean Katalunia, Eskozia...
MULTIMEDIA - solasaldia

2014ko Euskal Herria Zuzenean jaialdian egindako hitzaldia.


Europa eta autodeterminazio eskubidea

Nola jokatzen du Europar Batasunak estaturik gabeko nazioekin? Badirudi horietako biztanleen ekimenek ohiz kanpoko oztopoak aurkitzen dituztela.


2015-05-08 | Igor Agirre
Kontserbadoreek irabazi dute Erresuma Batuan, baina gehiago Eskoziako independentistek

David Cameron lehen ministroaren Alderdi Kontserbadoreak 311 eserleku eskuratu ditu momentuz Erresuma Batuk hauteskundeetan eta 323 eserlekutan dagoen gehiengotik oso gertu geratu da. Alderdi Laboristak espero gabeko porrota jaso du eta Eskoziako SNPk gorakada handia lortu du.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude