Eskoziako bigarren independentzia erreferendumari ezezkoa eman dio Boris Johnsonek

  • Independentziari buruzko bigarren erreferenduma 2023ko urriaren 19an egitea proposatu zuen Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak joan den astean. Ezezkoa erantzun dio Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak


2022ko uztailaren 6an - 19:17
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Erresuma Batuko Gobernuak orain arte ukandako "blokeo jarrera" kritikatu zuen Sturgeonek aurreko astean, Eskoziako bigarren independentzia erreferenduma egiteko data iragarri zuenean. Hain zuzen, 2014an egindako lehen erreferendumaren antolaketa bera nahi du Eskoziako Gobernuak, baina Boris Johnson Erresuma Batuko Lehen ministroak behin eta berriz ezetza erantzun dio. Azkena, asteazken honetan, gobernu-krisi betean dela.

Sare sozialetan zabaldutako mezu batean Eskoziak independentziarako aukera izango duela berretsi du Sturgeonek, 2023ko urrian erreferendum bidez ez bada hauteskunde orokor baten bidez. “Eskoziar demokrazia ez du ez honek ez beste ezein lehen ministrok preso edukiko”, gehitu du. Boris Johnsonek erreferenduma egiteko aukerari ezezkoa ematen dio gutunean, elkarrekin lan egitearen garrantzia azpimarratuz. Hau izan daiteke Johnsonek Erresuma Batuko lehen ministro gisa egingo duen azken ekintzetako bat.

Erresuma Batuko Gobernuaren baiezkorik lortu gabe ere bozketa egin ahal izatea du xede Eskoziako Lehen ministroak. Horretarako, Erresuma Batuko Auzitegi Gorenari galdetuko diote lege proiektuaren edukia legezkoa den. Epaileek iritzia eman arte Eskoziako Parlamentuak ez du testu horretaz eztabaidatuko.

Lehen galdeketa 2014ko irailaren 18an egin zuten, eta Erresuma Batuan geratzearen alde agertu zen gehiengoa, botoen %55,3 bilduta. Hala ere, gaur egun gehiengoa dute independentistek Eskoziako Parlamentuan. Iazko maiatzean, 64 aulki lortu zituen Sturgeonen SNP alderdi independentistak eta alde dagoen Alderdi Berdeak beste zortzi.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskoziaren independentzia
2022ko azaroaren 23
Londresen baimenik gabe, erreferendum legalik ez
Eskoziari erabakitzeko eskubidea ukatu diote Erresuma Batuko Auzitegiek

Eguneraketa berriak daude