Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministro ohia atxilotuta izan dute zazpi orduz

  • Kargurik gabe aske utzi du Poliziak, galdekatu ostean. Susmagarri gisa atxilotu dute, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren finantzaketaren inguruan irekita jarraitzen duen ikerketa baten harira. Bigarren erreferenduma egiteko dohaintzan jasotako diruari lotuta dago kasua.


2023ko ekainaren 12an - 11:59
Nicola Sturgeonek Eskoziako lehen ministro kargutik dimititu zuen otsailean, baina ukatu egin du auziarekin zerikusirik duenik. / Argazkia: Artic Circle CC BY 2.0

Igande iluntzean kargurik gabe aske utzi dute Nicola Sturgeon SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren buru ohi eta Eskoziako lehen ministro ohia. 10:00etatik 17:30 aldera arte eduki dute atxilotuta, eta ordu luzez egin diote galdeketa.

SNPko finantza batzuei lotutako auzibide bateko susmagarri gisa atxilotu dute, zehazki, Eskoziako beste independentzia erreferendum bat egiteko jasotako 761.000 euro inguruko dohaintzari lotuta.

Iluntzean Sturgeonek ohar bat zabaldu du sare sozialetan, eta segurtasunez gogorarazi du errugabea dela. Nabarmendu du ez lukeela ezer egingo “ez SNP ez herrialdea mintzeko”. Ikerketak zabalik jarraitzen du, eta Sturgeon kolaboratzeko prest dagoela jakinarazi du bere bozeramaileak. Hain zuzen, azpimarratu dute lehen ministro ohiak bazekiela igandean atxilotuko zutela, baina ikerketa irekita dagoenez, ez dute informazio gehiagorik eman, konfidentziala delako.

Hirugarren atxiloketa

Auzi honengatik atxilotutako hirugarren kargua izan da Sturgeon. Aurrez, haren senarra den Peter Murrell SNPko zuzendari ohia atxilotu zuten apirilean, etxean zegoela. SNPri bere dirua ematea egotzita hartu zuten atxilo. Ia hamabi orduz galdekatu zuten, harik eta kargurik gabe aske utzi zuten arte. Berbera gertatu zen alderdiko diruzain Colin Beattie-ekin.

Nicola Sturgeonek otsailean aurkeztu zuen dimisioa, eta ordutik Eskoziako lehen ministro kargua Humza Yousaf-en eskuetan dago. Dena dela, Holyrood hedabideari ukatu egin zion apiril amaieran bere dimisioak auzi honekin zerikusirik duenik, The Guardianek jasotzen duenez.

Sturgeonek aitortu du azken asteak “zailak” izaten ari direla, eta jasotako babesa eskertu du. Pare bat egun hartuko ditu atxiloketatik osatzeko, baina berehala itzuliko da parlamentuko besaulkira.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskozia
Gas eta petrolio ustiaketarako 100 lizentzia eman ditu Erresuma Batuak

Segurtasun energetikoa hobetzeko “diktadore kanpotarren” menpe ez egotea dela "onena" azaldu du lehen ministroak. Oposizioko alderdiek eta talde ekologistek erabakia arbuiatu dute.


2023-03-27 | Leire Artola Arin
Humza Yousaf izango da Eskoziako lehen ministro berria

SNP alderdi independentistako buru eta Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonek otsailean dimititu zuen, eta horrek gertukoen zuen Yousaf hautatu dute haren ordezko gisa SNPko militanteen %52k; botoen %48 lortu du Kate Forbes ebanjelistak.


Nicola Sturgeonen dimisioa: erantzunik gabeko galderak Eskoziarentzat eta SNPrentzat

Jacinda Ardernek duela aste batzuk Zeelanda Berriko lehen ministro kargua utzi zuenean, Nicola Sturgeonek boto-emaileei esan zien oraindik asko zuela egiteko. Baina, dirudienez, Eskoziako lehen ministroa bere etorkizunaz hausnartua zen. Hala aditzera eman zuen Eskoziaren zati... [+]


Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak dimisioa eman du

SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko burua 2014ko azarotik da Eskoziako gobernuburu. Eskozian erreferenduma egitearen alde egin du lan, besteak beste. Asteazkenean eman du erabakiaren berri, prentsaurrekoan.


2022-11-23 | ARGIA
Londresen baimenik gabe, erreferendum legalik ez
Eskoziari erabakitzeko eskubidea ukatu diote Erresuma Batuko Auzitegiek

Bi hilabeteren buruan eman du ebazpena Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak: Eskoziako parlamentuak ez du independentziari buruzko galdeketaren inguruko legeak egiteko eskumenik, ezinbestekoa da horretarako Westminsterreko parlamentuaren onespena.


Eguneraketa berriak daude