ARGIA.eus

2022ko azaroaren 28a
Londresen baimenik gabe, erreferendum legalik ez

Eskoziari erabakitzeko eskubidea ukatu diote Erresuma Batuko Auzitegiek

  • Bi hilabeteren buruan eman du ebazpena Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak: Eskoziako parlamentuak ez du independentziari buruzko galdeketaren inguruko legeak egiteko eskumenik, ezinbestekoa da horretarako Westminsterreko parlamentuaren onespena.

ARGIA @argia
2022ko azaroaren 23a - 11:56Azken eguneraketa:18:55

Aho batez hartu dute erabakia Auzitegi Goreneko epaileek, eta Eskoziako independentistentzat kolpe gogorra bada ere espero zitekeen emaitza da. Eskoziaren independentziari buruzko bigarren erreferenduma Westminsterren onespenik gabe egiteko aukera zegoen mahai gainean.

Aukera hori atzera bota du Auzitegi Gorenak, Eskoziako parlamentuak Erresuma Batuaren batasuna zalantzan jarriko lukeen auzi baten gaineko eskumenik ez duela argudiatuta. Hain zuzen ere, Erresuma Batuari dagozkion hainbat "auzi erreserbatu" Eskoziako parlamentuaren eskumenetik at daude, hala nola estatuaren batasunari, monetari eta atzerri politikari dagozkionak.

Erreferendumaren emaitzak Eskoziako hautesleriaren ikuspegiaren adierazpen demokratikoaren autoritatea izango lukeela adierazi du Auzitegi Gorenak, eta emaitzak zalantzan jar zezakeela Eskoziaren eta Ingalaterraren arteko lotura eta Erresuma Batuko Parlamentuaren subiranotasuna.

SNP alderdiak autodeterminazio eskubidea argudio gisa hartuz egindako eskaria ere atzera bota du Auzitegi Gorenak, baliogabetzat joz. Kanadako Auzitegi Gorenak Quebeci dagokionez hartutako erabaki bat hartu du adibidetzat Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak: haren ustez, "kolonia ohiei, zapaldutako herriei eta gobernurako sarbidea ez duten taldeen" kasuan soilik du zentzua autodeterminazio eskubideak nazioarteko legedian ulertzen den bezala, eta ez Quebec ezta Eskozia ere ez dira kasuistika horretan sartzen.

Independentziaren beharra

Erreakzio ugari ekarri ditu erabakiak. Horien artea, Nicola Sturgeon Eskoziako Lehen Ministroarena. Bere hitzetan, Eskoziari Westminsterren onespenik gabe erabakitzeko eskubidea ukatzen dion lege batek Erresuma Batua borondatezko batasun gisa saltzen duen mitoa azalerazi eta independentziaren beharra jartzen du mahai gainean.

Eskoziari demokrazia ukatuko ez diotela gaineratu du, eta Auzitegi Gorenaren ebazpenak bide bat ixten badu ere horrek Eskoziarrek independentziaz esateko dutena isilaraziko ez duela agindu du. Besteak beste, hurrengo hauteskunde orokorrak independentziari buruzko erreferendum gisa hartuko dituztela esan izan du Sturgeonek.

 

 

Kanal honetan artxibatua: Eskoziaren independentzia

Eskoziaren independentzia kanaletik interesatuko zaizu...
2022-10-11 | Leire Artola Arin
2023an independentzia erreferenduma egiteko asmoa berretsi du Eskoziako lehen ministroak

Britainiako Auzitegi Gorenak orain erabaki behar du legezkoa den ala ez Erresuma Batuko Gobernuaren onespenik gabe 2023ko urriaren 19an erreferenduma egitea. Sturgeonek ziurtatu du baimenik eman ezean hauteskundeak baliatuko dituztela independentzia galdeketa gisa.


Olatu berria Eskoziatik?

Denbora azkar pasatzen da, are gehiago pandemiaren eraginez bi urte hain geldo eta arraro bizi ostean. Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak, ekain amaieran, iragarri zuen 2023ko urrian herrialdearen independentziari buruzko kontsulta berria egiteko asmoa duela, eta horrek... [+]


2022-07-06 | ARGIA
Eskoziako bigarren independentzia erreferendumari ezezkoa eman dio Boris Johnsonek

Independentziari buruzko bigarren erreferenduma 2023ko urriaren 19an egitea proposatu zuen Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak joan den astean. Ezezkoa erantzun dio Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak


2022-06-28 | ARGIA
Eskoziaren independentziari buruzko erreferenduma 2023ko urriaren 19an egitea proposatu du Sturgeon lehen ministroak

Eskoziako Parlamentuan egindako hitz hartzean eman du horren berri Nicola Sturgeon Eskoziako Lehen ministroak. Aurkezpenean, kritikatu egin du Erresuma Batuko Gobernuak orain arte ukandako "blokeo jarrera".


2022-06-15 | ARGIA
Eskoziako Gobernuak independentziaren aldeko kanpaina abiatu du

Sturgeon presidenteak erreferendum “legezkoa” agindu du, Erresuma Batuaren baimenik gabe balitz ere. 2023rako aurreikusten du gobernuak erreferenduma.



Irakurrienak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude