Mexiko-Tenochtitlan: Zero Zabor hiriburua espainolak heldu arte

  • Munduko megapoli handi eta kutsatuenetakoa den Mexiko hiriak bere zenbait arazo larriren giltza historian aurkituko luke. Etorkizunerako soluzioak, iraganean. Espainiarrek –euskaldunak barne– menderatu zutenean Azteken inperioa, hondakinak eta oro har iraunkortasuna Europako beste inon baino hobeto kudeatzen zituen gizartea suntsitu zuten.

Tomás Filsinger grafista mexikarrak Mapas y vistas del Anahuac. Espacio y tiempo en la cuenca y la ciudad de Mexico, 1325-2000 obran erakusten du ondoko irudia: Hernan Cortes eta bere gizonek nolako lurraldea aurkitu zuten 1520an Tenochtitlanera iritsi z
Tomás Filsinger grafista mexikarrak Mapas y vistas del Anahuac. Espacio y tiempo en la cuenca y la ciudad de Mexico, 1325-2000 obran erakusten du ondoko irudia: Hernan Cortes eta bere gizonek nolako lurraldea aurkitu zuten 1520an Tenochtitlanera iritsi zirenean. Mapa zaharretan oinarrituta dago. 12 kilometro karratuko hedadura zeukan, aintziraren erdian kokatua. Inperioaren bihotza zen erdigune hiritartu eta monumentala, piramidez eta bestelako eraikinez betea, emankortasun handiko chinampa edo uharte txikiz inguratuta zegoen. Kanal txiki sareak bermatzen zuen pasabide azkarra, behar militarretarako bezala hiriaren horniketa eta hondakinen berrerabiltzea errazteko. Espainiarren konkista ondoren lakua hein handienean idorrarazi arren, oraindik geratzen dira chinampak Mexikoko auzo batzuetan. Famatuak dira Xochimilco aintzirakoak, espekulazioari aurre eginez gaurdaino iraun dutenak.

‘Zero Zabor’ kontzeptua 2010. urtean erabili zen estreinakoz euskaraz, kazeta honetan bertan. Zero Waste 1970eko hamarkadan sortu omen zuen Paul Palmer kimikariak. Duela bost mende horrelako izenik  ezagutzen ez zuten arren gaur Mexiko den herrialdean nagusi ziren Azteka jendeek, disziplina izugarriz zaintzen zuten Zero Zabor ideia... horretan askoz atzeratuagoak ginen europarrok menperatu eta haien egitura ekonomiko eta sozialak txirtxilatu genizkien arte.

Hondakinetan aditua den Martin Medina irakasleak azaldu berriak ditu horren zertzeladak, Nazio Batuen Erakundeak iraunkortasun gaiak lantzeko daukan Our World gunean: “The Aztecs of Mexico: A Zero Waste society”. Udan gorputzez bezala irudimenez urrutira txango egitea maite duen irakurleari atsegingarri gertatuko zaio zibilizazio haren berri ezagutzea. Etorkizuneko poz batzuk iraganera bidaiatuz   ikasitakotik sortu ditzakegulakoan.

Medinak plazaratuta dauka “The World's Scavengers: Salvaging for Sustainable Consumption and Production” (Munduko txatarreroak: gaiak berreskuratu kontsumoa eta produkzioa iraunkor izan daitezen). Bertan aipatzen du gaur oraindik Mexikon hondakinak berreskuratzeari gaztelaniaz pepenar esaten diotela eta kaleko birziklatzaileei pepenadores: aztekek mintzo zuten nahuatl hizkuntzan pepenalia ei ziren antzinako birziklatzaileok. Azteken zibilizazioa zerbaitetan izatekotan  trebea, gogortasun militarraz gain, zaborretarako deus ez uzten baitzen.

Azteka jendea oso berandu arte gaur Mexiko denaren iparraldean eta AEB direnen hego-mendebaldean bizi ziren, basamortuetan nomada gisa, ehizari eta fruitu bilketari emanak. Gero hegorantz migratu ahala klima gozoagoa eta ur iturri oparoak aurkitu zituzten Mexikoko erdialdean. XIV. mendean bost aintzira zeuden lurralde horietan elkarri lotuak.

Aztekek gaur hiriburua den  lekuan Tenochtitlan fundatu zuten 1325ean, izen bereko aintziran, europarrak iritsi baino bi mende lehenago. Haiek heldu  aurretik ere han bizi ziren beste herriz inguraturik, aztekek hiri-estatua antolatu behar izan zuten baliatuz beren gerlari fama. Mende luzez mertzenario bezala borrokatuak ziren, besterentzako. Kokaleku berrian jende kopurua handitzen hasitakoan, diziplina militar berarekin antolatu behar izan zuten hiriburuaren handitzea aintziraren erdian.

Chinampa izeneko baratze-uhartetxo berriak eraikitzen hasi ziren, inguruko jendeek neolitikotik garatutako sistema ikasita. Zabalean 4-9 metro eta luzean 91 edukitzen zituzten. Aintzirako uretan lehenik oholez osatzen zuten hesia. Ondoren horietan ihiak landatu eta barruko eremua pixkanaka lokatzaz betezen zuten, inguruan urpetik aterata txalupaz garraiatutako lohiz. Ur-azalean lehorra azaldutakoan, perimetroan zuhaitzak landatzen zituzten chinampa egonkortzeko.

Espainiarrak iritsi zirenean –1521an menderatu zuen Hernan Cortesek– Tenochtitlan hiriburu gotorreko biztanle gehienak chinampa horietan bizi ziren. Monumentuak, agintea eta zerbitzuak zeuzkan erdiguneko hiritarrek behar zituzten elikagai gehienak kanalez kanal txalupaz oso eskueran zeuden uhartetxo horietan ekoizten zituzten. Eta gaur Mexiko den Tenochtitlan hura bere 200.000 biztanleekin zen Ameriketako handienaz gain munduko hiri handienetakoa, Europako beste edozein baino handiagoa.          

Gurpilean   

Azteken chinampen oparotasunaren gakoa, klima gozoa eta ura eskueran edukitzeaz gain, birziklatzean zetzan: baratzotan erabiltzen zituzten jendeen eta azienden hondakin guztiak.

"Areago –dio Medinak– chinampetan usatutako ongarririk onena gizakien simaurra zen. Hiriak komun publiko sarea zeukan jendeen eginkariak biltzeko eta arteka hiriko azoka nagusian ere saltzen zen. Pixa berriz oso preziatua zen adreiluen finkatzailetzat. Etxe bakoitzak zeuzkan zeramikazko ontziak pixa bildu eta saltzeko”.

Bide batez esanda, zibilizazio askok erabili izan dute giza simaurra nekazaritzan. Txinako adibidea izan da famatuena, baina izan dira beste asko. Aldiz, sarritan idatzi da Asia eta Afrikako gizarteek giza simaurrarekin harreman normalagoa duten bitartean Hegoamerikako jendeak koprofoboak direla. Mexikoko azteken historiak alderantzizkoa adierazten digu. Agian europarrok, zehazki Mediterraneoko jendeok, pasatu ote genien hainbat eritasunekin batera beren kakarekiko fobia traumatikoa?

Kontua da, Medinak aztertu duenez, Hernan Cortesek azpiratu aurreko Tenochtitlanen ez zela kasik ezer alferrik galtzen. Oihalak eta sua egin moduko materialak gauez erretzen ziren hiriko gune publikoak argitzeko.

Mende gutxitan nomada izatetik inperioa izatera iristeko baliatu zuten gogortasun militar berarekin antolatu zuten aztekek bizimodua Tenochtitlanen. Azken erregea suertatuko zen Moctezuma II.aren garaian (1502-1520) hondakinak gune publikoetan uztea edo lurperatzea zigortu egiten zen.

Gizakiak, batik bat etsai preso hartuak, sakrifikatzen zituen gizarte hark heriotza zigorra ezartzen zion zuhaitz bat baimenik gabe eraisten zuenari. Zigorretik ez zen libratzen ez pobrerik eta ez noblerik: aberatsen ume xahuketan harrapatuak heriotzara kondenatzen zituzten. Hierarkiak goitik eman behar zuen etsenplu.

Tenochtitlango antolaketan baziren funtzionarioak garbitasunaz okupatzen zirenak. Medinak dioenez,  “hondakin biltzaileok 700 urte daramatzate birziklatze lanean, lehenik Tenochtitlanen, Mexikon gaur egun”.

Aztekek antolatu zuten gizarte eredu berria agrarian urbanism delako ereduan sailkatu izan da, nekazaritzan oinarritutako hirigintza. Gero espainiarrek aztekak militarki menperatu ostean, haien hondakin kudeaketa ere suntsitu egin zuten, aintzirak gero eta gehiago idortu bertan Mexiko hiriburua eraikitzeko. Eta bertan hondakinen arazoa handitzen hasi zen, hiri moderno gehienetan den moduan.

Medinak azteken zenbait ikasgai nabarmendu ditu. Batetik, larritasun egoeretara egokitzeko ahalmena badutela gizarteek, ingurumen arazoak ere gainditu ditzaketela. Bigarrenik, orduan bezala gaur hondakinak baliabide direla, dena aprobetxatzen asmatuz gero. Hirugarrenik, gizarte batek antolatutako egokitzapenak arrakasta daukala saritzen baditu ondo dagitenak eta zigortzen oker jokatzen tematzen direnak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
Plastiko-fabrikatzaileek iruzur egin dutela erakusten du txosten batek

Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.


Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik

Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude