"Ezin dugu botiken bilakaera osoa farmaziaren esku utzi"

  • “Erori banaiz ere, gorantz erori naiz...”.

Dani Blanco

Zer da ikerlari edo zientzialari ona izatea?

Batzuk teknikoki bikainak dira, zehaztasun eta zorroztasun ikaragarriz teknologia bat goitik behera ustiatzen dute. Beste batzuk askoz sortzaileagoak dira. Halaber, anitzek landu duten gai konplexu bat perspektiba ezberdin batetik aztertzeko gai direnak daude. Mundu guztia koadro bati so egon eta ordura arte inork ikusi ez duen izkinako usoa ikusteko gai direnak. Horiek dira niri gustatzen zaizkidan ikerlariak. Argi dagoena da puntako ikerlaria izan nahi duenak epe motzeko porrotarekiko immunizatuta egon behar duela. Egiten dugun ia guztiak ez du funtzionatzen. Arriskatu eta oso galdera zailekin zabiltzanean, zure aurretik saiatu direnak bezala hutsegitea da ohikoena. Horrek tematia izatea eskatzen du, jarrera positiboa edukitzea, gauzak ongi eginez gero goiz ala berant emaitzak iritsiko direla sinestea. Zientzialari askok hor egiten dute huts. Gehienak onenak izan dira institutuan, onenak unibertsitatean, eta goizetik gauera adimen argitasunak eguneroko lorpenekin lotura zuzenik ez duen mundu batera iristen dira. Ez da aski ideia zoragarriak izatea. Zuzenak eta gauzatzeko modukoak izan behar dira.

Galdera onak pausatzetik hasten da dena?

Hastapeneko erabakiak baldintzatzen du azken emaitza. Zu ezin zaitezke elkarrizketa bat egitera Danimarkaraino joan eta grabagailua piztean konturatu elkarrizketatua mediokrea dela. Joan aurretik atera behar dituzu kontuak. Gurean, gauza bera. Gezi jaurtiketa da zientzia. Nekez jotzen duzu itua, hasieran oker apuntatuz gero. Lehen egunetik pipeteatzen hasi beharrean ikasleak galdezka jartzen ditut, eta ezer interesgarririk deskubritu dezakegula uste ez dugun arte inork ez du bata zuririk janzten. Zientzia ez da esprint bat, ez da lehen publikazioa kosta ahala kosta erdiesteko lasterketa. Zientzia maratoia da. Horregatik saiatzen naiz emaitza konkretuetatik abstraitu eta gauzekiko distantzia hartzen. Nire bizitzako hurrengo bost urteak gaiari dedikatzeak izango lukeen eraginak kezkatzen nau, ez berehalako publikazioak. Hala, nik egin ezean, inork egingo ez lituzkeenak egiten saiatzen naiz. Galdera orijinaletatik datoz erantzun orijinalak.  

Zer balio du bideak, helmugarekin itsututa dagoen jendartean?

Mediku bat izan liteke ospetsua oso kontaktu onak eduki eta bera famatzen duten lagun garrantzitsuak dauzkalako. Zientzian biluziago gaude, curriculumek hitz egiten dute gure ordez, erradiografiek hezurrak nola erretratatzen gaituzte. Egiari zor, arazoa da helburuak hain argi egotea. Esaterako, Korean edo Txinan, ez baduzu hurrengo helburua betetzen kale gorrira zoaz eta ezin zara itzuli. Horrek presio handia dakar, eta jendeak lasterbideak hartu, tranpak egin eta gezurrak publikatzen ditu. Hemen, zorionez, bestelakoa da sistema, baina berehalako helburuekin itsutzeko joera handiegia dago. Ikerlari baten helburua ezin liteke izan oihartzun handiko aldizkari batean artikulua argitaratzea. Inozoa da, gaurko ogia eta biharko gosea. Ez gaitezen engaina, sortzen duen galdera berri kopuruaren araberakoa da aurkikuntza baten interesa.

Esplikatu iezaiezu hori politikari eta agintariei.  

Noiz ohartuko gara berehalako ikuspegia motza dela? Hezkuntzan, hizkuntza politikan, osasungintzan, zientzian... desgrazia da txandakako agintari eta kudeatzaileen menpe egotea. Ikerketa sistema sendotuagoak dituzten AEBak bezalako herrialdeetan, luzera begirako estatu paktuak dituzte. Oso argi daukate Barne Produktu Gordinaren zati garrantzitsu bat biomedikuntzari zor dietela. Hala, zientzian inbertitzen dena ukiezina da. Hori Espainian ez da gertatzen ez zientzian ez ezertan. Hemen, izendapenek ez dutenez jakintzarekin zerikusirik, Renfeko zuzendari izatetik Osasun ministro izatera pasa zaitezke, eta soldata justifikatu eta zure ezjakintasuna estaltzeko, institutuan biologian nota onak zeuzkan koadrilakoari deitzen diozu ikerketa zentro bat ireki ala ez eztabaidatzeko. Politikariei esaten diezu herrialde batzuetan bioteknologiako patenteek mugitzen dutela ekonomia eta ez dute sinesten. Ez dute ez konfiantza ez heziketarik gaur egun zerga gehien ordaintzen dituzten enpresak biomedikuntzakoak direla usaintzeko. Haientzako, zientzia dekorazio hutsa da, antzerki obrako magoa, ongi gelditzeko balio die baina ez zaie sekula ezinbestekoa iruditzen.

Ikerketa pribatua independentea da?

Funts pribatuek ikerketa lerroa bideratu dezakete, baina horrek ez du ikerketa perbertitzen. Ikerketa pribatuetan ere, ikertzaile eta akademikoek nahierara mugitzen dituzte hariak. Esaterako, Amerikako Estatu Batuetan zein Erresuma Batuan zentro gehienak pribatuak dira. Horrek zer esan nahi du? Politikariak ez ezik, pertsonak ere ezberdinak garela. Erresuma Batuan, zientzian gehien inbertitzen duena ez da gobernua, jendeak finantzatutako fundazioak baizik. Supermerkatutik ateratzen den amonak emandako librak metatuz 400-500 milioi lortzen dituzte urtero. Hezkuntza kontua da. Horri fortuna handien filantropia gehitu behar zaio. Horrela sortu dira AEBetako zentro garrantzitsuenak. Hemen ez, hemen dirutza egin duenaren hil-aurreko kezka bere 50 biloben artean lurrak banatzea da. Ez dago halako herentzia baten eragin globala neurtzeko kontzientziarik.

Hori hala deno, zientzia ertzeko apustua izatera kondenatuta dago?

Finantzazioak izugarri baldintzatzen du gure egunerokoa. Pokerrean jokatzea bezalakoa da. Fitxa asko dauzkanak apustu ezberdin asko egin ditzake, tartean, irabazteko ia aukerarik ez dutenak baina ongi ateraz gero urrea balio dutenak. Fitxa gutxirekin dabilenak ezin du desafio handirik planteatu, ezin du hutsegin, eta ez hutsegitera jokatuta nekez lortzen da emaitza liluragarririk. Zientziari buruz hitz egin dadin beste munduko aurkikuntzak egin edo sari potoloak jaso behar diren herrialde batean lan egitearen miseriak dira horiek. Miseria horren parte da prentsak gure lorpenak esajeratzeko duen joera. Gure aurkikuntzen eragina gutxitan da egunkarietan ageri den bezain erabatekoa. Hori kaltegarria da komunitate zientifikoarentzat. Zuhurtzia ariketa egin beharko litzateke. Ezin gara egunero minbizia sendatzen dugula esaten ibili. Ezinezkoa da.

Zuk, egunero, estres erreplikatiboa ikertzen egiten duzu lan.

Zelula bat bitan banatzen denero, bere DNA-ren kopia oso bat egiten du. Oso prozesu konplexua da, gimnasia molekular handia eskatzen duena, eta hutsegiteetatik salbu ez dagoena. Badakigu zahartzean, minbizi kasuetan eta tumore batzuetan horrek sekulako eragina duela. Tumore multzo batzuk estres erreplikatibo handia dutela jabetu gara eta estres horrekiko babesak zapartatuz gero tumorea sendatu litekeela uste dugu. Sua eta suhiltzaileen  arteko jokoa da. Zelula sano batean ez dago surik, beraz ez duzu suhiltzailerik behar. Su askoko tumorea identifikatzen baduzu, suhiltzaileak etengabe ari dira sua itzaltzen, baina alferrik da, itzali orduko pizten delako berriz. Suhiltzaileak kendu eta tumorea berez erretzea izan liteke soluzioa.

Ezagutuko dugu minbizia gripea bezala sendatuko den eguna?

Konbentzituta nago baietz. Gizateriaren historian, ezinezkoa zela pentsatu dugunero, denborak frogatu digu posible zela. Azken 30 urteetako ikerketei esker, tumoreen sortze arrazoiaren inguruko ulermen maila handiko kartografia aski osatua lortu dugu. Eskua zehatz-mehatz sartzen asmatzea da falta zaiguna. Hori bai, ez da sendabide unibertsalik egongo, pastilla batek ez ditu minbizi guztiak sendatuko bularreko tumore batek ez baitu zerikusirik maskuriko tumore batekin, baina ez gaude soluziotik oso aparte. Ez dezagun ahantz orain 25 urte leuzemia guztiak mortalak zirela eta orain egunero pastilla bat hartuz sendatzen direla. Oraintsu arte bularreko minbizia diagnostikatu eta testamentua egiten zenuen, orain sendatzeko modua dago. Heriotza bakoitzak irabazitako batailak eklipsatu arren, ez dezagun orain arteko bidea gutxietsi, jarraitu dezagun sendabidearen bila. Baina ez gaitezen engaina, minbizia akabatzen dugunean Alzheimerra izango dugu atarian zain. Gizakiaren senean dago ez hiltzen saiatzea, bizitza luzatzea. Alabaina, bizi-esperantza luzatzen goazen heinean, auto zaharrari jarritako partxeak agertuko dira. Egun batez bizi-esperantzaren batez bestekoa 100 urtera eramatea lortuz gero, orain imajinatu ere egiten ez ditugun eritasunei egin beharko diegu aurre. Horregatik lasai, ez gara inor bizirik aterako.

Gure limiteak atzeratzeaz ari gareno, zientziari mugak jarri behar zaizkio?

Egiten duten lana egiten dutela, mugak jarri behar zaizkie gizakiei, baina ez dut uste Mister Jekyll eta Mister Hyden ikuspegia ona denik. Hemengo zientzialarien %99,9a ez gabiltza eragin kaltegarriak izan ditzaketen gaiekin lanean. Alderantziz, gure ingurua hobetzeko zer egin hausnartzen ari gara. Horregatik, limiteak bai, baina ez dut erabat blokeatuko gintuzkeen babes legalik nahi. Ez dut zientziaren geroa gure lana ezjakintasunetik eta aurreiritzietatik arautuko lukeen jendearen esku utzi nahi. Zientzialariak jakintza eta jakituriarekiko maitasuna darama zainetan, eta ez dago hori baino filosofikoagorik. Debate etikoa gure lanaren parte da. Horregatik protokolo gero eta zorrotzagoak, kode deontologiko gero eta zehatzagoak, eta araudi gero eta zedarrituagoak baino, arrazoiz eta zentzuz lan egin ahal izatea eskatzen dut nik.  

Erantzuten ez dakizkien galderen arrapostuak eskatzen dizkio jendarteak zientziari?

Nahiago nuke hala balitz! Jendartean, oro har, ezjakintasuna disimulatzeko zerbait asmatu eta atakatik harro ateratzeko jarrera da nagusi. Masa guztietan dago dena konspirazioa dela uste duen multzo bat. Alferrik aurkeztuko dizkiozu mila ebidentzia eta bi mila froga, eskolako masa batek txertoak txarrak direla esaten segituko du jo eta su. Mantra horri ezin zaio aurre egin. Askotan jendeak zientziaz paso egiten duela iruditzen zait, gurekiko erabat immunizatuta dagoela. Nola azaltzen duzu bestela homeopatiaren existentzia? Ez du kalterik egiten baina frogatuta dago ez dakarrela onurarik, eta hala ere, ministerioak esan berri du nahierara saldu daitekeela farmakoen kontrol-neurri sortarik gabe. Jakina, tabakoak bezala, sekulako zerga eta tasak uzten ditu kutxan, eta horren aurrean zientziak esan dezakeena ez zaio inori axola. Horregatik, tontakeriekin konformatzen baino galderekin bizitzen ikasi behar genuke. Zientzian, esploratzaile batek bezala pentsatzea gustatzen zait.

Nondik joko dute hurrengo urteetako esplorazioek?

Karta-jokoa puskatzeko ordua da. Minbiziaren arloan, esaterako, bide asko urratu dugu, eta ziur naiz jendarteak horren emaitzak laster ikusiko dituela farmako berrien sortzearekin. Oso gauza interesgarriak etorriko dira hortik, baina zorionez, interesgarriena zein den ez dugu susmatu ere egiten. Horrexegatik da interesgarriena. Bitartean, esku-artean ditugunak gero eta hobeto egiten segituko dugu, botika gehiago egingo ditugu, azkarrago. Inguru akademikoa farmaziari tartea jaten ari zaio. Orain dela 25 urteko koto pribatua iraultzen ari gara. Gero eta jende gehiago ari da jabetzen farmazeutikak ez direla botikak egin ditzaketen bakarrak, guk ere eurek bezain tresna onak ditugula, ringean gaudela borrokatzeko prest. Ezin dugu botiken bilakaera osoa farmaziaren esku utzi. Farmazeutiken katearen azken begiak akziodunak dira, eta akziodunek ez dute eritasunez hitz egiten, akzio eta etekinez baizik. Eurengatik balitz, ez litzateke gaixotasun arraroentzako sendagairik ekoitziko, ez baitira errentagarriak. Horregatik da ezinbestekoa laborategiek akademiaren eskutik lan egitea. Osasuna eta zientzia ezin dira botere ekonomiko eta errentagarritasunaren prismatik arautu. Entsegu klinikoak pazientearentzat onena denaren arabera burutu behar dira, ez ospitaleari diru gehien hitzeman dion farmazeutikaren arabera. Krisi garaiotan kliniketako kudeatzaileek ez dute dudarik egiten, eta horren aurrean ezin gaitezke isilik egon.

Nortasun agiria

Oscar Fernández Capetillo. Bilbon sortua 1974an. EHUn Biokimikan doktoratuta, hiru urtez Amerikako Estatu Batuetako Minbiziaren Ikertegi Nazionalean egin zuen lan, Madrilgo CNIO-ra ezegonkortasun genomikoaren ikerketa taldea lideratzera itzuli aurretik. Bere ibilbidean sari ospetsu eta preziatu anitz jaso ditu, eta erreferentziazko Cell aldizkari zientifikoak munduko 40 ikertzaile gazte aipagarrienen zerrendan sartu berri du.

AZKEN HITZA
Topikoak

 “Topikoei egia zati bat onartzea, beste guztia gezurra dutela aitortzea da. Laborategian, bata zuria jantzita, azken 48 ordutan jan eta lorik egin gabeko norbait irudikatzen bazenuen oker zaude. Ospitalean konferentzia bat eman ostean hartu gaitu Oscarrek bere bulegoan. Seme-alaben argazkiak, kargatzen jarritako mugikorra, eta Athletic-en posterra ikusi dizkiogu lehen begi-kolpean. Madrilen gaude, zientziaz eta ikerketaz gazteleraz aritzekotan, baina hizkuntza bera hitz egiten dugula dirudi”.


ASTEKARIA
2014ko uztailaren 20a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Medikuntza
Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


Menopausia medikalitzatzeko arriskuaz ohartarazi du The Lancet aldizkariak

Martxoaren 8aren atarian, menopausiari buruzko artikulu-sorta bat argitaratu du The Lancet medikuntzan espezializatutako aldizkariak. Laburpenean gogorarazi duenez, menopausia munduko populazioaren erdiaren bizitzaren etapa saihestezina da, baina esperientziak asko aldatzen dira... [+]


"Ez digute uzten gure gorputzen gainean erabakiak hartzen"

Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatearen “arreta txarra” eta “tratamendu bortitza” salatu du Izei Etxeberriak.


Eguneraketa berriak daude