German Rodriguezen hilketa ikertzeko Argentinako justiziara joko dute senideek

  • Poliziak balaz hildako iruindarraren senideek epailearen aurrera eraman nahi dituzte erantzuleak: “Historiak gogoratu ditzala gauzak izan ziren bezala”.

Beste behin ehunka lagun bildu ziren German Rodriguezen omenez Iruñeko 
Orreaga etorbidean dagoen hilarriaren bueltan.
Beste behin ehunka lagun bildu ziren German Rodriguezen omenez Iruñeko Orreaga etorbidean dagoen hilarriaren bueltan.

Frankismoaren krimenen kontrako auzian, Argentinako Maria Servini epaileak 1978ko Sanferminetan gertatutakoa iker dezala nahi dute German Rodriguezen senideek eta San Fermines 78 Gogoan plataformak. Uztailaren 8an, ehunka lagun bildu ziren poliziak hildako iruindarraren omenaldian.

Gertakari haien erantzuleak epailearen aurrera eramateko “itxaropenak” bultzatuta ekingo diote justiziaren bideari senide eta lagunek. 36 urteren ondoren ez dute inolako azalpen ofizialik jaso eta epaileek inor ez dute zigortu. Horregatik joko dute atzerrira justizia bila.

1978ko uztailaren 8an poliziak balaz eraso zituen herritarrak zezen plaza barruan eta kanpoan; liskarrak Iruñea osora zabaldu ziren. Hamarnaka zauritu izan ziren eta horietako bat, German Rodriguez, hil egin zuten bala batek buruan jota. Hurrengo egunetan protestak Euskal Herri osora hedatu ziren eta poliziak Joseba Barandiaran gazte donostiarra ere hil zuen balaz.

Errudunen aulkian inor ez

Iruñeko oldarraldiaren ostean, Ignacio Llano gobernadore zibilak dimititu egin omen zuen eta Rubio eta Ávila komandanteak tokiz aldatu zituzten. Azkeneko honek “indar guztiekin tiro egin, ez arduratu hiltzen baduzue” agindua eman zuen, aski ezaguna den audioan entzun daitekeen moduan.

Askorentzat baina, gertaeren erantzule nagusia Martin Villa Espainiako Gobernazio ministroa da, baita José Sainz orduko polizia-burua ere. Iruñeko Peñek ikerketa batzordea sortu zuten eta abokatuen bidez diligentziak hasi, baina Espainiako justiziak sumarioak artxibatu egin zituen.

Ahotsa.info atariak indarkeria polizialaren biktima izan zen gaztearen anaia Fermin Rodriguez elkarrizketatu du. Gertatutakoa ezin dela ahaztu esan du eta Argentinako kereilak horretan lagunduko duela uste du: “Nire ametsa da Martin Villa eta 1978ko Sanferminetako beste erantzuleak errudunen aulkian eserita eta zigortuta ikustea. Badakit hori ez dela oso egingarria, baina gustatuko litzaidake gutxienez pertsona hauek ofizialki arduradunak izan zirela esatea eta historiak gogoratu ditzala gauzak izan ziren bezala”.

German Rodriguezen omenaldian Joseba Barandiaranen anaiak ere izan ziren eta “egia” jakin nahi dutela esan zuten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1978ko San Ferminak
2024-01-24 | Ahotsa.info
Nafarroako Auzitegiak atzera bota du 1978ko Sanferminetako gertaeretako helegitea eta elkarteak berriro aurkeztuko du kereila

Sanfermines-78: gogoan! elkarteak, German Rodriguezen ahaideek, 1978ko sanferminetako gertaeretan larriki zauritutako pertsonak eta Iruñeko Peñen Federazioak 2019ko urtarrilean kereila bat paratu zuten 1978ko sanferminetan, Iruñean, jazotako poliziaren... [+]


Enegarrenez eraso diote German Rodriguezen plakari

Asteburuan hautsi dute hilarriaren ondoko xafla, itxura guztien arabera palanka baten bitartez, Iruñeko SF78 Gogoan plataformak salatu duenez


Martín Villa auzipetua, eta espainiar trantsizioa auzitan

Espainiako gobernazio ministro izandakoa gizateriaren aurkako krimenengatik epaitu nahi du Argentinako justiziak. 1976ko martxoaren 3ko eta 1978ko Sanferminetako sarraskiengatik auzipetu du María Servini de Cubría epaileak, kereila argentinarraren barruan.


Martín Villa
Frankismoaren krimenengatik erantzuteko ordua

Rodolfo Martín Villa (Santa María del Páramo, León, 1934), poliziak Euskal Herriko historia hurbilean egindako sarraski odoltsuenen arduradun politikoa da, 70eko hamarkadan ministro izan zen garaian. Frankismoaren Krimenen Aurkako Argentinako Kereilan... [+]


Eguneraketa berriak daude