Poliziak balaz hildako iruindarraren senideek epailearen aurrera eraman nahi dituzte erantzuleak: “Historiak gogoratu ditzala gauzak izan ziren bezala”.
Frankismoaren krimenen kontrako auzian, Argentinako Maria Servini epaileak 1978ko Sanferminetan gertatutakoa iker dezala nahi dute German Rodriguezen senideek eta San Fermines 78 Gogoan plataformak. Uztailaren 8an, ehunka lagun bildu ziren poliziak hildako iruindarraren omenaldian.
Gertakari haien erantzuleak epailearen aurrera eramateko “itxaropenak” bultzatuta ekingo diote justiziaren bideari senide eta lagunek. 36 urteren ondoren ez dute inolako azalpen ofizialik jaso eta epaileek inor ez dute zigortu. Horregatik joko dute atzerrira justizia bila.
1978ko uztailaren 8an poliziak balaz eraso zituen herritarrak zezen plaza barruan eta kanpoan; liskarrak Iruñea osora zabaldu ziren. Hamarnaka zauritu izan ziren eta horietako bat, German Rodriguez, hil egin zuten bala batek buruan jota. Hurrengo egunetan protestak Euskal Herri osora hedatu ziren eta poliziak Joseba Barandiaran gazte donostiarra ere hil zuen balaz.
Iruñeko oldarraldiaren ostean, Ignacio Llano gobernadore zibilak dimititu egin omen zuen eta Rubio eta Ávila komandanteak tokiz aldatu zituzten. Azkeneko honek “indar guztiekin tiro egin, ez arduratu hiltzen baduzue” agindua eman zuen, aski ezaguna den audioan entzun daitekeen moduan.
Askorentzat baina, gertaeren erantzule nagusia Martin Villa Espainiako Gobernazio ministroa da, baita José Sainz orduko polizia-burua ere. Iruñeko Peñek ikerketa batzordea sortu zuten eta abokatuen bidez diligentziak hasi, baina Espainiako justiziak sumarioak artxibatu egin zituen.
Ahotsa.info atariak indarkeria polizialaren biktima izan zen gaztearen anaia Fermin Rodriguez elkarrizketatu du. Gertatutakoa ezin dela ahaztu esan du eta Argentinako kereilak horretan lagunduko duela uste du: “Nire ametsa da Martin Villa eta 1978ko Sanferminetako beste erantzuleak errudunen aulkian eserita eta zigortuta ikustea. Badakit hori ez dela oso egingarria, baina gustatuko litzaidake gutxienez pertsona hauek ofizialki arduradunak izan zirela esatea eta historiak gogoratu ditzala gauzak izan ziren bezala”.
German Rodriguezen omenaldian Joseba Barandiaranen anaiak ere izan ziren eta “egia” jakin nahi dutela esan zuten.