Golden 5 programa

Zure umeak ere eskolan distira egin dezan

  • Irakasle eta gurasoon esku dago hurrengo ikasturtean ume bakoitza eskolan positibo nabarmentzea. Eta motibazioa gailurrera eramatea, umearen garapena optimoa izan dadin. Europan sortu eta Hego Euskal Herrian ere zabaltzen ari den Golden 5 hezkuntza programak erakusten digu ikuspegia aldatzearekin eta egunerokoan teknika txiki batzuek txertatzearekin emaitza ikusgarriak sumatzen direla berehalakoan. Uda garai aproposa duzu umeenganako ikuspegi positiboaz gozatzeko.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre
2014ko uztailaren 13a
2009an Golden 5ek bi sari lortu zituen: Europako Hezkuntza praktika onenak dituzten hamar proiektuen sarietako bat, eta Europako proiekturik onenaren sarian Brontzea. Argazkian eskuinean, Maria José Lera Brontzezko Izarra eskuan duela.
2009an Golden 5ek bi sari lortu zituen: Europako Hezkuntza praktika onenak dituzten hamar proiektuen sarietako bat, eta Europako proiekturik onenaren sarian Brontzea. Argazkian eskuinean, Maria José Lera Brontzezko Izarra eskuan duela.

Ikasgelan sartutakoan, lehen-lehenik ikasle talde batekin egingo dugu topo. Gure eskolako bizipenetan ere gelako giroa, lidergoak, gatazkak eta adiskidantzak ditugu oroitzapen esanguratsuenak. Aldiz, talde dinamikei buruz ezer gutxi lantzen da Magisteritza karreran eta psikologia sozialeko teoriak ere oso gutxi aplikatu dira hezkuntzan.

Elkarbizitza kudeatzeko abiatu zen Golden 5 programak talde harremanen bi teoria ditu oinarrian: atribuzioen teoria eta espektatiben teoria. Hala azaldu zuen programan aitzindari den Maria José Lera-k (Sevillako unibertsitateko doktorea Psikologian), Gipuzkoako Berritzeguneek maiatzean antolatutako jardunaldietan: “Atribuzioen teoria 1958an sortu zuen Weinerrek eta talde harremanen oinarri-oinarrizko teoria da. Norbaitek atribuzio bat egiten duenean, berdin da zuzena edo okerra izan, gainerako gizakion joera naturala da atribuzioak baieztatzea. Gure buruak inkontzienteki bilatu eta hautatuko du besteak egindako atribuzioa baieztatzen duen esperientziaren bat”. Eskola barruan atribuzioen dinamikak nola funtzionatzen duen deskribatu zuen umorea eta energia positiboa darion Lerak: “Irakasle batek esaten duenean ‘a zer goiza eman didan 6.A gelak! Nolakoak diren!’, atribuzio bat da. Entzun digun beste irakasleak buruan bilatuko du esperientzia bat baieztatuko duena eta esango du: ‘Egia da, aurrekoan harrerako langileak esan zidan ederra dugula talde horrekin...’. Irakasle horien arteko harremana estutu egiten da eta kito, ez da ezer gertatzen”. Edo bai, gertatzen da? Lerak galdera pausatu zuen: “Irakasleen pentsamendu horrek gelari eragiten dio edo ez? Zergatik? Pentsatzen dugun horixe ikusten dugulako azkenerako. Nola sartuko naiz gela horretara? Ikusiz oso zaila dela. Gelara sartu orduko oharkabean (zeren hau dena prozesu inkontzientea da) begiratuko diet zutik dauden hiruei eta hizketan dauden biei eta pentsatuko dut ‘banekien nik! aztoratuta dagoela gela hau!’. Oharkabean zer ari gara bultzatzen? Aztoramendua. Eta azkenerako taldeak berak pentsatuko du nahaspilatzaile hutsak direla”. Ideala litzateke batere atribuziorik ez egitea, baina hau gizakiontzat ezinezkoa omen. Beraz, testuinguru profesionalerako arau hau proposatzen du Golden 5ak: atribuzio positiboak bakarrik egitea. “6.Atik gatozenean irakasle gelara, esan ahalko dugu ‘6.A hori da... gela oso inteligente bat... eta ene nola dauden... oso aktibo dago taldea... eta irakasleoi erronka oso interesgarria jartzen ari zaigu e!’. Beste irakasle batek esango du, ‘ba egia da ideia oso interesgarriak bota zituztela lehengoan’. ‘Aktibitate handiarekin dabiltza, sormen handiarekin...’. Gauza bera da baina beste era batera ikusten da. Eta taldeak bukatuko du sinesten sormen handikoak direla, eta denok ariko gara duten potentzialitatea baliatzen”.

Lerak oroitarazi zuen irakasleek eta gelako audientziak atribuzio positiboen kontuan duten garrantzia: “Ez da gauza bera atribuzioak zure etxean eta irakasle gelan egitea, edo audientziaren aurrean, ikasgela barruan. Demagun gela osoaren aurrean botatzen dugula ‘ikasle honek hizkuntzetarako gaitasun handia du!’ atribuzio bat egiten ari naiz. Zer pentsatuko dute gainerako ikaskideek? Bilatuko dute esperientziaren bat berretsiko duena ‘a, bai, asteburu batean Londresera joan zen, horregatik hitz egiten du hain ongi ingelesez’. Nire atribuzio hori orain konpartitua eta orokortua da, orain gela osoak hori ikusiko du, esan dugunez, pentsatzen duguna ikusten dugulako. Eta ingelesez zerbait esaten duen bakoitzean besteek hautemango dute ‘ooo, ze ondo esaten duen!’ baina eta erratzen bada? zer esango du audientziak? Kanpo faktoreei egotziko die: egun txarra du, zorte txarra, testua oso zaila zen... Baina pertsona horrek hizkuntzetarako gaitasun ona duela usteko du taldeak”. Beti ez dira atribuzio positiboak egiten, ordea: “Oso-oso gutxitan, ihes egiten digu komentarioak eta botatzen dugu ‘aix, zuk ez duzu honetarako balio’. Atribuzio bat egiten ari gara, konpartitua dena, eta gela osoak ikusiko du pentsatzen duena, alegia ez duela balio demagun irakurtzeko. Ikasle horri esaten diogunean: ‘Irakurri ozen’. Nola irakurriko du? erabat txikiagotuta, ahots mehe batez. Zer dio audientziak? ez dakiela, gaizki ari dela. Baina pentsa dezagun umeak horri denari aurre egin eta ongi irakurtzen duela. Zer esango du audientziak? Kanpo faktoreei esker lortu duela: ongi ateratzen ari zaio baina zortea duelako, testu hori aurrez ezaguna izango zuen, egun ona du... Baina berez ez daki irakurtzen”.

Helburua garbia da: ume bakoitzak merezi du atribuzio positibo bat gelan eta denen aurrean. Esatea zer ona den halako gaian. “Denok gara onak zerbaitetan, beraz, bilatu egin behar da bakoitzaren on hori. Batzuena berehala ateratzen zaigu, besteena pixka bat gehiago bilatu behar da”. Atribuzio positiboek ekartzen baitute espektatiben teoriarekin lotutako Pigmalion efektua.

Golden betaurrekoak: espero dugunaren baitan dago porrota edo arrakasta

“Uste baduzu ikaslea ongi joango dela, nota onak ateratzen ditu. Gaizki joango dela uste baduzu, nota txarra ateratzen du. A zer begia dugun irakasleok, ia magoak gara!”. Ikerketek frogatu dute ikasle batekiko espektatiba altuak dituen helduak, oharkabean arreta gehiago eskaintzen diola, azalpenak hobe eta bere modura ematen dizkiola, gehiago animatzen duela (“zuk ahal duzu-eta!”), bere akatsak gutxiesten dituela (“lasai, hau ez da ezer, zuk segi”), tematzen dela... “azkenean zertan ari da heldu hori? ikas prozesua errazten” azaldu du Lerak. Alderantziz jokatzen du helduak, oharkabean, ikasle horrenganako espektatiba apalak dituenean. Horren aurrean zer egin? “Espektatiba altuak eduki behar ditugu ume bakoitzarengan. Alegia, Golden betaurrekoak jarri behar ditugu”.

Ikasgelan, bizitzan bezala, beti badira batzuk nabarmentzen direnak, akademikoki primeran doazenak, espektatiba altuekin... eta badira beste batzuk gutxiago distiratzen dutenak. Gakoa ongi doazenekin sortzen den harreman eredua ikasle guztiengana eramatea da. Eta hori kontzienteki eta metodikoki egitea ezinbestekoa dela nabarmendu du Lerak, Golden programaren 5 zenbakiaren zentzua bistaraziz: “Umeak bosnaka hartuko ditugu eta idatzi egingo dugu. Ez badugu idazten, beti ahaztuko ditugu berberak. Ikasleak nahasian hartuko ditugu, bi oso ongi doazenak, bi arazoak dituztenak eta bat ‘grisa’ deitu ohi zaiona. Bosnaka landuz, hurrengo epean (demagun aste pare batean) beste ikaskideen aurrean distiratu arazi behar ditugu”.

Emaitza bistakoak epe motz eta ertainean

Berehalakoan emaitza hauek ikusiko ditugula baieztatu dute Lerak eta Golden 5 praktikan jarri duten EAEko irakasleek: ondo zihoazenek ongi jarraituko dute eta “grisa” dena oso denbora gutxian nabarmentzen hasiko da. Grisak deituak dira klasera joan, etxeko lanak egin eta azterketak gainditu arren nabarmentzen ez direnak. “Batek begiratzen dituenean, esaten dienean ‘zu oso ona zara honetan’ jada beste era batera ikusten dira eta aldatzen hasten dira”. Akademikoki gaizki zihoazenak asko hobetzen dira, baina hauei Golden igurtzi gehiago eman behar zaiela azaldu du Lerak: “Hauengan aldaketak ikusten hasten dira bi hilabetera, kasuaren arabera”.

Aldaketa txikiak eta errazak dira, eta lorpenak handiak. Txikiak izateak ez duela azalekoa esan nahi adierazi digu Ana Azkona Lasarteko Berritzeguneko Golden arduradunak: “Estrategiak oso zentzuzkoak dira, esaterako begirada eusteak ematen dizu pertsona horren arreta. Hori gauza sinplea da baina batzuek ezin dute. Gelan pertsona bat ukitzea oso sinplea da baina ekartzen duena aldaketa handia da, eta norberaren aldaketa eskatzen du, beste pertsona ikustea, ahal duela ikustea, beragan sinestea... Oso sakona da. Beste begirada bat lantzen du irakasle horrek ikasleenganako, Golden irakaslea bihurtzen zara. Gauza negatiboetan bakarrik fokatzeak nora garamatza? Zer eginik ez dagoela justifikatzera. Kasu etsigarrienetan ere hori da bidea, alde positiboa bilatu behar dugu eta hortik palanka eginaz bere ahalmen eta dohain guztiak atera”.

Gurasoak ere Golden

Etxea oinarrizkoa da. Familia eta eskola elkarrekin doazenean orduan ikusten dira emaitzak argiago: “Familiak ikuspegi honen partaide egin behar dira. Deitu diezagutela gure umeak ongi daudenean ere, partekatu dezagun ona. Familiari mezu positiboak helarazi behar zaizkio. Denei, hauek ere bosnaka hartu behar ditugu, ez gaitezen inoren gurasoez ahaztu. Akademikoki umea gaizki badoa, mezu positiboak emango dizkiogu maila sozialean. Gurasoak negarrez etorri izan zaizkigu ‘niri inoiz ez dit inork ezer positiborik esan nire semeaz, 15 urte ditu eta porrot hutsa da’ esanaz. Arazo bat denean bakarrik deitzen badidate, defentsa jarreran joango naiz, eta irakasleak deitzen badit izango da berak ez dakielako zer egin egoerarekin, baina nik ere ez dakit zer egin. Ez gaitezen elkartu ez dakigun horretan, goazen onean elkartzera. Deitzen badidate ‘zatoz, zure umeak portaera itzela dauka eta matematiketan sekulako arreta jartzen du, harrituta nauka’, hazi-hazi eginda joango naiz. Goazen une horiek gozatzera. Goazen elkarrekin bide egitera batzen gaituen begiradarekin. Arazoek hor jarraitzen dute, baina arazoak txikitxo jarriko ditugu eta gainera saiatuko gara konpontzen plan batekin, eskaileratxo batekin. Pixkanaka-pixkanaka eskailera mailak igotzen joango gara eta baten bat oso handia bada eta ezin badugu igo, maila txikiagoak jarriko ditugu tartean. Baina izan dezagun begirada hori: jakina posible dela, jakina ahal dugula! Gure esku dago”.

Gazako lerroko 30 ikastetxetan martxan

Bost herrialdetako eta diziplina anitzeko profesionalek (psikologo, soziologo, hezkuntzako langile, bitartekari...) hasi zuten proiektua 2004an: norvegiar, belgikar, italiar, poloniar eta andaluziarrek. Europar Batasunak diruz lagundu zuen hasieratik eta hezkuntzan motibazioa hobetzeko irtenbideak, estrategiak, erramintak ematea zuen helburu, elkarbizitzari lotuta.

 

“2006rako ikusi genuen proiektuak funtzionatzen zuela. Frogatu behar genuen ea funtzionatzen zuen gehien behar zen testuinguruetan”. Argi du Maria José Lerak: “Gehien behar den lekua Gazako lerroa da. Gazako lerroak 2006an eskatu zigun proiektua, eta Europak eragotzi bazigun ere (esan zigun proiektua europarra zela eta ez palestinarra), Europari erantzun genion dirua ukatuko zigula baina gogoa ez. Dirurik gabe baina joan egin ginen eta bertako bi eskola palestinarretako irakasleak formatzen hasi ginen”. Proiektua emaitzak ematen hasi zen baina 2009ko Gabonak iritsi ziren eta Gazako lerroa erabat bonbardatu zuten “Berun urtua” operazioan: Golden 5 programa martxan zuten eskolak bonbardatu zituzten, formatzaileen GKEa bonbardatu zuten... Txikizioa eragin zuen operazioa bukatu eta urtarrilaren 18an telefonoz mezu hau jaso zuten: “Mesedez, Gazan behar dugun bakarra Goldena da”. Lera mintzo da: “Umeen etsipen maila terriblea zen, eta halakoetan behar dugu norbanakoaren garapena. Segurtasun hori, konfiantza hori, bizitzan aurrera jarraitzeko. Gelara zerbait positiboa iristea falta zen eta hori handi-handi jartzea. Gehien behar zuten garaia zen. Israelek sartzea eragotzi zigun eta oraindik debekatzen digu, baina ari gara lortzen”. Urtarril honetan jarri dute martxan proiektua Gazako lerroko 30 eskoletan. Ikastaroak on-line ematen dituzte eta Zisjordanian ere 350 irakasle eta 16 eskolarekin ari dira. “Han funtzionatzen badu, denean funtzionatu behar du”.
 

Kepa Goikoetxea, Laskorain ikastolako irakaslea
«Eskola porrota bizitzen ari zen ikasleak txapeldunen ligan bukatu zuen ikasturtea»

Berritzeguneak antolatutako jardunaldietan DBH 3ko esperientzia kontatu zuen Tolosako Laskorain Ikastolako Kepa Goikoetxeak: “Atribuzio txarrekin zetorren ikasle hura, oso markatuta, desmotibatuta eta itxaropen handirik gabe”. Golden 5eko estrategiak erabiltzen hasi zen Goikoetxea ikasgelan eta ikaslea hobeto erantzuten hasi zen. Ohar positiboak idazten zizkien irakasleak eta denen aurrean irakurtzen, egunero ikasle bati, eta aipatutakoaren txanda iritsi zen: “Lehenengo ohar positiboa jaso zuenean, erreakzioa bat-batekoa izan zen”. Irakaslearekin hitz egiteko hitzordua hartu zuen, eta oharragatik eskerrak eman ostean galdetu zion:
-    Zuk beste irakasleekin hitz egiten duzu?
-    Bai...
-    Eta zuk nire aurreko notak badakizkizu?
-    Ez naiz gogoratzen... zerbait esan nahi didazu edo?
-    Oso gaizki ibili nintzen DBH 1. mailan.
-    A, ez nekien.
-    DBH 2ra juxtu-juxtu pasa nintzen.
-     Pasa bazinen zure meritua izango zen...
-     Ez, ez, pasa egin ninduten garbi. Eta gero jada DBH 3. mailara ziur deskartez pasa nintzela. Nik ez nuen hemen egon behar.
-     Eta non egon nahi zenuen?
-     Ez, ez, hemen egon nahi nuen baina nik ez dut ezer egin hemen egoteko. Ez dakit badakizun...
-     Bada nik ongi ikusten zaitut.
-     Egiatan?
-     Bai, poesia egin genuen hartan Xabier Leteren lau disko zuk ekarri zenituen. Eta etxean zegoen bertso-liburua ere bai.
-     Bai, tira, etxean hautsa hartzen zeuden.
Handik aurrera, ikasleari buruzko atribuzio positiboak egin zituen irakasleak ikasleen eta beste irakasleen aurrean. “Ikaslea balorazio positiboei gustua hartzen hasi zitzaien. Edozein aitzakia baliatzen zuen nire gelara etortzeko”. Irakaslearen gelara sartu zen batean, Rubiken kuboa begiz jo zuen eta egiten irakasteko eskatu zion. Ostegunero 19:30ean joaten zen 15 urteko gaztea irakaslearenera kuboa egiten ikastera. “Eta tartean, beste gauza askoz hitz egitera”. Mezu eta balorazio positiboak jaso ahala, ikaslea erronkari heltzen hasi zitzaion, ikasgelako jarrera eta lana hobetuz, baina “nik etxean ez dut hori entzun, ez naute horrela ikusten eta oso zanpatua nago” aitortu zion irakasleari. Berari ezer esan gabe, gurasoekin bildu zen irakaslea. “Ama etsita zegoen, etxean errietan egunero, jada ez zion semeari eskolako kontuez galdetu ere egiten. Aitak esan zidan ‘nik bai, nik txikitu egiten dut, esaten diot: ez duzu egin, ez duzu ikasturtea gaindituko, ez zara gai, zure arreba askoz bizkorragoa da, zurekin beti berdin, nazkatuta gaude...’”. Irakasleek gurasoei proposatu zien Golden ikuspegia lantzea: [aitari] “Esaiozu harengan itxaropen osoa duzula, ongi joango dela”. Aitaren erantzuna: “Nik hori esaten ez dakit”. Irakaslearen proposamena: “Isilik egon zaitezke?”, “bai”. Amak hitz eman zuen bera saiatuko zela ikasketei buruzko mezu positiboak ematen. “Mutilak ikasturtea txapeldunen ligan amaitu zuen”. Gurasoak uztailean irakaslearengana joan ziren, negarrez: “Ez dakit zer egin duzun, baina eskerrik asko”.

Motibazioaren gakoak: ikasle onena, erori ostean zutitzen dena

Arreta, esfortzua eta irauteko gaitasuna. Aldagai horien araberakoa da ikasteko motibazioa. Pertsonak badu gaitasuna bere barrutik bere burua motibatzeko. Nola sustatu barne motibazioa? Lau eremu hauek landuta: testuingurua, behar psikologikoak, pentsatzen duguna eta emozioak. Leraren hitzetan: “Horrek ekarriko digu eskolako emaitza hobea, baina batez ere ekarriko digu pertsonaren garapen osoa”.

Testuingurua: “Haur hezkuntzako gela barruan aurkitzen ditugu koloreak, kortinak, apaingarriak, loreak, formak... baina mailaz igo heinean ez dakit zergatik, DBHko 4. mailan landaretxo bat aurkitzea... Argazkitan bakarrik gertatzen da! Goazen  erraztera, goazen goxo egoteko, interesa gehitzeko elementuak sartzera”.

Behar psikologikoak: Gizakiaren oinarrizko hiru behar psikologiko hauek asetzean motibazioa ikaragarri hazten da. Batetik, konpetente sentitzeko beharra: ahal duela, badakiela, gauzak egiteko gai dela ikustea. “Erabil dezagun eskola jada egiten dakizkien gauza horiek jendaurrean erakusteko. Jar diezazkiegun lanak distira egin dezaten. Esan ahal izan dezaten ‘ikusten zeinen ona naizen honetan’. Berak merezi duela, balio duela seguru izango du. Eta bere burua maite duenak, balio duela dakienak, zer egiten du eroritakoan? Altxa”. Bigarrenik, autonomo sentitzeko beharra dugu: “Utzi aukeratzen zer egin, utzi erabakitzen lana taldean, binaka edo irakasleak lagunduta egitea nahi duen...”. Azkenik, ongi harremanduta sentitzeko beharra dugu: maite gaituzten ikaskide eta helduak behar ditugu inguruan, baldintzarik gabeko laguntza eskaintzen digutenak.

Pentsatzen dugunaren garrantzia: Gure buruaz pentsatzen dugunak emango digu bizitzarekiko estilo bat. Pertsona batzuek estilo optimistagoa dute, eta beste batzuek ikuspegia gehiago dute porrotera bideratua. Horri lotua dago eskola porrota, Leraren arabera: “Eskola porrota horixe besterik ez baita, etsitzea, erori eta ez altxatzea, ‘zertarako saiatuko naiz?’ pentsatzea ‘nik ez dut honetarako balio, ez dut inoiz lortzen’...”. Behin eta berriz altxatzea da gakoa: “Ez da hobea inoiz erortzen ez dena. Hobea da gehiagotan altxatzen dena. Zutitzeko behar duguna da esperientzia positibo asko eta asko izatea norberaren garapenean konfiantza izateko: ‘Gogoratzen zara erori zinen hartan nola altxa zinen?’ eta orduan indarra ateratzen du batek eta oztopoa zena palanka bihurtzen da gora egiteko. Gehiagotan zutitzen dena indartsuagoa da palanka hori topatzen duelako ‘jakina lortuko dudala’”. Palanka  sustatzeko helduok dugun arduraz ohartarazi gaitu Lerak: “Ikasle bat Lehen Hezkuntzako matematikan trabatuta zebilen eta etxera joanda amak esan zion: ‘zu ni bezalakoa zara, niri beti gaizki eman zaizkit matematikak’. Hara zer espektatiba garatu zituen. Saiatzeari utzi zion, juxtu-juxtuan gainditzen zituen eta kito. DBHko 3. mailan zegoenean irakasle batek hartu zuen bere azterketa eta esan zion ‘konturatu zara matematiketarako neurrizgorako gaitasunak dituzula?’. Eta matematiketako adarra hartu zuen! Bi esaldi izan ziren”.

Emozioak: “Edozein ekintzaren oinarria direnez, goazen klima emozionala lantzera gelan. Garatu dezagun emozio positiboak erakarriko dituen testuingurua. Erabili dezagun giroa, umore asko, musika zergatik ez?”.
 

Goldenak bost eremutan lantzen ditu bere oinarriak

1. Gelaren kudeaketa (irakasleak taldea kudeatzeko erramintez jabetzea)

2. Harremanak eraikitzea (harreman onak lantzea ikasleekin)

3. Kilma soziala (talde osasuntsua lortzea)

4. Ikaskuntza doitua (ikasle bakoitzaren mailara egokitua)

5. Familia (Golden ikuspegian partaide egitea)

Informazio osoa: www.golden5.org webgunean.

Hego Euskal Herrian

Duela bi urte hasi ziren Golden 5 programa lantzen Ordizia, Lasarte eta Durangoko Berritzeguneetan. Batez beste bakoitzean 15 ikastetxe ari dira (argazkian, maiatzeko jardunaldietan euren esperientzia kontatu zuten Gipuzkoako irakasleak). Datorren ikasturtean Irun, Donostia eta Eibarko Berritzeguneak eta Iruñeko Irakasleen Laguntzarako Zentroa hasiko dira lantzen. Proiektua abiatzen ari da, beraz. Hurrengo ikasturterako sakontze maila prestatu dute eta bertan parte hartuko duten irakasleek konpromisoa hartu dute euren ikastetxean lanketa sistematizatzeko eta zabaltzeko.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Hezkuntza

Hezkuntza kanaletik interesatuko zaizu...
Itziar Portables, logopeda eta irakaslea
"Aurrez aurre hitz egiteko neurria eta ohitura galtzen ari gara, gero eta bertigo handiagoa diogu filtrorik gabe aritzeari"

Osasun arloko diziplina da logopedia. Hizketa, komunikazio, ahots eta irenste zailtasunak prebenitzeaz, detektatzeaz, ebaluatzeaz eta artatzeaz arduratzen da. “Zenbaitentzat, ordea, R-a ongi ahoskatzen irakasten dutenak gara, oraindik ere”. Itziar Portabales (Donostia, 1985) logopeda eta irakasleak izen bereko kabinetean dihardu “gizartean bere lekua egiten ari den jardun ezezagun hau” garaiko beharretara egokitzen.


Paxkal Indo, autodidakta nekaezina
"Hautetsi guztiek babesten dute Seaska, borroka hori irabazia dugu"

Baigorrin hartu gaitu Paxkal Indok, etxean, eta hitz egin dugu haren bizitzan garrantzia duten hainbat gairi buruz: musikaz, euskararen hainbat ertzez, Seaska ikastolez. Halako batean, argazkilaritza ere gustuko duela aipatu, eta gehitu du: “Gauza asko egin ditut, eta eginen oraindik”. Harentzat ez omen baitago ametsik, “ondoko egunetako proiektuak bakarrik”.


Irueko Eunate institutuan segurtasun kamerak kentzeko eskatu dute ikasleek

Greba eta protesta eguna deitu dute Iruñeko Txantreako ikastetxeko ikasleek, "zuzendaritzak inposatutako kontrol sozialari" aurre egiteko. Pasa den ikasturte amaieran, Eunateko zuzendaritzak, 13 segurtasun kamera jarri zituela salatu dute eta hauek kentzeko eskatuta, erantzunik ez dutela jaso adierazi dute. Ostegunean manifestazioa egin dute, beste institutuetatik ailegatutako ikasleen laguntza eta babesarekin.


Eskola segregazioaren aurkako paktua Katalunian

Eskola segregazioa gainditzeko Zubiak Eraikiz plataformak aurkeztutako lege proposamena Eusko Legebiltzarrak atzera bota ostean, ez atzera ez aurrera dago gaia Euskal Herrian. Katalunian aldiz, 189 neurri jasotzen dituen paktua hitzartu berri dute, eskola publikoaren eta kontzertatuaren artean eta ikastetxe batzuen eta besteen artean ematen diren desoreka sozioekonomikoei aurre egin asmoz.


Bideobigilantzia ala askatasun politikoen defentsa Eunaten

Datorren martxoaren 21erako baterajotze nazionala deitu du Iruñerriko Autodefentsa Sareak. Euskal Herrian zabaltzen hasia da manifestaziora bertaratzeko deia, eta horrekin batera, Eunate ikastetxetik zein hezigune guztietatik bideobigilantzia kamerak kentzeko beharra. Ikasturte hasieran jarri zituzten kamerak Eunaten, bertako ikasleen, gurasoen eta langileen oniritzi gabe. Gainera, Ikasle Mugimenduak salatu duenez, ikasleen askatasun politikoen –jardun politikoa normaltasunez... [+]


Fukushimako haurrek ere badute 'Ingurumen Gunea', kutsadura zein polita den ikasteko

Ingurumenaren Sormen Gunea deitzen da eta bertan Fukushima probintziako haurrek ikasten dute nola bizi den gizakia irradiazioen artean betidanik. Antzeko erakusketa gehiago badira, eskualdeko bezala Japoniako gobernuek antolatuak. Diote agintariek fukushimatarrek desdramatizatu beharra daukatela duela zortzi urte piztu eta oraindik itzali ez zaien amesgaiztoa, munduak ikusi duen hondamendi atomiko handienetakoa.


Buruhauste ugari, EAEko Hezkuntza Sailean

Hartzen dituen erabakiek eragileen kontsentsua dutela agertzea gustuko du Jaurlaritzak, baina Hezkuntza Sailak bi proiektu atzera bota behar izan ditu epe laburrean, jasotako kritikengatik: Herenegun programa eta eskola-jantokietarako proposamena. EAErako Hezkuntza Legeak ere korapilatuta jarraitzen du, eskola-segregazioaren gaiak bezalaxe, eta gainera laster azalpenak eman beharko ditu sailburuak Legebiltzarrean, Lanbide Heziketako finantzaketan irregulartasunak antzeman dituztela-eta.


2019-03-12 | ARGIA
Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeak greban berriz

Asteartetik ostiralera, lau eguneko lanuzteak egingo dituzte. Akordiorik lortu ezean, apirilean eta maiatzean ere lanuzteak egitea aurreikusi dute sindikatuek.


Haur literaturan (ere), gainbabesa?

Idazleek Alean haur literaturaz egin duten erradiografia kritikoak gogoetarako ideia interesgarriak utzi dizkigu: 1) Umearen aisialdiaren “alde txepelena” ari omen da hartzen literatura. Balio subertsiboa desagertu da haur literaturatik eta horren atzean gehiegizko babesa dago. Baina beldurra edota gai deserosoak umeentzako kontakizunetatik baztertzea arazo larria da, ezer txarrik ez duen mundu gainbabestu hori irreala baita.


2019-03-06 | ARGIA
Itunpeko ikastetxe baten matrikulazio prozesuan irregulartasunak salatu dituzte

Ikasle berriak onartzeko orduan “itunpeko ikastetxe batzuen artean ohiko bihurtzen” ari den jokabidea salatu du Steilas sindikatuak, “administrazioak bide” ematen diela aprobetxatuz. Horren adibide jarri dute Ordiziako Jakintza ikastola, matrikulazio prozesuan irregulartasunak izan direla nabarmenduz.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude