2014ko ekainaren 15an

Rouenetik berrogeita hamar bat kilometro hegoalderago nago, Normandian, eta 50eko bi dauzkat eskuan 120 bat kiloko walkiria –walkiria, zerbait esateagatik- bati emateko, esantzaren truke. Barkatu –okurritu zait galdetzea, frantsesez, noski– badakizu Rouenetik Pas de Calaisera, zenbat kilometro dagoen? Ilehori handiak begiratu ere ez dit egin. Galdera errepikatu egin diot. Orain erantzun egin dit ozta-ozta, erdeinuz. Ez duela ideiarik ere, nire galdera inpertinentzia betekoa izan balitz bezala. Hasieran txokatuta geratu naiz, gero konturatu naiz: jakina, frantses egiazkoei lana kentzera datorren hegoaldetar bat naizela uste izan du, ez du pentsatu turista bat naizela.

Ideia horrek asko poztu nau, harrotzeraino poztu ere. Rouen inguratzean, iparrerako trafiko guztia bideratzen duen Mathilde zubia itxita dago, obrak daudelako (2014ko apirilean), Calaisera behin-behineko bidea atondu dute, ez da hain erraz hartzen, galdu gara. Beste gasolindegi batean geratu naiz. Beste emakume bat, ilez beltzarana oraingoan. Nire frantses-maila, lehengo bera. Galduta nagoela esan diot, Calaisera hartzeko zer egin behar dudan, eta abar. Ezin amultsuago azaldu dit nondik nora egin behar dudan.

Ingalaterran, Newcastletik gora paramo zabal bat hedatzen da, eremu bat egiazki, euskaraz, edo euskara batez. Herrixka gutxi batzuk eta baserriren bat edo beste baizik ez dira ikusten udaberriko arratsalde honetan, salbuespenez eguzkitsua. Gogorra behar du han bizitzeak. Gero mendi-lerro bat dator. Errepideak gaina harrapatzen duenean, han ikusten dugu Eskoziako bandera bat eta Eskozian sartzen garela iragartzen duten gainerako ikurrak. Gehiegikeriarik gabe baina nabarmen.

Alegia, Eskoziako lurra era naturalean babestuta eta bereizita dago Ingalaterratik, bere mugaren hiru laurdenetan, edo gehiagotan. Eskoziako nazioak ez du oztoporik lurraldetasunari dagokionez.

Eskozia herrialde ezin ederragoa da. Han, grosso modo esanda, Euskal Herria baina ia lau aldiz handiagoa den lurraldean, ia populazio bikoitza bizi da. Glasgow da hiri nagusia, baina Edinburgo da hiriburua.

Bost hilabete baino gutxiago falta dira eskoziarrek euren independentziaz bozka dezaten. Uste izatekoa da giroa berotzen joango dela falta den denboran, baina 2014ko apirilean hango herri eta hirietatik ibiltzen denak nekez suma dezake erabaki historiko bat hartzeko atarian den herrialde batean dabilenik. Irlanda ez da Euskal Herria, Katalunia ez da Eskozia, Krimea ez da Kosovo… Aspertu arte erabili dute pernandokeria hau ilaje guztietako unionistek, leudekeen (dauden, egon ere) antzekotasunak ezabatu nahian. Funtsezkoena: norberaren estatusa erabakitzeko eskubidearen onarpena. Horixe da koxka. Horixe ezkutatu nahi digute X ez da Y esaten diguten bakoitzean. Katalunia ez da Eskozia, ez horixe; batez ere Ingalaterra ez delako Espainia, horra.

Pasiorik ez da sumatzen bazterrotan. Horacio, (izen asmatua) Stirling herriko italiar batean zerbitzari, nazionalitatez estatubatuarra da, baina ingelesduna ez ezik gaztelaniaduna ere bada, kolonbiarren semea delako, Chicagon jaioa izan arren. Aspaldi bizi da Eskozian. Zer izan daiteke nazionalitatearen kontzeptua Horaciorentzat? Gina, Italiar hartako bertako nagusia (izen asmatua, hau ere), italiarren eta eskoziarren alaba da. Bere hitzetan esateko, bera erdi eskoziarra eta erdi italiarra da; hau da, argitzen du, “seguruenik jada ez bata eta ez bestea”.

Zein izan daiteke Horacioren identitatea, identitate nazionala?, galdetzen diot nire buruari. Estatubatuarra, bertan jaioa delako? Kolonbiarra, bere gurasoak hala zirelako? Espainiarra, bere ama-hizkuntza hori delako? Eskoziarra, bizimodua aurrera ateratzeko aukera eman dion herria delako? Auskalo. Baina badirudi identitatea, naziotasuna, Horacio bezalakoek beren buruari eman ezin dioten luxu bat dela. Horacio bezalakoak esplotazio globalaren langileak dira, eta horixe da beren identitaterik benazkoena. Ezaugarri hauek biltzen ditu identitate horrek: exijentzia gutxikoa lan baldintzei dagokienez, mugikortasun erabatekoa eta hizkuntza-gaitasun handia. Esaten dute Erdi Aroan jopuak erregeari zor ziola fideltasuna, ez herrialdeari, ez nazioari. Hiritarra kontzeptua nazioen loraldien ondorioa izan omen zela, modernitatearen sorrerarekin batera. Itxurak itxura eta aldeak alde, badirudi postmodernitatetik Erdi Arora itzultzen ari garela lauhazkan: laster hipoteka-mailegua utzi digun bankua izango da gure aberri bakarra (dagoeneko hala ez bada; kamisetetan ipin genezake: “Nire bankua da nire aberi bakarra”).

Rouen ondoko walkiria eta Horacio zepo berean daude preso (baita neu ere, noski), baina zepo-jartzailea aski trebea izan da, gainera, biak elkarren aurka jartzeko, batzuek nazionalismoa deitzen duten zerbaiten izenean. Beste batzuok faxista, populista eta xenofobo jotzen dugun nazionalismo ultraeskuindar baten mozorroaren izenean, alegia. Nik ez daukadan analisi gaitasun bat beharko litzateke azaltzeko kapitalak nola joka dezakeen bi barara hauekin, ez ote dion kontraesanik sortzen, eta baiezkoan, nola gainditzen dituen. Bitartean, Lea Ben gora, Frantzian. Begira UKIP, lehena sondeoetan Britainia Handian, antza, begira Herbehereetako ultraeskuindarrak, aspalditik, eta abar.

Ausaz, hemen dago itxura batean independentziarako haustura-tentsiorik gabea dirudien Eskoziako kasuaren gakoetako bat. Unionisten kanpainaren “Better together” (Hobe elkarrekin) leloari buelta ematen hobekien asmatu duena Irvine Welsh idazlea (Edinburgo, 1958. Trainspotting, Acid House, Pornoa…) izan da: “Better together? Yes, certainly, but better independent and free together” (Hobe elkarrekin? Jakina, baina hobe independente eta aske elkarrekin). Welsh eta beste hainbat idazle (James Kelman, William McIlvanney, Alasdair Gray…) baiezkoaren alde daude, gehienak beren burua nazionalistatzat ez daukaten arren eta SNPtik distantzia hartzen duten arren: “Independentziaren alde egotea –dio Welshek–, hogeita hamar urteko neoliberalismoaren aurkako oposizioaren parte da, besterik ez”.

Nazionalista ez omen den independentismoa, alegia. Bai ote? Litekeena da? Honetara ekarrita, ez al da, funtsean, nomenklatura-arazoa? Horrek, hala ere, hainbat gauza ekarri dit gogora. Egigurenen azken garai hauetako deklarazioak, adibidez. Baina baita ere, Tariq Ali palestinarra orain gutxi egon zela Edinburgoko Unibertsitatean hitzaldi bat ematen, eta hitzaldi hartan esan zuela diferentziak zeuzkala SNPrekin, baina hala ere begi onez ikusten zuela Eskoziako independentzia. Argiako irakurleak gogoan edukiko du, ausaz, Euskal Herrian egon zen azken aldiz, denbora luzea ez dela, aldizkari honetako Gorka Bereziartuak Euskal Herriko independentziaz galdetuta, zera erantzun zuela: independentzia? Gero Munduko Bankua, FMI eta enparauek agintzen segitzen badute, independentzia zertarako? Zergatik ez du berdin ikusten Alik hangoa eta hemengoa? Bera palestinarren defendatzaile amorratua izanda, nazioarteko politikaren klabean ulertu beharko litzateke ikuspuntuaren ezberdintasuna? Bestela, benetan ikusten du hain ezberdin SNP eta, esaterako, EAJ?

Hemen mundu guztiak dio denek oso zuhur jokatu nahi dutela, eta auzia ez dela sentimendu kontua, edo ez hainbeste, pragmatismo kontua baizik. Idazleak eta artistak omen dira ausarten jokatzen ari direnak Bai bozkaren alde. Baina Tom (izen asmatua) berrogeita hamarrak pasatako gizon heldua, taxilaria Invernessen, ezetza bozkatzearen alde dago, uste duelako independentziak ekarriko lituzkeen arazoak gehiago eta handiagoak direla konponduko lituzkeenak baino. Badago halako sentimendu aski orokortu bat, guri behintzat hala iruditu zaigu, Tom bezala pentsatzen dutenena, esaten dutenena ongi daudela, Eskozia ongi dagoela, eta ez dutela independentziarik nahi. Mesfidantza sortzen die aukerak, are beldurra ere. Invernessen ere topatu dugu beste muturreko adibidea. Larunbata arratsaldez Gellions pubean festa bat antolatzen ari dira. Ate gainean Eskoziako bandera dago, irailaren 18ko erreferendumean independentziaren alde bozkatuko dutela dioen lema batekin. Barruan jendetza bero bat dago pintak edaten eta kantari, eresi abertzaleak antza, zokotik ari diren musikariek (soinu handia, bateria, gitarra, baxua eta ahotsak) akuilatuta. Gero gaita-jotzaileak etorri dira. Hor bai, hor euskalduna etxean bezala sentitzen da. Invernesseko bueltarekin segituz, St. Andrews katedralera iritsi gara, pubetik ez oso urruti. Han katedraleko abesbatza a capella ari da, mantak lakoak diren sotana laranja koloreko moduko batzuekin. Katedraleko albo bateko nabean Ingalaterrako bandera eskegita ikusten da, gurutze gorriak zatitzen duen laurdenetako batek, zuria behar zuenak, Union Jack-eko bandera duela.

Litekeena al da herrialde batek independentzia lortzea idazleen eta parrandazaleen oniritziarekin, baina abadeen eta taxilarien iritziaren aurka? Latitude honetatik begiratuta, oso problematikoa dirudi. Alabaina, hori ez omen da oztopo Eskozian, apaizei dagokienez gutxienez. Izan ere, hamar eskoziarretatik lauk ez omen du batere loturarik inongo elizarekin. Eta beste seietatik, lau Eskoziako Elizakoak omen dira (kristau presbiterianoak) eta beste bi katolikoak (proportzioak ez dira zehatzak, beste hainbat erlijiotakoak, oso gutxi diren arren, sartu beharko liratekeelako hor). Eskozian ez bide da errepikatzen, ezta ere, Irlanda bateko polarizazioa, katolikoen eta protestanteen artean, nork bere aukera identitario garbiekin; hori futbolean baino ez omen da garrantzizkoa, Celtics eta Rangersen arteko etsaigo ezagunarekin. Erlijioaren banalizazioa? Futbolaren sakralizazioa? Biak batera?

Futbolak kapitulu bat beharko luke, osorik. Benetako pasioz bizi dute Eskozian, britainiar uharteko zoko guztietan bezala. Garai heroikoago batean zerbait baziren, Liverpooleko Graeme Souness bikainaren garaian, edo Edinburgoko edozein parketako urtxintxa bat bezalakoa zen, hau da, zelaiaren edozein tokitan ustekabean agertzen zen Gordon Strachanen -txiki tamainaz baina handi jokoz- garaian. Garaiak garai, hor konpon: eskoziarrek selekzioa daukate, bai futbolean eta bai errugbian eta gainerako guztian ere, zergatik eta Ingalaterrak ez dielako sekula naziotasuna ukatu.

Lurraldetasun arazorik ez, naziotasunaren aitortzaren arazorik ez.

Invernessen ikusi dugu, baita ere, William Wallace heroiaren irudia goratzen duen kamisetarekin dabiltzan neska pare bat. Tony Blair eta Gordon Brown Britainia Handiko lehen ministro izandakoak eskoziarrak ziren, baina, zirikatu ditugu. Ez diote amuari kosk egin, eta informazioa nahi izango dugulakoan, Wallacen jarraitzaileen web-orriaren helbidea eman digute.

Batek espero lezake kanpaina baten zantzu gehiago ikustea bazterrotan, baina ez dugu kartel bakar bat ikusi, are gutxiago horma-irudirik edo pintaketarik ez Invernessen, ez Stirlingen, ez Edinburgon, ez Obanen, ez inon.

Inkestek diote ezetza nagusi dela, baina azken hilabeteotan baietza tartea jaten ari zaiola. Mundu guztiak dio Glasgow klabea dela, Edinburgo bera baino areago, Edinburgo aski handia izanik ere, Glasgowen inguruan biltzen baitira ia eskoziarren erdiak (bi milioi pasa lagun, gutxi gorabehera). Inkesten arabera, 2014. urtean zehar ezetzaren aldekoak %55-60 inguruan ibili dira, eta baietzaren aldekoak %30-35 inguruan, %10-15 inguruko zalantzatiekin. Apirilaren 26an, larunbatean, Scotsman egunkariak ICM izeneko enpresak egindako azken inkestaren berri eman zuen. Horren arabera, orain, ezetzaren aldekoak %43 izango lirateke, baietzaren aldekoak %40 eta erabaki ez dutenak, %17. Baiezkoaren aldekoek Norvegiari begiratzen diote erreferentziaren bila, Suedia, Finlandia eta Norvegia estatu eskandinaviar bakar eta baturik gabe, baina lasai asko eta ermandade ederrean bizi direla gogorarazten dute.

Eta hizkuntzak? Hizkuntzaren auziak ba al dauka garrantzirik Eskoziaren egoera berezian? Eskoziako gaelikoa koofiziala da, nahiz eta populazioaren %1ek baino ez jakin (60.000 lagun inguru), gehienak ipar mendebaldean, Skye Island eta Hebridetan (Kanadan dauden hiztunen nukleoak alde batera utziko ditugu). Eskoziar gehienek beren hizkuntza nazionaltzat jotzen omen dute, behiala ia Eskozia osoan zabalduta egon zelako, nahiz eta hizkuntza ez menderatu, eta bere eragina sentimentala eta erromantikoa da, nolabait esan, baina ez hainbeste praktikoa. Hizkuntzaren gaiak, ordea, ez ei dio sortzen inolako tripako minik. A ze pagotxa, Euskal Herria independente bat nahi duten erdaltzaleentzat. Eskoziako gaelikoarekin batera, Scots dago, hau da, eskoziera. Milioitik gora lagunek (1.200.000-1.500.000 artean, hau da, populazioaren % 20-30 artean) hitz egiten dute scotsa. Ez dauka inolako aitorpen ofizialik, dialektalizatuta dago eta ez dauka estandarrik ere. Hau honela izanda, ez dago hizkuntza-gatazkarik, edo inolako arrangurarik? Nola liteke? Kontua da eztabaida dagoela scotsaren estatus linguistikoaz, hau da, benetan hizkuntza den edo ingelesaren dialektoa baizik ez ote den. Konparazio baterako, Eskozia osoko biztanleen %65ek uste omen dute ez dela egiazko hizkuntza bat, ingelesaren dialekto bat baizik.

Lurraldetasun arazorik ez, naziotasunaren ezagutzaren arazorik ez, erlijio arazorik ez, hizkuntza borrokarik apenas. Ez, Eskozia ez da Euskal Herria.

Irailaren 18an Eskoziak bere independentziari buruz erabakiko du.

Inon ez dago beste baten berdina den herririk, berdinak diren bi pertsona inon ez diren bezala. Dauzkaten edo ez dauzkaten eskubideek berdintzen dituzte. Espainiak ez du nahi Euskal Herria, edo Katalunia, Eskoziaren berdinak izan daitezen, berdinak izan litezkeen modu eta gauza bakarrean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskoziaren independentzia
2023-06-12 | Leire Artola Arin
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministro ohia atxilotuta izan dute zazpi orduz

Kargurik gabe aske utzi du Poliziak, galdekatu ostean. Susmagarri gisa atxilotu dute, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren finantzaketaren inguruan irekita jarraitzen duen ikerketa baten harira. Bigarren erreferenduma egiteko dohaintzan jasotako diruari lotuta dago kasua.


2022-11-23 | ARGIA
Londresen baimenik gabe, erreferendum legalik ez
Eskoziari erabakitzeko eskubidea ukatu diote Erresuma Batuko Auzitegiek

Bi hilabeteren buruan eman du ebazpena Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak: Eskoziako parlamentuak ez du independentziari buruzko galdeketaren inguruko legeak egiteko eskumenik, ezinbestekoa da horretarako Westminsterreko parlamentuaren onespena.


2022-10-11 | Leire Artola Arin
2023an independentzia erreferenduma egiteko asmoa berretsi du Eskoziako lehen ministroak

Britainiako Auzitegi Gorenak orain erabaki behar du legezkoa den ala ez Erresuma Batuko Gobernuaren onespenik gabe 2023ko urriaren 19an erreferenduma egitea. Sturgeonek ziurtatu du baimenik eman ezean hauteskundeak baliatuko dituztela independentzia galdeketa gisa.


Olatu berria Eskoziatik?

Denbora azkar pasatzen da, are gehiago pandemiaren eraginez bi urte hain geldo eta arraro bizi ostean. Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak, ekain amaieran, iragarri zuen 2023ko urrian herrialdearen independentziari buruzko kontsulta berria egiteko asmoa duela, eta horrek... [+]


2022-07-06 | ARGIA
Eskoziako bigarren independentzia erreferendumari ezezkoa eman dio Boris Johnsonek

Independentziari buruzko bigarren erreferenduma 2023ko urriaren 19an egitea proposatu zuen Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak joan den astean. Ezezkoa erantzun dio Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak


Eguneraketa berriak daude