ARGIA.eus

2020ko ekainaren 06a

Ildo berean

  • Iñaki Irasizabal :: Odolaren deia

    Elkar, 2014

Saioa Ruiz Gonzalez
2014ko maiatzaren 25a
Odolaren deia, I├▒aki Irasizabalen nobela.

Aspaldi elkar ikusi gabeko bi anaien harremanari buruzko istorioarekin itzuli da Iñaki Irasizabal. Igelak benetan hiltzen dira (2011) eta Bizkartzainaren lehentasunak (2013) irakurri ondoren, esan daiteke, Odolaren deia (Elkar, 2014) izendatu duen azken eleberriak idazlearen tematika eta kontaketa estilo berdintsuari heltzen diola. Honetan ere, gizartearen analisi-deskripzio bati ekiteaz gainera zirkulu familiarrean gertatzen den tragedia aurkituko dugu.

Bi anaiek gazte garaitik ez dute elkarren berririk izan eta bakoitzak bere bizitza ahal bezala bideratu du. Gorkak asteburuetan pub bateko zerbitzari lanetan arituz egiten du aurrera. Ez du familia eredugarri esaten den gisako ezer eraikitzea lortu, baina, Nadia eta Gica, ama-seme errumaniarrekin partekatzen du bere mundu pertsonala. Gorkak aspaldi galdu zuen bere familiarekiko kontaktua iraganeko hainbat gertakari gogorrek bultzaturik. Eta hala izan dadin nahiago duen arren, odola, odola da, eta beti izango gara sendi bateko partaide. Aldiz, eleberri osoan barrena anonimoki aurkezten den Gorkaren anaia enpresari txikia da. Bera ere ezkondugabea, baina aspaldiko bikotearekin seme-alaba banaren aita.

Familia ez estereotipatuen irudia bilatu du idazleak, errealistagotzat jotzen baitu gaur egun ikusten dugun aniztasuna islatzea, eta testuinguru horretan bi anaien arteko erlazioa txertatu du. Narrazioaren tentsioa in crescendo joango da hastapenetik planteatzen diren zenbait enigma argituz doazen neurrian: Zerk eragin zuen Gorka familiatik aldentzera? Zenbateraino gara gai familiaren alde emateko? Zein punturaino pentsa genezake familiak, gure odolaren odolak, traizionatu gaitzakeela?

Urte askoren ondoren ustekabean harrapatuko du Gorka, bere anaiak aitaren heriotzaren berri emateko deitzen duenean. Anaiaren dei fatalak iraganeko mamuen kutxa zabalduko du eta polik-poliki, bere identitate ordura arte anonimoa agerian geratuko da. Aldi berean Gorka, odolaren senari jarraituz, ezin pentsatuzko gertaeretan sartua ikusiko da: pederastia, txantaiak, sexu-abusuak, eta abar. Irasizabalen eleberrietan ohikoak diren gaiak, alegia.

Odolaren deia anaien arteko erlazioan gorpuzten den eleberria da. Pertsonaien natura, familia bereko partaide izatean definitzen da, eta horrek ematen die ekintzei esanahi eta pisu berezia. Hortaz gainera, ez diot eleberri honi deus originalik aurkitu, eta idazlearen ibilbide linealaren erakusle iruditu zait. Hortaz, jada ezagutzen dutenek ez dute ezer berririk aurkituko, eta ezezaguna zaionarentzat ez dezala momentu entretenigarri bat pasatzea baino espero.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Liburuak

Liburuak kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2014ko maiatzaren 25a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude