"Ez dugu injustua den lege bat zertan bete"

  • Grabagailua martxan jartzerako, ari zen hizketan...

Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

...
Tontakeria itzela da krisia atzean uztear gaudela pentsatzea. Kapitalismoa existitzen deno ez gara tuneletik aterako. Are gehiago, zientzia-fikzioa egin eta tunela zeharkatzen dugula suposatuta ere, atzetik letorkeena askoz okerragoa litzateke. Neurrigabeko hazkunde sarraskitzailean murgilduko ginateke, ezberdintasun sozial zein ekonomikoek bakoitza bere lubakira kondenatuko lukete... Zergatik uste duzu sinonimo bihurtu direla “garaiei egokitzea” eta eskubide sozialak pikutara botatzea? Ez daukate arrazoirik, arrazoirik ez daukatenez jendeak protestatzen du, eta protestei aurre egiteko atzeman duten modu bakarra askatasuna eta eskubideak zanpatzea da. “Arrazoiaren indarrik ez daukagunez, to indarraren arrazoia!”. Eskubideen murrizketa, errepresio poliziala, zentzurik gabeko epaiketak, neurririk gabeko zigorrak... Arrazoi falta da sistema guztia martxan jartzen duena.

Austeritatea predikatzen du sistemak.

Amerikako Estatu Batuetako eredurantz goaz: %1a urre gorritan eta gainontzeko %99a izorratuta. Horixe da kapitalismo basatia, gupidarik gabeko indibidualismoa... Oraintsu arte ongizate estatua zena ongi-esate estatua besterik ez da egun. Baina gosea dagoenean ezdeusa da ongi esatea, soluzioak behar dira. Alta, gure agintari gorenek gose aurpegia jartzen dute eta beste erremediorik ez dagoelakoan gerrikoa estutzeko errepikatzen. Ba ez, irtenbideak badaude, ongizate estatua ez da utopia, baliabide pertinenteak eskaini behar zaizkion aukera erreala da. Iruzur fiskala murriztuz, gastu militarra deuseztatuz, eta bankuen erreskateak erabat bertan behera utziz, badakizu zenbat milioi bideratu genitzakeen ongizate estatuak ezinbesteko dituen zerbitzu eta oinarrizko eskubideak bermatzera? Nahikoa eta sobera.

Lehentasunetan dago arazoa, beraz?

Ikusi besterik ez dago errentaren banaketa nola egiten den. Kapitalak gero eta diru gehiago dauka eta lana gero eta gutxiago ordaintzen da. Horregatik, aitzina egiteko, aldi berean daukaguna desegitera eta nahi duguna eraikitzera kondenatuta gaude. Gero eta indartsuagoak eta zentralizatuagoak diren botere fluxuak oztopatu behar ditugu, euren praktikak ipurdi-bistan laga, arazoen iturburua direla salatu. Era berean, ekonomia berri bat ehundu behar dugu, arloz arlokako alternatibak marko orokor batean konektatu, eta marko orokor horri ikusgarritasuna eman. Nork ez du laborantza ekologikoa, komertzio justua edo banku etikoaren berri? Alternatiba horiek sortuko dute egoera eta sistema ekonomiko berria. Ez dago besterik. Kapitalismoak indarrean diraueno, drogak hegoaldean ekoitziko dira eta iparraldean kontsumitu, eta armak iparraldean ekoitziko dira eta hegoaldean kontsumitu. Zergatik uste duzu dauzkagula pertsonak ekonomiaren zerbitzura eta ez ekonomia pertsonen menera? Kapitalismoak pertsonaren kontrola duelako helburu.

Kapitalismoak badaki pertsona merkatuaren zepoan harrapatzen duenean kontrola errazagoa dela, sistema betikotzeko aukerak indartzen direla... Aipatutako alternatibetan pertsonak dauka boterea, pertsonekin ezer ez da betiko, eta betiko ez dena kontrolagaitzagoa da.

Oso kontrolatuta gaudelako ez daude kaleak sutan?

Batetik, komunikabide nagusiek ez dute euren lana egiten. Agintarien iruzur eta jukutriak ikertu eta sistemaren trapu-zaharrak etengabe argitara eman beharrean audientzia hipnotizatzen dute Sálvame eta futbolarekin. Egiaren erdia estali eta beste erdia lau egunen buruan baztertu eta ahanzten bada, nekez alda liteke ezer. Horregatik, medio handien egiteko nagusia jendea engainatzea da, eta engainatu ezin dutenean entretenitzea. Pixkanaka demokrazia formalaren aldeko espazio gero eta zabalagoa sortzen dute, eta horrela ezinezkoa da hauteskundeak betikoek ez irabaztea. Bestetik, ezkutuko ekonomiak indar handia du, Espainiako Estatuan sortzen den aberastasunaren %25a da. Horri esker, prekariotzat jotzen dugun jende taldearen zati handi bat ez da hain prekarioa, bizirauteko beste ateratzen duelako.

Gainera, jendarte latinoetan oso hedatuta dago familia barruko elkartasuna, eta horrek are gehiago murrizten du dena galduta dutenen multzoa. Azkenik, jendeak beldur izugarria du, hezurretarainokoa, orain dela 40 urte baino anitzez handiagoa. Orduan jendeak egurra jaso zezakeen, zigortua izan, baina ez zuen beldurrik. Urteekin beldurra itsatsi digute erraietan, eta ez dago beldurra bezalako anestesianterik, dena paralizatzen du. Hala, dena galduta daukanak ez du beldurrik ukan ohi, baina ia dena galdu arren oraindik zerbait daukana baino beldurtiagorik ez dago.

Nola galdu beldurra?

Lehenik eta behin, gertatzen ari denaren inguruko informazio zehatz eta zuzena erdietsiz. Sekulako porrua sartzen ari zaizkizula konturatzean asaldatu egiten zara, baina zer gertatzen ari den ez dakizunean ez zara ez pozten, ez mintzen, ez ezer. Bigarrenik, beldurra galtzeko oinarrizkoa da jendea elkartzea. Aldarrikapen baten inguruan biltzeak beldurgabetzen du jendea, multzoan bihurtzen da indartsu norbanakoa, eta asko izateak zigor sistema guztia jartzen du kolokan. Zergatik uste duzu kapitalismoak indibidualismoa sartu nahi digula zainetan? Zergatik uste duzu ari dela betiko baloreak etengabe kolpatu eta pitzatzen? Zergatik esaten zaio lehen egunetik ekonomia edo enpresaritza ikasle bati enpresaren helburu gorena etekin ekonomikoekin aberastea dela eta estatuak ekonomiari hazten laguntzea duela misio bakar? Nork dio zoriontasuna metatze materialetik eta ongizatea jabetzatik datorrela? Sekulako astakeriak dira, baina etengabe sartzen dizkigute kaskoan, eta balore sendoetan oinarritu beharrean arrakalaz josita abiatzen bazara, lehen ekaitzean hondora zoaz.

Ez hondoratzeko, mugimendu sozialek pisu politikoa lortu behar dute?

Sistemak desastre handi bat hitzeman digu, eta ezer egiten ez duguno, are sarraski odoltsuagoak hitzematen segituko du. Zein den alternatibaren egitura? Oraingoekiko arras ezberdina izanik ere, ez dut uste egoera honi alderdi politiko berri batekin erantzun dakiokeenik. Gainera, zerk bermatzen digu aldaketaren ardura lukeen balizko alderdi hori ez litzatekeela egungo ohiko alderdien bizioetan eroriko? Niretzat indar sozial, ekonomiko, eta kulturalak artikulatzean datza gakoa. Are gehiago, ez dut uste lan eremua esparru nazionala denik. Auzoz auzo, herriz herri eta bailaraz bailara eraman beharreko lana da. Ni kohesio eta artikulazio horren alde lan egiteko xedez konprometitu naiz Kataluniako prozesuarekin.

Pil-pilean dago auzia.

PPk arazo bat dauka Kataluniarekin, eta ez askotan esaten den bezala, Kataluniak PPrekin. Katalunian independentista asko daude, eta gauzak diren bezala, debeku eta gorrotoz beteriko mespretxuzko adierazpenekin PPk sekulako mesedea egiten dio independentismo kataluniarrari. Hala, betiko independentistak independentista berriekin metatzen dira eta irailaren 11ro kaleek gainez egiten dute. Krisi ekonomikoak pisu handia izan du independentismo horren eztandan. Niretzat, ordea, Kataluniak independentzia behar du herri bat delako, hizkuntza bat duelako, historia bat, idiosinkrasia bat, ez independentziak egoera ekonomiko hobea ekar dezakeelako.

Independentzia berezko eskubidea da, gero goseak hilko bagara ere! Horregatik, azaroaren 9ko galdeketa ez dutela ofizialki baimentzen? Oso ongi, jendetza ikaragarri batek emango du bere iritzia demokraziaren oinarrizko eskubide bat nekez isildu daitekeela ohartzen diren arte. Ikusteke dago alderdi guztiek pragmatismoaren langa adostutako mailan mantentzen duten ala bidean sortu daitezkeen tentazio ezberdinek independentzia haize hori nahasten duten.

Ikusten duzu zure burua politikan?

Politikan bai, alderdi baten baitan edo kargu publiko bezala ez. Prozesu honekin bururaino konprometituta nago, baina katalizatzaile bat naiz, mugimendu ezberdinen arteko zubi-lana ahalbidetzea dut xede. Egun batean, indar ezberdin horien arteko hauteskunde zerrenda bat osatu beharko balitz buru-belarri lagunduko nuke baina ez nintzateke aurkeztuko. 1966an poliziak fitxatu ninduenetik nabil saltsa politikoetan. Niretzat ekonomia baino politikoagorik ez dago. Jendeak, erdi serio erdi broman, maiz egotzi dit beti politikan ibili eta sekula politikaren gudu-zelaira ez jaitsi izana. Egia da. Ez naiz sekula alderdi batekoa izan, ez dut inongo alderditan militatu. Horregatik erabaki dut nire azken urteak gudu-zelaian ematea, hango eta hemengo indarrak harilkatu eta aldaketa politikoa iruten.

Ez al dauzkagu merezi ditugun agintari politikoak?

Ez dut uste ez merezi ditugunik ez merezi gaituztenik. Aski argi eta iaioak dira, ordea, iritzi publikoari gauzak ongi edo ahal bezain ongi egiten ari direla sinetsarazteko. Etengabeko manipulazio informatiboari esker jendearen gogoeta gaitasuna murrizten dute, eta horrela oso erraza da jendearen onarpena jasotzea. Horregatik, independentzia aldarrikatzea, informazioa, iritzi publikoaren heziketa eta hausnarketa aldarrikatzea ere izan behar luke. Bestela, Bárcenas kartzelan dagoenez, sistemak ongi funtzionatzen duela sinetsita lasai egiten duzu lo. Baina noiz sartuko dute Barne ministroa kartzelan Ceutan egiten ari den krimenengatik? Noiz epaituko dute Aznar Irakeko gerrarengatik? Rajoyk zenbat delitu sozial gehiago egin behar ditu akusatuen aulkian esertzeko?

Galderak airean nola, Justicia i Pau-ren lehendakaritza utzi berri duzu.

30 urtetik gora pasa ditut Justicia i Paun gorputz eta arima bakea eta giza-eskubideak hedatzen eta sustatzen. Ezin izan dugu nahi genuen guztia lortu baina uste dut lan handia egin dugula iritzi publikoa sentsibilizatu eta informatzen. Gure kasa zein gainontzeko mugimenduekin elkarlanean, politikan eragitea lortu dugu. Pozik noa, kooperazioan, etxegabetzeen arloan, edo NATOren aurkako borrokan egindakoaz harro. Orain aldarrikapen zentzuzko bezain sustraituak iruditzen zaizkigu asko eta asko, baina ez dut ahanzten hastapenetan zenbat ginen pankartaren gibelean. Ez pentsa banku etikoa edo gobernuz kanpoko erakundeak bezalako kontzeptuak normaltasun osoz erabili direnik beti. Pauso txikiak dira, baina garrantzitsuak.

Hurrengo pauso txiki eta garrantzitsuak desobedientziaren bidetik etor daitezke?

Ez dago filologoa izan beharrik “krisis” grezieraz aukera dela jakiteko. Garai lauso eta nahasi hauek probestu behar dira jendeari ezer ez dela samurra erakutsi eta orain arte bezala segitzea gure buruaz beste egitea dela argi uzteko. Horretarako, auzolana, elkartasuna eta desobedientzia behar ditugu, baina jakina, desobedientziak zailtasun eta arriskuen jabe izan eta beldurra galtzea esan nahi du. Ez dugu injustua den lege bat zertan bete, zilegitasuna legearen gainetik dago. Hasierara itzuliz, indarraren arrazoia da legalitatea, arrazoiaren indarra zilegitasuna.

Arrazoiaren indarra pertsonaren hazkundean datza?

Eta pertsonaren hazkundea ekonomiaren desazkundeari hertsiki lotuta dago. Ez bagara desazkunde materialaren bidean jartzen gure bilobek kontuak eskatuko dizkigute. Astakeria bat, ergelkeria hutsa da zoriontasuna bermatzeko ekonomiak neurrigabe hazten segi behar duela pentsatzea. Mentalitate eta jarrera aldaketak behar ditugu. Edukitzearekin itsutu beharrean, itsutu gaitezen izatearekin. Izatearekin itsutzen denak berezkoagoak ditu auzolana eta elkartasuna, gogoeta gaitasun handiagoa du, sistemak arazotzat aurkezten dizkionak huskeriak iruditzen zaizkio, ez dauka hainbesteko beldurrik, eta burujabe izateko bidean desobeditzeko prest dago. Bistan da hori dela alternatibaren oinarria.

Nortasun agiria

Arcadi Oliveres. Bartzelonan sortua 1945ean. Ekonomialari, unibertsitateko irakasle, liburu anitzen egile (esaterako, Ya Basta, En qué mundo vivimos, detengamos la crisis), eta urtetan Justicia i Pau-ko lehendakari zein aktibista ezagun honek, 2013an plataforma herrikoi bat sortu zuen Teresa Forcadesekin batera Kataluniaren independentzia sustatzeko asmoz. Une honetan bere bizitza eta borrokaren inguruko dokumentala grabatzen ari dira.

Azken hitza
Iruzur fiskala

“Espainian, lagun batekin kafea hartzen ari zarela ongi geratu nahi baduzu aski duzu ogasuna engainatzen duzula esatea. Suedia edo Norvegian gauza bera esan eta salatu egingo zaituzte. Ez dakit pikareskaren kultura edo kulturaren pikareska den, baina boteretsuenek ere iruzur egiten dutela jakitean ez da inor harritzen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia krisia
Bilboko Etxaniz Suhiltzailearen anbulatorioko sexu-transmisiozko infekzioen zentroa “gainezka” dagoela salatu dute

Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.


Valentziako presidentearen aurkako salaketa jarri dute, eta haren dimisioa eskatu

Valentziako Generalitateko presidentearen aurka salaketa jarri du CGT sindikatuak, heriotzak saihesteko neurriak hartu ez izana leporatuta. Hogei bat eragile sozial eta sindikalek berriz, haren dimisioa eskatzeko manifestazioa antolatu dute hiriburuan, datorren larunbaterako.


2024-11-05 | ARGIA
Berriz ere medikurik gabe egon dira Amurrioko larrialdietan

Amurrioko anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunean ez zen medikurik egon joan den igandean, Aiaraldeak informatu duenez. Hain justu, hainbat bizilagunek sinadura bilketa abiatu dute eskualdean: “Erabat normalizatu da Laudioko zein Amurrioko Etengabeko Arreta Guneetan mediku... [+]


Banketea

Iberdrolak 5.472 milioi euroko etekinak izan ditu aurten irailera arte, eta bere aurreikuspenen arabera 2024an errekor berria jarriko du irabazietan: iaz baino %14 gehiago. Repsolek uztailerako 1.626 milioi euro zeuzkan poltsikoan, eta 2023an irabazitako 3.168 milioiak aurten... [+]


Hobari fiskalak gazteei: ‘On falling' filmaren eragina?

Gazteei PFEZa murriztea edota zenbait kasutan deuseztatzea proposatu du Portugalgo Gobernuak, baina momentuz hizpidea baino ez du ipini, ez baitago argi aurrekontuak onartu ahalko dituen, gobernua osatzen duten alderdiek ez baitute-eta gehiengo parlamentariorik. Espainiako... [+]


Oinarrizko elikagaien BEZa igo egin da Hego Euskal Herrian

2023ko urtarriletik indarrean da oinarrizko elikagaiei –duela hiru hilabetetik, oliba olioa talde horretan dago– BEZik ez aplikatzeko neurria.


Europak 15.000 milioi euroko isuna jarri die Apple eta Google multinazionalei

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Apple eta Irlanda kasua ebatzi, eta Googleren aurkako zigorra berretsi du, nagusitasunezko posizioaz abusatzeagatik.


Hiru medikuetatik bi falta dira Elizondoko osasun etxean

Aparteko ordu boluntarioekin betetzen ari dira medikurik gabeko zerbitzuak Elizondon. Xabi Zarandona medikuak salatu du ezinezkoa dela gaixoen jarraikortasuna bermatzea.


2024-06-19 | ARGIA
Mediku eta pediatrak falta dituzte Bortziri eta Baztanen ere

Kalera atera dira salatzeko Bortziri eta Baztanen mediku eta pediatren falta, itxaron zerrenda amaigabeak eta hitzorduen atzeratzea jasaten ari direla, besteak beste. “Landa eremuan bizi garenok ere merezi dugu behar dugun bezala artatuak izatea”.


Etxebizitza merkantzia bihurtuta, ultraeskuinari atea ireki dio Europak

Etxebizitzen eta alokairuen prezioek mugarik gabe jarraitzen dute gorantz eta milioika lagun egoera oso prekarioan utzi ditu horrek: gazteek ezin dute emantzipatu, herritar asko euren auzotik ostikoka bota dituzte, eta beste askorentzat infraetxeak partekatzea da irtenbide... [+]


Interes tasen beherakadak, nola eragingo dio etxebizitza krisiari?

Europako Banku Zentralak interes tasak jaitsiko ditu ostegun honetan, bi urtetako etengabeko gorakadaren ondoren. Diruaren garestitze edo merkatzeak zuzeneko eragina du Euriborrean eta herritarrek ordaindu behar duten hipoteketan. Baina nola nabarituko da aldaketa hori?


Austeritatearen itzulera
Arau fiskal berriei baietza eman diete Bruselan eta murrizketa sozialei atea ireki

Europar Batasuna pandemia aurreko zerga arau zorrotzetara bueltatzeko bidean da, Europako Parlamentuak estatu kideek duten defizita eta zorpetzea mugatzeko neurri fiskal berriak onartu ostean. Ecofinek 2023 urte amaieran erabakitakoari jarraiki, austeritate eta murrizketa... [+]


Europako Banku Zentralak “erreforma estrukturalak” iragarri ditu, defentsarako gastuei aurre egiteko

Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".


Analisia
Erreforma fiskala, oraingoz ezta ere

Atera berri dituzte zerga bilketaren datuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru ogasunek, eta ikusi dugu inoiz baino diru gehiago jaso dutela. Berehala iragarri dute erreforma fiskalari buruzko gogoetarako beharrezko tartea hartuko dutela, ez dagoelako presarik, ezta premia... [+]


2024ko europa neoliberalak, Schäubleren politika austerizida du ipar

Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroen Ecofin kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ekarri dizkigu opari urte berriarekin. Pandemia ondorengo norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Eguneraketa berriak daude