Bertsoaren haria Hernanin liburua aurkeztuko da apirilaren 27an. Honen antzera, herri edo lekuan lekuko bertsolaritza bildu duten liburuak erakutsi nahi dizkizu artikulu honek eta zure herrian bat osatzeko irrika piztu.
Herrian ezagutzen den lehen bertso printzatik egungorainoko errepasoa egin dute hainbat liburuk. Txabolategi bertsolariaren biografiarekin eta Villabonako plazan milaka lagunen aurrean egin zuen desafio historikoarekin hasten da Bertsoaren haria Hernanin liburua eta kasualitatez Txabolategiren ondorengoa den Eli Pagola bertsolari gaztearen biografiarekin eta 2013ko Txapelketa Nagusiaren laburpenarekin bukatzen. Orio: ehun ute kantuan liburuak ere ahalik eta garai zabalena bildu zuen. Halakoetan, Antonio Zavalaren Auspoa saila izaten da iraganaren iturri nagusia, Orioko liburuaren egileetako bat den Iñaki Iturainek azaldu duenez: “Auspoa saileko hiruzpalau liburutan agertzen zen Donostiatik Oriora bitarteko mendi horretan zegoen ‘bertso aberastasun ikaragarria’, [horiek Antonio Zavalaren hitzak]. Bera ibili zen Orion eta hainbat lekukoren bidez bertsolari haiek denak jaso zituen eta Balearen bertsoak ere bai: publiko zabalarentzat Auspoak atera zituen lehenengoz. Guk egin genuena izan zen hura ekarri, egokitu eta geroztikako bertsolariekin osatu: Manuel Lasarte, Patxi Etxeberria, Sarasua anaiak, Xabier Sukia, Ibai Esoain, Iñaki Gurrutxaga... bertsolari bakoitzaren biografia labur bat eta bertso sorta bana ekarri genuen”. Zeruko Argia eta ARGIAko artxiboetatik ere asko jantzi da Hernaniko liburua, nola bertso, argazki eta kroniketan.
Herrietako bertsolaritzaz ateratako gainerako liburuek, berriz, garai jakin bateko mugimenduaren berri ematen dute. Adibiderako, Zumaia: 20 urte kantari liburuak bertso eskolaren sorrera biltzen duela kontatu digu bere egile Joan Dorronsorok: “Zumaiako esperientzia azaltzea zen nire helburua, Euskal Herriko mugimenduan txertatuta: Euskal Herri osoan eman zen bertso eskolen sorrera eta Amurizak ekarritako berrikuntzarekin, eta ikastolen sorrerarekin ere oso lotua zegoen”. Hernaniko liburuan ere bete-betean agertzen dira Euskal Herriko bertsolaritzaren testigantzak, garaian garaiko puntako bertsolarien aleak, Txapelketak, baita Bertsozale Elkartearen sorrera eta bilakaeraren berri ere. Iturainek historia tokian tokian osatzen dela argi du: “Historia orokorra ondoen lantzeko modua bakoitzak bere herrikoa egitea dela uste dut. Horren baturak ematen du historia osatua”.
Historia bat idaztea baino, ahozko istorioak jostea izan dut helburu Bertsoaren haria Hernanin liburuan. Horretarako herriko bertso mugimenduko kide izan diren 35 pertsona elkarrizketatu zituzten lehenik Unai Agirre eta Jexux Mari Irazuk (“Hernani bertsotan” DVDn daude bilduak eta liburuarekin batera banatuko dira) eta geroztik libururako berariaz beste 15 elkarrizketatu ditu egileak. Bakoitzak bere esperientziatik, berak ezagutu duenetik hitz egin du eta horien baturak kontakizun anitz bat, batzuetan kontraste handikoa izan du emaitza. Momentu bera oso modu desberdinetan bizi izan zutela agerian geratuz.
Historiako hainbat lekukotasunez gain, mila gai aurkituko ditu irakurleak zeharka herrietako bertso liburuetan. Dorronsorok herri kulturaren ezaugarria hori dela azaldu du: “Kultura da muina herri baten bizitzan. Eta kulturaren baitan muin-muina da ahozko literatura, bertsoa, txistea... eguneroko bizimodu arruntarekin oso lotuak dira. Hor mila adar eta habe dabiltza trabeska: politikoak, sozialak, ekonomikoak... denak”.
Beste herriei bertako bertsolaritzaren berri biltzea gomendatzen diete Zumaiako eta Orioko liburuak idatzi dituztenek. Dorronsororen iritziz balio du mugimenduari arnasa emateko: “haize ematea, hauspoa ematea eta su horri eragitea oso garrantzitsua da. Herri bakoitzean bertsolaritza airetu, jaso eta argitara eman behar da”. Iturainek gogoan du nola hartu zuen Orioko herriak liburua: “Herriko bertsozaleentzat opari handi bat izan zen, informazio asko biltzen zuelako. Batzuentzat emozio iturri handia ere bai, garai bateko pertsona batzuk berreskuratu zituelako”. Herriko ikastetxeetan bertako curriculuma, bertako bertsolaritza lantzeko iturri ere badira liburu hauek. Eta Auspoan lehendik bilduta zegoen altxorra gizarteratzeko ere bai: “Herrikotxia, Txanka, Itxaspe, Seikola... bertsolari haien denen berri irakurtzea, haiek kantatutako bertsoak... eguneroko gizartean bizi-bizi zegoen bertso mundu hura deskubritu nuen Auspoako liburu haien bidez. Benetan zirrara eragin zidan. Oriotar gehienek sekula ez dute Auspoako liburu bat irakurri eta gure liburuak ekarri die altxor hori”. Auspoa, Zeruko Argia eta gainerako iturrietako altxorra gizarteratzea, ahozko lekukotasunak idatziz biltzea eta tartean tartean urre pepita diren aurkikuntzekin topo egitea suertatzen da. Bila dabilenak arriskua...
“1901eko urtean harrapatutako balea hari jarritako beste sorta bat ere bazela jakin nuen Auspoako liburu batean, kalitatez kaskarragoa. Sorta hori ere ekarri genuen liburura. Orioko balearen bertso ezagunetara etorrita, badirudi doinua propio sortu zutela bertso sail hartarako eta ahoz aho jaso dugula gaur arte. Oriotik Euskal Herri osora zabaldu zen eta askoz geroago Benito Lertxundik egin zuen famatu”.
Hernaniko liburuaren ekarpen handienetakoa plazan kantatzen zuen Zubeldia bertsolaria deskubritzea izan da. Bere bertsoak ezagunak ziren, baina pertsonari buruz hizki bakar bat idatzi gabea zegoen inoiz. Ondorengoen bila hasi... eta Antza inprimategiko lankidea! (Liburuaren azala diseinatu duen Arantzazu Ruiz). Bere familiak emandako testigantzei esker jakin dugu bertso ibileren berri (Bidea urratu duten bertsoak liburuxkan duzu laburturik). Ezerk merezi badu, Auspoatik kanpo geratu ziren haien berri lehenbailehen biltzeak du. Bertsolari haiek ezagutu zituztenak behar bada egunero gurutzatzen ditugu.
Bilobek gordetzen dute Zubeldiak bertsoak, olerkiak eta gainerakoak idazteko erabiltzen zuen mahaia. Bertsoaren haria Hernanin liburua dago orain mahai haren gainean.
Ekainaren 12an, 64 urte zituela hil zen Tomasita Quiala Kubako izar handia. Azkeneko aldiz, 2018an etorri zen Tomasita Quiala repentista Euskal Herrira, Bertsozale Elkarteak antolatutako inprobisazioaren nazioarteko topaketa batzuen bidez. Dena hartzen zuen gogoan eta denari... [+]
“Urrats kuantitatibo eta kualitatiboa” eman du antolakuntzak, finala lekuz aldatuko du, inoizko finalik “handiena” egiteko. Zortzi saiok osatuko dute txapelketa. Sarrerak udazkenean jarriko dituzte salgai.
Lau urtero hiru txapelketa jokatzen ari da Oihana Bartra Arenas azken hogei urteetan. Bertsolaritza lehia baino gehiago dela jakitun da, baina lehia uzteak ekar lezakeen amildegiak beldurra ematen dio.
Bertsozalea zen, eta hamarkada luzeetan aritu da bertsoaren plazako zereginetan: epaile eta gai-jartzaile lanetan, saio antolaketetan eta Bertsularien Lagunak elkartearen betebeharretan ere bai. Euskaltzain urgazle izendatua izan zen 1967an, eta ohorezko 2014an.
Señora Sariketaren V. edizioa izan da 2025ekoa, benetan berezia: aurtengo bertsolari parte-hartzaileak plazak utziak zituzten andre eta genero disidenteak izan dira. Binaka egin dute plazara itzulera, saioetarako giro goxo eta xamurra lagun.
Hamahiru urtean lehen aldiz, finalaren kokagunea aldatu du txapelketak, arrazoi koiunturalak medio: Bilbao Arenatik Casillara. Azken bi txapelketetako txapeldunak, Nerea Ibarzabalek, ez du parte hartuko aurtengo edizioan.
Iruñean eginen da lehen saioa, maiatzaren 23an, eta Jauntsaratsen bigarrena, maiatzaren 30ean. 12 bertsolarik hartuko dute parte, aurreko txapelketan aritu ez zirenak. Horietatik, sei sailkatuko dira urrian hasiko den txapelketara.
Hamabi bertsoko sorta dotorea jarri du pilotariak, galtzeari eta irabazteari buruz. Inspirazioa 2024an Larrun aldizkarirako egindako mahai-inguruak piztu zion, Jokin Altunarekin gai horri buruz aritu baitzen gogoetan. Bertso sorta musikatuta entzun daiteke Bertso Ikasgela... [+]
Martxoak 14an Itsasuko (Lapurdi) Goxoki Gaztetxean hasitako sei saioko ibilbideak maiatzaren 3an izan du finala Gernikako gaztetxe okupatu berrrian. Egurre Gazte asanbladaren laguntzaz egun osoko egitaraua izan zen larunbatean. Finaleko bigarren fasera, Maddi Aiestaran eta... [+]
Irurtzunen jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 39. edizioa. Sei bertsolari gaztek hartu dute parte txapelketan, eta horietatik, Arantzako Kattin Madariagak jantzi du txapela. Txapeldunorde, berriz, Kattalin Lizarraga izan da. Biak izanen dira Nafarroako ordezkari... [+]
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte betetzen ditu aurten. Ospatzeko antolatu dituen ekitaldien artean dago apirilaren 12an Zumarragan egingo den bertso saio berezia. Pilotari bat arituko da gai-jartzen, eta pilotarekin harremana duten Gipuzkoako lau bertsolari kantuan... [+]
Maiatzaren 8an hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea. Zortzi saio bikoitz jokatuko dira maiatzeko eguenetan. Sarrerak eskuragai daude bertsosarrerak.eus atarian.