Gure Esku dago

Kendu giltzarrapoa erabakitzeko eskubideari

  • Giza kate erraldoi batez aldarrikatuko du Gure Esku Dago ekimenak erabakitzeko eskubidea demokraziaren oinarrizko printzipioa dela, nola Eskozian, edo Katalunian eta Euskal Herrian. Ekainaren 8an izango da, Durango eta Iruñea artean.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza
2014ko apirilaren 13a
Martxoaren 29an termometroa jarri zioten herri ekimenari: 1.200 lagunek osatutako giza kate batek Bilboko Arte Ederren Museoa eta La Casilla kiroldegia batu zituen.
Martxoaren 29an termometroa jarri zioten herri ekimenari: 1.200 lagunek osatutako giza kate batek Bilboko Arte Ederren Museoa eta La Casilla kiroldegia batu zituen.

50.000 lagun bildu nahi ditu Gure Esku Dago ekimenak datorren ekainaren 8an antolatu duen giza kate erraldoian. Durangotik Iruñera dauden errepideak jendez beteko dira egun horretan. 123 kilometroko bidea izango da, 27 udalerritan barrena, erabakitzeko eskubidea aldarri izango duena. Dagoeneko 22.000 pertsonak eman dute izena parte hartzeko.

Halako ekimena egiteko indarra eta gogoa baina, ez dira hutsetik sortu. Gure Esku Dagoren bozeramaile Zelai Nikolasen ustez 1998an Quebecen hasi eta azkeneko urteetan estaturik gabeko beste zenbait herritan ere bizkortutako prozesuen ufada nabari da. Euskal Herrian badira urte batzuk Idiazabalen sortutako Nazioen Mundua taldeak bultzatuta erabakitzeko eskubidearen biran jo eta fuego dihardutela: “Idiazabaldarrengandik ikasi duguna ez dira ideiak soilik izan, baita gauzak nola egin behar diren ere. Aniztasuna eta orekak bermatuta, denok ikus dezagun emaitzan gure burua islatuta”, dio Nikolasek.

Eskoziara bisita egin eta txundituta geratu ziren goierritarrak, unionistek ere erabakitzeko eskubidea defendatzen zutela ikusita. Hori da funtsa. Eskubide “pre-politiko” gisa definitzen du Gure Esku Dagok: “Demokraziaren balioaz ari gara, helburua ez da abertzaleen arteko metaketa egitea. Erabakitzeko eskubidea tresna egokia izan liteke Euskal Herriko aniztasuna eta bizikidetza egituratzeko”.

Zergatik giza katea?

Ideia horiekin bat egiten duten hainbat jende biltzen hasi zen eta denak elkarrekin zer egiteko gauza ziren ikustea jarri zuten helburu: “Ariketa bat egitea pentsatu genuen, burujabetzarekin zerikusia izan eta gure arteko lankidetza esparruak sortzeko balioko zuena”, azaldu du Nikolasek. Ordurako Via Catalana motorrak berotzen ari zen, 1989an Baltikoko herrialdeetan egindako giza katea gogoan. “Polita izan zitekeela iruditu zitzaigun”, eta hala, 2013ko ekainean aurkeztu zuten Durango eta Iruñea batuko dituen zita.

Ibilbidea aukeratzeko orduan, antolatzaileek aldez aurretik neurria finkatu zuten, erronka bideragarri bat egiteko, eta hori 50.000 pertsona biltzea zen. Euren hitzetan Iruñeak badu esanahi berezi bat euskaldunentzat eta “sokatik tiraka hasi eta Durangora iritsi ginen” dio Nikolasek. Durango toki estrategikoan dago, Gipuzkoa eta Arabatik ez oso urrun, eta egoki ikusi zuten.

Katalunian gertatu bezala, sinbologiak badu bere lekutxoa ekimenean –“eskua” hitzaren adiera, esaterako–. Baina batez ere espontaneotasunari eman diote garrantzia. Ekitaldi ugari bideoz grabatu dituzte herritarrek eta YouTubera igo; beste askok Gure Esku Klip lehiaketan hartu dute parte imajinazio osoz: bertsotan, dantzan, flashmobak eginez eta film laburren bidez. Kirmen Uriberen letrekin eta musikari nahiz abeslari ezagun andanaren laguntzarekin egindako bideoklipak 184.000 ikustaldi zituen artikulu hau idaztean. Twitterren ere iritzi ugari plazaratu dira #gureeskudago traola erabilita: “Erabakitzeko eskubidea onartzen ez denean eskubide honen aldeko mugimenduarekin independentziarako bidea hastea da inteligenteena” zioen @unaiapaolaza erabiltzaileak.

Gure Esku Dagoko arduradunen esanetan ezinezkoa zaie jakitea herri bakoitzean zertan ari diren, nor bere kabuz ari baita ekimenari babesa ematen, eta bat-batekotasun hori oso positibotzat dute.

Dena den, koordinaziorik ez da falta, eta beste behin antolatzeko gaitasun handia erakutsi dute herritarrek. Astekari honi emandako datuen arabera 100 batzorde osatu dituzte herrietan: 9 Araban, 18 Nafarroan, 32 Gipuzkoan eta 41 Bizkaian.

Izena eman, metroa erosiz

Bide guztia beteko dela ziurtatzeko, inskripzio sistema bat jarri dute martxan. Metroa salgai dago 5 euroren truke; kalean jarritako mahaietan nahiz ekimenaren webgunean eskuratu daiteke bonoa. Interneten izena emateko aplikazioak aukera ematen du metro zehatza erosteko eta iradokizuna ere egiten du, hutsune gehien dauden lekuetara jotzeko. Izena ematen duenak petoa eta zapia izango ditu. Bidea kilometrotan zatitu dute eta zati bakoitzari herri zehatz batzuk egokitu. Adibide bat: Lazkaon 59-61 kilometroak hartzen ditu giza kateak eta bertara joan beharko dira Miribilla, Bilbo, Berrobi, Berastegi... eta beste bi dozena herritakoak.

Martxoaren 29an Gure Esku Dagok giza kateari termometroa jarri zion: 5.000 lagun bildu zituen Bilboko La Casilla kiroldegian. Ekaina bitartean zeresana emango duten ekitaldi gehiago antolatzeko asmoa ere badu. Europako hauteskundeek bete-betean harrapatuko dute, ordea, kanpaina hori guztia: “Saiatuko gara talka ez egiten –dio Nikolasek– eta ekitaldiak moteldu behar baditugu egingo dugu. Guk errespetatuko dugu alderdi politikoen esparrua, haiei eskatu dieguna da uzteko guri egiten”. Bere esanetan alderdiak dira herritarren ordezkari zilegiak eta haiei dagokie erabaki eraginkorrak hartzea, baina herritarren ekarpena ere funtsezkoa da: “Autodeterminazioa moduko kontzeptuak denbora gehiegi egon dira eremu politikoan giltzapetuta eta herritarroi dagokigun eskubidea da. Gure gurasoek oso garbi eduki zuten ikastolak sortu zituztenean, intsumisio mugimenduak egon direnean ere bai; herritarrak jabetu behar dira beren jarrerak zer garrantzia duen”.

Eta ekainaren 8aren ondoren zer? Orri zuri bat. Bertan hainbat galdera erantzuten saiatuko dira eta orri zuria bide-orri antzeko bihurtzen: zer lortu nahi den, zer printzipioen arabera, nola parte hartu, zein harreman egin... Udazkena haizetsu dator gainera, Eskoziako eta Kataluniako erreferendumek hauspotuta; Gure Esku Dagoko sustatzaileen asmoa da gertaera historiko horietan parte hartzea: “Euskal Herritarrok aukera izango dugu atzamarra jaso eta ‘e! Guk ere egin nahi dugu!’ esateko”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Gure Esku Dago

Gure Esku Dago kanaletik interesatuko zaizu...
2018-09-27 | ARGIA
Puigdemontek bideoz hartuko du parte Gure Esku Dagok larunbaterako antolatu duen ekitaldian

“Espainiako estatuaren errepresioa salatuz, urriaren 1aren izaera demokratiko, baketsu eta eredugarria” gogoratuko dute irailaren 29an Gernikan. Gure Esku Dagoko bozeramaile Angel Oiarbidek azaldutakoaren arabera, hainbat ordezkari politiko eta kulturalek hartuko dute parte ekitaldian, tartean, bideo bidez, Carles Puigdemontek.


Gure Esku Dagok ezagutzera eman du donostiarrek erantzun beharreko galdera

“Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea?” izango da azaroaren 18an erantzun beharreko galdera.


2018-09-18 | ARGIA
Gure Esku Dagok "askatasuna erabakitzea da" mezua zabalduko du nazioartera irailaren 29ko ekitaldi artistiko-politikoan

Gernikan izango da ekitaldia, irailaren 29an, alegia, Kataluniako urriaren 1eko erreferendumaren urteurrena baino bi egun lehenago. Bi helburu ditu ekitaldiak, batetik, Euskal Herriko eta Kataluniako eragile politiko eta sozialak eta herritarrak Gernikan batzea, eta bestetik, erabakitzeko eskubidearen aldarria nazioartera zabaltzea.


Gure Esku Dagok erabakitzeko eskubidea aldarrikatu nahi du Espainiako Vuelta Euskal Herritik igarotzean

Hilaren 12an (asteazkena) igaroko da etapa Euskal Herritik. Getxon hasi eta Oiz mendian bukatuko da.


350.000 esku bidean

175.000 pertsonak osatu dute, antolatzaileen arabera, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotzen dituen 200 kilometroko bidea. Gure herriko historia hurbilean egindako mobilizaziorik jendetsuenetako bat izan da, ezbairik gabe. Ekimenak bultzada berezia eman nahi izan dio Eusko Legebiltzarrean EH Bildu eta EAJ lantzen ari diren autogobernu ponentziari.


2018-06-15 | ARGIA
Igeldon galdeketa egingo dute igandean, euskal estatus politikoaz

"Igeldoar gisa, nahi al duzu Euskal Estatu burujabe bateko herritarra izan?", galderari erantzungo diote igandean igeldoarrek.


2018-06-14 | ARGIA
350,000 hands held together in favour of the right to decide in the Basque Country

Gure Esku Dago ('It's in Our Hands', a platform in favour of the right to decide) needed 100,000 people to form a human chain linking Donostia, Bilbao and Gasteiz. According to the organizers, 175,000 people came together to connect the three Basque cities.


2018-06-14 | Hala Bedi
Gasteizko Gure Esku Dagok salatu du "testuingurutik atera" dela taberna batzuei eskatutako laguntza

Gure Esku Dagok Gasteizko tabernei “erreklamatutako” diru laguntzen inguruan zabaldu den informazioari erantzunez, mugimenduko kideek “gertatutakoa testuingurutik erabat ateratzen ari direla” salatu dute. Modu berean, euren kezka adierazi dute albiste honen atzean dagoen “intentzionalitatearen” aurrean.


2018-06-11 | I˝aki Larra˝aga
Gasteizko giza katearen kronika bat eta ideia batzuk

Irratiarekin esnatu zara, galdera serioen aurrean Angel Oiarbide animoso, Radio Euskadin. Auzoko taberna hutsik aurkitu duzu igande goizean goiz: “Gaur ez duzu bezero askorik...”. Zerbitzariak erantzun dizu Gasteiz erdialdean badela nahikoa giro eta egun arraroa dela. “Ez da ba izango!”, pentsatu duzu. “Emakumeen lasterketa, Kaldearte kale antzerkia…”, zerrendatu dizkizu. Mihi puntan du beste zerbait. Esaldia zeuk osatu ordez nahiago duzu itxaron,... [+]


2018-06-11 | ARGIA
350.000 esku elkar lotuta, erabakitzeko eskubidearen alde

Gure Esku Dagok 100.000 pertsona behar zituen Donostia, Bilbo eta Gasteiz arteko giza katea osatzeko eta, antolatzaileen arabera, azkenean 175.000 pertsona bildu dira igande honetan hiru hiriburuak aise lotuz.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude