Muelle 3n, programazio formula berrien bila

  • Muelle 3 dantza eskolaren baitan, Horman Poster, Olatz de Andres eta Ruemania konpainiek komunikazio egitura bat osatu dute. Dantza garaikideak publiko zabalera iristeko dituen oztopoak gainditu nahi dituzte elkarrekin. Matxalen de Pedro (Horman Poster), Olatz de Andres eta Maria Ibarretxe (Ruemania) dantzariek eman dizkigute azalpenak, baita David Aldai egitura berriko banaketa eta komunikazio arduradunak ere.

Matxalen de Pedro, Igor de Quadra, Olatz de Andres, Maria Ibarretxe eta David Aldai. Azken honek Muelle 3 aretora seinalatzen du.
Matxalen de Pedro, Igor de Quadra, Olatz de Andres, Maria Ibarretxe eta David Aldai. Azken honek Muelle 3 aretora seinalatzen du.

Ruemania taldea 2008an sortu zen. Maria Ibarretxe, Izaskun Santamaria, Alaitz Arenzana, Jorge Lastra eta David Aldai dantzariek osatzen dute kolektiboa. “Zinema mundutik gatoz eta zinemagintza eta arte eszenikoak bilduz, gure lanetan bidaia bat proposatzen diogu publikoari” dio Maria Ibarretxek. Bost muntaiatan batera ari dira lanean, besteak beste, Apunteak deiturikoarekin, non zinemarako joera aski nabarmena den. “Eszenan hainbat plano daude, eta ikusleak aukeratzen du non jarri begirada, kamararekin ari balitz bezala” jarraitu du. Publikoa, kontatzen duten istorioen protagonista izatea nahi lukete Ruemaniakoek: “Azken finean, gure lana komunikazioan oinarritzen da eta ez baduzu nori zuzendu, lanek ez du zentzurik”.

Matxalen de Pedro (Horman Poster) bat dator Maria Ibarretxerekin. “Uste denaren kontra, ikuslea ez da inoiz elementu pasiboa. Eszenaren eta publikoaren arteko harreman hori estuagoa edo urrunagoa izango da ikuskizunaren arabera. Mutur bien artean aukera asko dago, baina publikoaren jarrera beti da garrantzitsua”, nabarmendu digu Matxalen de Pedrok. Kutxa beltzaren laugarren horma izan daiteke eszena, eta deuseztu egin nahi dute dantzariok. “Iragan Perfektoa lanean, adibidez, laugarren hormarik ez dago, argiak piztuta daude eta publikoaren aurpegiak eta erreakzioak ikus ditzakegu”. Horman Poster taldearen lan berrienean, Magia Sinpatikoa deiturikoan, Matxalen de Pedro, Igor de Quadra eta Mbaye Sene dantzari senegaldarra mimoan edota pierrot figuran murgiltzen dira. De Pedrok azaldu digunez, “mimesiak bide asko zabaltzen dizkizu, eta horietako bat biziraupenari lotzea nahi genuen. Etorkinak hona heltzean jasaten duen akulturalizazioan sakondu nahi izan dugu eta horretarako, Mbaye dantzariarengana jo dugu, dantza afrikar eskolak ematen baititu Muelle 3n”. Egunotan ekin diete entseguei.

Komunikaziorako lan talde honen hirugarren kidea Olatz de Andres dugu. Pozik agertu zaigu, Madrilgo Lehiaketa Koreografikoaren lehen saria irabazi baitute Privolva Landing lanari esker. Miarritzeko Malandain Balletak gonbidatuta, Grenobleko (Frantzia) dantza jaialdian parte hartzeko aukera ere izan zuten. Olatz de Andresen dantza konpainian lantzen ari diren obrak Medusa Begirada du izenburua. “Medusak begiradaren bidez mugimendua gelditzeko duen gaitasuna landuko dugu hiru dantzariok, eta mitoek gaurkotzeko duten ahalmena ere nabarmenduko dugu”, azaldu digu de Andresek. Aurtengo BAD jaialdian estreinatzeko asmoa azaldu digu.

Kudeaketa modu berrien premia

Nola kudeatu daiteke konpainion lana? Nora jo? Bakarka egin beharreko bidea al da? Nola heldu programatzaile eta espazio publikoetara? Nola bideratu?

Galdera horiei erantzuna bilatzeko asmoz, David Aldai jarri dute Komunikazio eta Banaketa arduradun. Matxalen de Pedrok dioenez, “sortzaileak ezin du banaketa eta komunikazio lana egin, aski baitu berearekin. Horregatik, horrelako figura bat baliatu nahi izan dugu”.

Olatz de Andres dantzariak bere esperientzia du hizpide. “Jaialdi eta lehiaketatan parte hartzeak berez ez du garratzi handirik, dantzak dakarren lanari dagokionez, baina zirkuito eta areto sareetarako bidea errazten du. Espazioak partekatzea beharrezkoa da, sortzaileen eta programatzaileen arteko elkartzea zaila delako, ez da ohikoa”.

Ruemaniako Maria Ibarretxek horrela laburbiltzen du harreman konplexu hau: “Sortzaileok programatzailearen beharra dugu eta programatzaileak sortzailea behar du. Baina askotan bien arteko lubakia handia da. Zubi lana egitea beharrezkoa dugu”.

Ibarretxe 2007tik ari da lanean Belgikan, hango dantza konpainietan. Bere ustez, bertako konpainiak kanpora ateratzea kanpokoa bertara ekartzea bezain zaila da. “Zazpi urte daramatzat atzerrian lanean eta behin besterik ez naute programatu Bilbon. Argi dago Belgika arte eszenikoen hiriburua dela egun, eta halaber, guk estatu periferiko batean lan egiten dugula, arte eszenikoez ari bagara behintzat”.

Publikoa hezitu beharra dagoela uste dute dantzari hauek, eta “lan hori konpainiak berak” egin dezakeela. Zubi lana egin nahi dute, beraz, lerrootara ekarri ditugun hiru konpainiok, gertuko testuinguruan, baina baita kanpora ateratzeko ere. Ez dute ohiko banaketa lana egin nahi, plazaratzeko formula berriak asmatu baizik, eta hala, elkarlanean oinarritutako komunikazio lana egitea erabaki zuten, norberari ez ezik ondokoari ere begiratzea, bakarrik ez egoteko eta elkarrekin aurrera egiteko. “Ateak ireki nahi dizkiogu hiru kolektiboei, eta bidea programazio formula berriak asmatzea dela iruditzen zaigu”.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Dantza garaikidea
2023-03-09 | dantzan.eus
Yauzkari dantza konpainiaren dokumentu-funtsa jaso du Eresbilek

Yauzkari dantza taldearen koreografia, bideo eta programa batzuen argazkiak jaso ditu Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak. Yauzkari Jose Lainez eta Concha Martinez donostiarrek 1980an sortutako dantza garaikideko konpainia izan zen, egoitza Iruñean zuena. Dantza... [+]


‘Laminosine’ ikuskizuna eskainiko dute Oztibarreko nerabeek Zarautzen

Oztibarreko Bunuztar Xoriak dantza taldeak Laminosine ikuskizuna sortu du. Dantza tradizionala eta garaikidea uztartuz, hamahiru nerabek kontakizun eta pertsonaia mitologikoak taularatzen dituzte, antzerkiari eta ipuinari ere tokia eginez. Lehen hiru saioak Ipar Euskal Herrian... [+]


2022-12-07 | ARGIA
Moor Krad dantza ikuskizuna estreinatuko dute ostiralean Arriaga Antzokian

Ertza dantza konpainiak Aitor Zabaleta dantzari eta koreografoaren Moor Krad lana taularatuko du lehen aldiz ostiralean, Bilboko Arriaga Antzokian. Gure baitan "guztiok gordetzen dugun itzal hori" da obraren ardatza.


Lucia Lacarra. Balleta bizitza egina
"Emozioak bizitzen eta momentu onak igarotzen lagundu diot jendeari"

Nazioartean diren sari behinenak jasoa da dantzaria. Haatik, profeta ere izan da bere herrian, eta Euskal Herriak ere ohoratu du, Zumaia jaioterriak bezainbat. Munichetik etxera etorrarazi zuen pandemiak, eta bi ikuskizun ditu etxeratzearen ondorio.
Gure kulturaren... [+]


2018-10-17 | dantzan.eus
Indarkeria ardatz hartuta, Bilboko antzerki eta dantza garaikide jaialdia hasiko da asteazken honetan

Bilboko Udalak antolatzen duen BAD jaialdia urriaren 17tik 28ra hiriko sei agertokitan ospatuko da dantza eta indarkeria lotuz. Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiak, lau estreinaldi eskainiko ditu Campos Antzokian, Sandra Gómez, Blanca Arrieta, Isaak Erdoiza... [+]


Eguneraketa berriak daude