"Gorputza, mugimendua eta espazioa dira nire baliabideak"

  • Dantzari eta koreografo da Gasteizen. Horrekin batera, hizkuntza politika eredugarria du euskaldunberri zahar honek. Natural-natural nahi du dena.

Marina Ruiz Valverde (Beasain, 1960). Dantzaria. Txikitandik da porrokatua. Haur psikologia klinikoa ikasketak egin zituen Bartzelonan eta hasi zen dantza ikasten.
Marina Ruiz Valverde (Beasain, 1960). Dantzaria. Txikitandik da porrokatua. Haur psikologia klinikoa ikasketak egin zituen Bartzelonan eta hasi zen dantza ikasten.Dani Blanco

Hizketan ez zarela trebe, esan diguzu.

Jendaurrean hitz egin behar baldin badut, urduritzen naiz. Edo nire hitzak dena delako aldizkari batean agertuko direla baldin badakit, berdin. Hitza ez da nire adierazpidea. Urtean zenbait dantza emanaldi aurkeztu behar izaten ditut, eta saiatzen naiz gauzak nola diren hitzez azaltzen, baina nik, aukeran… dantza egingo nuke!

Emanaldiak esan duzularik, Gasteizen zarelarik ere modurik naturalenean egiten dituzu jendaurreko aurkezpenak euskaraz. Eusko Jaurlaritzak berak baluke zer ikasi zure hizkuntza politikatik!

Natural-natural egiten dut. Gainera, badakit hemen, Gasteizen, beharrezkoa dela horrela egitea. Gutxitan erabiltzen da euskara. Hona etorri nintzenean helduen artean gutxik zekiten euskaraz Araban. Haurrek, aldiz, bazekiten, ikastolan edo eskolan ikasita. Gurekin dantzan ikasten ari ziren haurren emanaldiak egiten hasi ginenean, pentsatu nuen: “Zer pentsatu behar dute umeek hizkuntzari buruz?”. Eta aurkezpenak euskaraz egitea erabaki nuen. Lehenengo euskaraz, eta gero nire lankideak gaztelaniaz. Baina haurrei, esaterako, euskaraz zuzentzen natzaie. Baten batek ez badaki, euskaraz eta gaztelaniaz. Ez dago problemarik. Asmatu egiten dugu problema! Urte hauetan, guztietan behin esan zidan batek, adineko batek, zergatik jardun nuen euskaraz. Minduta eraso zidan gainera. “Gaztelaniaz ere esan dut, ordea!”. Pertsona batek. Behin. Natural jardun behar dugu.

“Gasteiza etorri zinenean”, esan duzu. Beasaindik etorri.

Beasaindik, bai, baina ez zuzenean. Bartzelonara joan nintzen Psikologia ikastera. Artean ez zegoen Zorroagarik. Bellaterran egin nituen ikasketak. Haur psikologia klinikoa. Baina dantza gustatzen zitzaidan. Beti gustatu izan zait dantza. Txikitan, Beasainen, dantza taldea oso gauza itxia zen, baina talde hartako batek zenbait dantza erakutsi zizkigun kuadrillakooi: sagar-dantza, Pello Joxepe eta beste. Zoriontsu nintzen! Etxean, berriz, beti ari naiz mugitzen, hara eta hona. Ama berriz, paretik kentzeko ari zitzaidan beti. Gogo hori betidanik izan dut. Bartzelonara joan nintzenean, lehenbiziko gauza izan zen dantza ikasteko leku bat bilatzea.

Dantza klasikoa, dakidanez…

Bai. Behin, gurasoak ezkontza batera joan ziren Madrilera eta, itzulian, puntadun oinetakoak ekarri zizkidaten, gorriak. Haiek jantzi arteko onik ez nuen izan. Hartzen nuen gortina bat gerribueltan eta dantzan hasten nintzen. Esaten dizut, lehenengo, euskal dantzak izan ziren. Gero, klasikoa. Bartzelonan, unibertsitatean, gorputz adierazpena egiten hasi ziren. Eta San Cugaten, berriz, dantza klasikoa ikasten. Gustura ibili nintzen bietan ere. Ikasketak bukatu eta han bertan geratzeko ahalegina egin nuen, baina ez zitzaidan nik nahi nuen bezala irten eta Beasainera itzuli behar. Ez nuen nahi, e!

Ez zenuen nahi…

Ez. Baina Beasainen ikusi nuen euskal dantzak egiten ibilitako neska batek estudioa jarri zuela. Kontxi Aranburu zen, ordiziarra. Eta harekin hasi nintzen. Asko ikasi nuen Kontxirekin, asko… Orduan hasi nintzen euskara ikasten.

Euskara ikasten? Ez al zenekien, bada?

Ez, bada. Gure etxean ez ziren euskaldunak.

Ama hizkuntza euskara zenuelakoan nintzen!

Euskaldunberria naiz, euskaldunberri zaharra, kar, kar, kar. Bartzelonatik itzuli nintzen eta, ordurako, anaia zaharrenak bazekien euskaraz. 1977tik 82ra Bartzelonan izan nintzen. Bost urte haiek oso inportanteak izan ziren euskararentzat Beasainen, eta Gipuzkoan. Akordatzen naiz Beasainera itzuli eta bermuta hartzera joan ginela hiru neba-arreba. Eta euskaraz hasi ziren bata besteari! Esana zidaten gau-eskolara joaten zirela, baina euskaraz ari zirela ikusi nuenean… “Kabroiak halakoak!”. Beti ikasi nahi izan nuen euskaraz! Eta haiek ikasi zuten, eta nik ez. “Orain hemen zaude, ikasi beharko duzu zuk ere”. Bai, horixe! Katalanez gehiago nekien nik euskaraz baino. Zer edo zer ulertzen nuen euskaraz, besterik ez. Ikasten hasi nintzen, eta ikasi nuen.

Erraz esan duzu…

Hala da eta! Ikasi nahi baduzu, ikasten duzu. Gogoa da inportanteena. Eta irakasleak ikasleak bezainbesteko motibazioa baldin badu, nahikoa, hortxe koktel onena. Eta nik koktel horretatik edan nuen Lazkaon eta Hondarribian.

Barnetegian.

Hondarribian bai. Lazkaon ez, Beasainen nintzen. Dena dela, lehenengo baserri batera joan nintzen, Aramara. Ausarta, ni!

Joxean Sagastizabalen Kutsidazu bidea, Marina…

Zer edo zer ulertzen nuen, inguruan entzunda. Osabarenean, bizilagunaren etxean… Kalean ez. Gure garaian euskara gutxi Beasaingo kalean. Esan nahi dut belarria pixka bat eginda nuela. Baserrira joan nintzenean, aldiz, lanak! Bazen bat, Pello izena zuen, gaztelaniaz hitzik ez zidala egingo erabaki zuena. Hura estutasuna! Batzuetan, bizikleta hartu eta etxera joaten nintzen, amarekin gaztelaniaz hitz egitera. Oroitzapen ederra dut baserrikoa.

Jendaurreko aurkezpen horietan euskararen aldeko jarrera, eta hizkuntza eta komunikazio politika hori ikusi eta jaiotzatik euskalduna zinelakoan ni.

Ezetz, bada! Horrexegatik dut jarrera hori, niri falta izan zaidalako. Hizkuntza bat ikasteko, entzun egin behar duzu, hitz egiten dela ikusi. Horretan ari naiz ni. Gainera, euskara ikasi, EGA titulua atera, eta Arrasatera joan nintzen euskara irakastera euskaltegi batera. Deialdi irekia zen. Neure burua aurkeztu, eta hartu ninduten. Bi urte egin nituen han. Baina Arrasaten dantza ikasteko modurik ez. Karate egiten hasi nintzen, baina ezin nuen. Eta, horretan, Gasteiz ezagutu nuen, nik ez nuen-eta hau ezagutzen. Arrasateko lagunak hona etortzen ziren, eta ni haiekin. Eta gustatu Gasteiz. Hemen dantza egiteko aukera zegoen. Hezkuntza ordezkaritzan izena eman honako, ordezkapenak egiten hasi, eta Gasteizen naiz harrezkero. Eskolak ematea gorabehera, dantza egiteko aukera nuelako.

Eta egin zenuen, egin zenuenez.

El Patio izeneko estudioan hasi nintzen 1987an, eta han dantza garaikidea ezagutu nuen. Kubatarra genuen irakaslea, Arnaldo Paterson, Kubako balet garaikideko zuzendari izana. Haren bidez heldu nintzen dantza garaikidera. “Dantza garaikidea, hauxe da nirea!”. Halako batean, Paterson Donostiara joan zen, eta Traspasos honetako jendea ezagutu nuen 1988an: Marga Arroyo eta Mikel Gomez de Segura. Klaseak jasotzen hasi nintzen. Ikuskizun bat zuten eskuartean, eta tailer bat jarri zuten martxan. “Parte hartuko zenuke?”. Eta baietz. Laster, eskolak ematen hasi nintzen. Umeei irakatsiko ote nien galdetu zidaten, eta ordurako nik ume artean ikusten nuenez nire burua, baietz. Hurrena, helduekin. Horrela, konpainia osatu genuen, eta diren eta ez diren frontoi guztietan egin genuen dantza. Gazteak ginen! Gazte eta indartsuak! Furgoneta erosi, zertzak, fokuak… Dena.

Garaikidea hobetsi zenuen, ez klasikoa.

Klasikoak teknika eta forma lantzen ditu, batez ere. Garaikideak aldiz, teknika ez ezik, besterik ere bazegoela erakutsi zidan. Nire iritziz, dantza garaikidearen barruan zernahi egin dezakezu, ez duzu araurik. Inspirazioa izan, nahi den musika jarri, eta aurrera! Nahi dudana egin nezake. Beharbada horixe gustatzen zait, mugarik gabe dantza egitea. Ez dakit.

Hogeita bost urte iaz Traspasos dantza konpainiak.

Bai, urte asko hemen Margak eta biok.

Matrimonio askok baino gehiago!

Bai, horixe! Izatezko bikote ere bagara gu, kar, kar, kar. Krisialdiak ere izan dira prozesuan, baina krisialdian, beti pentsatu dut elkarrekin egiten duguna bakoitzak gure aldetik bakarrik egiten duguna baino hobea dela. Eta uste dut egia dela. Talde bat gara hemen. Maien Boixek, esaterako, lindihop, areto dantzak eta beste irakasten ditu. Rosa Lahoz ere gurekin da, flamenko irakasle. Urte mordoa daramagu elkarrekin.

Ikusiak ditut zure koreografia zenbait. Musika aukerak harritu nau, batean tango, bestean trikitixa…

Horrela gustatzen zait niri, eta horixe da gure filosofia. Margak, esaterako, koreografia bat egina du Mikel Urdangarinen musikarekin. Tartean, neska batzuk dantzan, baina ez euskal dantzarik, dantza garaikidea baizik. Oso lan polita. Dantza garaikideak hainbat nahasketa egiteko aukera ematen dizu. Egin ondoren, bestek esango du ondo dagoen ala ez, gustatzen zaion edo ez. Teknika bera baino inportanteagoa da gorputz ezaguera. Mugimendu organikoetatik teknikara egitea dagokigu. Gainerakoan, teknika hutsa gauza hotza da.

Zertan dira dantza modak? Batean, sevillarrak; bestean, saltsa eta merenge…

Horrela da, bai. Eta gero, sabel-dantza etorri zen. Edo capoeira! Ez dut teoriarik landu, baina uste dut telebistak sekulako indarra duela horretan. Nahikoa da Shakira pantailan agertzea dantzan, polit eta ondo, jendeak huraxe egin nahi izateko. Telebistak markatzen du moda.

Dantza garaikidea, berriz, behin ere ez da boladan, behin ere ez modatik kanpo ere.

Horixe esango diet nire lankideei, kar, kar, kar. Egia da, bai, egia. Saltsa eta gainerakoak oso dantza sozialak dira, tabernan bertan egin ohi dira. Garaikidea, aldiz, ez. Osasungarria da, batetik, sasoian egoten laguntzen digulako, eta bestetik berriz, artearekin ere badu ikustekorik. Konbinazio ederra da…

Koreografiak ematen dio dantzari arte dimentsioa?

Galdera bihurria da hori! Hainbat dantzarik ez ditu ohiko koreografiaren urrats guztiak betetzen, ikusleak ez ditu pauso guztiak argi eta garbi ikusten. Sentitzen duena azaltzen du dantza bidez, musika lagun. Hori artea da. Batzuetan sentsazioa bera da jarraibidea, inprobisazioa… Polita eta interesgarria izan liteke. Dantza garaikideak aukera handiak ematen ditu, antzerkiarekin loturak ere baditu, ez antzerki tradizionalarekin, baina bai esperimentalarekin.

Zergatik jotzen du gizakiak dantza egitera?

Antzinako tribuak ikusi eta dantzan ari dira ospakizunean, euria behar dutenean edo hainbat momentutan. Mundu sakromagikoa da dantza. Niri barrutik datorkit. Azkena, Ezkaraitik Valgañonera gindoazen, mendiz. Gauza guztiak sintonian zetozela sentitu nuen: neure pausoak, lainoa, txintxarri hotsa… Sentitzen hasi nintzen –lehenengo, sentitzen–, eta koreografia bat egin nezakeela pentsatzen. Silvia San Miguel pianistarekin hitz egin nuen eta bat egin genuen. Lehenengo, sentitzea da beti. Ondoren, ofizioa dator, ideiak gauzatzea.

Zenbait ekitaldi “zibiletan” ikusi zaitugu koreografiak osatzen. Maria de Maeztu Forum Feministaren 25. urteurreneko ospakizunean Gasteizen. Dantzaz baliatu zara, edo koreografia baten parte jardun duzu…

Feminismo munduan ikusten dut neure burua. Salaketa egiterakoan ere begirada berria eskaini nahiko nuke, jendeak pentsa dezan: “Zer ari dira, ordea?”. Maria de Maezturen saio horretan, Carmen San Estebanek zuzendu zuen ekitaldiaren gidoia. Nork bere saiotxoa egin zuen, batak pianoa jo, besteak gerraz hitz egin... Ni, esaterako, zerba-sorta hartuta joan nintzen, neure burua eta airea laztantzen, zafratzen. Gizarteak emakumeari agintzen dion rolaz gogoeta egin nahi nuen. Rol horrekin nola egiten dugun bat, batzuetan, eta nola ez gauden ados, berriz, beste batzuetan. Zerba-sorta zimelak mugimendu politak egiten lagundu zidan.

Abortu Legearen kontra ere jardun duzu Arabako Emakumeen Asanbladarekin batera.

Andre Mari Zuria plaza ondoan, Posta kalean jarri ginen hainbat emakume, bi ilaratan, belauniko, diru eske Londresera abortatzera joateko. Oso fuertea iruditu zait abortu kontu hau. Aspaldi egin nuen borroka hori! Badakit zein zen egoera garai hartan, abortua legeztatu baino lehen, esan nahi dut. Ez zait burutik kentzen nola hil zen neska bat gure herrian… Oraingo lege hau atzera joatea da. Hitza ez da nire baliabidea, ez dut nire burua afixak egiten ikusten. Bizitza honetan nire baliabideak gorputza, mugimendua eta espazioa dira. Kalea espazio eszeniko bat da, denon borrokak adierazteko lekua. Arte eszenikoek esateko asko dute gauzak salatzerakoan, protestari beste forma bat emateko balio dute. Hor ikusten dut nire burua, beste hainbat jenderekin batera.

Nortasun agiria

Marina Ruiz Valverde (Beasain, 1960). Dantzaria. Txikitandik da porrokatua. Haur psikologia klinikoa ikasketak egin zituen Bartzelonan eta hasi zen dantza ikasten. Klasikoa. Gerokoa du dantza garaikidea. Dantza klasikoak ez bezala, askatasuna esan nahi zuen garaikideak. Gorputza, mugimendua eta espazioa nahieran erabiltzeko bitartekoa zitzaion. Gasteizko Traspasos dantza konpainian da joan deneko hogei urtean, Marga Arroyorekin batera. Hainbat ekitalditan parte hartu ohi du, dantza eta askotariko koreografiak lagun, eta zenbait talderekin kolaboratu du. Oraindik orain egin du koreografia berria Panta Rhei taldearentzat.

Azken hitza
Katalanez

“Bartzelonara joan nintzenean, katalanez ari ziren unibertsitatean, Psikologia fakultatean. Protestak ere izan ziren, ez pentsa. Baina laster konturatu nintzen lehenengo hilabetea orduko, katalana ulertzen dugula. Ez da euskara. Frantses pixka bat jakinez gero, eta gaztelania jakinda, nahikoa da katalanez ulertzeko. Ez nuen protesta ulertzen. Euskaldunak ere kontra ziren, gero! ‘Zer ari zarete zuek? Euskara berreskuratu nahi duzue, eta katalanez irakastearen kontra?’”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Dantza garaikidea
2023-03-09 | dantzan.eus
Yauzkari dantza konpainiaren dokumentu-funtsa jaso du Eresbilek

Yauzkari dantza taldearen koreografia, bideo eta programa batzuen argazkiak jaso ditu Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak. Yauzkari Jose Lainez eta Concha Martinez donostiarrek 1980an sortutako dantza garaikideko konpainia izan zen, egoitza Iruñean zuena. Dantza... [+]


‘Laminosine’ ikuskizuna eskainiko dute Oztibarreko nerabeek Zarautzen

Oztibarreko Bunuztar Xoriak dantza taldeak Laminosine ikuskizuna sortu du. Dantza tradizionala eta garaikidea uztartuz, hamahiru nerabek kontakizun eta pertsonaia mitologikoak taularatzen dituzte, antzerkiari eta ipuinari ere tokia eginez. Lehen hiru saioak Ipar Euskal Herrian... [+]


2022-12-07 | ARGIA
Moor Krad dantza ikuskizuna estreinatuko dute ostiralean Arriaga Antzokian

Ertza dantza konpainiak Aitor Zabaleta dantzari eta koreografoaren Moor Krad lana taularatuko du lehen aldiz ostiralean, Bilboko Arriaga Antzokian. Gure baitan "guztiok gordetzen dugun itzal hori" da obraren ardatza.


Lucia Lacarra. Balleta bizitza egina
"Emozioak bizitzen eta momentu onak igarotzen lagundu diot jendeari"

Nazioartean diren sari behinenak jasoa da dantzaria. Haatik, profeta ere izan da bere herrian, eta Euskal Herriak ere ohoratu du, Zumaia jaioterriak bezainbat. Munichetik etxera etorrarazi zuen pandemiak, eta bi ikuskizun ditu etxeratzearen ondorio.
Gure kulturaren... [+]


2018-10-17 | dantzan.eus
Indarkeria ardatz hartuta, Bilboko antzerki eta dantza garaikide jaialdia hasiko da asteazken honetan

Bilboko Udalak antolatzen duen BAD jaialdia urriaren 17tik 28ra hiriko sei agertokitan ospatuko da dantza eta indarkeria lotuz. Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiak, lau estreinaldi eskainiko ditu Campos Antzokian, Sandra Gómez, Blanca Arrieta, Isaak Erdoiza... [+]


Eguneraketa berriak daude